Euskaltzaindiaren Hiztegia

forma=ala 10 sarreratan aurkitu da.

ala1

1 junt. Galderetan eta zehar-galderetan, elkar baztertzen duten aukerak lotzen direnean, edo-ren ordez erabil daitekeen hitza. Zein zaldi da hobeago, geldirik dagoena ala ibiltzen dena?, zein ontzi, kostan dagoena ala itsasoan dabilena?, zein ur, geldia ala lasterra? Bihar ala etzi etorriko diren jakin nahi nuke. Gorri ala more den ezagutzea. Ez dakigu bi ala hiru beharko ote ditugun.

2 (Galdera baten bukaeran). Harridura iradokitzen duen eta galdera erretorikoak bideratzen dituen partikula. Lo zaude, ala? Zertarako egin du Jainkoak zerua, lastoz betetzeko, ala? Txantxetan ari zara, ala?

3 junt. Nahiz. Bihotz handiak kausitu ditut aberats ala pobreetan. Batzuekin ala besteekin harremanetan hasi.

4 Ipar. Galdera indartzeko partikula. Zer nahi lukete bada, ala sortzeko eta hiltzeko bi egun labur haiezaz kanpo erlijiorik gabe bizi?

ala... ala... 1 Nahiz... nahiz... Ala gizonezkoek ala emakumezkoek, eskubide berdinak dituzte gaur legearen aurrean. Ala mendietan ala zelaietan, zuhamu hori non-nahi ongi heldu da. Ala dezazuen jan, ala edan dezazuen, edo beste zernahi egin dezazuen, oro Jainkoaren loriari dagokiola egin ezazue. Ala nagoen lo, ala itzarririk.

2 (Hautapen baten parte bakoitzaren ezkerrean, batez ere zehar-galderetan). Galdetu zioten ea zer zuen nahiago: ala munduko ondasun guztiak, ala ur tanta bat. Norengatik egingo ote dut negar?, ala ezkongabeengatik, ala ezkonduengatik?

ala2

interj. Zina, arnegua, desira edo harridura adierazteko erabiltzen den hitza, perpausaren hasieran jartzen dena. Ik. alafede; alajainkoa. Ala Tutatis! Ala Zeus! Ala deabrua! Ala madarikatuak jaio ginen egunak! Gure jaun beste guztien buruzagi lehena; ala miragarri baita lurrean zure izena. Ala ni malurusa!, zeren han sartu nintzen?, joan banintz aitzina, eskapatzen nintzen. Benedika fortuna, ala enkontru ona! Andozeko ibarra, ala ibar luzea!

ala3

iz. Gabarra txikia, laua eta zabala. Urumeako oletara mea aletan igotzen zuten, ibaian gora, Ereñotzuraino.

ala4 iz./adb. [Oharra: Euskaltzaindiak, ala-k euskara idatzian izan duen erabilera kontuan harturik, forma hori 'alhatzea' adieran ez erabiltzea gomendatzen du; ik. alha].

bai

1 adb. Galdera bati erantzutean, baiezko esaldi baten ordain den hitza. Ekarriko duzu?, bai. Kristaua al zara?, bai, jauna, kristaua naiz. Bai, ihardetsi zuen Etxebarnek.

2 adb. (Esaten denaren egiatasuna azpimarratzeko). Bai, zutaz ari naiz. Badakit, bai, zer zaren zu.

3 adb. (Ezezko esaldi baten ezkerrean edo eskuinean, haren aurkakoa adierazteko). Nik esan bai eta egin ez. Aita eta ama ez zeuden begira, baina zu bai. Eztirik egin ez, baina langileek egindakoa jan bai.

4 Esaldi bat baiezkoa den egiaztatzeko galde hitza. —Bihar etorriko da. —Bai? Bai ote?

5 adb. (Harridurazko esaldietan). Bai toki ederra! Hori bai dela neskatxa guztiz polita! Bai ederki bizi ginela orduan!

