Euskaltzaindiaren Hiztegia

forma=hodi 7 sarreratan aurkitu da.

hodi

1 iz. Zilindro formako gauzakia, barne-hutsa, mutur batean edo bietan irekia, isurkariak edukitzeko edo bertatik igarotzeko erabiltzen dena. Ik. tutu. Beirazko, burdinazko, gomazko hodiak. Zazpi hodi ezberdinez egindako txirula bat. U hodia: u forma duen hodia. Gas hodia: barnean gasa duena. || Bi hodiko eskopeta. || Hodi elektronikoak eta transistoreak.

2 iz. Anat. Organo barne-huts eta luzanga. Digestio hodia. Odol hodietan zehar.

saio hodi, saio-hodi Hodi itxurako beirazko ontzi txikia, kimikako esperimentuetan erabiltzen dena. Ikerketa askotan badira saio-hodi batean ezin egin daitezkeen probak.

digeri-hodi iz. [Oharra: Euskaltzaindiak, digeri-hodi-k euskara idatzian izan duen erabilera kontuan harturik, hitz hori ez erabiltzea gomendatzen du; ik. digestio hodi].

digestio

iz. Janariak, urdailean eta hesteetan, gorputzak bereganatzeko gai bihurtzea.

digestioa egin Janariak, urdailean eta hesteetan, gorputzak bereganatzeko gai bihurtu. Digestioa egiteko kamamila hartu.

digestio aparatu, digestio-aparatu Digestioan parte hartzen duten organoen multzoa. Horrelako botikek, maiz hartuz gero, digestio aparatuan arazoak sor ditzakete.

digestio hodi, digestio-hodi Janarien digestioa egiten den hodia, ahoan hasi eta uzkian amaitzen dena, gizakietan 10-12 metro luze izan daitekeena.

gas

1 iz. Berezko forma eta bolumenik ez duen egoeran dagoen materia. Airea gas bat, edo hobeki, gas nahastura bat da. Gas hilgarriak. Gorputz baten gas egoera. Gas naturala: batez ere metanoz osatua.

2 iz. Argi egiteko edo berotzeko erabiltzen den gasa. Gas sukaldea. Gas fabrika.

gas hodi, gas-hodi Gasa garraiatzeko hodia.

gas ideal Presioaren eta bolumenaren arteko biderkadura tenperatura absolutuarekiko proportzionala duen gasa. Gas idealaren legeak.

gas isuri, gas-isuri Gas igorpena. Ik. emisio. Bederatzi lagun hil dira eta milaka ebakuatu dituzte gas isuri baten ondorioz. Gas isuri kutsagarriak.

gas perfektu Gas ideala.

gas ur, gas-ur Ur gasduna, azido karbonikoa duen ura.

ihes

1 iz. Arrisku edo kalte bat, edo batere gogoko ez den zerbait saihesteko nonbaitetik urruntzea, gehienetan lasterka. Egizue otoitz, ez dadila zuen ihesa gerta neguan edo larunbatean. Daviden ihesa. Segoviako ihesa. Kusai Davidi bere ihesean jarraiki nahi izan zitzaion. Ihes nahia: ihes egiteko nahia.

2 iz. Kirol. Lasterketa batean, bereziki txirrindularitzan, gainerako lasterkariei aurrea hartu eta talde edo tropeletik urruntzea. Ik. ihesaldi. Iheserako asmoz zeuden txirrindulariei aurreko bi egunetan baino gehixeago kosta zitzaien tropelaren oreka haustea. Crosbie frantziarrak 190 kilometro egin ditu ihesean Paris-Nizan.

ihesari eman zaio/dio ad. Ihes egin. (dio ad. denean, nor osagarririk gabea da). Eman zion ihesari, baina alferrik.

ihesari lotu zaio ad. Ipar. Ihesari eman, ihes egin.

