Euskaltzaindiaren Hiztegia

forma=buru 25 sarreratan aurkitu da.

buru

1 iz. Gizakiaren edo animalien gorputzaren goiko edo aurreko zatia, ahoa eta zentzumenak kokaturik daudena. Zezen burua. Burua estaltzeko. Adarrak, zenbait gizasemeren buru-kopetak zinetan eta benetan apaintzen dituzten edergarri horiek. Burua (apustu) egingo nuke berandu heltzen dela. Buru gaina. Burt Lancaster buru-urdinak. Gizon buru-luzea. Gizon iletsu buru-beltza.

2 iz. (Esapideetan). Inori burutik behera kaka egin: iseka larria egin. Norbaitek burua lehengo lepotik, betiko lepotik izan: iritzietan, ohituretan ez aldatu. Zerbaitek bururik ez hankarik, bururik ez buztanik ez izan: zentzugabea, itxuragabea izan. Jakinduriaz eta sakontasunaz diozunak ez du ez bururik ez zentzurik. Besteren buruan zentzatu, ikasi.

3 iz. Burua adimenaren eta oroimenaren iturburutzat hartua. Bihotz euskaldunaren eta buru erdaldunaren arteko borroka amaigabea. Haizea buruan eta ibili munduan; joan bazen, joan zen; ez lanerako eta ez ezertarako. Buru-loka izan: buruarina izan. Buru gogorra duen gizona (Ik. burugogor). Gaizki egin dudala ezagutzeko adina buru badut. Norbaitek buru argia izan. Buru argikoa izanik, argi jabetu zen asmo horietaz. Urrestarazu jaunaren adorea, kemena, buru jantzia eta bihotz kartsua. Norbaitek buruan gatza izan: buruargia izan. Burua oso duenak: zoraturik ez dagoenak. Buruak huts egiten ez badit. Filologoarentzat zail eta buru-nekagarri izan ohi diren hitzak. Buru-berotzaileak.

4 iz. Gauzaki baten mutur zabala edo biribila. (punta-ren aurrez aurre). Ik. buru orratz. Iltze, torloju baten burua. Orratz buru-zuria.

5 iz. Hainbat gauzaren muturra. Mahaiaren buruan zeudenak (Ik. mahaiburu). Titiaren burua (Ik. titiburu). Zoazte bide buruetara. Haritzaren buru orritsuan.

6 iz. Zerbait bukatzen den gunea. Errotik bururaino ezagutu. Buru batetik bestera, dena da ongi aukeratua eta egoki euskaraz emana. Etxe bat gaitza, ordoki baten buru-buruan. Urtearen bururaino.

7 iz. Buruzagia. Elizaren burua. Leinu santu haren buru egin zuen.

8 iz. Buruxka. Ik. galburu; artaburu. Bihiak ereiten eta buru beteak biltzen.

9 iz. Hainbat landareren hosto zabalek osatzen duten bilduma biribil antzekoa. Ik. azaburu.

10 iz. Zerbait hasten den gunea. Ik. izenburu. Hitz buruan maiz aurkitzen da b-, d-, g-/p-, t-, k- aldaera.

11 iz. Kapitulua. Liburuaren laugarren burua. Legearen lehen burua, zazpigarren atala.

12 iz. Aziendaz edo jendeaz mintzatuz, banakoa. Bi mila, bi mila eta bostehun buru izaten ditu artalde bakoitzak.

13 iz. (neure, zeure, bere eta kidekoen eskuinean, aditzaren era bihurkaria gauzatzeko erabilia). Jonek bere burua hil du. Bere burua bota du zubitik behera. Erantzi soinekoa eta han bota nuen neure burua uretara. Geure buruaren jabe gara. Ez da hizkuntza bere buruaren jabe, besteren mirabe baizik. Zeuen buruak salduz. Bere burua eta Barthes aipatzen ditu liburu horretan. Geure buruen kaltean egin dugu hori. Zeure burua zeure eskuko zenuenean. Zeure burua erakusteagatik egin ohi duzun hainbat gauza.

(bere...) buruaz beste egin (Bere...) burua hil. Bere buruaz beste egin du, etsipenez.

burua agertu Azaldu; nabarmendu. (bere eta kidekoekin nahiz gabe erabiltzen da). Erizain batek burua agertu zuen atetik. Ez zuen bere burua aitaren aurrean agertu nahi. Lebita eta ginbail ederrik badu etxean baina ez du bere burua agertu nahi izaten.

burua altxatu 1 Burua gorantz higitu. Ikusten zuen nola zerbait idazten zuen burua altxatu gabe.

2 Harro azaldu, nabarmendu. Euskaldun den gizon orok altxa beza burua.

burua apaldu Burua makurtu. Bazterka so egiten zidan halako irri maltzur batekin eta burua apaltzen zuen. Burua apaldurik zebilen. Ez bururik apaldu inongo jaunekin.

burua arindu 1 Kezkak eta nekeak arindu. Joan zen behin ehizara, burua arintzera.

2 Buru gaitasuna galtzen hasi. Gauza onik ez dago zahartuz gero: burua arindua eta odola bero.

burua bat egin Bizk. Norbaitekin elkar hartu, bereziki azpilanean aritzeko. Ez dut nahi nik burua bat egin zuekin, ez eta zuen antzeko beste batzuekin ere.

burua beheratu Burua makurtu. Jesusek bere burua beheratzean, borreroari egin zion keinua. Gaizki egin ote dut, zuen goratzeko ene buruaren beheratzea.

burua berotu 1 Burua hautsi. Gutxi dira Jaunaren borondatea ezagutzeko burua berotzen dutenak.

2 Norbait zerbait egitera bultzatu. Nire semeari burua berotu diozu, niri dirua lapurtzeko.

burua erakutsi Burua agertu. (bere eta kidekoekin nahiz gabe erabiltzen da). Jesusek erakusten duenean bere burua arantzez inguratua. Eraztunez josia eta erdara harroa dariola dabil, hor zehar, bere burua erakutsi beharrez.

burua galdu Zentzua galdu, zoratu. Horrek nauka bada burua galdurik. Zahartu zenean, burua erdi galdu zitzaion.

burua gora adb. Harro, harrotasunez. Burua gora itzuli zen bere herrira.

burua hautsi 1 Burezurra hautsi. Azpijokoren bat egiten saiatuz gero, burua hautsiko ziotela mehatxu egin zioten.

2 Zerbaiti buruz behin eta berriz pentsatu, zerbaiten inguruan hausnartu edo kezkatu. Zuk oraindik ez duzu bururik hautsi arimaren onari dagozkien gauzetan. Hori horrelaxe izan dela jakiteko, burua hautsi beharrik ez dago.

burua jaso 1 Burua gorantz higitu. Jesusek burua jaso eta esan zien: (...).