6 iz. Baiezkoa. Baia eman zion. Baiaren eta ezaren artean zalantzan. Bai lehor batez erantzun zion. Erregeren baia gabe dekretuek ez zuten indarrik.

bai... (ere) Ik. baita2. Makina bat botika ibili zen gure etxean, bai dirua galanki gastatu ere. —Arratsalde on, adiskidea! —Bai zuri ere! || (eta-rekin). Bakoitzak ditu bere grinak, akatsak eta bai alderdi onak ere.

bai ala ez (Galderetan nahiz zehar galderetan). Ik. bai edo ez. Lege hura zuzena da?, bai ala ez? Erantzulea bortxatu gabe bai ala ez esatera.

bai bada Bai horixe, jakina. Gurdia astuna dagoela?, bai bada, bete-betea dakargu-eta.

bai... bai... (Maila edo izaera bereko perpausak edo osagaiak lotuz, baieztapena azpimarratuz). Ik. eta; bai... eta bai... (ere); bai... baita... (ere); hala... nola... 2; nahiz... nahiz... 2. Hirurek, bai amak, bai alabek, hitz egiten dute euskaraz. Bai Axularrek, bai Oihenartek euskara gaitu, egokitu nahi zuten, batak hitz lauz, besteak hitz neurtuz.

bai... baita... (ere) Bai... bai... Bai Adami, baita bere ondorengo guztiei ere.

bai edo ez (Galderetan nahiz zehar galderetan). Ik. bai ala ez. Tira, horrela egon gabe, zirt edo zart egin ezak; bai edo ez?

bai eiki g.er. Baiki.

bai eta... (ere) Ik. baita2. Frantzian, bai eta Espainian ere. Hura orduko unatua baitzen, bai eta haren gizonak ere. Etxe hura bizi da oraino, bai eta etxe hartan Inazioren oroitzapena.

bai... eta bai... (ere) Bai... bai... Bai bata eta bai bestea, biak ziren onak. Zuhaitz bikaina da, bai bere irabaziz eta bai bere gerriz. Horrelako makurrak maiz egin izan dituzte, bai protestanteek eta bai katolikoek ere. Mintzatzea ukatu zaiolako, bai zuzenean eta bai zehar bidez ere.

bai horixe Esan dena egia dela edo harekiko adostasuna azpimarratzeko edo baiezko erantzuna indartzeko erabiltzen den esapidea. —Egia da esan duzun hori? —Bai horixe. Jakingo dut, bada, nola hitz egin; bai horixe. Kostatuko zaizue merkeago aurkitzea, bai horixe!

bai ote (Adierazpen edo baieztapen bati erantzunez, zalantza adierazteko). Egia ote da?, hala ote da? —Hegiaphaliako Xalbat Engraziren irritsetan dabilela. —Bai ote?. —Espazioa egoki antolatzen bada bizipoza handiagoa da, eta lanean gehiago errenditzen da. —Bai ote?

bai zera, bai, zera interj. Zerbait guztiz ukatzeko erabiltzen den esapidea. —Orduan bai egingo zenukeela negar zolia. —Bai zera! Baina ez ziren isildu: bai, zera! Etorriko zela, baina, bai, zera! Pozik? bai, zera!, ezta hurrik eman ere! —Gorrotoa al zion? —Bai, zera! || —Ken itzak bizar horiek. —Bai zera kendu!, ondo egoki dauzkat.

bi

1 zenbtz. Bat eta bat, 2. (Dagokion izenaren ezkerrean nahiz eskuinean ezar daiteke). Bi etxe. Etxe bi. Bi begi urdin haietan. Bi gazte haiek. Gazte haiek biak. Kalearen bi aldeak. Senar-emazte biak bat eginik bizitzeko. Bi gauza dira jakintza irakastea eta jakintza aurreraraztea. Bi ordu barru. Bi haritz handiren erdian. Bi sailetan banatua. Bi aldiz, bi bider. Bi edo hiru orduz. Bi-hiru egun nahikoak ziren behar zena biltzeko. Hitz bitan esateko. Hortz biko tresna. Erreal bikoa. Bi silabako hitza. Bi mila. Bi mila eta berrehun urtetan. Azken bi mila urteotan. Bi etxetako txakurra, goseak jan (esr. zah.).

2 (Dagokion izena agertzen ez dela). Gidaria eta beste biak. Biok joango gara. Biak erori ziren. Nor da, gu bion artean, etxean otso eta kanpoan uso? Bi azkenak.

