Oinarrizko ikasketak Lekarozko Aholku Onaren Ikastetxean egin ondoren, Zuzenbideko lizentzia lortu zuen Oviedoko Unibertsitatean.
Politikoki karlista zen, Espainiako Bigarren Errepublikaren aurkako ekintzetan parte hartu zuen, eta Gerra Zibilean Elkarte Tradizionalistako zuzendaritzako kide izan zen.
Hala ere, diktadura frankistak agindutako alderdi politikoen bateratzea ez onartzeagatik, 1937an atxilotuta egon zen Granadan, eta ondoren Gijonera deserritu zuten urtebetez.
Euskal Herrira itzuli eta abokatu lanetan aritu zen geroztik Donostian. 1941ean Maria Teresa Salazarrekin ezkondu zen, eta lau seme-alaba izan zituzten: Juan Maria, Maite, Maria Ignacia eta Maria Carmen.
Politikagintza karlistari lotuta jarraitu zuen, eta, besteak beste, Espainiako Gorteetan Gipuzkoako "familia heren"-eko ordezkari izan zen 1967-1971 urteen artean. Espainiako Gobernuak, halaber, Meritu Zibilaren Ordenako kide izendatu zuen 1964an.
1954an izendatu zuten euskaltzain oso, Jose Maria Lojendio abokatuarekin batera. Biak arduratu ziren Akademiaren estatutuak berritzeaz (1972) eta harreman ofizialak bideratzeaz. Espainiako Hezkuntza eta Kultura Ministerioak Euskaltzaindia erakunde ofizial bilakatzeko errege dekretuaren (1976) gestioan ere aritu zen.
Euskaltzaindiaren 1956-1961 urteen arteko biltzarretan parte hartu zuen hitzaldi banarekin, Oñatin, Eibarren eta Donostian. Halaber, Euskaltzaindiak antolatutako Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa Nagusiaren epaimahaiko izan zen 1960-1967 urteen artean, Antonio Zabala eta Alfonso Irigoien euskaltzainekin batera.
Hainbat kultur elkarteko kide izan zen: Euskalerriaren Adiskideen Elkartea, Gipuzkoako Probintzia Diputazioaren Julio Urkixo Euskal Filologia Mintegia (1954) edo Donostiako Historiako Doctor Camino Institutua.
Euskalerriaren Adiskideen Elkarteko Egan aldizkariko zuzendarikide (1954) izan zen Aingeru Irigarai eta Koldo Mitxelena euskaltzainekin batera. Antonio Zabalak haren idazlanak bildu zituen bi liburutan: Jan-edanak (1979) eta Euskaltzaindiak argitaratutako Idaztiak eta hitzaldiak (2008).
1956, El doctor Peru Abarka catedrático de lengua vascongada en la Universidad de Basarte / por Juan Antonio Mogel [arg.] (Icharopena).
1979, Jan-edanak (Gipuzkoako Aurrezki Kutxa Probintziala).
2005, Jan-edanak [2. arg.] (Egan).
2008, Idaztiak eta hitzaldiak (Euskaltzaindia). PDF
Euskera agerkarian
1956, "Arantzazuko euskal-sariketa" [elkarlanean]. PDF
1956, "Bilbon egindako hitzaldiak". PDF
1956, "Euskaltzaindiaren I. Biltzarraren azken hitzak". PDF
1957, "Azkue-ren gorazarrez egindako hitzaldiak". PDF
1958, "Calandria-ren euskal-izenak". PDF
1960, "Mogel'ez zeztxobait [i.e. zertxobait]". PDF
1962, "Euskal umoreaz". PDF
1962, "Ima". PDF
1963-1964, "Cuatro poetas vascos actuales". PDF
1974, "Urruzunoren aroa". PDF