2 Beheralditik atera, adoretu. Zorrez beteta, bururik jaso ezinda. Burua jasorik ibili. Euskal Herriak gehiago burua jasoko ez zuelako etsian. Euskarak burua jasotzea Jainkoak nahi du.

burua joan Konortea galdu, zorabiatu.

buruak eman dio ad. Bururatu. Zoro hari buruak eman dio, ikusi duen neska bat behar duela. Esan behar nuenik ere ez niri eman buruak.

burua makurtu 1 Burua beherantz higitu. Burua makurtu eta besoez aurpegia estaltzen zuen.

2 Umildu. Burua makurtzen dutenak edo umiltzen direnak. Ez daki burua makurtzea beharrezkoa dela sarritan. Jaunaren esanari burua makurturik.

burua nahasi Burua galdu. Burua pitin bat nahasi zitzaidan, nahi ez nuena esateko.

buruan eduki Gogoan izan, eduki. Adibide hau eduki behar da buruan meditazio guztietan.

burua nekatu Pentsatzen nekatu. Gehiago burua nekatu gabe, baratzean sartzea erabaki zuen. Horrek pentsatzen ez du bururik asko nekatu.

buruan erabili Zerbaitetan pentsatu, hausnartu. Ik. gogoan erabili. Ametsetan ere beti bere praka berriak darabiltza buruan. Gazte haiek gezur zoroak eta auzi-borrokak zerabiltzaten buruan.

buruan hartu 1 Gogoan hartu, aintzat hartu. Jendearen esanik ez har buruan. Adi ezak, Mattin, eta har ongi buruan erratera noan hau.

2 Sinetsi, konbentzitu. Handiak holakoak dira, buruan hartua dute guztiak haientzat jaiotzen direla.

buruan ipini Buruan jarri. Zer zabiltza, buruan traste hori ipinita? Etsaiak buruan ipini zidan asko galduko nuela nire faman aitortzen banuen nire bekatua.

buruan izan du ad. Gogoan izan. Beste kezkarik deus ez dugu buruan, Loiola ikustea baizik.

buruan jarri 1 Buruaren gainean jarri. Txapela buruan okerka jarria.

2 Bururatu, zerbait buruan sartu. Guztiek bere lepotik barre egiten zutela jarri zitzaion buruan.

buruan pasatu Bururatu. Ik. burutik pasatu. Buruan orduan pasa zitzaizkidanak!

buruan sartu 1 Gogoan sartu. Mutil koskor hauei ingeles apur bat buruan sartzeko asmoz. Gauza bat buruan sartzen zaizunean. Hizkuntzen iraupenari eta azkenari buruz buruan sar adina gai ikasi behar izan ditut.

2 Bururatu. Buruan sartu zaio gauza txarren bat gertatuko zaiola.

buruaren jabe 1 adj. Askea, burujabea. (bere eta kidekoekin erabiltzen da). Ez da hizkuntza bere buruaren jabe, besteren mirabe baizik.

2 Bere egintzen erantzule dena. (bere eta kidekoekin erabiltzen da). Harrotua dabil, ezagun du ez dela bere buruaren jabe.

buru-argi Ik. buruargi.

buruari eman 1 Ipar. Kontu egin, imajinatu. Emaiozu buruari eguzkia argizko itsaso bat dela.

2 Naf. Burua nahasi. Buruari emana dabil, semea istripuan hil zitzaionetik.

buru-arin Ik. buruarin.

buru atxiki Buru egin, aurre egin. Ez duzu oraino buru atxiki odoleraino.

burua urratu 1 Buruan zauriak edo urratuak egin. Burua eta lepoaldea ebaki zabalez urraturik.

2 Burua hautsi (irudizko adieran). Burua gehiegi urratu gabe, badaukat zer jan eta zerekin jantzi.

buru babes, buru-babes Kaskoa, burua babesteko estalkia.

buru babeski, buru-babeski Buru-babesa.

buru-belarri 1 adb. Ahaleginean, gogoz eta lehiaz. Auzian buru-belarri sartu gabe. Zintzoa izaten saiatu zen buru-belarri. Lanean ari da buru-belarri.

2 adb. Adi-adi.

buru-bero Ik. burubero.

buru-bihotz pl. Burua eta bihotza. Eta kaletarron buru-bihotzak ez izaki beti lehengo euskaldunenak bezain garbi.

buru-buztan pl. g.er. Zentzua. (Ezezko esaldietan erabiltzen da). Kantu horietako hitzek ez dute buru-buztanik.

buru-buztanka adb. Atzekoz aurrera, alderantziz.

buru egin 1 dio ad. Aurre egin. Ik. gogor egin. Tentaldiari buru eginez.

2 Buruzagi izan. Hurreratu zitzaion morroien artean buru egiten zuena.

buru eman 1 dio ad. Amaitu, burutu. Lanari buru emateko denbora iritsi zen.

2 dio ad. Buru egin, aurre egin. Haizeari buru emanaz. Bere gauza guztiak saldu zituen zorrei buru emateko.

buru estalki, buru-estalki Burukoa, burua estaltzeko erabiltzen den jantzi edo zapia. Emakume zaharrenak ile zuri ondo orraztuak buru-estalki zuri garbi baten azpian gordetzen zituen.

buru-gogor Ik. burugogor.

buru-gorri Ik. burugorri.

buru-handi Ik. buruhandi.

buru-harro Ik. buruharro.

buru-has adb. Buru hutsik. Buru-has agurkatu. Bi lerrotan jarririk, guztiak buru-has. Buru-has eta ortutsik gelditu zen.

buru hausgarri, buru-hausgarri iz. Buruhausteak ematen dituen gauza.

buru hezur, buru-hezur Burezurra.

buru hutsean, buru-hutsean adb. Buru hutsik. Baserritar bat buru hutsean sekula ez zen ikusten.

buru hutsik, buru-hutsik adb. Buruan txapelik edo antzekorik gabe. Ik. buru-has; buru hutsean. Buru hutsik eta paparra zabalik.

buru-jantzi adj. Ikasia. Prosan ere badira edozein euskaldun buru-jantzik ezagutu behar lituzkeen obrak.

buru kasko, buru-kasko Burezurra.

buruko adj. Ik. buruko. Pentsatze hutsak buruko ile guztiak lazten zizkidan. Haizeak buruko kapela eraman zion.

buru kolpe, buru-kolpe 1 Burukada.

2 Burutazioa.

buruko min 1 Buruan sentitzen den mina. Buruko minez nago. Buruko mina dut.

