Euskaltzaindiaren Hiztegia

forma=motz 26 sarreratan aurkitu da.

motz

1 adj. Ohi edo behar den bezain luzea ez dena. Ik. labur. Ile motz urdindua orraztu zuen. Lepoa motza du eta bizkarra betea. Gona motz gorri batekin. Galtza motzak. Mahuka motzetan. Pipa motz bat, beltz-beltza. Biderik motzena aukeratu. Esaldi motz bezain argigarria. Gizon motz, gazte, sendokotea. Laneko idi hoberenak motz eta lodiak dira. || (Adizlagun gisa). Motz eta laburkiro esana.

2 adj. (Denboraz edo iraupenaz mintzatuz). Bertso saioa oso motza izan zen. Gure bizialdia motzegia da.

3 adj. Nolakotasunen baten urritasuna agertzen duena. Nire jakinduria motza zer da, horien artean hitz egiteko? Irabazi motza. || (Adizlagun gisa). Eskulibururik gehienak motz gelditzen dira beren egitekoan. Lagunik gabe, motz geldituko naiz mendian. Motz agertzen dira, osatu gabe, zenbait aipamen.

4 adj. Kamutsa. Ik. eskumotz; besomotz; hankamotz. Nire luma motza zorrozteko. || Ahari, ahuntz motza: adarren muturrak falta zaizkiona.

5 adj. Adimen urrikoa. Euskaldun baserritar motzenak ere badakien gauza. Ziria sartu nahi didazu, baina ez naiz hain motza.

6 adj. Lotsatia.

7 adj. Bizk. Itsusia, zatarra. Gauza ederra dela adiskidetasuna, eta motza gorrotoa.

hotz eta motz adb. Hoztasunez, karrik gabe. Erosleak badabiltza ikertzen, hotz eta motz, arras ele gutxirekin. Buruz ederki ulertzen dut argudioa, baina lehen bezain hotz eta motz gelditu naiz.

adar

1 iz. Zenbait animaliak kopeta aldean dituzten hezurrezko luzakinetako bakoitza. Akerrak adarrak okerrak ditu. Orein adar-zabala. Errinozeroaren sudur adarra. Adar bihurriak. Adarrak moztu. Idia adarrerean [=adarretik] eta gizona hitzerean [=hitzetik] (esr. zah.). || Adarrak jarri, ipini: bikotekidea, beste batekin sexu-harremanak izanez, engainatu.

2 iz. (Hedaduraz). Barraskiloaren adarrak. Ilargiaren adarrak.

3 iz. Zuhaitzaren enborretik ateratzen diren besoetako bakoitza. Pagoaren adarrak moztu. Adarretara igo. Erroak utzirik adarrei lotzea. Katagorriak adarrez adar dabiltza.

4 iz. Oheburuaren, aulkiaren bizkarraldearen edo kideko zerbaiten muturra. Ik. ohe adar. Hantxe zeukan sotana, aulkiaren adarrean.

5 iz. Adar hustu eta zulatua, musika-tresna bezala erabiltzen dena. Adar hotsa entzunda.

6 iz. Adar hustua, ontzi bezala erabiltzen dena. Bete ezazu adarra olioz.

7 iz. Sirena (tresna eta hotsa). Adarrak jotzen zuenean irteten ziren langileak lantegitik. Badira bi egun adarrik entzun ez dugula; gauzak baretzen ari dira hor kanpoan.

8 iz. Zerbait zatitzen den alderdietako bakoitza. Ibai horrek sarde egiten du, eta haren bi adarren artean bada zelai bat ederra eta guztiz aberatsa. Ez dakit bide adarrik onena hautatu ote zen. Erakundearen bi adarrak.

9 iz. Giza jardunez mintzatuz, alorra. Soziolinguistikaren adarra. Adar guztietako jakintsuak.

10 iz. Zapatak janzten laguntzeko tresna.

adar-bakar Ik. adarbakar2.

adar-bakoitz Ik. adarbakoitz2.

adar-motz Ik. adarmotz.

adarra jo Iseka egin, harpa jo, trufatu. Niri behintzat ez didazu adarrik joko! Ziria sartzen eta adarra jotzen.

adar zulo, adar-zulo Uztarrietan, idiaren edo behiaren adarrak lotzeko zatia.

adarmotz, adar-motz adj. Abereez mintzatuz, adar bat, gutxienez, falta zaiona edo moztua duena. Ahuntz adarmotza. Badaiteke gizona adardun izatea, zorigaiztoak jo badu, baina inolaz ere ez adarmotz, berez, jaiotzez, adargabea delako.

barneko

1 barne hitzari dagokion izenlaguna. Barneko bakea. Barneko aldera sartu. || Barne-barneko oihua.

2 iz. Ipar. Jaka. Barneko gorri-gorri batek uzten zuen papoan agertzen atorra, xeheki lisatua.

barneko motz iz. Mahukarik gabeko jantzia, alkandoraren gainean jartzen dena. Eztei jantziak emanak zituen: pezako jaka, pezako galtzak, barneko motza, dena tita gorri eta berde.

belarri

1 iz. Entzumenaren organoa; bereziki, organo horren kanpoko zatia, buruaren bi alboetan gertatzen dena. Belarriak apal atera nintzen, oihuen eta irrien azpian. Asto belarri-handia. Belarriak ernatu, ireki, zorroztu, eman. Belarriak itxi, tapatu. Belarriak erne dituela. Belarri batetik sartu eta bestetik atera. Begiak ikusi ez duena eta belarriak entzun ez duena. Belarriak ixten dituzte eta burua beste aldera itzultzen. Euskaldunen belarria ez dago punturik gabeko bertsora egina. Hots belarri-mingarriak. Albistea erregeren belarrietara heldu zenean. Ahotik belarrira aritzen diren bertsolariak. Belarriz eta entzutez, Benveniste baztertuz gero, ez naiz inoren ikasle izan. Belarrira mintzatu. Belarri bat emango luke hori lortzeko. Barne belarria.

2 iz. Musika-soinuak egoki hautemateko eta errepikatzeko gaitasuna. Ume-umetatik dakar horrek belarri ona. Belarri-gogorra izan arren, beti kanturako prest. Hauspoak baino belarri txarragoak ditu eta ordu guztietan kantari ari da.