ihes egin 1 Arrisku eta kalte bat, edo batere gogoko ez den zerbait saihesteko nonbaitetik urrundu, gehienetan lasterka. Ik. itzuri; hanka egin. Espetxetik ihes egin du. Haurrek ihes egin zuten lasterka. Etsaiaren eskuetatik ihes egin. Ez daki nora ihes egin. Izuturik ihes egin zuen. Hegan ihes egin. Gaizkileak ihes egin ez zezan. Ihes egin dit txoriak. Baina, nola ihes egin? Nola ihes egiten da haragiagandik? Nora ihes egingo dut Zure aurpegitik? Dagigun ihes, bihur gaitezen gibelera. Ez nauka, ez, besteren beldurrak ihes egina. Ez zuen inongo amets herritara ihes egin beharrik. Geure eginbeharrari ihes egiteko. Ihes egiezu solas alferrei. Bekatutik beti behar da ihes egin. Jaunaren hitza aditzetik ihes eginik. || Autobusak ihes egin zidan.

2 Kirol. Lasterketa batean, bereziki txirrindularitzan, gainerako lasterkariei aurrea hartu eta talde edo tropeletik urrundu. 38. kilometroan ihes egin zuen atzo Iñigo Landaluzek. Amateur mailan hamabi garaipen lortu ditut tropeletik ihes eginda.

ihes eragin Ihes eginarazi. Eta lotsaturik, etsaiari ihes eragin zion. Bekatutik niri ihes eragiteko.

ihes hodi, ihes-hodi Barne errekuntzako motorretan, errekuntzaren ondoriozko gasak kanporatzen dituen hodia.

[Oharra: ihesari eman, Hegoaldean, dio aditza da (inor ohartu baino lehen ihesari eman zion) eta zaio, Iparraldean (harekin diren guztiak emanen zaizkio ihesari)].

odol

1 iz. Kolore gorriko isurkari lodia, gorputz osoan zainetan zehar dabilena, elikagaiak eta oxigenoa banatzen eta hondakinak jasotzen dituena. Ahotik odola dariola. Odolaren kolorekoa. Zauriz eta odolez beterik. Odolez gorritua. Odola gatzatu. Odol hotzeko eta beroko animaliak. Barberuak atera behar du odola gaitz askotan, baina, nire ustez, ez hainbestetan.

2 (Esapideetan). Odolezko izerditan. Gorputza odoleraino zigortuz. Odolak su gabe diraki (esr. zah.).

3 iz. (Hitz elkartuetan, lehen osagai gisa). Odol zainak. Odol tantak darizkiola. Odol aztarnak. Odol gazura (Ik. gazur 2). Odol motak.

4 iz. (Leinuaren ezaugarrien oinarritzat hartua). Odol bereko haurride bagina bezala. Odol bateko ahaideak. Mutiko hura bere odolekoa zela jakin zuenean (Ik. odoleko). Jakoben odolekoak zirenei. Nire odolekoek jasoko dute nire gorputz hila. Ahaidetasuna odolekoa edo erantsia den. Gazte aberats eta odol garbiko bat. Judu odolekoa. Jatsuko odola zuen bere zainetan. Odolaren mintzoa. Odola bera baino lokarri sendoagoak elkartzen gaitu.

5 iz. (Gerra edo borroketan isurtzen den odolaz mintzatuz). Ik. beherago; ik. odol isurtze. Odolak odola eskatzen du. Bere odol-egarria asetzeko. Are atsekabe handiagoa hartu zuen, aurkitu zenean, ez etsaien, ezpada israeldarren odola isuri beharrean.

odol belar, odol-belar Horma-belarra.

odol-bero Ik. odolbero.

odol emaile, odol-emaile iz. Bere odola transfusioetan erabiltzeko ematen duen pertsona.

odol-erre Ik. odolerre.

odoletan adb. Odolez estalirik; odola jariatuz. Oihuka ari zen neskatxa, eskuak odoletan. Gizona odoletan utzi zuen. Han gelditu da errukarria, lurrean, odoletan.