3 iz. Zenbaki arrunten segidan bigarrena. Hirua dut nik bestela maiteena, eta zenbakirik eza oraino maiteago, baina aukeran, bataren eta biaren artean bia dut nahiena. Bi eta bi lau dira.

4 (Data adierazteko). Bihar, abenduak bi, nire urtebetetzea izango da. Abenduaren bian gertatu zen.

5 (Orduak adierazteko). Goizeko ordu bietan (Ipar. bi orenetan). Ordu bi eta laurdenak. Ordu biak eta laurden. Ordu bi(ak) eta laurdenetan. Ordu biak eta bostean. Ordu biak hamar gutxi(ago). Ordu biak laurden gutxi(ago)tan.

6 (Mugagabean, izenordain gisa). Ik. biga2. Bat, bi, hiru. Bat dugunean, bi nahi ditugu. Arrautza batekin ala birekin? Zer axola zait nik hitz bakar baten bitartez adierazten dudana, erdaraz batez, biz ala ehunez ematen den aditzera?

biak ala biak Biak, bata zein bestea. Ik. bi-biak. 27ra arte, bi asteburu luze daude aurretik; biak ala biak ekitaldiz beteta datoz. Akordioa lotu behar dute bi aldeek; biek ala biek onartu dute, ordea, zail izango dutela hitza betetzea.

biak bietara Bizk. Biak; biak bakarrik. Ik. bi-biak. Bolunburuko andrea eta Armiñakoa sekulako deiadar eta zaratak eginaz zetozen biak bietara. Biek bietara gordeko zutela isileko hori.

bi-biak 1 Biak bakarrik; biok bakarrik. Bi-biak ziren buruz buru karrozan. Nonbait bi-biak heltzen bagara. Ez ziren bi-biak baizik bidearen gainean.

2 Biak. Klio eta Boroe haren ahizpa, bi-biak itsastarrak, biak urrez inguratuak, biak larru nabarrez estaliak.

bi bitara, bi-bitara adb. Bi biren kontra. Buruz buru, bi bitara eta lau lauren kontra aritu ziren bertsolariak. Txapeldunorde izan zen banakakoan eta Nafarroako txapelduna bi bitara.

bien bitartean adb. Bitarteko denboran. Ik. bizkitartean. Itxaropena genuen bien bitartean gauzak konponduko zirela. Bien bitartean Euskaltzaindiari dagokio egiteko hori betetzea.

bietara adb. Aipatu diren bi eretan. Hasieran, euskaraz hasi ginen erabat, baina orain bietara egiten dugu.

bitara adb. Bi eratan. Bitara har daiteke hitza.

bitik bat Hautatze bateko bi aukerak kontrajartzeko erabiltzen den esapidea. Bada, bitik bat: edo zuzen aitortu edo zuzen kondenatu.

eta bi 1 Eta are gehiago. Gaiztoa eta bi da.

2 (neureak, bereak edo kideko baten eskuinean, entzun, esan eta kideko aditzekin). Ikaragarriak. Bereak eta bi entzunda joan da. Bereak eta bi esan nizkion, batere gorritu gabe.

eta biak, eta biok 1 (Ezkerrean izen sintagma bat duela). Eta hitz egiten ari den pertsona. Anaia eta biok etorri gara. Horra bada non egin dugun topo Altunak eta biok. Joan ginen Josetxo eta biak biharamunean erretratuak ateratzera.

2 (Ezkerrean izen sintagma bat duela). Eta aurretik aipatu den pertsona. Lamina eta biak heltzen dira ur bazterrera. Amak eta biek isiltasun osoan egiten zuten gibeleratzeko bidea.