2 Ardura, kezka. Auzitegietan nahiko lan eta buruko min badarabiltzagu. Gurasoei buruko min bat ez nahigabe bat eman ez dieten seme-alaba zintzoak.

buru lan, buru-lan Batez ere adimenaz baliaturik zertzen den lana. Buru-lanetako aproposagoa zen eskulanetako baino. Elizgizonen eskuetan utzi dugu hemen buru-lana.

buru langile, buru-langile Batez ere adimena erabiltzea eskatzen duen lanean aritzen den pertsona. Eskulangile eta buru-langileak. Buru-langileen zereginak.

buru-makur Ik. burumakur.

buru-motz Ik. burumotz.

buru nahaste, buru-nahaste Buruhaustea.

buru orratz, buru-orratz Orratz buruduna, lepoko zapiak eta kidekoak lotzeko erabiltzen dena.

buru oskol, buru-oskol g.er. Buru-babesa, kaskoa.

burura ekarri Gogora ekarri. Ik. bururatu. Zuen gabon-kantak gure ama xaharraren oroitza ekarri dit burura.

burura eman Ipar. Bururatu, burura ekarri.

burura etorri Gogora etorri. Gauden pixka bat, ea zerbait datorkigun burura.

burura igo Zerbaitek burua ilundu, burua lausotu. Ardoa burura igo zitzaion eta ez zekien zer egiten zuen.

bururako (-en atzizkiaren eskuinean, batez ere ezezko esaldietan). Ez da hori zure bururako egiten den gauza: ez da hori zuri dagokizun gauza.

bururen buru Burutik burura, hasieratik bukaeraraino. Laburra da erreka: bospasei kilometro baino gehiago ez duke bururen buru.

buru-soil Ik. burusoil.

burutan atera Bururatu, amaitu. Utz ezazu ene gainean zure egitekoen arta, nik burutan aterako ditut zein bere denboran.

buru(ta)tik adb. (neure, zeure, bere eta kidekoen eskuinean). Kabuz, kasa. Heure burutatik hoa, ala aginduta? Hobe da beti mundu zabalean ontzat hartuak dauden hitzez eta izenez baliatzea nor bere burutik asmaketan abiatzea baino.

burutik aldaratu da ad. Burutik egin, zoratu. Bere anaia hil dela esan diote eta burutik aldaratu da.

burutik behera adb. Goitik beherantz; burutik hasi eta oinetaraino. Burutik behera jantzi behar den soinekoa. Burutik behera bustia agertu zen.

burutik beherako 1 iz. Marranta, hotzeria.

2 iz. Buruko isuria.

burutik buru Bururen buru. Liburua burutik buru irakurriz gero.

burutik burura Buru batetik bestera, hasieratik bukaeraraino. Liburua burutik burura irakurri zuen.

burutik egin zaio/du ad. Zoratu. Ik. burutik jauzi; burutik joan; burutik jo; burutik egon; burutik nahasi. Hori aditu zuenean, burutik egin zitzaion. Burutik egin zaizu? Eroetxera daramate bukaeran, burutik egin duelakoan. Burutik egina bezala zegoen. Burutik eginda al zaudete?

burutik egon Zoratuta egon. Burutik dagoela, zentzua galdu duela.

burutik izan du ad. Ipar. eta Naf. Burutik egon. Trufatzen zara nitaz, ala baduzu burutik? Ni kapitalista?, baduk burutik?

burutik jauzi da ad. Burutik egin. Sinetsi ez zioten, esanaz burutik jauzi zela.

burutik jo Burutik egin. (Ia beti burutik jota (egon) esapidean erabiltzen da). Burutik jota zaude ala?

burutik joan 1 da ad. Burutik egin. Burutik joan zara? Gizon hori burutik joanda dago.

2 da ad. Ahantzi. Ez zait burutik joango esan didazuna.

burutik kendu Zerbait pentsatzeari utzi. Burutik ezin kendu dut haren agur tristea. Burutik ez zitzaion kentzen herriko norbaiten jukutria zela.

burutik nahasi Burua, zentzua galdu. Ik. burutik egin. Bestela esango dute burutik nahasia zaudela. Jaunak burutik nahasten ez banau.

burutik oine(ta)ra adb. Goitik behera. Ik. burutik behera. Zazpi arrarik ez zuen burutik oinera. Burutik oinetara guztia legenarrez eta gaitzez betea nago.

burutik oine(ta)raino adb. Burutik oinera. Etxekoandrea burutik oinetaraino begira gelditu zitzaion. || Burutik oinetarainoko aldakuntzak.

burutik pasatu Bururatu. Ik. buruan pasatu. Ez zitzaion burutik pasatzen ere, ate hura bere aurrean itxi ziezaioketenik.

buruz ari izan Oroimenaz bakarrik baliaturik ari izan. Buruz ari naiz eta beharbada hutsen bat egingo dut.

buruz aurrera adb. g.er. Muturrez aurrera. Buruz aurrera erori da.

buruz beheiti adb. Ipar. eta Naf. Buruz behera. Baina, etxekoandrea, buruz beheiti emana duzu-eta zure liburua!

buruz behera 1 adb. Ahuspez, beherantz begira. Buruz behera etzan da ohe gainean.

2 adb. Gorputzaren goialdea beherantz dagoela. San Pedro gurutzean buruz behera josita hil zen. Buruz behera erori beharrean zutik gelditu zen.

buruz buru adb. Aurrez aurre. Uharteari buruz buru zegoen etxea. Aukera egokia da buruz buru hitz egiteko. Buruz buru, bi bitara, eta lau lauren kontra aritu ziren bertsolariak.

buruz buru egin 1 Topo egin. Hola doalarik, buruz buru egiten du gizon batekin: Agur, adiskidea!

2 Talka egin. Elkar ez ikusirik, bi trenek buruz buru egin dute.

buruz buruka adb. Buruz buru, aurrez aurre. Iluntzean eta arratsean eginen dira finalerdiak esku-huska, bai buruz buruka eta bai binaka.

buruz buruko adj. Aurrez aurrekoa; banakakoa. Buruz buruko borrokan indartsuenak ziren. Buruz buruko txapelketa. Buruz buruko txapeldun izandako sei pilotari.

buruz esan Buruz ikasitakoa esan.

buruz gain 1 adb. Buruaren gainetik. Buruz gain labana luze bat jaurti zuen airean.

2 adb. Ahalbideen gainetik. Buruz gain egin: gainditu. Anitz urte baino lehen buruz gain egiten diote bere zor zahar eta berriek. Buruz gain ibili: erabat lanpeturik ibili. Gure buruz gain bizi nahiak egiten du gure malurra.

buruz gora 1 adb. Ahoz gora, gorantz begira. Emakumea buruz gora etzanda zegoen.