3 iz. Zernahi gauzatan, belarri itxura duen zatia. Kirten eta belarri gabeko pitxerrak. Goldearen belarriak.

belarriak berotu Belarrondoan jo; errieta egin.

belarri belar, belarri-belar Sedum generoko landare hosto-mamitsua (Sedum sp.).

belarri gingil, belarri-gingil Belarriaren behealdeko irtengune mamitsu biribildua. Ik. belarri mami. Gazteak urrezko uztai txiki-txiki bat zuen belarri gingilean.

belarri-luze Ik. belarriluze2.

belarri mami, belarri-mami Belarri gingila.

belarri-motz Ik. belarrimotz2.

belarrira esan Norbaiti, belarrira hurbilduz, zerbait isilik esan. Amak semeari belarrira esan zion: "ardorik ez daukate". Belarrira esango dizut zenbat maite zaitudan. Heldu zion bizkarretik lagunari eta belarrira esan zion: (...). || Belarri ertzera esan.

belarri zulo, belarri-zulo Ezpeletar batek salatu dit belarri zulora.

belarrimotz2

, belarri-motz adj. Belarriak motzak edo moztuak dituena. Asto belarrimotza.

beso

1 iz. Gizakiaren goiko gorputz adarra, besaburutik eskuraino hedatzen dena. Erori eta besoa hautsi du. Gauza tristea zela beso bat galtzea. Besoa falta zaiona. Beso eskuina, ezkerra (edo eskuineko, ezkerreko besoa). Besoak altxatu, jaso, goratu. Besoak tolestu, gurutzatu. Besoak zabaldu. Besoak zabalik. Beso zabalka eskaintzen digun aukera. Beso zaintsua. Norbaiti besotik heldu.

2 iz. Hainbat animaliaren aurreko gorputz adarra. Txakurra, burua lur-arras, bizkarra besoen gainera eroria.

3 iz. Besaurrea. Besoak, eta are besondoak, agerian dituela.

4 iz. Besaulkietan, besoak jartzen diren alboko atala.

5 iz. Besanga. Zuhaitzaren besoak. Gurutzearen besoak.

6 iz. (Indarraren irudi bezala). Jainkoaren beso ahaltsua, indartsua, azkarra. Haren zuzentasunaren beso ikaragarria.

7 iz. (Lanaren irudi bezala). Lanez gaindituak gara eta beso falta dugu.

8 iz. Luzera-neurria, ukondotik esku puntarainoko tartearen baliokidea. Bi beso luze eta beso bat zabal. Igo ziren urak mendi guztiak baino hamabost besoz gorago.

beso-bakar Ik. besobakar.

beso-motz Ik. besomotz.

besoz beso adb. Besotik helduta. Senar-emazteak besoz beso etxerantz doaz.

besomotz, beso-motz adj. Besoa edo eskua falta zaiona. Besomotz geratu zen gerran.

buru

1 iz. Gizakiaren edo animalien gorputzaren goiko edo aurreko zatia, ahoa eta zentzumenak kokaturik daudena. Zezen burua. Burua estaltzeko. Adarrak, zenbait gizasemeren buru-kopetak zinetan eta benetan apaintzen dituzten edergarri horiek. Burua (apustu) egingo nuke berandu heltzen dela. Buru gaina. Burt Lancaster buru-urdinak. Gizon buru-luzea. Gizon iletsu buru-beltza.

2 iz. (Esapideetan). Inori burutik behera kaka egin: iseka larria egin. Norbaitek burua lehengo lepotik, betiko lepotik izan: iritzietan, ohituretan ez aldatu. Zerbaitek bururik ez hankarik, bururik ez buztanik ez izan: zentzugabea, itxuragabea izan. Jakinduriaz eta sakontasunaz diozunak ez du ez bururik ez zentzurik. Besteren buruan zentzatu, ikasi.

3 iz. Burua adimenaren eta oroimenaren iturburutzat hartua. Bihotz euskaldunaren eta buru erdaldunaren arteko borroka amaigabea. Haizea buruan eta ibili munduan; joan bazen, joan zen; ez lanerako eta ez ezertarako. Buru-loka izan: buruarina izan. Buru gogorra duen gizona (Ik. burugogor). Gaizki egin dudala ezagutzeko adina buru badut. Norbaitek buru argia izan. Buru argikoa izanik, argi jabetu zen asmo horietaz. Urrestarazu jaunaren adorea, kemena, buru jantzia eta bihotz kartsua. Norbaitek buruan gatza izan: buruargia izan. Burua oso duenak: zoraturik ez dagoenak. Buruak huts egiten ez badit. Filologoarentzat zail eta buru-nekagarri izan ohi diren hitzak. Buru-berotzaileak.

4 iz. Gauzaki baten mutur zabala edo biribila. (punta-ren aurrez aurre). Ik. buru orratz. Iltze, torloju baten burua. Orratz buru-zuria.

5 iz. Hainbat gauzaren muturra. Mahaiaren buruan zeudenak (Ik. mahaiburu). Titiaren burua (Ik. titiburu). Zoazte bide buruetara. Haritzaren buru orritsuan.

6 iz. Zerbait bukatzen den gunea. Errotik bururaino ezagutu. Buru batetik bestera, dena da ongi aukeratua eta egoki euskaraz emana. Etxe bat gaitza, ordoki baten buru-buruan. Urtearen bururaino.

7 iz. Buruzagia. Elizaren burua. Leinu santu haren buru egin zuen.

8 iz. Buruxka. Ik. galburu; artaburu. Bihiak ereiten eta buru beteak biltzen.

9 iz. Hainbat landareren hosto zabalek osatzen duten bilduma biribil antzekoa. Ik. azaburu.

10 iz. Zerbait hasten den gunea. Ik. izenburu. Hitz buruan maiz aurkitzen da b-, d-, g-/p-, t-, k- aldaera.

11 iz. Kapitulua. Liburuaren laugarren burua. Legearen lehen burua, zazpigarren atala.

12 iz. Aziendaz edo jendeaz mintzatuz, banakoa. Bi mila, bi mila eta bostehun buru izaten ditu artalde bakoitzak.

13 iz. (neure, zeure, bere eta kidekoen eskuinean, aditzaren era bihurkaria gauzatzeko erabilia). Jonek bere burua hil du. Bere burua bota du zubitik behera. Erantzi soinekoa eta han bota nuen neure burua uretara. Geure buruaren jabe gara. Ez da hizkuntza bere buruaren jabe, besteren mirabe baizik. Zeuen buruak salduz. Bere burua eta Barthes aipatzen ditu liburu horretan. Geure buruen kaltean egin dugu hori. Zeure burua zeure eskuko zenuenean. Zeure burua erakusteagatik egin ohi duzun hainbat gauza.

