Oinarrizko ikasketak Guardian eta Gasteizen egin ondoren, Filosofia eta Letretako ikasketak egin zituen Donostian, Salamancan eta Madrilen 1965-1970 urteen artean.
1971-1973 urteen artean, Gasteizko Ramiro de Maeztu Institutuan eta Gernikako Seber Altube Ikastolan eskolak eman zituen.
1974an, Txari Santiago andrearekin ezkondu zen. Hiru seme-alaba izan zituzten: Eneko, Garikoitz eta Iruri.
Diktadura frankistan kartzelan egon zen 1973tik 1974ra, arrazoi politikoengatik. 1977ko Espainiako hauteskunde orokorretan, Euskal Sozialista Biltzarrea (ESB) alderdiko hautagaia izan zen.
1977. urte arte Gasteizko Raimundo Olabide Ikastolan irakasle izan zen. Orduan Arabako Foru Diputazioak Arabako Unibertsitate Ikastetxea sortu zuen, eta Koldo Mitxelena euskara katedradunaren laguntzaile izendatu zuten.
1978an Euskal Herriko Unibertsitatea sortzearekin, Filologia, Geografia eta Historia Fakultate bilakatu zen Arabako Unibertsitate Ikastetxea. Geroztik, Euskal Filologiako irakasle izan zen.
Gregorio Monreal EHUko errektore zela, Fakultateko idazkari (1980-1982) eta Arabako campuseko lehendabiziko errektoreordea izan zen (1981-1984).
1981ean aurkeztu zuen Madrileko Unibertsitate Complutensean La epistemología de Alfred N. Whitehead lizentzia txostena, Roberto Saumells irakasleak zuzenduta.
1987an doktoregoa eskuratu zuen EHUn, Maurice Harriet (1814-1904) zenaren hiztegiaz egindako tesiarekin, Koldo Mitxelenaren zuzendaritzapean. Euskal Filologia saileko idazkari (1988-1991) eta zuzendari (1991-1995, 1997-1999, 2005-2007) izan zen.
Euskal Filologiako katedra eskuratu zuen 1995ean. Zuzendu zituen tesien artean, Juan Karlos Lopez-Mugartzaren Erronkari eta Ansoko toponimiaz (2008) nabarmendu daiteke.
Raimundo Olabide (1869-1942) apaizaren ondoren, Knörr izan zen Arabako bigarren euskaltzaina.
Akademiaren zuzendaritzan kargu gehien izan dituen euskaltzaina izan da: diruzaina (1981-1986), idazkaria (1992-1996) eta euskaltzainburuordea (1997-2004) izan zen, baita Jagon (1989-1994) eta Iker (2005-2008) sailburua ere. Bestalde, Arabako ordezkaria izan zen hainbat aldiz 1970eko hamarkadatik aurrera.
Ikerketari dagokionez, hura Onomastika batzordeburu (1984-2001) zela, Onomasticon Vasconiae bilduma sortu zuen Euskaltzaindiak. Halaber, bost jardunaldi antolatu zituzten 1986-1994 urteen artean (Gasteiz, Urduña, Lizarra, Reno eta Biarritz). Orobat, 1996tik aurrera eta hil arte Gasteizko Udalarekin sinatutako hitzarmen bati segituz, Gasteizko Toponimia egitasmoko zuzendaria izan zen. Egitasmo horren lehen emaitza hura hil eta urtebetera argitaratu zen Onomasticon Vasconiae bildumaren 27. zenbakiarekin, une honetan (2022) zazpi tomo kaleratu direlarik; oraindik ez da amaitu.
Hainbat kultur elkarteko kide izan zen: Eusko Ikaskuntza (1978), Jon Bilbaok sortutako Eusko Bibliographia elkartea (1984-1992), Euskalerriaren Adiskideen Elkartea (1986), Sancho el Sabio Fundazioa, Landazuri Elkartea (1992), Arabako Foru Aldundiko Euskararen Aholku Batzordea (2003-2007) edo Jose Miguel de Barandiaran Fundazioa (2006). Halaber, Aramaioko Udako Ikastaroetako (2002-2007) zuzendaria izan zen.
Arabako Foru Aldundiaren Ohitura (1981), RIEV (1983), Sancho el Sabio (1991), Landazuri (1993) eta Lovainako Onoma (2001) aldizkarien sortzaile, zuzendari edo aholkulari izan zen. Beste aldizkari askotan ere argitaratu zituen artikuluak leku eta pertsona izenez, euskararen historiaz edo euskal testuez: Araxes, Ársit sögufélags ísfirdinga, ASJU, La Aventura de la Historia, Bilduma, Boletín de Información Municipal, Celedón, Egan, Fiestas de San Prudencio, Fontes Linguae Vasconum, Gaceta Municipal, Gasteiz, Huarte de San Juan, Insula, Jakin, Journal of the Society of Basque Studies in America, Piedra de Rayo, Revista de Catalunya edo VG.