2 adb. Gorputzaren goialdea goian dagoela. Buruz gora edo buruz behera zuenik ere jakin gabe, egunkariari begira.

buruz ikasi Hitzez hitz errepikatzeko eran ikasi.

buruz jakin Oroimenaz bakarrik baliaturik jakin. Hutsa dela dotrina buruz jakitea, ulertzen ez bada.

buru-zuri Ik. buruzuri.

buru-zut Ik. buruzut.

-en buruan Aipatzen den denbora-bitarteaz gero. Ik. barru 7. Bost urteren buruan: bost urte igaroz gero. Hiru egunen buruan piztuko naiz. Denboren buruan: munduaren azkenean. Ororen buruan. Azterketa nekagarrien buruan baizik ez du jakingo. Han hil zen zenbait urteren buruan.

-en buruko -en buruan. Zenbait egunen buruko osoki sendatua zen.

-i buruz 1 -rantz, -ganantz. Gizona heriotzari buruz doa. Nik ez dakit jendea zeri buruz doan.

2 -z, -en gainean, -i dagokionez, -a gaitzat harturik. Nahikoa hitz egin dugu gai honi buruz. Arana Goiri eta Azkue ez ziren talde berekoak euskarari buruz. Ez da hizkuntzarik Europa osoan euskara bezain ilun ageri denik bere jatorriari buruz.

-i buruzko -i buruz esapidearen bigarren adierari dagokion izenlaguna. Mogelen lanei buruzko argitasun asko dator ikerketa horretan.

(neure, zeure...) buruarekin (egin, egon, esan aditzekin). g.er. Neure, zeure... artean. Neure buruarekin egin dut, zuregana behar nuela etorri. Nengoen neure buruarekin, ez ote nuen zuk baino gehiago sufritzen. Behin baino gehiagotan egona naiz neure buruarekin, nola onartzen dituzun horiek zure etxean.

aizkora

iz. Zura eta kidekoak ebakitzeko erabiltzen den lanabesa, burdinazko xafla lau, aho-zorrotz eta begidun batez, eta begian finkatzen den zurezko kirten batez osatua. Horregatik da ona aizkora zorrotza; eta aizkora kamutsa, berriz, txarra. Aizkora kirtena. Ezarri diote aizkora zuhaitz ondoari. Zur zaharrak aizkoraz jo eta landarerik ipini ez.

aizkora aho, aizkora-aho Aizkoraren ertz zorrotza. Airean jasotako aizkora-ahoaren moduko distirak egiten zituen argiak.

aizkora apustu, aizkora-apustu Aizkoran egiten den norgehiagoka, ezarritako enborrak lehiakideak baino azkarrago ebakitzean datzana eta apustua tarteko duena. Aizkora-apustu bat jokatu da kostako herri batean.

aizkora begi, aizkora-begi Aizkoraren kirtena finkatzen den zuloa.

aizkora buru, aizkora-buru Aizkoraren xaflan, begia dagoen aldea. Aizkora-buruarekin sartu nituen iltzeak, mailurik ez neukan eta.

aizkora joko, aizkora-joko Aizkoran egiten den norgehiagoka, ezarritako enborrak lehiakideak baino azkarrago ebakitzean datzana. Zabaletako Inazio Marik eta Abadiñoko Jose Domingok egin behar zuten aizkora jokoa.

aizkora kirten, aizkora-kirten Bagenekien aizkora-kirtenak eta borra kirtenak egiten.

aizkora kolpe, aizkora-kolpe Aizkora-kolpeak entzun ziren pagadian.

aizkoran adb. Aizkora-lanean. Gaztetatik hasiak aizkoran ikasten. Segan eta aizkoran ere ederki egiten zuen. Aizkoran bezain trebea da laiaketan eta goldea erabiltzen.

aizkora ukaldi, aizkora-ukaldi Aizkora-kolpea. Arbola adar bat ebaki behar denean, lehendabiziko aizkora-ukaldiak azpitik eman behar dira, eta ez gainetik.

arto

1 iz. Lasto lodi eta sendoko landarea, hostoak zabalak eta lantza modukoak, eta aleak zilindro itxurako buru lodi bati itsatsiak dituena (Zea mays). Ik. arto landare. Arto goiztiarra. Artoak zuritu: artaburuak zuritu. Arto, baba eta gariz aberats soroak. || Esr. zah.: San Jurgi artoa ereiteko goizegi, San Marko artoak ereinda balegoz.

2 iz. (Multzokaria). Landare horren alea. Gaitzeru bat arto. Elur-melur, ez nauk hire beldur; etxean badiat arto eta egur (esr. zah.).

3 iz. Arto irinez egindako ogia. Ik. artobero; artopil; labarto. Arto puska bat janaritzat. Artorik ez badago jango dut ogia.

4 iz. Zah. Artatxikia. Etxean ogia ezin jan, eta Arangurenen artoa (esr. zah.).

arto bihi, arto-bihi Ipar. Artalea.

arto bizar, arto-bizar Artoaren lore emeen mordoa. Pixa egin ezina arto bizarren urarekin kentzen omen da.

arto buru, arto-buru Artaburua.

arto irin, arto-irin Artaleetatik ateratzen den irina. Arto irina taloak egiteko. Sutondoan arto irinaren zorrotxoa.

arto jorra, arto-jorra Artajorra.

arto landa, arto-landa Arto saila. Beleak izutzeko txorimaloa ezarri du arto landan.

arto landare, arto-landare Artoa. Zuk soroan arto hazia ereiten duzu eta arto landarea jaiotzen zaizu.

arto lasto, arto-lasto Arto landarearen lastoa. Abereari azpia egiteko, paregabekoak dira arto lastoak.

arto makila, arto-makila Arto lastoa.

arto sail, arto-sail Artasoroa. Arto sail galantak.

arto zuritze, arto-zuritze Artazuritzea. Arto zuritze eta beste horrelako lanak. Arto zuritzeetako istorio zaharrak.

bazka arto, bazka-arto Artaberdea.

baratxuri

iz. Baratzeko landarea, zitoriaren familiakoa, erraboila ataletan banatua duena eta sukaldaritzan, janarien bizigarri, erabiltzen dena (Allium sativum). Ik. berakatz. Porruz, tipulaz eta baratxuriz asetzen zirela. Eguzkia baino garbiagoa, baratxuria baino zindoagoa. Haren ikasgelan baratxuri-usain bizia zegoen.

baratxuri ale, baratxuri-ale Baratxuri atala. Ik. baratxuri zizter. Baratxuri aleak hartu eta xehatu zituen.

baratxuri atal, baratxuri-atal Baratxuri buruaren zatietako bakoitza. Ik. baratxuri ale; baratxuri zizter. Tipula erdia eta bi baratxuri atal.

baratxuri belar, baratxuri-belar Cruciferae familiako landarea, lore zuriak ematen dituena eta baratxuri usaina duena (Alliaria petiolata). Baratxuri belarra zintzurreko mina sendatzeko arras ona omen da.