(bere...) buruaz beste egin (Bere...) burua hil. Bere buruaz beste egin du, etsipenez.

burua agertu Azaldu; nabarmendu. (bere eta kidekoekin nahiz gabe erabiltzen da). Erizain batek burua agertu zuen atetik. Ez zuen bere burua aitaren aurrean agertu nahi. Lebita eta ginbail ederrik badu etxean baina ez du bere burua agertu nahi izaten.

burua altxatu 1 Burua gorantz higitu. Ikusten zuen nola zerbait idazten zuen burua altxatu gabe.

2 Harro azaldu, nabarmendu. Euskaldun den gizon orok altxa beza burua.

burua apaldu Burua makurtu. Bazterka so egiten zidan halako irri maltzur batekin eta burua apaltzen zuen. Burua apaldurik zebilen. Ez bururik apaldu inongo jaunekin.

burua arindu 1 Kezkak eta nekeak arindu. Joan zen behin ehizara, burua arintzera.

2 Buru gaitasuna galtzen hasi. Gauza onik ez dago zahartuz gero: burua arindua eta odola bero.

burua bat egin Bizk. Norbaitekin elkar hartu, bereziki azpilanean aritzeko. Ez dut nahi nik burua bat egin zuekin, ez eta zuen antzeko beste batzuekin ere.

burua beheratu Burua makurtu. Jesusek bere burua beheratzean, borreroari egin zion keinua. Gaizki egin ote dut, zuen goratzeko ene buruaren beheratzea.

burua berotu 1 Burua hautsi. Gutxi dira Jaunaren borondatea ezagutzeko burua berotzen dutenak.

2 Norbait zerbait egitera bultzatu. Nire semeari burua berotu diozu, niri dirua lapurtzeko.

burua erakutsi Burua agertu. (bere eta kidekoekin nahiz gabe erabiltzen da). Jesusek erakusten duenean bere burua arantzez inguratua. Eraztunez josia eta erdara harroa dariola dabil, hor zehar, bere burua erakutsi beharrez.

burua galdu Zentzua galdu, zoratu. Horrek nauka bada burua galdurik. Zahartu zenean, burua erdi galdu zitzaion.

burua gora adb. Harro, harrotasunez. Burua gora itzuli zen bere herrira.

burua hautsi 1 Burezurra hautsi. Azpijokoren bat egiten saiatuz gero, burua hautsiko ziotela mehatxu egin zioten.

2 Zerbaiti buruz behin eta berriz pentsatu, zerbaiten inguruan hausnartu edo kezkatu. Zuk oraindik ez duzu bururik hautsi arimaren onari dagozkien gauzetan. Hori horrelaxe izan dela jakiteko, burua hautsi beharrik ez dago.

burua jaso 1 Burua gorantz higitu. Jesusek burua jaso eta esan zien: (...).

2 Beheralditik atera, adoretu. Zorrez beteta, bururik jaso ezinda. Burua jasorik ibili. Euskal Herriak gehiago burua jasoko ez zuelako etsian. Euskarak burua jasotzea Jainkoak nahi du.

burua joan Konortea galdu, zorabiatu.

buruak eman dio ad. Bururatu. Zoro hari buruak eman dio, ikusi duen neska bat behar duela. Esan behar nuenik ere ez niri eman buruak.

burua makurtu 1 Burua beherantz higitu. Burua makurtu eta besoez aurpegia estaltzen zuen.

2 Umildu. Burua makurtzen dutenak edo umiltzen direnak. Ez daki burua makurtzea beharrezkoa dela sarritan. Jaunaren esanari burua makurturik.

burua nahasi Burua galdu. Burua pitin bat nahasi zitzaidan, nahi ez nuena esateko.

buruan eduki Gogoan izan, eduki. Adibide hau eduki behar da buruan meditazio guztietan.

burua nekatu Pentsatzen nekatu. Gehiago burua nekatu gabe, baratzean sartzea erabaki zuen. Horrek pentsatzen ez du bururik asko nekatu.

buruan erabili Zerbaitetan pentsatu, hausnartu. Ik. gogoan erabili. Ametsetan ere beti bere praka berriak darabiltza buruan. Gazte haiek gezur zoroak eta auzi-borrokak zerabiltzaten buruan.

buruan hartu 1 Gogoan hartu, aintzat hartu. Jendearen esanik ez har buruan. Adi ezak, Mattin, eta har ongi buruan erratera noan hau.

2 Sinetsi, konbentzitu. Handiak holakoak dira, buruan hartua dute guztiak haientzat jaiotzen direla.

buruan ipini Buruan jarri. Zer zabiltza, buruan traste hori ipinita? Etsaiak buruan ipini zidan asko galduko nuela nire faman aitortzen banuen nire bekatua.

buruan izan du ad. Gogoan izan. Beste kezkarik deus ez dugu buruan, Loiola ikustea baizik.

buruan jarri 1 Buruaren gainean jarri. Txapela buruan okerka jarria.

2 Bururatu, zerbait buruan sartu. Guztiek bere lepotik barre egiten zutela jarri zitzaion buruan.

buruan pasatu Bururatu. Ik. burutik pasatu. Buruan orduan pasa zitzaizkidanak!

buruan sartu 1 Gogoan sartu. Mutil koskor hauei ingeles apur bat buruan sartzeko asmoz. Gauza bat buruan sartzen zaizunean. Hizkuntzen iraupenari eta azkenari buruz buruan sar adina gai ikasi behar izan ditut.

2 Bururatu. Buruan sartu zaio gauza txarren bat gertatuko zaiola.

buruaren jabe 1 adj. Askea, burujabea. (bere eta kidekoekin erabiltzen da). Ez da hizkuntza bere buruaren jabe, besteren mirabe baizik.

2 Bere egintzen erantzule dena. (bere eta kidekoekin erabiltzen da). Harrotua dabil, ezagun du ez dela bere buruaren jabe.

buru-argi Ik. buruargi.

buruari eman 1 Ipar. Kontu egin, imajinatu. Emaiozu buruari eguzkia argizko itsaso bat dela.

2 Naf. Burua nahasi. Buruari emana dabil, semea istripuan hil zitzaionetik.

buru-arin Ik. buruarin.

buru atxiki Buru egin, aurre egin. Ez duzu oraino buru atxiki odoleraino.

burua urratu 1 Buruan zauriak edo urratuak egin. Burua eta lepoaldea ebaki zabalez urraturik.