Hainbat agerkaritan prentsa artikuluak ere argitaratu zituen: ABC, Anaitasuna, Avui, Bilbao, El Correo, Le Courrier International, Deia, Diario de Noticias, Diario Vasco, Egin, Euskaldunon Egunkaria, La Gaceta del Norte, Herria, El Mundo, Norte Exprés, El País, Punto y Hora de Euskal Herria, Serra d’Or, La Vanguardia, Vida Vasca, La Voz de España, Zabalik edo Zeruko Argia.
Sari eta ohore ugari jaso zituen: Alemaniako Kirche und Leben astekariaren saria (1977), San Prudentzio jaietako pregoilari (Gasteiz, 1982), El Correo egunkariaren kazetaritza saria (1993), Korrika 9an lekukoa eraman zuen (Gasteiz, 1995), Fundación Cánovas del Castillo-ren saria (1997), Euskal Herriko Ikastolen Elkartearen omenaldia Ibilaldian (Bilbo, 2001), Landazuri Elkartearen ohorezko buru (2008) eta Euskaltzaindiaren XVI. Biltzarreko omenaldia (2008).
Haren izena daramate Euskaltzaindiak, Eusko Ikaskuntzak eta Euskalerriaren Adiskideen Elkarteak Gasteizen duten ekitaldi aretoak (2008) eta Gasteizko udal haur eskolak (2010). Hil ondoren, orobat, jaso zituen Gasteizko Udalaren Urrezko Domina (2009), EHUko Letra Fakultatearen eta Sancho el Sabio Fundazioaren omenaldiak (2009), "Euskarari Gorazarre" jardunaldietako omenaldia (Madril, 2012) eta EHUk Eridenen du zerzaz kontenta (2015) liburua eskaini zion.
Edizioak
1975, Jose Paulo Ulibarri Galindez-en "Gutunliburua" izeneko eskuzkribuaren facsimil gisako argitalpena (Arabako Diputazioaren Kultur Biltzarrak Okondoko idazlearen gorazarretan, bere sortzearen berrehun urtehurrenkari), [elkarlanean. Gasteizen, 1975eko abuztuan], (Diputación Foral de Álava).
1981, Odon Apraizi omenaldia, (Arabako Foru Aldundia).
1983, Gabonetako ikuskizuna / Pedro Ignacio de Barrutia, (Diputación Foral de Álava).
1987, Para una edición crítica del Diccionario de Maurice Harriet [argitaragabea].
1989, Toponimia alavesa : seguido de mortuorios o despoblados y pueblos alaveses / Gerardo López de Guereñu Galarraga, (Euskaltzaindia). PDF
1991, I Onomastika jardunaldien agiriak : Toponimia, [elkarlanean. Gasteiz, 1986ko apirila], (Euskaltzaindia). PDF
1998, Arabako euskararen lekukoak : ikerketak eta testuak, [elkarlanean], (Eusko Legebiltzarra).
1998, Voces alavesas / Gerardo López de Guereñu Galarraga, (Euskaltzaindia). PDF
1999, Vasconiana / René Lafon [elkarlanean], (Euskaltzaindia). PDF
2000, II. Onomastika jardunaldien agiriak, [elkarlanean. Urduña, 1987ko iraila], (Euskaltzaindia). PDF
2001, Memorias de un vascólogo : mis relaciones con lingüistas y colaboradores / Pedro de Yrizar [elkarlanean], (Real Sociedad Bascongada de Amigos del País).
2005, Nerekin yaio nun : Txillardegiri omenaldia, [elkarlanean], (Euskaltzaindia). PDF
2006, Vascos y Armenios : documentos y materiales. T. I. / Vahan Sarkisian [elkarlanean], (Ed. Asoghik).
2008, III. Onomastika jardunaldien agiriak, [elkarlanean. Lizarra, 1990eko iraila], (Euskaltzaindia). PDF
Ikerketak
1975, José Paulo Ulibarri / Daniel Ibargoiti [= H. Knörr], (Gordailu).
1976, Gasteiz / Daniel Ibargoiti, (Gordailu).
1979, Araba zabaldua, [elkarlanean], (Caja Provincial de Ahorros de Vitoria).
1982, Armentia dela-ta : (pregón de las Fiestas de San Prudencio), (Arabako Foru Aldundia).
La Biblioteca y Archivo Azkue está al servicio de Euskaltzaindia. Además, está abierto a todos los investigadores e intenta fomentar la investigación y ayudar en la difusión de los temas culturales vascos, en el marco de sus posibilidades.