hil1, hil, hiltzen

1 da ad. Bizia galdu, bizitzeari utzi. Atzo hil zen. Hil bedi! Ezbeharrez hil da. Hirurogeita hamalau urterekin hil zen. Zu ere atzerrian hilko zara. Haren emaztea hil zen arte. Senarra hil zaio. Ongi hiltzen laguntzeko. Zugatik hiltzen banaiz. Hiltzeko orduan. Bere burua hiltzeko arriskuan ipintzen duena. Hiltzera kondenatu. Hiltzerakoan agindu ziguna. Nahiago dut hil. Ama, ez zaitez hil! Hil arte maiteko zaitut. Laster hil beharra zen. Bere izena, hil orduko desegiten hasia da. Ongi hil nahi baduzu. Gosez hil. Urkaturik hil. Gazterik hil. Gerran hilak. Euskaldun bizi eta euskaldun hil. Hila da. Hilda dago. Hilda aurkitu dute (Ik. hilik). Hiltzeko zorian (Ik. hilzori). Hil berria da. Txomin hil berri da (Ik. hilberri). Nola bizi, hala hil (esr. zah.). || (Hedaduraz). Hil da euskara! Urte zaharra hil orduko, berria jaio.

2 du ad. Bizia kendu. Ik. garbitu 10; akabatu; erail. Harrika hil zuten. Ez ezazu inor hil. Abel Kainek hila. Anaia hiltzeko asmoa hartu zuen. Harrapatzen bazaitu, jo eta bertan hilko zaitu. Biztanle guztiak hil, herria erre eta gatza erein zuen. Ehiztariak hil duen txori bat bezala. Tiro batez hil du bere burua. Hila eta hobiratua izan zena.

3 da/du ad. Irud. Gosea, egarria hil. Zuzia erretzeaz bizitzen da eta erretzeaz hiltzen da.

4 (Partizipio burutua izenondo gisa). Hilik dagoena. Zure semearen gorputz hila. Haur hilaren ama. Txakur hil bati. || Hizkuntza hilak.

5 (Partizipio burutua izenondo gisa). Motela, bizitasunik edo indarrik ez duena. Fede bizia eta fede hila. Gauza onak egiteko gogo hila izatea. Argi hila. Piperrak biziagotzen du salda hila. Zer prestueza, zer hotz eta hila naizen, zuri esker onak emateko!

hil ala bizi Hil edo bizi.

hil-behar 1 iz. Hiltzearen halabeharra. Zahartu eta hil-behar hori.

2 adj./iz. Hilkorra; hil behar duena. Badakigu hil-beharrak garela.

hil edo bizi adb. Eta zer basakeria itsusiagorik, gizona eta zezena, hil edo bizi, han jardunaraztea baino? Eta prestatu ziren, erromatarrei, hil edo bizi, aurpegi emateko.

hil edo biziko adj. Garrantzi handikoa dena; bizitza edo heriotza beregan dituena. Hil edo biziko estualdi honetan. Ezinbestekoa, hil edo bizikoa da euskara batasun bidean jartzea. Hil edo biziko borroka.

hil hurren 1 Hiltzeko zorian. Ik. hilzorian. Gaixo nagoela esan, minez, hil hurren. Soldadu asko hilik edo hil hurren iristen ziren Iruñera, eta hobi komunean ehorzten zituzten.

2 (Izen edo izenondo gisa). Hilzorian dagoena. Hil hurrenak bizitzari azken gainbegiratua eman dio. Urrunetik entzuten zituen haren hitzak, hil hurren batek apaizaren adore hitzak bezala. Sozialdemokrazia hil hurren baten azken hondarrak.

hiltzeko 1 adj. Hilgarria. Hiltzeko gaitza. Sukar bortitz bat lotzen zaio, hiltzeko sukarra.

2 adj. Hiltzeko dena, hila izateko dena. Hiltzeko zezenak. Ez behi, ez hiltzeko aziendentzat.

huts2

1 adj. Ikusmenaz nabari daitekeen ezer ez duena; ohi duenaz, daukanaz edo dagokionaz gabetua. Poltsa huts bat eman zion. Etxe hutsak barrunbea irauli zion. Kutxa huts horretan gorde dezakezu. Gorputza ederra, baina burua hutsa. Tarte huts bat (Ik. hutsune).