2 Burua hautsi (irudizko adieran). Burua gehiegi urratu gabe, badaukat zer jan eta zerekin jantzi.

buru babes, buru-babes Kaskoa, burua babesteko estalkia.

buru babeski, buru-babeski Buru-babesa.

buru-belarri 1 adb. Ahaleginean, gogoz eta lehiaz. Auzian buru-belarri sartu gabe. Zintzoa izaten saiatu zen buru-belarri. Lanean ari da buru-belarri.

2 adb. Adi-adi.

buru-bero Ik. burubero.

buru-bihotz pl. Burua eta bihotza. Eta kaletarron buru-bihotzak ez izaki beti lehengo euskaldunenak bezain garbi.

buru-buztan pl. g.er. Zentzua. (Ezezko esaldietan erabiltzen da). Kantu horietako hitzek ez dute buru-buztanik.

buru-buztanka adb. Atzekoz aurrera, alderantziz.

buru egin 1 dio ad. Aurre egin. Ik. gogor egin. Tentaldiari buru eginez.

2 Buruzagi izan. Hurreratu zitzaion morroien artean buru egiten zuena.

buru eman 1 dio ad. Amaitu, burutu. Lanari buru emateko denbora iritsi zen.

2 dio ad. Buru egin, aurre egin. Haizeari buru emanaz. Bere gauza guztiak saldu zituen zorrei buru emateko.

buru estalki, buru-estalki Burukoa, burua estaltzeko erabiltzen den jantzi edo zapia. Emakume zaharrenak ile zuri ondo orraztuak buru-estalki zuri garbi baten azpian gordetzen zituen.

buru-gogor Ik. burugogor.

buru-gorri Ik. burugorri.

buru-handi Ik. buruhandi.

buru-harro Ik. buruharro.

buru-has adb. Buru hutsik. Buru-has agurkatu. Bi lerrotan jarririk, guztiak buru-has. Buru-has eta ortutsik gelditu zen.

buru hausgarri, buru-hausgarri iz. Buruhausteak ematen dituen gauza.

buru hezur, buru-hezur Burezurra.

buru hutsean, buru-hutsean adb. Buru hutsik. Baserritar bat buru hutsean sekula ez zen ikusten.

buru hutsik, buru-hutsik adb. Buruan txapelik edo antzekorik gabe. Ik. buru-has; buru hutsean. Buru hutsik eta paparra zabalik.

buru-jantzi adj. Ikasia. Prosan ere badira edozein euskaldun buru-jantzik ezagutu behar lituzkeen obrak.

buru kasko, buru-kasko Burezurra.

buruko adj. Ik. buruko. Pentsatze hutsak buruko ile guztiak lazten zizkidan. Haizeak buruko kapela eraman zion.

buru kolpe, buru-kolpe 1 Burukada.

2 Burutazioa.

buruko min 1 Buruan sentitzen den mina. Buruko minez nago. Buruko mina dut.

2 Ardura, kezka. Auzitegietan nahiko lan eta buruko min badarabiltzagu. Gurasoei buruko min bat ez nahigabe bat eman ez dieten seme-alaba zintzoak.

buru lan, buru-lan Batez ere adimenaz baliaturik zertzen den lana. Buru-lanetako aproposagoa zen eskulanetako baino. Elizgizonen eskuetan utzi dugu hemen buru-lana.

buru langile, buru-langile Batez ere adimena erabiltzea eskatzen duen lanean aritzen den pertsona. Eskulangile eta buru-langileak. Buru-langileen zereginak.

buru-makur Ik. burumakur.

buru-motz Ik. burumotz.

buru nahaste, buru-nahaste Buruhaustea.

buru orratz, buru-orratz Orratz buruduna, lepoko zapiak eta kidekoak lotzeko erabiltzen dena.

buru oskol, buru-oskol g.er. Buru-babesa, kaskoa.

burura ekarri Gogora ekarri. Ik. bururatu. Zuen gabon-kantak gure ama xaharraren oroitza ekarri dit burura.

burura eman Ipar. Bururatu, burura ekarri.

burura etorri Gogora etorri. Gauden pixka bat, ea zerbait datorkigun burura.

burura igo Zerbaitek burua ilundu, burua lausotu. Ardoa burura igo zitzaion eta ez zekien zer egiten zuen.

bururako (-en atzizkiaren eskuinean, batez ere ezezko esaldietan). Ez da hori zure bururako egiten den gauza: ez da hori zuri dagokizun gauza.

bururen buru Burutik burura, hasieratik bukaeraraino. Laburra da erreka: bospasei kilometro baino gehiago ez duke bururen buru.

buru-soil Ik. burusoil.

burutan atera Bururatu, amaitu. Utz ezazu ene gainean zure egitekoen arta, nik burutan aterako ditut zein bere denboran.

buru(ta)tik adb. (neure, zeure, bere eta kidekoen eskuinean). Kabuz, kasa. Heure burutatik hoa, ala aginduta? Hobe da beti mundu zabalean ontzat hartuak dauden hitzez eta izenez baliatzea nor bere burutik asmaketan abiatzea baino.

burutik aldaratu da ad. Burutik egin, zoratu. Bere anaia hil dela esan diote eta burutik aldaratu da.

burutik behera adb. Goitik beherantz; burutik hasi eta oinetaraino. Burutik behera jantzi behar den soinekoa. Burutik behera bustia agertu zen.

burutik beherako 1 iz. Marranta, hotzeria.

2 iz. Buruko isuria.

burutik buru Bururen buru. Liburua burutik buru irakurriz gero.

burutik burura Buru batetik bestera, hasieratik bukaeraraino. Liburua burutik burura irakurri zuen.

burutik egin zaio/du ad. Zoratu. Ik. burutik jauzi; burutik joan; burutik jo; burutik egon; burutik nahasi. Hori aditu zuenean, burutik egin zitzaion. Burutik egin zaizu? Eroetxera daramate bukaeran, burutik egin duelakoan. Burutik egina bezala zegoen. Burutik eginda al zaudete?

burutik egon Zoratuta egon. Burutik dagoela, zentzua galdu duela.

burutik izan du ad. Ipar. eta Naf. Burutik egon. Trufatzen zara nitaz, ala baduzu burutik? Ni kapitalista?, baduk burutik?

burutik jauzi da ad. Burutik egin. Sinetsi ez zioten, esanaz burutik jauzi zela.

burutik jo Burutik egin. (Ia beti burutik jota (egon) esapidean erabiltzen da). Burutik jota zaude ala?

burutik joan 1 da ad. Burutik egin. Burutik joan zara? Gizon hori burutik joanda dago.

