Aita guarda zuen, Frantziako Gobernuaren menpeko mugazaina, alegia, eta badirudi zertzelada horrek berebiziko garrantzia izan zuela haren haurtzaroan, gobernuak sarritan mugitzen baitzituen guardak postu batetik bestera. Ondorioz, mugalde osoan zehar ibiltzea suertatu zitzaion. Dena den, Bidarrain jaio zen, baina haurtzaroaren zati handi bat Baigorrin eman zuen, Bastida auzoko Otsobia etxean; handik hartu zuen gero literatur-lanak izenpetzeko erabili ohi zuen goitizena, orduko grafian Oxobi idatzi arren Otsobi ahoskatu behar dena, hala nola gertatzen den Axular-ekin, baina kasu batean zein bestean gaur egun hizlari arrunten artean ez ohi da xehetasun hori kontuan hartzen.
Oinarrizko ikasketak Larresoroko seminario ttipian egin ondoren, Baionako seminario handian segitu behar izan zituen apaiz ordenatu arte, baina 1906an gobernuak bi seminarioak itxi zituenez gero, lehenengo Maulen egon zen aldi batez, eta ondoren, Bearnoko Nay-n, non kokatu baitzuten elizbarrutiko seminario handia hainbat urtez.
1912an apaiz ordenatuta, berehala Hiriburuko bikario izendatu zuten (1912-1928), gero Donoztiriko erretore (1928-1941) eta azkenean Arrangoitzeko erretore (1941-1955). Osasun arazoak eraginda, kargua utzi egin behar izan zuen 1955ean eta San Josep apaiz zaharren egoitzan pare bat urte gaixorik eman ondoren hil zen.
Lehen Mundu Gerra hasi zenean Hiriburun geratu zen, osasun arazoengatik zerbitzurako ezgai jo baitzuten. Ondorioz, betidanik pentsatu izan da gerra osoa Euskal Herrian eman zuela eta aldi hura bereziki baliatu zuela Manex Hiriart-Urrutiri Eskualduna astekariaren kudeaketan laguntzeko, baina Eneko Bidegainek argitu du 1917ko apirilean frontera igorri zutela eta 1919ko uztailera arte ez zela itzuli. Dena den, Eskualdunan idazten zuten beste hiru kronikari nagusiak ez bezala, badirudi inoiz ez zela guduaren lehen lerroan izan.
Gaur egun batez ere idazle bezala da ezaguna, eta badirudi, izan ere, bere ahalegin nagusiak ildo horretatik joan zirela beti: seminarioan zela ekin zion bertsoak eta poesiak idatzi eta Eskualdunan argitaratzeari, baina berehala hasi zen kudeaketa orokorrean zuzendariari laguntzen eta, baita ere, kronikak eta albisteak idazten, ezagunenak direlarik Gerra Handiari buruzkoak, E. Bidegainek xeheki aztertuak. Hiriart-Urruti hil ondoren (1915) bera bihurtu zen de facto aldizkariaren zuzendari, izendapen hori espresuki hartu ez bazuen ere, Euskal Herritik gerra lekura eraman zuten arte (1917). Baina inoiz ez zuen aldizkariarekiko lotura estua eten, eta ondoko urteetan ere sarri idatzi zuen bertan.
Orobat, 1921ean Gure Herria aldizkaria sortu zuen taldeko kide izan zen, eta bere idazlan asko plataforma horretan argitaratu zituen, poesiak batez ere, baina baita historia edo etnografiako lan gutxi batzuk ere, bai frantsesez eta bai euskaraz, Joanes Otsalde (1814-1897) bidarraitar bertsolariari eskaini zion saila, adibidez, gero liburu gisa argitaratu zena. Laburbilduz esan daiteke "Larresoroko eskola" deitu izan denaren kide nabarmen bat izan zela eta bere lanak aipatu ditugun bi aldizkarietan argitaratu zituela, batez ere.
