Euskaltzaindiaren Hiztegia

forma=mahaia eman sarrera bakarrean aurkitu da.

mahai

1 iz. Ohol lau batek eta hanka batek edo gehiagok osaturiko altzaria, jateko, idazteko edo lan egiteko erabiltzen dena. Zurezko mahaia. Harrizko mahai bat. Mahai luze batean. Leiho ondoko mahai biribila. Hamahiruak bildurik zeuden mahai baten inguruan. Mahai gainean utzi zuen egunkaria.

2 iz. Jateko mahaia, plater, koilara, edalontzi eta kidekoz hornitua. Mahaia bedeinkatu. Mahaian eseri ziren afaltzeko. Mahaian jarririk zeudela. Haren mahaitik erortzen ziren apurrak biltzen. Mahai lagunak (Ik. mahaikide).

3 iz. Zerbait erabakitzeko edo eztabaidatzeko biltzen diren pertsonen multzoa. Ik. epaimahai. Eusko Legebiltzarreko Mahaia. Neurriak hartzeko Krisi Mahaia Eusko Jaurlaritzako egoitzan bilduko da.

gau mahai, gau-mahai Ohearen burualdean kokatzen den altzari txikia, gauean behar diren gauzak gordetzeko edo jartzeko erabiltzen dena. Ik. mesanotxe. Gau mahaiko lanpara.

mahaia eman Ipar. Mahaia otordua egiteko prestatu. Ik. mahaia jarri. Mahaia ematen du eta askaria zerbitzatzen.

mahaia jarri (ipini) Mahaia otordua egiteko prestatu. Ik. mahaia eman. Emaztea mahaia jartzen ari zen eta umea, sutondoan belauniko, sutara egurra botatzen. Ireki ditzatela leihoak seietan, gela egurats dadin, eta mahaia jar dezatela gero.

mahaia jaso Otordua egin ondoren, plater, koilara, edalontzi eta kidekoak jaso. Frutaontzitik sagar bat hartu, eta mahaia jaso gabe irten nintzen.

mahai futbol, mahai-futbol Futbol zelai bat irudikatzen duen mahai antzeko batean egiten den jokoa, futbolari irudi batzuk dituzten haga kirtendun batzuei eraginez, bola txiki bat ate moduko zulo batean sartzean datzana.

mahai inguru, mahai-inguru Arazo edo gai bati buruz eztabaidatzeko, mahai baten inguruan eta jendaurrean egiten den elkarrizketa. Bi hitzaldi eta mahai inguru bat euskararen batasunari buruz.

mahai joko, mahai-joko Joko mota, dado, karta, fitxa edo kideko piezez, taula baten, mahai baten edo bestelako gainazal lau baten gainean jokatzen dena; pieza, taula eta gainerakoek osatzen duten multzoa. Erakusketa horretan, euskarazko mahai jokoak, jostailuak, ipuinak, DVDak eta joko elektronikoak jarriko dira erakusgai.

mahai santu Aldarea, meza ematen den mahaia.

mahai tenis, mahai-tenis Tenisaren antzeko kirola, mahai batean, zeluloidezko edo plastikozko pilotaz eta pala biribilaz jokatzen dena. Mahai tenisean jokatu. Mahai-tenis taldea.

mahai tresna, mahai-tresna pl. Otorduetan erabiltzen diren koilara, sardexka eta ganibeta.

mahai zapi, mahai-zapi Otorduak egitean mahaia estaltzeko erabiltzen den ehuna. Ik. dafaila; zamau.

Oharra: azken eguneraketa 2019-07-09

  • Euskaltzaindia - Real Academia de la Lengua Vasca - Académie de la Langue Basque
  • Plaza Barria, 15. 48005 BILBO
  • +34 944 158 155
  • +34 944 158 144
  • info@euskaltzaindia.eus
© 2015 Your Company. All Rights Reserved. Designed By JoomShaper