2 da ad. Ahantzi. Ez zait burutik joango esan didazuna.

burutik kendu Zerbait pentsatzeari utzi. Burutik ezin kendu dut haren agur tristea. Burutik ez zitzaion kentzen herriko norbaiten jukutria zela.

burutik nahasi Burua, zentzua galdu. Ik. burutik egin. Bestela esango dute burutik nahasia zaudela. Jaunak burutik nahasten ez banau.

burutik oine(ta)ra adb. Goitik behera. Ik. burutik behera. Zazpi arrarik ez zuen burutik oinera. Burutik oinetara guztia legenarrez eta gaitzez betea nago.

burutik oine(ta)raino adb. Burutik oinera. Etxekoandrea burutik oinetaraino begira gelditu zitzaion. || Burutik oinetarainoko aldakuntzak.

burutik pasatu Bururatu. Ik. buruan pasatu. Ez zitzaion burutik pasatzen ere, ate hura bere aurrean itxi ziezaioketenik.

buruz ari izan Oroimenaz bakarrik baliaturik ari izan. Buruz ari naiz eta beharbada hutsen bat egingo dut.

buruz aurrera adb. g.er. Muturrez aurrera. Buruz aurrera erori da.

buruz beheiti adb. Ipar. eta Naf. Buruz behera. Baina, etxekoandrea, buruz beheiti emana duzu-eta zure liburua!

buruz behera 1 adb. Ahuspez, beherantz begira. Buruz behera etzan da ohe gainean.

2 adb. Gorputzaren goialdea beherantz dagoela. San Pedro gurutzean buruz behera josita hil zen. Buruz behera erori beharrean zutik gelditu zen.

buruz buru adb. Aurrez aurre. Uharteari buruz buru zegoen etxea. Aukera egokia da buruz buru hitz egiteko. Buruz buru, bi bitara, eta lau lauren kontra aritu ziren bertsolariak.

buruz buru egin 1 Topo egin. Hola doalarik, buruz buru egiten du gizon batekin: Agur, adiskidea!

2 Talka egin. Elkar ez ikusirik, bi trenek buruz buru egin dute.

buruz buruka adb. Buruz buru, aurrez aurre. Iluntzean eta arratsean eginen dira finalerdiak esku-huska, bai buruz buruka eta bai binaka.

buruz buruko adj. Aurrez aurrekoa; banakakoa. Buruz buruko borrokan indartsuenak ziren. Buruz buruko txapelketa. Buruz buruko txapeldun izandako sei pilotari.

buruz esan Buruz ikasitakoa esan.

buruz gain 1 adb. Buruaren gainetik. Buruz gain labana luze bat jaurti zuen airean.

2 adb. Ahalbideen gainetik. Buruz gain egin: gainditu. Anitz urte baino lehen buruz gain egiten diote bere zor zahar eta berriek. Buruz gain ibili: erabat lanpeturik ibili. Gure buruz gain bizi nahiak egiten du gure malurra.

buruz gora 1 adb. Ahoz gora, gorantz begira. Emakumea buruz gora etzanda zegoen.

2 adb. Gorputzaren goialdea goian dagoela. Buruz gora edo buruz behera zuenik ere jakin gabe, egunkariari begira.

buruz ikasi Hitzez hitz errepikatzeko eran ikasi.

buruz jakin Oroimenaz bakarrik baliaturik jakin. Hutsa dela dotrina buruz jakitea, ulertzen ez bada.

buru-zuri Ik. buruzuri.

buru-zut Ik. buruzut.

-en buruan Aipatzen den denbora-bitarteaz gero. Ik. barru 7. Bost urteren buruan: bost urte igaroz gero. Hiru egunen buruan piztuko naiz. Denboren buruan: munduaren azkenean. Ororen buruan. Azterketa nekagarrien buruan baizik ez du jakingo. Han hil zen zenbait urteren buruan.

-en buruko -en buruan. Zenbait egunen buruko osoki sendatua zen.

-i buruz 1 -rantz, -ganantz. Gizona heriotzari buruz doa. Nik ez dakit jendea zeri buruz doan.

2 -z, -en gainean, -i dagokionez, -a gaitzat harturik. Nahikoa hitz egin dugu gai honi buruz. Arana Goiri eta Azkue ez ziren talde berekoak euskarari buruz. Ez da hizkuntzarik Europa osoan euskara bezain ilun ageri denik bere jatorriari buruz.

-i buruzko -i buruz esapidearen bigarren adierari dagokion izenlaguna. Mogelen lanei buruzko argitasun asko dator ikerketa horretan.

(neure, zeure...) buruarekin (egin, egon, esan aditzekin). g.er. Neure, zeure... artean. Neure buruarekin egin dut, zuregana behar nuela etorri. Nengoen neure buruarekin, ez ote nuen zuk baino gehiago sufritzen. Behin baino gehiagotan egona naiz neure buruarekin, nola onartzen dituzun horiek zure etxean.

burumotz, buru-motz 1 adj. Buruargia ez dena. Ik. motz 5.

2 adj. Kaskamotza.

galtza

1 pl. Gorputza gerritik behera eta bi zangoak banaka estaltzen dituen jantzia. Ik. praka. Bi galtza pare. Galtza zuri luzeak. Galtza gorriak jantzita. Dantzari galtza-gorriak. Galtzak erantzi. Galtza-barrenak. Galtzen ipurdia urratu. Hor joan da galtzak ia galduan.

2 iz. (Aginpidearen ezaugarri gisa). Ik. galtzak izan. Gizona laster bidaliko du, soineko galtzak kenduta.