2 adj. Aipatzen denaz besterik edo bestelakorik ez duena. Ik. soil; garbi 3. Kafe hutsa nahi du. Damurik, ez da dena irabazi hutsa izango. Zuri hutsak edo beltz hutsak baino nabarrak askoz ere gehiago zirela. Baina horretarako nahi hutsa ez da aski izango. Gure indar hutsez ezer ez genezakeela. Espiritu huts nahasgabea. Gizona abere hutsa da. Euskara hutsezko egunkari bat. Eta antzerkian hitzak ez dira eranskin huts; hitzak dira azal eta mami. Egiazko poesia, poesia huts, garbi, gorengo hura. Ur huts-hutsak edateko balio ez duen bezala, ezta euskal joskera huts-huts horrek ere gogoz irakurtzeko edo entzuteko. || Eta berari begiratu hutsarekin zauritu guztiak sendatzen ziren. Horretan pentsatze hutsak beldurrez airean dauka.

3 adj. (Izenondo baten eskuinean). Pertsonez edo animaliez mintzatuz, aipatzen den ezaugarria edo nolakotasuna nagusi duena. Bata zen egiazalea eta bestea gezurti hutsa. Hi, buruharro hutsa, oroit hadi hautsa haizela. Gizon on eta kartsua zen segurki Heli, baina ahul hutsa bere haurrekin. Eskuzabala eta behargin hutsa zen. Euskaldun hutsa: euskara baizik ez dakiena. || Labanek ikusi zuen ardi zuri huts edo beltz hutsak baino nabarrak askoz ere gehiago zirela.

4 adj. Inongo axola edo gorabeherarik, edo mamirik ez duena. Ik. hutsal. Neurtitza, polita baina... hutsa.

huts ala kausi Nolanahi. Ik. huts edo bete. Ahal bezala, huts ala kausi, entsea zaitezte, gazteak.

huts edo bete Nolanahi. Ik. huts ala kausi. Sendagile hori bizi da inori odola atereaz; huts edo bete ematen ditu osagarri izenekoak.

huts-hutsik 1 adb. Erabat hutsik. Ik. hutsik. Etxea huts-hutsik aurkitu zuen.

2 adb. Soil-soilik. Beharrezkoa dugu, bederen, hiztegitxo bat, ia ortografiarekikoa huts-hutsik. Lege horiek ez dira literatura-hizkuntzarenak: herri hizkuntzarenak dira huts-hutsik.

kutx ala pil

adb. Ipar. Txanpon edo kideko bat airean bota eta lurrera zein aldetara begira eroriko den asmatzean datzan jokoan; zoria joko horren epaiaren mende utziz. Kutx ala pil izaten zen. Bizia, kutx ala pil. Kutx ala pileko egoera.

nahi izan, nahi izaten, nahiko/nahi izango

du ad. Zerbait egiteko, eginarazteko edo lortzeko asmo edo xede erabakia izan. Ik. desiratu; gura izan. Zer nahi duk? Gaur liburu hau nahi du eta bihar horiek nahiko ditu. Ez baititu irakurri nahi izan batzar horrezaz argitara diren paperak. Deabruak ere halako eraginak itxuratu nahi izaten ditu aingeru antzean. Ez da aski nahi izatea. Inorena ez den euskara baturik ez nuke nahi. Nahi eta behar dugun batasun hori. Zuk nahi duzunean. Nahi badu eta nahi ez badu. Nahi bezain laster. || Jainkoak nahi badu. || (Osagarri zuzena den aditzaren subjektua eta nahi izan aditzarena bat direnean, aditz hura partizipio burutuan agertzen da). Herodesek hil nahi zaitu. Hori sinetsarazi nahi digutenak. Zer gertatu den jakin nahi nuke. Ez genioke inori biderik itxi nahi. Otoitz egin nahi eta kemenik ez. || (Osagarri zuzena den aditzaren subjektua nahi izan aditzaren subjektuaz bestelakoa denean, aditz hark aditz-izenaren forma mugatua edo subjuntiboko laguntzailea hartzen du). Semea pilotaria izan dadin nahi du. Zer nahi duk egin dezadan? Zu joatea nahi dut. Nola nahi duzu ezkutu sakon hori nik azaltzea? Arazo hori bestek aztertzea nahi duelako. Aita-semeak elkarturik egotea nahi du baserritarrak. Ez nuke inola ere hitanozkoa galtzerik nahi; are gutxiago, hala eta guztiz ere, hitanozkoa ez dena.