Berezitasun nagusia, ordea, da literaturari eman zion lehentasuna (kazetaritza bazter utzi gabe, haatik), eta haren barruan bertsoz idatzitako alegiei, La Fontaineren edo Samaniegoren tradizioari jarraikiz; horiek dira beti lehen eta gailen aipatzen direnak, haren produkzio osoaren zati bat baino ez diren arren. Orduko ohiturari segituz, bere idazlanak aldizkarietan ateratzen ziren lehenengo, eta ondoren liburuetan biltzen. Tamalez oraindik ez da egin haren idazki guztien bibliografia sakon bat. L. Villasantek bere Historian (1961, 348) aipatzen ditu ezagunenak diren bost liburuak, baina beste hiru idazlan gaineratzen ditu, artean argitaratu gabeak zirenak; badirudi hiru horietako bi gutxienez jada ageri direla P. Lafittek bost urte geroago ondu zuen antologian (Oxobi-ren lan orhoitgarri zonbait, 1966), eta baita ere, handik jasota, Ainhoa Beolaren bilduman (Alegiak eta Poemak, 1992). Izenburuak, ordea, ez datoz guztiz bat, eta Villasanteren eta Lafitteren erreferentziak ez dira behar bezain argiak, beraz, ezin erabateko ziurtasunik eman, eta, ondorioz, gure bibliografian ez ditugu zehaztu.
Euskaltzaindiari dagokionez, bada xehetasun bitxi bat: Euskeran (1930, 320. or.) euskaltzain urgazleen zerrendan agertzen da, baina inon ez dago haren izendapenari buruzko berririk; hori dela eta, argitalpen batzuetan ez da agertzen urgazle gisa. Euskaltzain oso izendatu zuten 1952an, ordurako adinean oso aurrera joana eta, dirudienez, osasunez makal zegoela, baina hala eta guztiz ere 1953an hiru bilkuratan hartu zuen parte eta 1955ean beste batean —azkena—, osasunak eraginda erretoretza utzi behar izan zuen urtean, hain justu.
Ondoko aldizkari eta egunkari hauetan agertu dira haren lanak: Adour Magazine, Agur, Aintzina, Egan, Elgar, Euskal Erria, Eskualduna, Euzkadi, Euzko Deya, Gernika, Gure almanaka, Gure Herria, Herria, Ikas, Irakazkintza, La Baskonia, La Euskaria, La Presse, Maiatz, Mezulari eta abar.
Haren hiletan jendetza handia bildu zen, batez ere herrietako jende xehea, baina baita euskaltzale ugari ere, eta hirurogei bat apaiz, denen buru Piarres Narbaitz bikario orokorra, mezaren ondoren hilondoko hitzaldi eder bat egin zuena. Halaber, Mixel Labegueriek bertso batzuk eskaini zizkion, aste berean Herrian argitaratu zirenak (1958-02-13) eta gero Jean Haritxelharrek bere hitzaldiaren amaieran berriz ere jaso zituenak.
Euskaltzaindiak omenaldi bat eskaini zion Bidarrain (1988) haren jaiotzaren mendeurrenaren karietara, eta J. Haritxelharrek eta P. Xarrittonek hitzaldi bana egin zuten, gero Euskeran argitaratu zirenak.
Haren lanak maiz berrargitaratu dira, batzuetan bertso edo alegia solte modura han eta hemengo aldizkarietan, eta bestetan liburu eta bilduma gisa. Aipagarria da, era berean, bera hil ondoren, eta orain arte, hiru antologia edo bilduma argitaratu direla, eta bere alegiak bereziki laudatu dituztela beti literaturaren historialariek.
1913, Boz-oihu! Deiadar! Nigar! (Lithographie I. Porché & Cie Typog.). Webgunea
1926, Alegiak (S. Sordes). Webgunea
1935, Heiatik zerura (Imp. La Presse).
1944, Haur elhe haurrentzat (Aintzina).
1952, Oxalde : 1814-1897 (Eskualzaleen-Biltzarra). Webgunea
1966, Oxobi-ren lan orhoitgarri zonbait / [prest. Piarres Lafitte] (Gure Herria).
1979, Alegiak (Elkar).
1992, Alegiak eta Poemak / Ainhoa Beolaren edizioa (Susa).
2003, Olerki hautatuak / X. Hiriarten edizioa (Hiria).