odol-gaitz Ik. odolgaitz.

odol galtze, odol-galtze Odola jariatzea edo galtzea. Ik. odoljario.

odol hodi, odol-hodi Odola ibiltzen den hodia.

odol-hotz adj. Pertsonez mintzatuz, nekez larritzen edo hunkitzen dena. Ik. lasai. Dozena bat gudari, zangar bezain odol-hotzak.

odol hotzean adb. Sentimenek hartua izan gabe, larritu edo hunkitu gabe. Haserrealdian ala odol hotzean egin duen. Odol hotzean hil zuen.

odol isuri, odol-isuri 1 Odola isurtzea. Ik. odol isurtze.

2 iz. Odola jariatzea edo galtzea. Ik. odoljario. Hil da 70 urtetan, odol-isuriak eramanik.

odol isurketa, odol-isurketa Odola isurtzea. Ik. odol isurtze.

odol isurtze, odol-isurtze (Gerretan edo borroketan isurtzen den odola adierazteko). Guduak eta odol isurtzeak higuindurik. Bi urtez asko nahaskeria, desmasia eta odol isurtze jasan zituzten gure arbasoek. Odol isurtzerik gabeko heriotza horrek ez gaitu nahigabetu.

odol kolpe, odol-kolpe Gorputz zati batean gertatzen den odol metatzea. Odol kolpe baten ondorioz, konorterik gabe gelditu zen.

odol talde, odol-talde Giza odola, hematieetan azaltzen diren antigenoen arabera sailkatzen den lau mota nagusietako bakoitza. Pertsona bati transfusio bat egin behar diogunean, lehen pausoa bere odol taldea zein den jakitea izango da.

odol zirkulazio, odol-zirkulazio Odolak gorputzeko zain eta arterietatik egiten duen joan-etorria, bihotzetik irteten denetik berriz itzultzen den artekoa. Sodioak likidoa atxiki eta odol zirkulazioa eragozten du. Ebakuntza egin diote eskuin eskuko hatz luzeko odol zirkulazioa hobetzeko.

saio

1 iz. Norbaitek, zerbaitetan duen gaitasuna ikusteko, egiten duen ariketa; ondorioaz ziur egon gabe egiten den ariketa. Ikasle apal baten saio kaskarrak. Alferrikako saioak (Ik. ahalegin). Saioetan teoriak, eta teoria zuzenak, izan behar du gidari. Lur jorik ikusten genuen Roberto Rosellini azken urteetan, saio adina huts egiten ezkontzan eta zineman. Halako batean, saio antzean bezala, aszetikari dagokion hiztegia hasi nuen. Euskalki nahastea ere saio tankera horretatik datorkio liburu honi. Zenbait saio egina nintzen laborategian.

2 iz. Helburua lortzen ez duen ekintza. Lapurreta saioa. Estatu kolpe saioak huts egin du.

3 iz. Jardunaldia, batez ere jendaurrekoa. Ik. irratsaio. Afalondoan bertso saio bat kafetxo bana hartuta. Goizero gimnastika saioa egin. Dantza saio ikusgarria. Saio latzenak eginagatik batere nekatzen ez dena. Jai haietan egin zen bertsolari saioan. Txistulariek saioa azkendu zutenean.

4 iz. Saiakera, idazlana.

saio hodi, saio-hodi Hodi itxurako beirazko ontzi txikia, kimikako esperimentuetan erabiltzen dena. Ikerketa askotan badira saio-hodi batean ezin egin daitezkeen probak.

Oharra: azken eguneraketa 2019-07-09

  • Euskaltzaindia - Real Academia de la Lengua Vasca - Académie de la Langue Basque
  • Plaza Barria, 15. 48005 BILBO
  • +34 944 158 155
  • +34 944 158 144
  • info@euskaltzaindia.eus
© 2015 Your Company. All Rights Reserved. Designed By JoomShaper