Euskaltzaindiaren Hiztegia

forma=honenbeste 2 sarreratan aurkitu da.

honenbeste

1 zenbtz. Honelako kopuruan. (Erkaketaren oinarria agerian azaltzen ez denean erabiltzen da eta lehen pertsonako edo lehen mailako hurbiltasunezko testuinguruetan; izen bati —inoiz ez izenondo edo adizlagun bati— dagokio, hots, zenbatekoari, eta izen horren ezkerrean ezartzen da). Ik. horrenbeste; hainbeste. Ez dakit honenbeste ardura eta mesede nola ordainduko dizkiodan berorri. Honenbeste euskal idazle garairen aldamenean, nik azken aldean agertu beharko nuke, inon azaltzekotan.

2 zenbtz. (Mugagabean, dagokion izena agertzen ez dela). Burdinak gora, txatarrak atzera-aurrera; honenbeste ekarri, horrenbeste eroan. Ez da honenbesterekin kontentatuko.

3 zenbtz. (Kopuru edo zenbaki ezezaguna edo ezin zehaztuzkoa adieraziz). Zuk orain ez duzu desiratzen honenbeste baizik; baina "honenbeste" hori lortutako egunean, zerbait gehiago eskatuko duzu.

4 (Aditzaren osagarri gisa). Neronek ezkondu behar banu ez nintzateke honenbeste larrituko.

beste honenbeste Aipatu den kopuru edo ekintza bera. Zer esango zenuke zuk beste batengatik, beste honenbeste egingo balu? Zuk ere egin zenezake beste honenbeste.

honenbestean 1 adb. Prezio edo diru kopuru batez mintzatuz, halako prezioan, halako kopuruan. Soroa honenbestean saldu duzue? Lan bat honenbestean hartzen dutenek. Ehuneko honenbestean erosi dute.

2 adb. Ez honen ongi eta ez honen gaizki. Baina hala ere kontentu naiz, honenbestean naizenean ere.

3 adb. Horrela, horretan. Joab-en lotsa galdua ez zen honenbestean gelditu; are gehiago esan zion: (...).

honenbesteko adj. Honelako kantitate, neurri, tamaina edo garrantzia duena. Ik. honenbesteko. Ez nuen uste honenbesteko zauria nuenik. Muinoetan dagoen elurrak ez du honenbesteko dirdairik. Hemen honenbesteko elurra denean, Urbian gerrirainokoa bada.

honenbesteraino adb. Honenbesteko punturaino. Ez zen haren argia honenbesteraino luzatu. Miresten gara honenbesteraino gizona itsutzeaz.

beste1

1 Aipatu den gauzaz bestelakoa izanik, haren kideko dena adierazteko erabiltzen den hitza. (Izen bati dagokionean, horren ezkerrean agertzen da gehienetan. Delako izenak mugatzaile edo zenbatzaileren bat, edo bat hitza hartu behar du. Izenaren eta beste-ren artean zenbatzaileak, ordinalak, banatzaileak edo izenarekin lotura hertsia duten zenbait izenlagun —honelako edo kidekoak, adibidez— soilik ager daitezke). Alkatearen beste alaba. Beste alkatearen alaba. Beste liburua. Beste liburu hura. Beste liburuak. Beste liburu guztiak. Beste bi gizon handi. Beste gizon handi hura. Beste gizon bat. Beste gizon handi bat. Beste gizon batzuk. Beste zenbait jauregi eder. Beste edozein andrek egin dezakeena. Erosi dugun beste liburuan. Beste hiruna liburu. Beste hirugarren saria. Beste etxe eder asko. Baduzue beste libururik? Beste erdal hitz batean. Beste landare mota batzuetan. Jan, edan eta beste honelako gauzak (edo honelako beste gauzak). Beste zernahi gauza ere.

2 (Izenordain edo adizlagun zehaztugabe bati dagokiola, haren ezkerrean nahiz, kasu batzuetan, eskuinean). Beste ezer egin gabe. Beste ezer baino gehiago maite duzula. Beste inon lotsagarri litzatekeena. Beste inor ez dagoen toki honetan. Beste inoiz. Hark edo beste norbaitek. Beste nonbait landatzeko.

3 (Galdetzaile bati dagokiola, haren ezkerrean nahiz, kasu batzuetan, eskuinean). Baina beste zer lekukotasun behar dugu? Eta zer besterik? Beste nork esan du?

4 (Dagokion izena ezabaturik). Beste hori ere garestia da. Bi anaia zituen; bata atzerrira joan zen eta bestea hil egin zen. Liburu bat eta beste bat. Bata eta bestea. Batetik eta bestetik. Besteari emateko. Eta horrelaxe, aipa daitezkeen beste hamaika eta hamaika. Bi ekarri zituen; besteak etxean utzi zituen. Beste batean. Besteak ez bezalakoa.

5 (Mugagabean, izenordain-edo gisa). Ik. inor 2. Bestek gure ordez sor dezan baino lehen. Bestek esan beza zein den aukera ona. Besteri kendu eta beretzat hartu. Besterenarekin bizi nahi duenak. Horrezaz bestetan mintzatua naiz. Orixeren ondoren orpoz orpo ibiltzea bestetara jo gabe. Hala kristau bekatu larriak ihartuak ez dira bestetarako izango betiko sutarako baizen. Baina ez bat, ez beste.