baratxuri buru, baratxuri-buru Baratxuriaren erraboila, atalez osatua dena. Idiari zaragarra kentzeko lau baratxuri buru xehatu eta horrekin igurtzi.

baratxuri korda, baratxuri-korda Baratxuri txirikordatuen multzoa. Baratxuri kordak, zintzilik jarriak.

baratxuri salda, baratxuri-salda Baratxuria egosiz prestatzen den salda. Egin zuen baratxuri salda koipe puska batekin, baina Agerak laster ezagutu zuen ez zela haragi salda.

baratxuri zizter, baratxuri-zizter Ipar. Baratxuri atala. Ik. baratxuri ale. Piperbeltza, baratxuri zizter bat eta perrexila.

baratxuri zopa, baratxuri-zopa Baratxuriarekin eta ogiarekin prestatzen den zopa. (Pluralean nahiz singularrean erabiltzen da). Ondo eman zioten hasiera afariari, baratxuri zoparekin.

bide1

1 iz. Lur zerrenda, bertatik ibiltzeko prestatua dena. Ik. errepide; burdinbide; gurdibide; zeharbide. Asteasutik Larraulerako bidea egin aurretik. Bide nagusia. Bide zabala, handia, meharra, hertsia, estua. Bide laua, zelaia. Bide zeiharra. Bide zuzena, makurra, okerra. Bide ona, txarra, gaitza. Bideko hautsa. Bideko nekea (Ik. bideko1). Bide hegia. Bide ostatuetan. Bide-saltzaile bati erosia.

2 iz. Toki batetik beste batera joateko igaro behar diren tokien segida. Etxetik eskolarako bidean. Astoa lehertzeko zorian zetorren etxera bidean. Zeruko bide meharra. Mila urte igarota, ura bere bidean. Amodioa dute bideko janari. Biderako tresnak, prestamenak.

3 iz. (Esapideetan). Norabaiteko bidea hartu, utzi. Norbaiti bidera irten. Marta bidera atera zitzaion lekuan. Bideari jarraitu. Bidean gelditu ziren bitartean. Itsuari bidea erakusteko. Bakoitzak bide erdia eginik.

4 iz. Bi lekuren arteko bide tartea. Ik. distantzia. Hemendik hara bada bi orduren bidea. Handik ordubeteko bidera zegoen herria. Hondartzatik ordu laurdeneko bidean, mendi gain batean zegoen baserria. Ordu bi bidek ez nau ikaratuko. Bide puska bat urrunago. Zortzi legoa bide dagoelarik batetik bestera. Igandero lau kilometro bide egin behar zuten mezatara joateko. Legoa eta beste bide neurriak. || Gauza txarra nahi izatetik egitera, bide handia dago. Esatetik izatera bide handia zegok.

5 iz. Irud. Gaztelaniak ere egokitze horretara heltzeko bere bide berezia izan du. Salbatzeko bidean zarela (edo zaudela). Euskal literatura bide berrietatik abiarazteko. Gaurko eleberrigintzan bide berriak urratzeko. Euren asmo zuzen eta bide onekoak. Nik lehen bidea hartuko nuke, arras ikasientzat ari bagina, baina ez da hori gertatzen; sinpletasunera joko nuke areago, edo bide erdira behintzat. Hirugarren bidea.

6 iz. Helburu bat iristeko balio duen gauza; zerbait lortzeko era edo moldea. Ik. bizibide; irabazpide; ikasbide. Helburuak eta bideak. Batasuna burutzeko bide bakarra. Gizakiak eta giza lanak neurtzeko eta sailkatzeko bide asko daude.

7 iz. Aukera, abagunea. Bekaturako bide eta peril hurkoa. Horrelako mokadu goxoak jateko bidea izan eta beti aitzakia aitzakiaren gainean duzue.

8 iz. Zergatikoa. Jakobek Labani zerbait esateko biderik asko bazuen, saldukeria bilau hura egin ziolako. Honetarako bide handia denean, ez da bekatu; ez bada behar adina bide, orduan izan ohi da bekatu arina.

9 interj. Igarotzen uzteko eskatzeko erabiltzen den hitza. Tranbia, tranbia!, bide, bide!, estropezurik egin gabe.

bidea(k) ebaki 1 Igarotzea eragotzi. Ardiei bidea ebakitzeko. Errazago baita kolerari bidea ebakitzea, ezen ez hura neurrira ekartzea.

2 Bidea ireki. Erromatarrek Euskal Herrian ebaki zituzten bideetan.

bidea galdu Bidetik atera, bidea huts egin. Bidea galdurik dabilena. Herri handi batean aurkitu zuen haur bat negarrez, etxerako bidea galdurik.

bidea hautsarazi Bidea galarazi. Ekaitzaren erdian aitzina doa itsasontzia, nekez bada nekez, noiz eta ere haize zirimola batek bidea hautsarazten baitio eta galarazten.

bidea hautsi 1 Bidetik saihestu, bidea galdu. Arerioarekin berba ez egiteagatik bidea haustea, aurpegi ez ematea. Urrundik ohartu zen berari itxaroten zeudela eta bidea hautsirik, beste leku batetik hirira sartu zen.

2 Ipar. Bidea ebaki, igarotzea eragotzi. Jendarmeek bidea hautsi diete.

bidea(k) hetsi Ipar. Bidea(k) itxi.

bidea(k) ireki 1 Bide berria egin, bide berriak egin. Ik. bideak ebaki 2; bideak urratu. Haiek ez dakite oihan honetan bidea irekitzeko aizkora baino matxetea hobea dela.

2 Aurrera egitea ahalbidetu. Zuri bideak irekitzeagatik, Antoniaren gurasoekin hitz egin dugu. Bihotzeko bideak irekitzen zein ere nahi den zorakeriari.

bidea(k) itxi Igarotzea eragotzi. Orduan Balaanen begiak zabaldu ziren eta ikusi zuen bidea ixten zuen aingerua. Lizardi zenaren denboran bi patroi omen ziren, Jauregi patroia eta Txirrita patroia; gu Txirritarenean edo geldituak gaituzu, baina ez genioke inori biderik itxi nahi.

bideak egin 1 Bide luzea egin. Gosetuak izango zarete, horrelako bideak eginik.

2 Egin beharrekoak egin. Haren lanak argitaratzeko bideak egin zituen berehalaxe.

bideari ekin Abiatu. Ik. bideari lotu. Idi edo mando kargatuarekin jai osoan bideari ekitea debekatua dago. Bihar goizean, lehenengo meza entzunda, bideari ekin behar diogu.

bideari lotu Abiatu. Ik. bideari ekin. Irten ziren Dorronsorotik eta zintzo lotu zitzaizkion bideari.

bidea(k) urratu 1 Bidea(k) ireki. Askoren izerdiak behar izan ditugu ermita jasotzeko eta bidea urratzeko.