3 iz. (Beldurra edo kideko sentipenak adierazten dituzten zenbait esapidetan). Galtzetan estu egon: larri ibili. Zer ikarak nituen galtzetan, eskolara joatean!

galtza-jario adj. Galtzak erdi erorian daramatzana. Cantinflas galtza-jarioa.

galtzak izan Aginpidea izan. Etxe hartan ikusia zegoen nork zituen giltzak... giltzak eta galtzak! .

galtza-motz Ik. galtzamotz2.

galtzamotz2

, galtza-motz adj. Galtzamotzak daramatzana. Mutiko galtzamotz ezagutu nuen, orain hogeita hamasei urte; orain gizon umotua dago.

galtzerdi

iz. Puntuzko, zetazko edo nylonezko jantzia, oina eta zangoa belauneraino estaltzen dituena. Zetazko, artilezko galtzerdiak. Diruak galtzerdi batean gorde.

galtzerdi luze Puntuzko, zetazko edo nylonezko jantzia, oina eta zangoa osorik edo izterraren erdiraino estaltzen dituena. Hariak gordetzeko erabiltzen zuen saskiaren ondoan jarri zen; beti bezala, galtzerdi luze piloa, eta bakoitzaren belaunean zulo bat.

galtzerdi motz Puntuzko, zetazko edo nylonezko jantzia, oina eta zangoa orkatilaraino edo berna erdiraino estaltzen dituena. Galtzerdi motzak zangoetan biribilkatzen zitzaizkion.

gona

iz. Gerritik beherako jantzia, irekidura bakarrekoa, batez ere emakumeek erabiltzen dutena. Gona luzeak eta gona laburrak. Gona jantzi. Gonak jaso. Gona harroa. Hobe galtzak kenduta baleude gonetan. Beti amaren gonetan dago. Hire gonaren magalean.

azpiko gona Gonaren edo soinekoaren azpian erabiltzen den azpiko arropa mehea, gerritik beherakoa edo gorputz osokoa. Gonak jaso eta azpiko gona erakutsi zuen.

gona-barren iz. Gonaren behealdea. Gona-barrena hartu. Gona-barrenak busti zitzaizkion.

gona-motz Ik. gonamotz2.

gonamotz2

, gona-motz adj. Pertsonez mintzatuz, gonamotza daramana. Atso gerri-lodi, gonamotz, esku zikindun bat. Bi neska gonamotz hurbildu zaizkio.

hanka

1 iz. Gizakietan, beheko gorputz adarretako bakoitza. Ik. zango. Hankak mozturik eta besoak loturik. Eskuineko hankan zaintiratua dut. Hankak arinak eta burua arinago. Arbolatik erori eta hanka hautsi du. Min hartu du hankan. Oraindik lau hankan dabilen ume bat.

2 iz. (Abere eta animalietan). Zaldiaren lau hankak. Eperrak bi hanka ditu. Intsektu guztiek seina hanka dituzte. Atzeko hankekin ostikoka. Hanka altxatu eta pixa egin zuen. Hankak hautsita.

3 iz. (Gauzetan). Heg. Aulkiaren hankak.

4 iz. Heg. Oina. Hanka gaina erre zait olioa jausita. || Hanka bihurritu: orkatila bihurritu.

5 iz. Ipar. Aldaka, mehaka. Zaldiaren hanketan doa. Bi eskuak bi hanketara emanik.

hanka-arin adj. Hanka arinak dituena. Gazte hanka-arinak.

hanka-bakar Ik. hankabakar.

hanka egin Ihes egin, alde egin. Leihotik atera eta teilatu gainetik hanka egin zuten. Bezero batek pagatu gabe hanka egin dit. Lapurreta egin zuen eta gero hanka. || Hanka!: alde! Hanka hemendik!

hanka geldian adb. Pilotan, bola-jokoan, jauzian eta kideko joko edo kiroletan, lekuan geldi, hankak mugitu gabe edo abaila hartu gabe (bola edo pilota jaurti, salto egin...). Hanka geldian hiru metroko saltoa egiten zuen. Erreboteak eta sakea hanka geldian egin behar izan zituela azaldu zuen. || (Bestelako testuinguruetan). Orain musika hanka geldian eta oholtza bati begira entzuten da. || Irud. Baina geroztik, "horraino heldu naiteke" esan izan balu bezala geratu zaigu, hanka geldian.

hanka hezur, hanka-hezur 1 Berna-hezurra. Hanka-hezurrean hartutako ostikada. Ez du gurean gehiago hanka-hezurrik sartuko.

2 Mehaka-hezurra. Etxekoandre gaztea, bi eskuak hanka-hezurretan, badoa erne-ernea sorora.

hanka hots, hanka-hots Pauso hotsa. Zaldi taldearen hanka hotsa entzun zuten.

hanka hutsean, hanka-hutsean adb. Hanka-hutsik.

hanka hutsik, hanka-hutsik adb. Oinutsik. Txakurrak bederen hanka-hutsik dabiltza bazter guztietan.

hanka joko, hanka-joko Zangoen higidura; ihes egitea. Deituko diogu igel-igeria, igelaren higidurarekin antz handia duelako: hanka-jokoa igelarena berbera da. Hanka-jokoa eragin: ihes eginarazi.

hanka-luze Ik. hankaluze.

hanka-motz Ik. hankamotz.

hanka-oker adj. Hanka okerrak dituena. Gizon zahar hanka-oker bat.

hanka puntetan, hanka-puntetan adb. Lurra behatz puntekin zapalduz eta orpoak altxatuz. Hanka puntetan atera zen gelatik. Hanka puntetan jarrita, aitari musu emateko ahaleginak egiten dabil.

hanka sartu 1 Adkor. Norbait nonbait sartu. Ez duzu etxe honetan hankarik sartuko. Horrek ez du elizan hankarik sartu ere egiten.

2 Okerreko gauza edo gauza desegokia egin edo esan. Esan orduko ohartu nintzen hanka sartu nuela. Beti hanka sartzeko beldurrez dabilenak ez du inon arrastorik utziko. Hanka sartu nuen, eta ezin orain atera, berriro sartu nahi ez badut behintzat.

hanka sartze, hanka-sartze Okerreko gauza edo gauza desegokia egitea edo esatea. Uste dut hanka sartze itzela egin dudala. Ikasleek era horretako hanka sartze ugari egiten dituzte. Berehala konturatu nintzen nire hanka sartzeaz.

hanka zain, hanka-zain Hankako zaina; hankako zaina dagoen aldea. Zaldien hanka-zainak ebaki eta gurdiak erreko dituzu. Uhurika urrutiratu nintzen handik, hanka-zainetan makilazoa hartutako zakurra bezala.

hankaz gora adb. Azpikoz gora, buruz behera. Hankaz gora erori. Dena hankaz gora zegoen. Amak esandakoak hankaz gora ipini zidan ordura artekoa.

hankamotz, hanka-motz 1 adj. Herrena. Plazan bildu ziren hanka-bakar eta hankamotzentzat.