esan nahi izan du ad. Adierazi, halako esanahia izan. Ez dakit hitz horrek zer esan nahi duen. Zer esan nahi du kristauaren izen horrek? Ez du horrek esan nahi gai horiek euskaraz erabili behar ez direnik. || Asko esan nahi du kultura-lanetan, aldez aurretik begiz jota edukitzeak helburuak eta bideak.

nahi adina Nahi den (diren, zen...) adina. Ik. nahi beste; nahi bezainbat; nahi hainbat. Zaldi gaixoari nahi adina janari eman iezaiozu. Zoazte, nahi adina denborarako. Edan dezagun nahi adina.

nahi adinako adj. Nahi den (diren, zen...) adinakoa. Ez dute nahi adinako indarrik izan.

nahiago izan Gogokoago izan. Nahiago ditu bizi-bizirik dirauten hitzak zaharkituak baino. Nahiago zuela gehienen kontra mintzatu, alde baino. Etxeko arropa zikina nahiago dudala etxean garbitu. Eta nahiago nuke, mila bider nahiago, uste hori ustel agertuko balitz. Misterio beltz hori biluztea edo, nahiago baduzue, larrugorrian ipintzea. Baso txikia baino, handia nahiago.

nahi ahala Nahi adina. Nahi ahala ardo edaten dutenak.

nahi ala ez Ipar. Nahitaez. Nahi ala ez, geldituren da biziarekin zorretan.

nahian (Aditz baten partizipio burutuaren eskuinean). Nahi izanez. Gaizki-esanak zuzentzen edo zuzendu nahian nabilelako aspaldidanik. Nire lepotik barre egin nahian dabil.

nahi beste Nahi adina. Dirua nahi beste, baina osasuna falta. Hau nire etxea da, eta nahi beste hitz egingo dut hemen.

nahi besteko adj. Nahi adinakoa. Sarak ez zuen nahi besteko erantzunik jaso.

nahi bezainbat Nahi adina. Nahi bezainbat ondasun. Edan ezazu nahi bezainbat.

nahi bezainbateko adj. Nahi adinakoa.

nahi bezala Nahi den (diren, zen...) bezala. Ez baitzizkioten bere lanak nahi bezala argitaratu.

nahi bezalako adj. Nahi den (diren, zen...) bezalakoa. Nahi bezalako mutil gazteak aukeran dauzkat atzean.

nahien izan Gogokoen izan. Nahien duzun gauza.

nahi eta nahi ez Nahi bada eta nahi ez bada. Ik. nahitaez. Nahi eta nahi ez ikusi behar duzu. Ez dira gainera denak pertsona bereziak nahi eta nahi ez. Ezinbestean eta nahi eta nahi ez gertatzen dira gauza guztiak.

nahi gabe adb. Nahi izan gabe; konturatu gabe, oharkabean. Nahita edo nahi gabe hasitako maitasun istorioak. Baina, nahi gabe izan da. Nahi gabe egindako akatsa.

nahi gabeko adj. Nahi izan gabekoa. Nahi gabeko haurdunaldia.

nahi hainbat Nahi adina. Israeldarrek nahi hainbat edan zuten.

nahi hainbateko adj. Nahi adinakoa. Nahi hainbateko poza eman dit.

nahi izate, nahi-izate Zerbait egiteko, eginarazteko edo lortzeko asmo edo xede erabakia izatea. Nahi izate hutsarekin sorgintzen zituen denak, aise eta zuzen.

nahi izatera Nahi izanez gero. Erraz egin ditzake, nahi izatera.

nahirik Nahian; nahita. Niri fama kendu nahirik alfer-alferrik dabiltza. Jainkoak hala nahirik.

nahiz Nahian, nahirik. Juduak hura hil nahiz zebiltzan.

[Oharra: Iparraldean, aditz osagarria da motakoa denean, da aditza da nahi izan ere: joan nahi zara].

Oharra: azken eguneraketa 2020-01-14

  • Euskaltzaindia - Real Academia de la Lengua Vasca - Académie de la Langue Basque
  • Plaza Barria, 15. 48005 BILBO
  • +34 944 158 155
  • +34 944 158 144
  • info@euskaltzaindia.eus
© 2015 Your Company. All Rights Reserved. Designed By JoomShaper