2 Irud. Materiazko estalki gogorrean barrena, biziak badaki bidea urratzen. Bide berriak urratzen eta zaharrak zabaltzen ari zaizkigun gaurko olerkariak. Aspaldidanik irekirik dauden bideak atzera urratzen ibiltzea alferrik ibiltzea litzateke.

bide aurreko, bide-aurreko Aitzindaria, bidea irekitzen duena. Izango zuela seme bat Joan deituko zuena, Jesu Kristoren bide-aurrekoa izango zena.

bide batez 1 adb. Batera. Bide batez egiten ditu bi mandatu.

2 Bidenabar. Bide batez esana. Bide batez bestea ere bidaltzeko.

bide bazter, bide-bazter Ik. bide ertz. Bide bazterreko landa batean. Eskean etxez etxe, bide-bazterrean leher egin arte.

bide buru, bide-buru Bidegurutzea. Zoazte, beraz, bide buruetara eta aurkitzen dituzuenak oro dei itzazue ezteietara.

bide egin 1 Bidez ibili, bidaiatu. Oin gorrien gainean bide egiten zuten arrotzek bide hau hartzen zuten. Italiarantz bide egitea erabaki zuen. Ur guztiek itsasora bide egiten dute. Hainbeste bide egin zuen gezurrak, non Ignaziori zuhur iruditu baitzitzaion gezurtia isilaraztea. Inurriek bide egiten dute haren zango lurreztatuetan. Handik hona, urak bide egin du. Afrikarantz bide egiten zuen ontzi bat. Gaitzak laster bide egin zuen.

2 Bidea ireki. Egiak eta urak egiten du bide. Baina hodeiek bide egin behar diote eguzkiari.

bide eman Zerbait egiteko aukera, era edo arrazoia eman. Gaitzerako bide ematen duena demonioaren banderapean jartzen dela. Mundu herri guztiak ere, baldin zerorrek biderik ematen ez badiozu, ezin egotz zaitzake infernura. || Gaizki hitz egiteko bidea emanik.

bide erakusle, bide-erakusle Gidaria. Bide-erakusle batekin joan arren.

bide erdi, bide-erdi adb. Bide erdian. Bide erdi ez gelditzekotan.

bide ertz, bide-ertz Bide bazterra. Jarri ziren denak bide ertzeko zelaitxo batean.

bide izan da/du ad. (nor osagarria singularreko hirugarren pertsonan). Bidezko izan. Bide dena emango zaizue. Gizonak ezin eman diezazuke bide zaizuna. Bide zaigu zerga Zesarri bihurtzea ala ez zaigu bide?

bide luzeko tren Bide luzea egiten duen trena. Bide luzeko tren bat irten aurreko ohiko joan-etorrien anabasak harturik zeukan Hendaiako geltokia.

bide orri, bide-orri 1 Garraiobideetan, ibilbidearen, salgaiaren, hartzailearen eta kidekoen berri jasotzen duen agiria.

2 Irud. Gatazkaren konponbideari ate bat irekitzeaz hitz egitera joan zen Ibarretxe, bide orri jakin batekin.

bide segurtasun, bide-segurtasun Zirkulazio-istripuak izateko arriskua murrizten duen egoera, besteak beste, zirkulazio-arauak betetzeak, bideak ongi zaindurik egoteak eta ibilgailua behar bezala gidatzeak sortzen duena. Eusko Jaurlaritzak EAErako 2004ko Bide Segurtasunari buruzko Legea onartu zuen atzo.

bide seinale, bide-seinale Ibilgailuen zirkulazioari dagokion seinalea, bide bazterrean jartzen dena. Beste bide-seinale batzuen artean, bazen bat "Donostia 3 km" jartzen zuena. Administrazioek bide-seinale egokiak eta animalientzako pasabideak egin behar dituzte, baina gidariek kontuz gidatu behar dute eta seinaleei kasu egin behar diete.

bide urratzaile, bide-urratzaile Aitzindaria, jarraitu beharreko bidea erakusten duen pertsona. Leizarraga eta Axular: horra bi maisu, bi bide-urratzaile, bi eskola.

bide urratze, bide-urratze Bidea irekitzea.

bidez 1 (-en atzizkiaren eskuinean edo izen soilari zuzenean loturik). -en bitartez. Zelatarien bidez etsaien asmoen berri jakin. Dekretu bidez ezarria. Irrati bidez emana.

2 (ibili, joan... aditzekin). Bidetik, bideetan barrena. Hainbeste soineko bitxidunez, astegun buru-zurian bidez zabiltzala. Bidez ibiltzea, nahiz oinez, nahiz zaldiz, nahiz gurdiz. Itzain bat bidez doa, gurdia idiei lotuz.

3 Bidenabar. Bidez ikusiko dugu geure adiskidea.

4 Arrazoiz. Apaizen bat ikusten baduzu lizunkeriatan dabilela, harritzen zara, eta bidez. Bidez eta legez. Bidez ala bidegabe, hori ez dakit.

bidez bide Bideetan barrena. Zarautza bidez bide zihoazela. Gehienetan bidez bide ibiltzen ziren. Bidez bide zihoan asto bat. Herriz herri eta bidez bide.

bide-zor Zorbidea.

bide zorro, bide-zorro Biderako zorroa; maleta. Bere astoarengana joan zen Santxo, bide zorrotik zerbait atera nahian. Bide zorroa itxi eta bizkarrean paratu zuen. Gero, bide zorroa ireki eta arropak antolatzeari ekin zion.

bide zoru, bide-zoru Errepide baten gaineko geruza.

dela (direla) bide, zela (zirela) bide Dela eta, dela medio; bitartez. Gizonaren eta emakumearen elkartzea dela bide, hirugarren bat sortzen baita. Sail horretan buruzagitza emana dauka, bere Pascual Duarte dela bide, batez ere. Euliak direla bide, gaitz beldurgarri bat sortzen zaio hango jendeari.

Donejakue bide Galiziako Santiagora iristen diren erromes bideetako bakoitza.

buruargi, buru-argi adj. Burua argia duena. Emakume buruargia eta bipila.

buruarin, buru-arin adj. Pertsonez mintzatuz, burua arina duena, zentzu gutxikoa dena. Ik. kaskarin. Gazte buruarin eta dantzazaleak.

buru-aza iz. Azaburua, aza mota.

buru-batzar iz. Eusko Alderdi Jeltzaleko gidariek osatzen duten erakunde nagusietako bakoitza. Euskadi Buru Batzarraren bilera Baionan egin zuten atzo. Gipuzkoa Buru Batzarreko lehendakari izana da.

burubero, buru-bero adj. Grina batek menderaturik neurritasuna galtzen duena. Cromwell protestante buruberoa.

burugogor, buru-gogor adj. Burua gogorra duena, setatsua. Ik. egoskor 2. Gizon tematsu eta burugogorra.

burugorri, buru-gorri adj. Buruko ileak gorriak dituena. Ik. kaskagorri.

buruhandi, buru-handi 1 adj. Burua handia duena.