2 adj. Hankabakarra. Achab kapitain hankamotzaren gorrotoak hondamendira darama ontzi arina.

hankamotz gelditu (ibili...) Zerbait falta duela, erdizka. Aurrekontu honekin ikerketa hankamotz geratzen da. Aurten, jaiak, hankamotz gelditu dira.

hotz

1 iz. Berorik eza; bero gabeziak eragiten duen sentipena. Neguko hotz gogorrarekin. Hotz handia ari zuela. Esku eta oinak hotzak gogortuta. Goseak argaldurik eta hotzak igarorik (Ik. hotzak). Hotza kentzeko edan.

2 adj. Giza gorputzarena baino tenperatura nabariki apalagoa duena, behar duen berotasuna ez duena. Anton. bero. Ur hotza. Haize hotza. Negu hotzean. Eguraldi hotza. Izotza baino hotzagoa. Harria bezain hotza eta gogorra. Janari hotzak. Izerdi hotza zerion gorputz guztitik. Espetxe ilun hotz honetan.

3 adj. Nekez pozten, berotzen edo hunkitzen dena. Gizon hotza. Bihotza Medelek biguna du, baina hotza. Gizon odol-hotza. Odol hotzean egin zuen. || adj. Karrik ez duena. Gogo hotzaz. Kristau hotzak. Bizitza hotz eta nagi bat badaramat.

4 (Adizlagun gisa). Ez hotz eta ez bero. Hastekoan entzuleak hotz; geroxeago, alde egin zuen hoztasunak; luzaro gabe malkoak ere ikusi nizkion bati baino gehiagori. Helenak burua hotz eduki zuen.

hotzak adb. Hotzez. Ik. hotzik. Ume gaixoa hotzak dago. Hantxe egon ginen, euritan, hotzak, logaleak eta lorik egin gabe. || Hotzak ikaraz dago. Hotzak hiltzen nago.

hotzaren hotzez adb. Hotz handiaren eraginez. Ibaia, hotzaren hotzez, izoztua zegoen.

hotzean 1 adb. Tenperatura hotzean, hotza dagoenean. Ik. hotzetan. Horrela esanez ur irakinak egiten zuen negarra: "ongi miatzen baldin banauzu, hotzean badut indarra". Beroan edo hotzean ijezturiko burdin edo altzairu xaflak.

2 adb. Toki hotzean, hotz egiten duen tokian. Hotzean gorde behar da lagina laborategira eraman arte.

3 adb. Sentimenen edo beroaldiaren eraginik gabe. Ik. odol hotzean; hotz-hotzean. Eskarmentuak egoerak hotzean aztertzen irakatsi dio. Hotzean pentsatuta, mutilak inozo samar jokatu duela uste dut.

4 adb. Muskuluez mintzatuz, ondo berotu gabe. Sorbalda ondo berotzen dut, bolea hotzean joz gero zaintiratu txikiren bat egin dezakezulako.

5 adb. (izan aditzarekin, harremanen hoztasuna adieraziz). Ipar. Martine Aubry eta Ségolène Royal alde bat eskuz esku, kasik ezin bereziak, denbora batez arras hotzean zirelarik.

hotz egin (Eguraldiaz mintzatuz, singularreko hirugarren pertsonan). Ik. hotz izan; hotz egon. Udaberria zen eta oraindik hotz egiten zuen. Hotz egiten zuen arren, izerditan zeuzkan ahurrak.

hotz egon Hotz egin. (Singularreko hirugarren pertsonako adizkiekin erabiltzen da). Berandu da eta hotz dago. Kanpoan haizea dabil eta hotz dago.

hotz eta motz adb. Hoztasunez, karrik gabe. Erosleak badabiltza ikertzen, hotz eta motz, arras ele gutxirekin. Buruz ederki ulertzen dut argudioa, baina lehen bezain hotz eta motz gelditu naiz.

hotzetan adb. Toki hotzean, hotz egiten duen tokian. Ik. hotzean. Gorbeian gaueko ordu batean, hotzetan eta haizetearen erdian zeuden ikusleei, eskerrik asko. Hotzetan gorde.

hotzez adb. Hotz duela, hozturik. Ik. hotzik. Jainkoa zerbitzatu dute gosez eta egarriz, hotzez eta biluzik. Hotzez dardarka hasten da.

hotz-hotzean adb. Bihotz berotasunik gabe. Borrokarako gogoa utzirik, hotz-hotzean aztertu behar genuke auzi hori. Hotz-hotzean hartutako erabakia.

hotz izan 1 da ad. Hotz egin. (Singularreko hirugarren pertsonako adizkiekin erabiltzen da). Hotz denean berotu nahi izatea.

2 da ad. Bizk. Hotz sentipena izan. Hotz naiz. Elai gaixoa hotz zen.

hotz kate, hotz-kate Salgaiak, bereziki janari-edariak eta botikak, ekoizten direnetik kontsumitzen diren unea arte, hotzean gordetzea, garraiatzea eta saltzea bermatzen duen prozesua. Surimia elikagai izoztua denez, egoera horretan mantendu behar da kontsumitu baino lehentxeago arte, hotz katea eten gabe. Halere, txertoen erdiak inguru zaborretan bukatzen du, hotz katea hautsi eta iraungitze data gainditu ondoren.

lepo

1 iz. Burua enborrari lotzen zaion gorputzaren zatia. Ik. idun; sama. Zapi gorri bat lepoaren inguruan. Lepo lodia, mehea, guria, gizena, sendoa, luzea, motza. Idi lepo-lodia. Lepo azpiko lumak. Lepoa luzatu, makurtu. Norbaiti lepoa bihurritu, estutu. Lepotik lotu, estekatu, heldu. Lepotik zintzilik. Lepoa moztu, ebaki, kendu. Besoak lepora bota zizkion. || Norbaitek burua lehengo lepotik, betiko lepotik izan: iritzietan, ohituretan ez aldatu.

2 iz. Jantzietan, lepoa inguratzen duen zatia. Atorra lepoa. Eskua pijama lepoaren pean pixka bat sarturik.

3 iz. Gorputz baten zatirik estu eta meharrena. Lepo luzeko botilak. Umetokiaren lepoa.

4 iz. Mendi arteko igarobidea. Ik. mendate. Ibañetako lepoan.