6 (Salbuespena adierazten duten testuinguruetan). Hura ez beste guztiak hil zituen. Judas ez beste edozeinen bihotza bigunduko zuten. Jauna ez beste Jainkorik ez ezagutzeko. Nire ona besterik ez du nahi. Nahi izanez gero, ez zuten beren arteko konponketa egin besterik, nork berea jasoz. Zu besterik inor bizi al da? Garai haietan ez bainuen nik Basarri beste lagunik. Jainkoak bestek ez daki.

besteak beste Aipatzen denarekin zerikusirik duten beste gauzak alde batera utzirik. Hor daude, besteak beste, Euskaltzaindiaren aldizkarian argitaratu zituen lanak. Hori ezin uka, besteak beste. Besteak beste, elizan bazuten eraikia harrizko santu bat.

beste barik Bizk. Besterik gabe. Eta lepokoa sama inguruan ezarri, eta beste barik, etxetik irten zen.

beste behin 1 Berriro, berriz. Beste behin bekaturik ez egiteko. Begira beste behin horrelakorik gerta ez dadin.

2 Beste aldi batean. Beste behin zera esan zion (...). Beste behin tabernatik mozkorturik irteten ikusi nuen.

beste(rik) gabe Jesus gisa honetan zihoan ikasleak egiten, oraindainokoan zatoz huts bat esatea beste gabe. Beste gabe aurrera joan zen. Aitorrera orokor hau, ordea, nahikoa ote dugu, beste gabe, Jainkoa badela jakiteko? Bat ez natorkien arren, ez ditut besterik gabe gaitzetsiko.

beste hainbat Beste hainbeste.

beste hainbeste 1 Aipatu den kopuru edo ekintza bera. Hamar bat metro luze, beste hainbeste zabal. Hogei mila hil badira; beste hainbeste baino gehiago kolpatuak. Zuek ere beste hainbeste egin zenuten. Eraman dituzu nire lagunak; nirekin zoaz beste hainbeste egitera. Hiru aldiz eginahalak egin zituen haren oinpetik ateratzeko, eta beste hainbestetan bota zuen.

2 (Izen sintagma baten ezkerrean). Berrogei mila oinezko eta beste hainbeste zaldizko.

3 Beste asko. Automaten teoriak, zibernetikak eta beste hainbestek behartu ditu azkenean hizkuntzalariak beste jakiteetara begiak iraultzera.

beste honenbeste Aipatu den kopuru edo ekintza bera. Zer esango zenuke zuk beste batengatik, beste honenbeste egingo balu? Zuk ere egin zenezake beste honenbeste.

beste horrenbeste 1 Aipatu den kopuru edo ekintza bera. Beste horrenbeste eta gehiago galdu zaigu guri. Aita santuak ere beste horrenbeste dio. Gerokoek behintzat ez dute beste horrenbeste egin. Pentsatzekoa da, beraz, ez ote daitekeen beste horrenbeste hizkuntza baten egoerarekin gerta.

2 (Izen sintagma baten ezkerrean). Hamabiren bat izara eta beste horrenbeste burko-azal.

beste orduz adb. Behiala, lehenagoko beste batean. Oihu egin zuen Frantziskok, beste orduz San Paulok Damaskorako bidean bezala. Egun hartan behar zuela egin beste orduz baino penitentzia handiagoa.

besterik ezean Besterik ez izanik, besterik ezin izanik. Besterik ezean, janariaren truke haren etxean morroi aritzeko gertu zegoen. Besterik ezean, lehengo arlotearena esan beharko.

besterik izan da ad. (Hirugarren pertsonan). Hori besterik da: hori beste kontu bat da. Besterik izanen da datorren aldian. Honela ikusi ditugu beti; gaur oso besterik dira.

bestetara Bestela, beste era batera. Gehienetan bestetara jazo ohi da.

eta beste (Artikulurik gabe eta ezkerrean duen izen sintagmaren atzizki berarekin). Eta beste batzuk. Badakit Aitzol eta beste horretaz mintzatuak direla. Gure Herria agerkarian asko artikulu agertu ditut: istorio, gertaera, ikertze eta beste. Nork ez du ezagutzen Piarres Adame, Saran eta bestetan?

ez bestea (Gaitzespenezko izenondo baten eskuinean, indargarri gisa). Ik. alaen. Alferra, ez bestea!

ez bestena (Gaitzespenezko izenondo baten eskuinean, indargarri gisa). Ik. alaen. Ergela, ez bestena!

ez besterena [Oharra: Euskaltzaindiak, ez besterena!-k euskara idatzian izan duen erabilera kontuan harturik, esapide hori ez erabiltzea gomendatzen du; ik. ez bestena; ez bestea].

-z beste 1 (Ezezko eta galderazko esaldietan). Guk Jainkoaz beste aitarik ez dugu: guk Jainkoaz gainera beste aitarik ez dugu. Ez genuen janaz beste gogoetarik. Hik bahuen semerik, Bereterretxez besterik?

2 (Baiezko esaldietan). Erromak auzi horretan A. Mokoroaz beste gidaririk izan zuelako beharbada.

3 (Artikulurik eta kasu markarik gabe). Helenaz beste, inork ez zuen ikusi senar gaztea. Igandeaz beste, zein jaitan dugu meza entzun beharra?

-z bestera Ik. bestera.

Oharra: azken eguneraketa 2019-07-09

  • Euskaltzaindia - Real Academia de la Lengua Vasca - Académie de la Langue Basque
  • Plaza Barria, 15. 48005 BILBO
  • +34 944 158 155
  • +34 944 158 144
  • info@euskaltzaindia.eus
© 2015 Your Company. All Rights Reserved. Designed By JoomShaper