2 adj. Egoskorra dena.

3 iz. Herri jaietan, kartoizko buru irudi handia jarririk ateratzen den pertsona. Arratsaldeko bostetan, buruhandiak eta erraldoiak.

buruharro, buru-harro adj. Harroa.

burumakur, buru-makur 1 adb. Burua makurturik. Zergatik zabiltza burumakur? Burumakur agurtzen zaitut. Burumakur eta lotsaz.

2 adj. Burua makurtua duena. Agure zahar burumakurra.

burumotz, buru-motz 1 adj. Buruargia ez dena. Ik. motz 5.

2 adj. Kaskamotza.

burusoil, buru-soil adj. Buruan ilerik ez duena. Ik. karsoil. Libertatea izan nueneko bizarzuri eta burusoil nintzen. Gizon lodi burusoil bat.

buruzuri, buru-zuri adj. Buruko ileak zuriak dituena. Ik. kaskazuri. Gurdian dakarte Joanes aitona, gure artzain buruzuria.

astegun buruzuri Adkor. Asteguna. Astegun buruzurian erregina baino dotoreago jantzita. Astegun buruzurian, eta dantzara?

buruzut, buru-zut adj. Burua zut duena. Buruzut ibili.

eskailera

iz. (Singularrean nahiz pluralean). Igotzeko eta jaisteko mailen saila. Ik. zurubi. Eskaileraren lehen mailan. Eskaileretan behera jaitsi. Eskailerak igotzen. Eskailera barrena: eskaileraren beheko aldea.

eskailera buru, eskailera-buru Eskaileraren goialdea; eskailera zatien arteko bitarte laua. Ik. tranpal. Eskailera buruan eserita. Eskailera buruan berriketan, lapikoa erre zaie hiru andreei. Zabaldu du atea eta hala diotso eskailera burukoari: (...).

goru

iz. Iruteko erabiltzen den tresna, makila gisakoa, goian iruteko gaia jartzeko atal bat duena. Ik. ardatz; kilo2. Gorua gerrian jarrita. Trangatzen hasi eta goruan jartzerainoko lanetan.

goru buru, goru-buru Goruaren goiko aldea, kirrua biltzeko erabiltzen dena.

goru txapel, goru-txapel Goru burua estaltzen duen apaingarria, txapel itxurakoa. Goru txapela, zilarrezko hariz apaindua.

karrika

1 iz. Ipar. eta Naf. Kalea. M. de Ratisbone karrikan. Azkaineko karriketan. Karrikaz karrika dabiltza. Karrika-bazter batera.

2 iz. Ipar. eta Naf. Kalea, baserria ez dena. Azkaineko karrikan kasik, Azkubeko jauregia hamaseigarren mendekoa da.

karrika buru, karrika-buru Kalearen muturra. Karrika-buruan, harresi gorrixka lodi batean irekitzen den ate bat dago. Karrika buruan, ardi multzo bat ederra agertu zen.

karrika dantza, karrika-dantza Biribilketa. Gero, karrika-dantzan sartzen dira pilota-plaza berrian.

karrika egin Kale egin, huts egin. Ateraldi honetan ez dute karrika egin, azeri bat hil dute.

mendi

1 iz. Inguruko eremutik nabarmen goratzen den lur zatia. Aralar mendia. Pirinio mendiak. Alpe mendietara. Larhungo mendia. Goizueta aldeko mendietan. Mendi garaiak. Mendiaren oina, bizkarra, aldapak, hegalak, mazelak, hegia, erpina, gailurra, tontorra. Mendian gora doaz. Galdurik mendi artean (Ik. mendiarte). Mendiz mendi ibili. Mendiez haraindiko lurretan.

2 iz. (Hitz elkartuetan, lehen osagai gisa). Mendi sail handiak ditu Hondarribiak. Mendi lurrak saltzen. Mendi lanak.

3 iz. (Mugatu singularrean). Mendialdea. Mendian bizi direnak. Zizurkilgo mendian badira harrobiak, karegaia ugari ematen dutenak. Mendiko artzainak. Mendiko hizkera. Menditik ibarrera jaitsi. Mendira joaten da asteburuetan.

mendi bide, mendi-bide Mendiko bidea. Gauaz eta mendi bide gaiztoetan barrena. Lasturko mendi bide bihurriak.

mendi bizkar, mendi-bizkar Mendi baten gainaldea. Ik. bizkar 4. Mendi-bizkar lauetan ibiltzen zen, eta bere zabaltasun osoan ikusten zuen handik beheko harana.

mendi buru, mendi-buru Mendi gaina, mendi gailurra. Agindu zuen mendi buruetan gurutzeak ipin zitzatela.

mendi gailur, mendi-gailur Mendi baten gailurra. Ik. mendi gain; mendi kasko; mendi punta; mendi tontor; mendi buru. Mendi gailurrak zuriz jantzirik. Mendi gailurretik urrutira begira.

mendi gain, mendi-gain Mendi baten gaina, gailurra. Ik. mendi gailur. Elurra mendi gainetan. Zer ikusten da mendi gain batetik begira jarriz gero?

mendi gizon, mendi-gizon Mendialdean bizi den gizona. Ik. menditar. Jainkoak, kaletar ez, mendi gizon egin zintuen.

mendi hegal, mendi-hegal Mendi magala, mendi mazela. Ik. hegal 8. Mendi hegaletan urtu da elurra.

mendi hegi, mendi-hegi Mendi magala, mendi mazela. Mendi hegiak sutan zeudela zirudien.

mendi kasko, mendi-kasko Mendi gailurra. Iruñeko katedraleko dorreak ikusi zituen Saioa mendi kaskotik.

mendi lepo, mendi-lepo Bi mendiren arteko igarobidea. Ik. mendate. Biriatutik Urepelen gaindi, Arnegirainoko mendi lepo gehienak zer pasabideak ez dira izanak.

mendi magal, mendi-magal Mendi baten aldatsa eta beheko aldea. Ik. magal 4; mendi mazela; mendi hegal. Baserria mendi magalean dago. Mendi magala behera erori zen eta errepidea estali zuen.

mendi mazela, mendi-mazela Mendi baten aldatsa eta beheko aldea. Ik. mazela 2; mendi magal; mendi hegal. Mendi mazela batean goiti zoazte. Zelai eta mendi mazeletako belarra berde dago oraindik.

mendi mutil, mendi-mutil Mendialdean bizi den mutila. Ik. menditar. Mendi mutil gazte indartsua. Lagun guztiak baserrietako umeak dira, mendi mutilak.

mendi punta, mendi-punta 1 Mendi gailurra. Ik. mendi gain. Uholde handiaren ondoren, hamargarren hilabeteko lehen egunean, mendi puntak agertu ziren.

