Euskaltzaindiaren Hiztegia

forma=hau sarrera bakarrean aurkitu da.

hau

1 Hitz egiten ari denaren inguruko pertsonei eta gauzei ezartzen zaien erakuslea. Ik. hori1; hura. Liburu hau. Hiri honetako kaleetan. Leku honetan (Ik. hemen). Era honetan (Ik. honela). Toki honetara (Ik. hona). || (guzti-rekin). Lan hau guztia egin dut. Bide honetan guztian. Lagun hauekin guztiekin joan nintzen. Hau guztiau.

2 (Izenordain gisa). Hauek ere joango dira. Hura da harrigarri, ez hau. Honek esan duenez. || (Hizketaldi batean, aipatu berri den pertsona edo gauza adierazteko). Ik. hori1 2. Kulpa gabe inor ez da, hau da segur egia. Ongia egin behar delako legea denek onartzen dute; honetan denak datoz bat.

3 (Lehen pertsonaren indargarri gisa). Nik, lotsagabe honek, egin dut. Nigan, bekatu horiek egin izan ditudan honengan.

4 (Harridurazko esaldien hasiera gisa). Hau duk beroa! Hau egun zoratzekoa! Hau bihotzeko bozkarioa! Hau eguraldi ederra! Hau poza nirea! Hau gauza guztien amaitu beharra! Oi, hau berri tristea! Hau da gizona, hau! Hau duk, hau, ardo gozoa! Hau da hau! || (bai-ren ezkerrean). Hau bai dela kontua! Dirua kendu eta eman paper zaharra, hau bai dela jotzea ederki adarra! Hau bai atsegina!

5 (Kontaketan ondoren datorrena aipatzeko edo iragartzeko). Direlako hots bustiez, hau esan daiteke: arras leku gutxi gelditzen zaiela, daramagun bidetik bagoaz.

hau da Aurrean esan dena argiagotu nahi dela adierazteko erabiltzen den esapidea. Eta leku hari deitu zion "Fanuel", hau da, Jainkoaren ikuskera. Otsailaren hogeian, hau da, duela hamabi egun. Irakaskuntza estatuaren eskuetan, hau da, Madrilgoen eskuetan gelditu zitzaigun gehienbat.

Oharra: azken eguneraketa 2019-07-09

  • Euskaltzaindia - Real Academia de la Lengua Vasca - Académie de la Langue Basque
  • Plaza Barria, 15. 48005 BILBO
  • +34 944 158 155
  • +34 944 158 144
  • info@euskaltzaindia.eus
© 2015 Your Company. All Rights Reserved. Designed By JoomShaper