Iruñeko Elizbarrutiaren Seminarioan ikasketak egin ondoren, apaiztu eta 1955ean eman zuen meza berria Arruazun. Madotzen bi hilabetez egon zen apaiz, eta Luzaideko bikario izendatu zuten gero. Bertan egin zituen bederatzi urte, eta ondoren Urdiaingo erretore izan zen erretiroa hartu arte.
Nafarroako Foru Diputazioaren Vianako Printzea Erakundeak 1957an sortutako Euskara Sustatzeko Atalaren kide izan zen. Euskararen erabilera Nafarroan sustatzeko, hainbat neurri hartu zituzten, bereziki haur hezkuntzaren eta ikastolen alorrean.
Euskaltzaindiaren Arantzazuko Biltzarrean (1968) moderatzaile lanak egin zituen. Zuzendaritzari dagokionez, Akademiako idazkari izan zen 1978-1992 artean, eta Nafarroako ordezkari sorreratik 1997 arte. Garai horretan, Euskadiko Autonomia Estatutuak (1979) eta Nafarroako Foru Hobekuntzak (1982) aginpidea aitortu zioten Euskaltzaindiari euskarari buruzko auzietan.
Euskaltzaindiaren batzorde askotan parte hartu zuen, baina Onomastika batzordea nabarmendu daiteke. Azken horretan, pertsona izenen arloa izan zuen aztergai nagusi. Euskal izendegiaren hiru argitaraldi (1972, 1977, 1983) prestatu zituen, eta 2001eko laugarren edizioan, orobat, berak egin zuen oinarrizko zerrenda. Euskal izendegi horrek arrakasta handia izan du azken belaunaldietan.
Beste kultur elkarte askotako kide ere izan zen: Vianako Printzea Erakundea, Instituto Americano de Estudios Vascos (1976), Les Amis de la Vieille Navarre, Juan de Garay Euskal Argentinar Fundazioa (1981), Medikuntza Historiaren Euskal Elkartearen kide sortzaile (1984), Eusko Ikaskuntzako edo Nafar Ateneoko lehen idazkaria (1985-1988).
1979an, hezkuntzan euskararen sarrera arautzeko asmoz sortu zen Eusko Kontseilu Nagusiko bitariko batzordean parte hartu zuen. Ondoren, Eusko Jaurlaritzaren Euskararen Aholku Batzordeko (1988-1993) eta Nafarroako Gobernuaren Kultura eta Euskara kontseiluetako kide izan zen. Bi aldiz aurkeztu zion dimisioa Nafarroako Gobernuari, euskararen arloan hartutako erabakiekiko desadostasunagatik.
Antropologia izan zuen aztergai nagusi, eta edizio ugari ezagutu zituzten haren hainbat liburuk. XVI. eta XIX. mende bitarteko dokumentuak bildu zituen Euskal testu zaharrak (1987) liburuan. Idatzizko testuez gainera, hark jasotako ahozko bilduma Nafarroako Gobernuaren Euskarabidea institutuak hartu zuen, eta gaur egun Nafarroako Euskararen Mediatekaren parte da.
Euskara Sustatzeko Atalak 1966an sortutako Príncipe de Viana aldizkariaren euskarazko gehigarriaren zuzendari izan zen. Halaber, Vianako Printzea Erakundearen Cuadernos de Etnología y Etnografía de Navarra eta Fontes Linguae Vasconum aldizkarien sorreran parte hartu zuen 1969an, eta azken horren zuzendaria izan zen 1988-2003 artean.
Artikulu asko idatzi zituen beste hainbat aldizkaritan ere: Anaitasuna, Anuario de la Sociedad de Eusko-Folklore, Arantzazu, Argaray, Argia, ASJU, BRSBAP, Cuadernos de Historia de la Medicina Vasca, Dantzariak, Diario de Navarra, Diario Vasco, Egan, Egin, Egudiargo, Euskaldunon Egunkaria, La Gaceta del Norte, Gaceta Médica de Bilbao, Garaia, Guaixe, Gure Herria, Gure Mendiak, Donostiako Hoja del Lunes, Herria, Herria 2000 Eliza, Historia 16, Jakin, Jaunaren Deia, Luzaide, El Mundo de los Pirineos, Maiatz, Munibe, Navarra Hoy, Ohitura, Olerti, El País, El Pensamiento Navarro, Príncipe de Viana, Punto y Hora de Euskal Herria, Revista de Dialectología y Tradiciones Populares, Senez, Scripta Theologica, Sukil, Txistulari, Zer Berri?, Zeruko Argia edota Zintzilik.
Besteak beste, honako sari eta ohore hauek jaso zituen: Iruñeko Aurrezki Kutxa Munizipalaren Ehun Urteburuko Euskara saria (1972); Urdiaingo Udalaren omenaldia (1989); Armeniako Mijazgayin Lezvabanakan Akademiaren ohorezko kide (1997); Euskal Idazleen Elkarteko ohorezko kide (1997); Euskal Herriko Ikastolen Elkartearen omenaldia Ibilaldian (Bilbo, 2001) eta Nafarroa Oinezen (Etxarri Aranatz, 2009); Euskalerria Irratiaren Larreko saria (2002); Irujo Etxea elkartearen Manuel Irujo saria (2002) edo Euskal Itzultzaile, Zuzentzaile eta Interpreteen Elkarteko ohorezko kide (2002).
Hil ondoren, Nafar Ateneoren (2003) eta Arruazuko Udalaren (2004) omenaldiak jaso zituen. Bestalde, Andres Iñigo eta Patxi Salaberri euskaltzainek Jose Mari Satrustegi (2004) biografia idatzi zuten.
Ikerketak eta edizioak
1962, La puerta de España en el Camino de Santiago, (Gómez).
1974, Solsticio de invierno : etnografía navarra, (Ediciones y Libros).
1997, "Gerra ondoreko Euskaltzaindiaren pizkundea". PDF
Onomasticon Vasconiae bilduman
2008, "El euskera en Tierra Estella : evolución histórica". PDF
La Biblioteca y Archivo Azkue
HORARIO 9:00 - 14:00
La Biblioteca y Archivo Azkue está al servicio de Euskaltzaindia. Además, está abierto a todos los investigadores e intenta fomentar la investigación y ayudar en la difusión de los temas culturales vascos, en el marco de sus posibilidades.