2 (Leku atzizkiekin, singularrean; hirigune edo herrigunetik urruti dagoen lekua adierazteko). Oiartzunen egin nituen urte asko, mendi puntan galduta. Hoa mendi puntara!, neu arduratuko nauk tabernaz. || Mendi punta batera joan beharko dut bizitzera.

mendi tontor, mendi-tontor Mendi gailurra. Ik. mendi gain. Mendi tontorretako postontziak.

mendi zintzur, mendi-zintzur Bi mendiren arteko pasabide estua. Segada batean atzeman dituzte, mendi zintzur batean.

mendi zoko, mendi-zoko Mendi magaleko sakonunea. Ik. mendi zulo. Goizetik helduak dira merkatura laborariak, egun-argiarekin jaikirik mendi zokoan.

mendi zulo, mendi-zulo Mendi magaleko sakonunea; mendiko zulo edo leizea. Ik. mendi zoko. Mendi zuloak utzirik agertuko da mundu osoaren aurrera.

oro

1 zenbtz. Guztiak. (Mugagabean erabiltzen da; adiera honetan, aditzarekiko komunztadura, batez ere singularrean egiten da). Ik. guzti 3. Gizon orok behar du hil eta salbatu. Enetzat ardi oro onak dira, zahar eta gazteak. Giputzei eta euskaldun orori. Bedeinkatua zara emazte ororen artean. Zeruan, lurrean eta leku orotan. Aldi eta alde orotako kristauak. Mundua gaiztakeria orotara emana baita. Begira nazazu bekatu orotarik. || (Erlatibozko esaldi baten eskuinean). Gizon den orok badaki.

2 zenbtz. (Artikulu plurala hartzen duen izen sintagma baten eskuinean). Gizonak oro etorri ziren. Lurreko lohiez mamituak daude lurreko gauzak oro. Ihesi joan direla ene gogoeta gaiztoak oro. Gorde behar genituenak oro gorde ez ditugularik. Ikasiak oro Jainkoaren zerbitzuko eman ditu. Haurrek orok ukatzen zuten. Hori uste zutenek orok. Gauzen ororen kreatzailea.

3 zenbtz. (Erakuslearen eskuinean). Eginbide horiek oro. Hauek oro, bada, zer dira? Horiek orok ez diokete onik egin haren osasunari. Haiei orori. Izan gaitezen zorigaitz horien ororen beldur. Herri horietan orotan. Horietarik orotarik zer ikasten dugu? Horiengatik orogatik zer da zuen pagua? Indar horietaz orotaz baliatzen da. Ondasun horietaz orotaz betetzen gaitu.

4 (Izenordain gisa, edo dagokion izen sintagma ezabaturik dela). Etxera joan ginen oro. Oro joanak dira zerura. Izuturik zeuzkala oro. Orok dakite hori. Errege, artzain eta soldadu, oro badoaz lasterrean. Saia gaitezen oro, Azkueren lana osatzen eta hobetzen. Utz itzazu oro eta edirenen dituzu oro. Jainko maiteak orori digula gau on! Ororen adiskidea dena ez da nehoren. Bakoitza beretzat, Jainkoa ororentzat. Hirurak orotan berdin baitira. Orotarik jaten eta orok on egiten. Erdarak orotarik hertsatzen duela. Fedezko gauzez kanpo, bertze orotaz.

5 (Izen baten ezkerrean, indargarri gisa). Ik. dena 3. Oro bihotz da.

6 zenbtz. (Izen sintagmak artikulu singularra hartzen duela). Guztia, osoa. Zu zara ene ontasuna oro.

7 zenbtz. (Izen soilaren eskuinean). Guztia. Jainko Aita botere oro duenaren eskuinean.

oro har Gehienak, ohikoenak, nabarmenenak kontuan izanik, axola gutxiko kontuak alde batera utzirik. Zortzi urte igaro ondoren, ez dut uste, oro har, eginahalaren arrakasta uka daitekeenik. Jokabide honek baditu bere alde onak eta ez hain onak: oro har, ordea, ez zait gaizki iruditzen. Oro har eta salbuespenak salbu.

ororen buru 1 Azken batean. Badut uste, ororen buru, hau dela gure herriak behar duen justizia. Ororen buru, haur bat baizik ez da.

2 Azkenean. Baina, ororen buru, aske gelditu zen, kargurik gabe.

ororen buruan Azken batean. Hura baita ororen buruan beharrena.

ororen gainetik (Gauza) guztien gainetik. Ik. oroz gainetik. Arbasoen mintzaira maitea maitatu du ororen gainetik.

orotan gaindi Oroz gainetik.

orotara Guztira. Badira orotara dozena bat. Hogeita bost orotara.

oroz 1 adb. (Denbora adierazten duen izen baten eskuinean). Guztietan. Egun oroz behar dugu laudatu. Zure bekatuak urte oroz aitortu. Biltzen ziren Parisko estudiante gazteak ostegun arratsalde oroz.

2 adb. (Erlatibozko esaldi baten eskuinean). Guztietan, bakoitzean. Meza erraten den oroz.

oroz gain Oroz gainetik.

oroz gainetik (Gauza) guztien gainetik; batez ere, bereziki. Ik. ororen gainetik; oroz gain; oroz lehen 2; orotan gaindi. Egizu bi esposen helburu garbia, oroz gainetik izan dadin familia. Badakizue zerk harritu ninduen oroz gainetik?

orozko adj. (Denbora adierazten duen izen baten eskuinean). Guztietako. Egun orozko otoitzez.

oroz lehen 1 Lehenik, ezer baino lehen. Eskerrak, oroz lehen, jaun erretoreari.

2 Oroz gainetik. Artzaina zen oroz lehen.

zare

iz. Ipar. eta Naf. Otarrea. Hila hobira, bizia zarera (esr. zah.).

buru zare, buru-zare Naf. Saski handia.

Oharra: azken eguneraketa 2019-07-09

  • Euskaltzaindia - Real Academia de la Lengua Vasca - Académie de la Langue Basque
  • Plaza Barria, 15. 48005 BILBO
  • +34 944 158 155
  • +34 944 158 144
  • info@euskaltzaindia.eus
© 2015 Your Company. All Rights Reserved. Designed By JoomShaper