forma=goitik behera sarrera bakarrean aurkitu da.

goi

1 iz. Edozein gauzaren barrenean, lurretik urrutien dagoen aldea. Ik. gain1 1. Anton. behe. Berea da zerua, lurra ere berea, berarena guztia, goia eta behea. Eskailera bat, oina lurrean eta goia zeruan zituena.

2 iz. (Leku atzizkiekin, singularrean). Ik. gora. Goian zegoen, bere gelan. Goitik datorrena. Goitiko mintzo bat. Etxearen goiko leihoan (Ik. goiko). || Lehen goi samar ginenak azkar goaz behera. || Goi-goitik jausirik. Goi-goian dago. Goi-goiko mailan.

3 iz. Gailurra. Alpeetako goi hozkirrietara.

4 iz. (Singularrean nahiz pluralean). Zerua. Zenbat izar eder goi zabaletan! Goi urdinari so. Lurreko abere eta goietako hegaztiak. Aintza Jainkoari goietan. Han goian ikusi arte. Goian bego.

5 iz. (Hitz elkarketaren lehen osagai bezala, hainbatetan, 'jainkozko, naturaz gaindiko' esanahiaz). Goi bizitza. Kristautasunaren muina goi maitasuna da. Goi ondasunak.

6 adj. Garaia. Ik. goien. Zeru goia. Izadia eta giza bizitza izaki goi batengandik zintzilik bezala daudela. Gauza goiago eta miragarriagoetarako eginak gara. Zeru goietan.

goi agerpen, goi-agerpen iz. Errebelazioa, agerpena.

goia jo Heg. Puntu edo mailarik gorena iritsi. Ik. gailurra jo 2; goiena jo. Biztanleen hazkundeak goia jo zuen hirurogeiko hamarkadan.

goian bego Hil den norbaiten arimaren alde erregutzeko edo hil den norbait aipatu ondoren erabiltzen den esapidea. Gazterik egin zituen lur honetako aldiak; goian bego! Guadalupeko ibilaldia Joxe Albisua (goian bego) Oiartzungo bikarioa zela, 1987. urtean, hark Ama Birjinaren omenez martxan jarri zuen ibilaldia da.

goian behean adb. Gogotik, indarrez. Euria goian behean ari zuen. Elurra goian behean ari du. Meza-ezkila goian behean joka hasi zen.

goian zerua eta behean lurra adb. Ezer gabe. (Maiz gelditu eta kideko aditzekin erabiltzen da). Goian zerua eta behean lurra bizi ginen. Etxea hondakin-multzo bihurtu dietelako eta, ezer gabe, goian zerua eta behean lurra, geratu direlako. || Geratu zen gizagaixoa goian zerua eta behean lurra baino beste barik. Goian zerua eta behean lurra zutela atera behar izan zuten etxetik.

goi arnasa, goi-arnasa iz. Inspirazioa. Ik. goiargi. Minervaren kuttunek berezko duten goi arnasa.

goi bilera, goi-bilera iz. Munduko agintari nagusien bilera, garrantzi handiko gaiak eztabaidatzeko egiten dena. Ik. gailur 4. Adierazpen horiek Moskun egiten ari diren Klima Aldaketari Buruzko Goi Bileran egin dituzte. Madril aukeratu zuten nazioarteko goi bilera egiteko, 1991ko urrian.

goi eta behe 1 adb. Goitik behera, alde guztietatik. Irauli nuen etxe guztia, goi eta behe. Italia goi eta behe ezagutzeko.

2 adb. Euriaz eta kidekoez mintzatuz, gogotik. Bota zuen euria goi eta behe.

goi haga, goi-haga iz. Teilatuaren zurajean, gapirioak gainean botatzeko jartzen diren hagetako bakoitza. Ik. petral2 1.

goi hats, goi-hats iz. Goi arnasa, inspirazioa.

goi hodei, goi-hodei iz. pl. Meteorol. 7.000 metrotik 13.000 metrorako garaieran eratzen diren hodeiak. Zerua ez da erabat oskarbi egongo, baina goi-hodeiak baino ez direnez izango, giroa argia eta eguzkitsua izango da.

goi kargu, goi-kargu iz. Gobernuan, erakundeetan eta enpresa handietan, erantzukizun eta aginte handiko kargua. Biok izan ditugu, gainera, goi karguak unibertsitateko administrazioan.

goi kargudun, goi-kargudun iz. Goi kargu bat betetzen duen pertsona. Gobernuko hainbat goi kargudun finantza arloan jardundakoak dira.

goiko alde iz. Goian dagoen aldea. Ik. goialde. Zubiaren goiko aldetik. Goiko aldeko saila.

Goiko Jaun iz. Jainkoa.

goikoz behera adb. Azpikoz gora, hankaz gora. Mahaiak goikoz behera bota zituen. Herriko gauza guztiak goikoz behera eta azpikoz gora erabili zituzten.

goi lautada, goi-lautada iz. Goi ordokia.

goi maila, goi-maila iz. Goiko maila. Goi mailan ageri da Xenpelar bertsolarien artean.

goi mailako, goi-mailako adj. Goi mailako andrea. Goi mailako antzerkia. Haren ama ere goi mailako kirolaria izan zen.

goi mendi, goi-mendi iz. Garaiera handiko mendia. Gaztea izanagatik, goi mendian zaildutako mendizalea zen. Goi mendian trebatzeko ikastaroa. Goi mendietan neguan ohikoak izaten dira elurteak.

goi min, goi-min iz. Altitude handietako oxigeno faltak eraginiko ondoeza. Ez al duzu goi minik sumatu mendi horietan? Goi minak harturik zeuden.

goi nafarrera, goi-nafarrera iz. Euskal dialektoa, Nafarroako ipar-mendebalean eta erdialdean, eta Gipuzkoako ipar-ekialdean mintzatzen dena. Goi-nafarreraz ematen zituen berriak.

goi ordoki, goi-ordoki iz. Altitude handian dagoen ordoki zabala. Hego Amerikako goi ordokietan.

goitik behera 1 adb. Goiko aldetik beheko aldera. Goitik behera zintzilik. Elizako oihala goitik behera urratu da. Herri xume jatorrari goitik behera begiratzen dioten horietakoak. Bere buruari gehiegi zeritzon eta goitik behera begiratzen zion lehengusuari.

2 adb. Alde guztietatik, osorik; burutik burura, hasieratik bukaeraraino. Garbitzen da etxea goitik behera. Goitik behera arrapaladan ikertu ostean.

3 adb. Euriaz eta kidekoez mintzatuz, gogotik. Euria goitik behera ari du.

goitik beheraino 1 adb. Goiko aldetik beheko alderaino. Ik. goitik behera. Eskailera burutik amildu eta goitik beheraino, zuzen.

2 adb. Burutik burura, hasieratik bukaeraraino; osorik, guztiz. Goitik beheraino miatu zidaten etxea. Goitik beheraino zuriz jantziak. Erdaraz ari ziren ikastetxe guztietan, baina jendea euskalduna zen, goitik beheraino.

Oharra: azken eguneraketa 2021-01-14

  • Euskaltzaindia - Real Academia de la Lengua Vasca - Académie de la Langue Basque
  • Plaza Barria, 15. 48005 BILBO
  • +34 944 158 155
  • info@euskaltzaindia.eus
© 2015 Your Company. All Rights Reserved. Designed By JoomShaper