Oinarrizko ikasketak Foruan, Oñatiko Arantzazun (1954-1959, 1963-1967) eta Erriberrin (1960-1963) egin zituen frantziskotarrekin. Zarauzko Lanbide Eskolan urtebetez irakasle izan ondoren, Teologiako lizentzia Tolosako Institutu Katolikoan egin zuen (1972), eta Soziologiako lizentzia, aldiz, Parisko Institutu Katolikoaren Gizarte Zientzien Institutuan (1975).
Orobat, Euskal Herriko Unibertsitatean Informazio Zientzietan lizentzia burutu zuen 1985ean, euskaraz egindako lehen lizentzia txostenarekin. 1991n doktoregoa eskuratu zuen Zientzia Politikoetan eta Soziologian, 1936-1983 urteen bitarteko zentsura frankistaz egindako tesiarekin, Deustuko Unibertsitatean Carmelo Garitaonaindiaren zuzendaritzapean.
1958an hasi zen euskaraz idazten eta, 1960az geroztik, frantziskotarren Jakin kultur taldeko zuzendaritzan jardun zuen. Zuzendari gisa, Jakin (1967-1969) eta Anaitasuna (1974-1977) aldizkariak garai berrietara egokitu zituen.
Jakin aldizkaria, 1969an Espainiako Gobernuak debekatu ostean, 1977an berriz abiatu zen. Urte horretatik 2014ra arte aldizkariaren zuzendaria izan zen. 1990ean Frantziskotar Ordena uzteaz batera, Jakin kultur taldea (Joseba Intxausti, Paulo Agirrebaltzategi, Joxe Azurmendi eta Joan Mari Torrealdai) beregain bilakatu zen. 2006an aldizkariaren 50. urteurrena ospatu zuten eta hamabi urte beranduago, 2014ean, 200. zenbakiaren ospakizun-ekitaldia egin zuten.
1960ko hamarkadan, Rikardo Arregirekin batera, herriz herri alfabetatze-hitzaldiak eta -ikastaroak eman zituen; gero AEK izango zenaren ernamuina zen hura.
Euskal Idazleen Elkarteko (1969-1970) eta Soziologoen Euskal Elkarteko (1979-1980) idazkaria ere izan zen.
Deustuko Unibertsitatean Soziologia irakasle izan zen bi alditan (1976-1978 eta 1991-1993 urteetan). Eskolak eman zituen, halaber, EHUn eta Mondragon Unibertsitatean (1998-1999). Elkar argitaletxearen sortzaileetariko bat (1977), Euskalgintza Elkarlanean Fundazioaren patronatuko kide (2006), eta PuntuEus Fundazioaren lehen buru (2012-2017) izan zen. Orobat, Eusko Jaurlaritzaren Euskararen Aholku Batzordean aritu zen hainbat urtez.
Euskal liburugintza, bibliografia eta zentsura izan zituen ikerketagai nagusi. XX. eta XXI. mendeetako euskal liburugintzaren azterketa eta katalogatzea burutu zuen.
Euskaltzaindian, Bergarako Biltzarrerako (1978) prestatutako txostenaz gain, 2009tik bereziki Azkue Bibliotekaren eta argitalpenen arloan lan egin zuen. 2011n Jose Antonio Arana euskaltzaina hil zenetik eta 2017ra arte bibliotekari akademikoa izan zen, eta ordutik aurrera ohorezko bibliotekaria.
Egunkaria Sortzen taldeko arduradunetako bat izan ondoren, Euskaldunon Egunkariaren kontseilu editorialeko buru (1990-2000) eta administrazio kontseiluko kide (1990-2000) izen zen, eta ondoren buru ere bai (2000-2003), Martin Ugalde eta beste askorekin elkarlanean.
2003an, Espainiako Auzitegi Nazionalaren aginduz, Euskaldunon Egunkaria itxi ondoren, espetxeratu eta auziperatu egin zuten Joan Mari Torrealdai, ustez ETAri laguntzeagatik. Berehala itxieraren eta tratu txarren aurkako elkarretaratzeak izan ziren, ugari eta jendetsuak. Zazpigarren urtera, 2010ean, Auzitegi Nazionalak behin betiko absoluzioa eman zien bost auziperatuoi: Iñaki Uria, Xabier Oleaga, Martxelo Otamendi, Joan Mari Torrealdai eta Txema Auzmendiri.