5 iz. Batez ere Bizk. Sorbalda. Gurutze astun bat ipini zioten lepoan. Umea lepoan eraman. Artzainak lepoan darama ardia. Aitzurra lepoan harturik. Elurra teilatuan, zakua lepoan, ibili beharko dugu aurtengo neguan. Ez baita arina gainerako hautatuek lepo gainean eraman beharko duten uztarria.

6 iz. Bizk. Bizkarra. Ik. lepo-oker.

-en lepora -en gain. Irabaziak banatzeko ardura bere lepora hartuko balu. Kulpa beti boteaz besteren lepora.

-en lepotik -en kontura. Ik. -en bizkarretik. Gure lepotik bizi nahi dutelako. Zer barreak egingo dituen orain nire lepotik!

lepoa egin (ipini, jokatu...) du ad. Apustu egin. Lepoa egingo nuke hemendik pasatu dela.

lepoa eman Bizk. Bizkarra eman. Ezpainak dar-dar zituela, lepoa eman zion sendagileari.

lepo egin 1 du ad. Lgart. Lepoa moztu. Kondea lepo egin zuten, eta beste batzuk ere urkatu zituzten.

2 Lgart. Ase-ase egin. Ik. leporaino. Lepo egin arte jan genuen.

lepo hezur, lepo-hezur Lepoko hezurra. Aulkitik atzerantz erori zen eta lepo hezurra hautsi zitzaion.

lepo-luze Ik. lepoluze.

lepo-makur Ik. lepomakur.

lepo-mehe Ik. lepomehe.

lepo-motz Ik. lepomotz.

lepo-oker adj. Bizk. Bizkar okerra duena; konkorduna. Txikia eta apur bat lepo-okerra zen.

leporaino adb. Lgart. Goraino, erabat. Leporaino asea. Trena leporaino betea zetorren. Diruz leporaino zeudelakoan.

leporaino egin Lgart. Asper-asper egin, nazkatu. Ik. kokoteraino. Astean bi edo hiru saio bertsotan egin behar izaten genituen; bertsotik leporaino eginda egoten ginen.

lepo-zain Lepoko zaina. Ik. karotida; jugular. Agustinen lepo-zaina ebaki zuen kolpe batez.

lepo zintzur, lepo-zintzur Ipar. Lepoa.

lepomotz, lepo-motz adj. Lepo motza duena. Mutiko lepomotza.

pago

1 iz. Basoko zuhaitz handia, enborra zuzena, azala leuna eta iluna, hostoak erorkorrak eta zura zuria, arina eta sendoa dituena (Fagus sylvatica). Arboletan den ederrena, oihan beltzean pagoa. Pagoak lur lehor eta soilik ez du nahi. Pago itzaltsua. Pagoaren egurra, ikatza edo sua egiteko, onenetakoa da. Pago erorira egurkari guztiak laster ari dira (esr. zah.).

2 iz. (Hitz elkartuetan, lehen osagai gisa). Pago hostoak. Pago landareak aldatu. Txabola bat hiru pago adarrekin egina.

3 iz. Pagokia, pagoaren zura. Pagozko goporrak.

pago ezkur, pago-ezkur Pagoaren fruitua. Ik. pagatxa.

pago motz Pago lepatua.

pago-uso iz. [Oharra: Euskaltzaindiak, pago-uso-k euskara idatzian izan duen erabilera kontuan harturik, forma hori ez erabiltzea gomendatzen du; ik. pagauso].

praka

iz. pl. Galtzak. Praka lasai barregarriak. Praka zaharrak konpontzen. Alkandora eta praka zuriak, gerrikoa gorria. Behetik gora prakak janzten dituenik inon bada. Senarraren prakekin tabernako atean. || Praka pare bat.

praka barren, praka-barren Praken behealdea. Praka barrena hartu. Praka barrenak tolesturik.

praka-motz Ik. prakamotz2.

prakamotz2

, praka-motz adj. Prakamotzak daramatzana. Laster atzean utzi zuten prakamotza.

uztarri

1 iz. Zurezko atal sendoa eta landua, idi, behi edo kidekoei, lanerako lotzeko, lepo gainean ezartzen zaiena. Uztarria lotzeko larruzko lokarria. Bota zuen uztarria, uhalak urraturik. Zure uztarri bigunari lepoa uzkurtzeko. Ez gara uztarri bereko eginak.

2 iz. Irud. Legearen uztarria. Uztarriaren azpian (Ik. uztarpe). Ezkonduak, beren borondatez, uztarri baten azpian jartzen dira. Nire uztarria biguna baita, eta nire zama arina.

3 iz. Elkarrekin uztartzen diren abereen bikotea. Uztarri bi ari ziren lanean Eperzelaietako soroan.

uztarri motz Abere bakarrarentzako uztarria.

zango

1 iz. Gizakietan, beheko gorputz adarretako bakoitza. Ik. hanka. Zango bat altxaturik. Zangoa hautsi. Zalapartan zango batez jo zuelako gizon bat sabelean. Kate batez zango-besoetarik finki estekatuz. Zango-has edo galtzerdirik gabe. Guztiak zangoz gora ziren. Eskuak bezain zangoak arin dituela. Gipuzkoar dantzari bati ikasi ziola zango gurutzea egiten. Beso minduna bularrean, zango eria ohatzean (esr. zah.).

2 iz. (Abere eta animalietan). Bi aratxe zango badituzu. Ardiak lau zango-besoetarik dilindan harturik. Zango eta oin itsusiko hegaztia. Antzara zango-gorria.

3 iz. (Gauzetan). Mahaiaren albo bateko zangoei bi harri azpian emanez.

4 iz. Ipar. Oina. Zango punten gainean. Zangarrak gorri eta zangoak ortutsik. Lurreko atsegin guztiak zangoen azpian ezarri eta komentura joan zen. Zango zola.

zango-luze Ik. zangoluze.

zango-makur Ik. zangomakur.

zango-mehe Ik. zangomehe.

zango-motz Ik. zangomotz.

zangomotz, zango-motz adj. Ipar. eta Naf. Hankamotza, hankabakarra. Hobe duzu eskumotz edo zangomotz bizitzan sartzea, bi eskuak eta bi zangoak dituzularik betiko sura aurtikia izatea baino.

Oharra: azken eguneraketa 2019-07-09

  • Euskaltzaindia - Real Academia de la Lengua Vasca - Académie de la Langue Basque
  • Plaza Barria, 15. 48005 BILBO
  • +34 944 158 155
  • +34 944 158 144
  • info@euskaltzaindia.eus
© 2015 Your Company. All Rights Reserved. Designed By JoomShaper