forma=ibilaldi 2 sarreratan aurkitu da.

ibilaldi

iz. Ibiltzea; ibiliz egiten den bitartea edo bidea. Ik. ibilera; ibilketa. Mendi bideetan barrena ordu eta erdiko ibilaldia egin eta gero. Ibaiaren ondoan bere eguneroko ibilaldia egiten zebilelarik. Ibilaldi ederra egin dugu Hernion zehar. Kalez kaleko, herriz herriko ibilaldiak. Argonauten itsas ibilaldian. Ibilaldi luze eta neketsua. Bakearen aldeko ibilaldia. Lagun, munduko ibilaldian; lagun, zerurako bidean. Sartaldeko hizkuntzetako prosa zenbait bidetan barrena ibiltzen ikasia da, latinaren ondotik, eta ibilaldi horiek hizkuntza arinago eta malguago bihurtu dute.

mendi

1 iz. Inguruko eremutik nabarmen goratzen den lur zatia. Aralar mendia. Pirinio mendiak. Alpe mendietara. Larhungo mendia. Goizueta aldeko mendietan. Mendi garaiak. Mendiaren oina, bizkarra, aldapak, hegalak, mazelak, hegia, erpina, gailurra, tontorra. Mendi barrenetik hasi eta gailurreraino. Mendian gora doaz. Galdurik mendi artean (Ik. mendiarte). Mendiz mendi ibili. Hor ibiltzen ziren, mendirik mendi, euritan eta elurretan. Mendiez haraindiko lurretan. Emaztetzat hartu behar zuen mendiz beste aldeko andere bat. Mendiez beste aldeko hatsez betetzeko. Ezin sinetsizko gauzak badirela mendiaren beste aldean.

2 iz. (Hitz elkartuetan, lehen osagai gisa). Mendi sail handiak ditu Hondarribiak. Mendi lurrak saltzen. Mendi lanak. Hango lur gorri eta mendi bazterrak ederki ezagutzen nituen. Bere etxe apainean bezain alaiki bizi zen mendi baserri zarpailean. Eguzkialdera, Baionako bide nagusi eta alaitsua; ainube aldera, mendi-baso eta baserri-etxe zoragarriak. Mendi zolan Beherobi, gorago nonbait Egurgi.

3 iz. (Mugatu singularrean). Mendialdea. Mendian bizi direnak. Zizurkilgo mendian badira harrobiak, karegaia ugari ematen dutenak. Mendiko artzainak. Mendiko hizkera. Menditik ibarrera jaitsi. Mendira joaten da asteburuetan.

mendi bide, mendi-bide Mendiko bidea. Gauaz eta mendi bide gaiztoetan barrena. Lasturko mendi bide bihurriak.

mendi bizkar, mendi-bizkar Mendi baten gainaldea. Ik. bizkar 4. Mendi-bizkar lauetan ibiltzen zen, eta bere zabaltasun osoan ikusten zuen handik beheko harana.

mendi buru, mendi-buru Mendi gaina, mendi gailurra. Agindu zuen mendi buruetan gurutzeak ipin zitzatela.

mendi gailur, mendi-gailur Mendi baten gailurra. Ik. mendi gain; mendi kasko; mendi punta; mendi tontor; mendi buru. Mendi gailurrak zuriz jantzirik. Mendi gailurretik urrutira begira.

mendi gain, mendi-gain Mendi baten gaina, gailurra. Ik. mendi gailur. Elurra mendi gainetan. Zer ikusten da mendi gain batetik begira jarriz gero?

mendi gizon, mendi-gizon Mendialdean bizi den gizona. Ik. menditar. Jainkoak, kaletar ez, mendi gizon egin zintuen.

mendi goi, mendi-goi Mendi tontorra, mendiaren gainaldea. Elur zuria, mara-mara, mendi goian.

mendi hegal, mendi-hegal Mendi magala, mendi mazela. Ik. hegal 8. Mendi hegaletan urtu da elurra.

mendi hegi, mendi-hegi Mendi magala, mendi mazela. Mendi hegiak sutan zeudela zirudien.

mendi ibilaldi, mendi-ibilaldi Mendian barrena egiten den ibilaldia. Mendi ibilaldietan zaildu gabe zegoen.

mendi kasko, mendi-kasko Mendi gailurra. Iruñeko katedraleko dorreak ikusi zituen Saioa mendi kaskotik.

mendi lepo, mendi-lepo Bi mendiren arteko igarobidea. Ik. mendate. Biriatutik Urepelen gaindi, Arnegirainoko mendi lepo gehienak zer pasabideak ez dira izanak.

mendi magal, mendi-magal Mendi baten aldatsa eta beheko aldea. Ik. magal 4; mendi mazela; mendi hegal; mendi malda. Baserria mendi magalean dago. Mendi magala behera erori zen eta errepidea estali zuen.

mendi malda, mendi-malda Mendi magala, mendi mazela. Senar gaztea ehiza bila dabil mendi maldetan.

mendi mazela, mendi-mazela Mendi baten aldatsa eta beheko aldea. Ik. mazela 2; mendi magal; mendi hegal; mendi malda. Mendi mazela batean goiti zoazte. Zelai eta mendi mazeletako belarra berde dago oraindik.

mendi-mendi (mendi-ren indargarria; leku atzizkiekin erabiltzen da, singularrean). Bidea mendi-mendian sartzen zen, trokarte sakonen ertzetik eta gailur antzu, zorrotz, basatien azpitik. Mendi-mendiko iturri bizi gardena.

mendi muino, mendi-muino Muinoa. Mendi muino batera igo zen.

mendi mutil, mendi-mutil Mendialdean bizi den mutila. Ik. menditar. Mendi mutil gazte indartsua. Lagun guztiak baserrietako umeak dira, mendi mutilak.

mendi punta, mendi-punta 1 Mendi gailurra. Ik. mendi gain. Uholde handiaren ondoren, hamargarren hilabeteko lehen egunean, mendi puntak agertu ziren.

2 (Leku atzizkiekin, singularrean; hirigune edo herrigunetik urruti dagoen lekua adierazteko). Oiartzunen egin nituen urte asko, mendi puntan galduta. Hoa mendi puntara!, neu arduratuko nauk tabernaz. || Mendi punta batera joan beharko dut bizitzera.

mendi tontor, mendi-tontor Mendi gailurra. Ik. mendi gain. Mendi tontorretako postontziak.

mendiz adb. Menditik, mendiko bideak erabiliz. 10:00etan Azpeitiko plazatik irten eta mendiz joango dira Aizarnara.

mendi zintzur, mendi-zintzur Bi mendiren arteko pasabide estua. Segada batean atzeman dituzte, mendi zintzur batean.

mendi zoko, mendi-zoko Mendi magaleko sakonunea. Ik. mendi zulo. Goizetik helduak dira merkatura laborariak, egun-argiarekin jaikirik mendi zokoan.

mendi zulo, mendi-zulo Mendi magaleko sakonunea; mendiko zulo edo leizea. Ik. mendi zoko. Mendi zuloak utzirik agertuko da mundu osoaren aurrera.

Oharra: azken eguneraketa 2020-07-08

  • Euskaltzaindia - Real Academia de la Lengua Vasca - Académie de la Langue Basque
  • Plaza Barria, 15. 48005 BILBO
  • +34 944 158 155
  • +34 944 158 144
  • info@euskaltzaindia.eus
© 2015 Your Company. All Rights Reserved. Designed By JoomShaper