Hainbat euskaltzainen argitalpenak prestatu zituen: Rikardo Arregi, Karlos Santamaria, Martin Ugalde, Luis Villasante eta abarrenak. Euskaltzaindiaren Euskera agerkariko aholku-batzordeko kide (2009) izateaz gain, beste agerkari askotan ere argitaratu zituen artikuluak: Zeruko Argia, Comun, Egan, Elgar, Arantzazu, Guipúzcoa, Jaunaren Deia, Argia, RIEV eta abarretan.
Sari eta omenaldi asko jaso zuen: Gerediaga Elkartearen Kirikiño Saria (1972) eta Tontorra Saria (1977); Gipuzkoako Liburudenden Elkartearen Zilarrezko Euskadi Saria (1997, 1998); Kutxa Fundazioaren Irun Hiria Literatur Saria (1998); Foruko Udalaren Kultur Etxeak haren izena darama (1999); Euskal PEN Klubaren Idazluma (2005); Andoaingo Udalaren Rikardo Arregi Kazetaritza Sariaren Ohorezko Aipamena (2007); EEE, EIE, EIEP, EIZIE eta Galtzagorri elkarteen Dabilen Elea Saria (2009); Bizkaiko Foru Aldundiaren Lauaxeta Saria (2010); Eusko Ikaskuntzaren Manuel Lekuona Saria (2015); Euskal Herriko Ikastolen Elkartearen omenaldia jaso zuen Kilometroak festan (Usurbil, 2015); «Zentsura eta literatura» EHUk antolatutako nazioarteko biltzarrean omendua izan zen (2018); Bilboko Liburu Azokaren Urrezko Luma (2018); Gipuzkoako Aldundiaren Urrezko Domina, Jakin kultur taldeko P. Agirrebaltzategi, J. Azurmendi eta J. Intxaustirekin batera (2018), eta abar.
Edizioak
1972, Herriaren lekuko / Rikardo Arregi (Editorial Franciscana Aranzazu).
2003, Idazlan politikoak / Martin Ugalde (s.n.).
Saiakerak
1973, Iraultzaz (Jakin).
Liburugintza, artxiboak eta hedabideak
1977, Euskal idazleak, gaur : historia social de la lengua y literatura vascas (Jakin).
1985, Euskal Telebista eta euskara (Elkar).
1993-2001, XX. mendeko euskal liburuen katalogoa (Gipuzkoako Foru Aldundia).
1997, Euskal kultura gaur : liburuaren mundua (Jakin).
2007, 30 urte liburugintzan : 1976-2005 (Jakin).
2011, Lazkaoko Beneditarren dokumentazio-gunea : Juan Jose Agirreren artxiboa (Lazkaoko Beneditarren Fundazioa).
Historia eta biografia
1998, El libro negro del euskera (Ttarttalo).
1998, Martin Ugalde : Andoaindik Hondarribira Caracasetik barrena (Jakin : Euskalgintza Elkarlanean Fundazioa).
2003, Martin Ugalde : (1921- ) (Eusko Jaurlaritza).
2004, Imanol Murua : Gipuzkoako alkate (Alkartasuna Fundazioa).
2009, Euskaltzaindia : ekin eta jarrai [elkarlanean] (Euskaltzaindia). PDF
2016, Joan Mari Torrealdai (Eusko Ikaskuntza). PDF
2018, Asedio al euskera (Txertoa).
Zentsura
1998, La censura de Franco y los escritores vascos del 98 (Ttarttalo).
1999, La censura de Franco y el tema vasco (Fundación Kutxa).
2000, Artaziak : euskal liburuak eta Francoren zentsura 1936-1983 (Susa).
2019, De la hoguera al lápiz rojo (Txertoa).
2024, La censura gubernativa y el libro vasco (1936-1983): Análisis de los informes del Lectorado (Jakin).
Euskera agerkarian
1972, "Rikardo Arregui Aramburu (1942-1969)" [hilberri-txostena]. PDF
1978-1979, "1967-1977 : liburuak eta batasuna". PDF
2004, "Martin Ugalderen bizitzan zehar : (1921-2004)" [hilberri-txostena]. PDF
2009, "Bibliografiatik bibliotekara : esperantzari lehioa" [sarrera-hitzaldia]. PDF
2011, "Jose Antonio Arana (1931-2011) bibliografoa" [hilberri-txostena]. PDF