Oinarrizko ikasketak Tolosan eskolapioekin burutu ondoren, Zaragozako Merkataritza Eskola Nagusian ikasi zuen. Frantsesa ere ikasi zuen, Frantzian, elizgizon batekin. Tolosara itzultzean, familiaren paper fabrikan eta argitaletxean hasi zen lanean. Hain zuzen, Escenas papeleras (1947) liburua idatzi zuen, papergintzaren historiaz.
Aita Argentinan jaioa zelako, argentinar pasaportea ere bazuen. 1927an ezkondu zen Carmen Santsinenearekin, eta bi seme izan zituzten: Ramon eta Martin.
Espainiako Bigarren Errepublikan, Tolosako Udaleko zinegotzi (1931) eta alkate (1933) hautatu zuten Euzko Alderdi Jeltzalearen izenean. Jaioterrian, Doroteo Ziaurritz, Ixaka Lopez Mendizabal edota Jose Eizagirre jeltzaleekin aritu zen politikagintzan.
Pizkundeko kulturgune nagusia izan zen Tolosa garai hartan, eta, besteak beste, Lizardi idazlearekin elkarlanean aritu zen bete-betean. Aitzol buru zuen Euskaltzaleak taldeko eta Yakintza aldizkariko eragile izan zen.
Kulturaren arloan, idazle eta bereziki antzerkigile gisa nabarmendu zen. Herri antzerkiaren sustatzaile handienetakoa izan zen “Txikia baina gurea” lelopean. Hain zuzen, Antzerti (1932-1936) aldizkaria sortu eta zuzentzeaz gain, bertan argitaratu zituen hainbat lan. Idoia Gereñuk Antzerti euskal-antzertiaren ilerokoa (2007) liburuan jaso zituen faksimile gisa.
Gerra Zibilaren ondorioz, familiarekin erbesteratu eta zortzi urtez bizi izan ziren Lapurdiko Saran. 1937an Londresen, Europako Nazionalitateen Biltzarreko EAJren ordezkari izan zen Ramon de la Sotarekin batera.
Erbestean, biolin eta aleman eskolak hartzeko aukera izateaz gain, Orixe, Elbira Zipitria, Jose Migel Barandiaran edo Piarres Lafitterekin harremanetan jarraitu zuen. Gurseko kontzentrazio esparruan ere egon zen hainbat hilabetez.
Bigarren Mundu Gerraren ondoren Gipuzkoara itzuli zen. 1950ean euskaltzain urgazle eta 1964an euskaltzain oso izendatu zuten arren, Arantzazuko Biltzarretik (1968) aurrera Euskaltzaindiak sustatu zuen euskara batuarekin oso kritiko agertu zen.
Ildo horretan Sasi-batasuna (1972) edota Alternativas para una factible unificación y desarrollo del Euskera (1984) idazlanak argitaratu zituen. Txillardegiren Huntaz eta hartaz (1965) liburuari erantzun gisa, halaber, Tajuz eta zentzuz (1967) saiakera politikoa argitaratu zuen.
Literaturaren alorrean, La Gran Enciclopedia Vasca-k ordura arteko euskal antzerki gehienak bildu zituen hiru liburukitan: Teatro osoa euskeraz (1977). 1992an EITBk haren hainbat antzerki egokitu zituen Euskadi Irratirako.
Antzerkiaz zuen ikuspegia Teatro euskaro (1965) eta Teatrogintza eta yakintza (1973) liburuetan aurki dezakegu. Halaber, Jose Antonio Muñagorriren (1794-1841), Jean Baptiste Elizanbururen (1828-1891) eta Orixeren (1888-1961) biografiak idatzi zituen.
Agerkari askotan argitaratu zituen idazlanak: Agur, Arantzazu, Argia, Boletín del Instituto Americano de Estudios Vascos, Berrizalek, BRSBAP, Deia, El Día, El Diario Vasco, Egan, Euskal Esnalea, Euskalerriaren Alde, Euzkadi, Eusko-Jakintza, Euzko-Gogoa, Gernika, Goiz-Argi, Gure Herria, Herria, Investigación y Técnica del Papel, Kaiku, Karmel, Munibe, Olerti, Pyrenaica, RIEV edo Zeruko Argia.
Sari eta omenaldiez den bezainbatean, honako hauek jaso zituen: Donostiako Udalaren Literatur saria (1920), Donostiako Euskal Izkera ta Iztunde Ikastolaren saria (1930), Gipuzkoako Probintzia Diputazioaren Agora saria (1967, 1970), Eusko Jaurlaritzako Euskal Letren Merezimenduzko Saria (1987), Sabino Arana Kultur Elkargoaren ohorezko kidetza eta saria (1990, 1993), Euskadiko Euskal Antzerki Topaketen omenaldia (Azpeitia, 1990) edo Galtzaundi Euskara Taldearen omenaldia (Tolosa, 1991).
Hil ondoren, Tolosako Kultur Etxeak haren izena hartu zuen (1993), Eusko Ikaskuntzak Hitz bitan (1996) bideoa eta Eugenio Arotzenak A. Arzelus eta A. Mª Labayen (1998) liburua eskaini zizkioten, eta Euskaltzaindiak Herri Literatura Jardunaldiak antolatu zituen jaiotzaren mendeurrenean (Tolosa, 1998).
Antzertia
1930, Ostegun gizena : neska-mutillentzat antzerki-alaia ekitaldi batean, (Euskaltzaleak).
1931, Euskal-Eguna : iru ekitalditan antzerkia, (I. Lopez Mendizabal'enean).
1932, Maya / Ayanbe'tar L., (I. Lopez Mendizabal'enean).
1932, Mateo Txistu / Ayanbe'tar L., (I. Lopez Mendizabal'enean).
1933, Iparragirre : bi ekitaldi ta azken-zati edo epilogoa dun antzerkia, (Lopez-Mendizabal'enean).
1934, Berezi / Henriette Charasson [itzul.], (Lopez Mendizabal'enean).
1935, Gizon bizarpeituti eta emazte bizartsuti__ : (jostirudia) : (bi ekitalditan), (Lopez Mendizabal'enean).
1936, Iruñxeme : iru ekitaldiko antzerkia, (I. Lopez Mendizabal'enean).
1954, Muga : irri-antzerkia ekitaldi bitan, (Darracq).
1960, Jokua ez da errenta : komeria iru ekitalditan, (Itxaropena).
1962, Malentxo, alargun! : komeria iru ekitalditan, (Auspoa). PDF
1965, Domenjon de Andia : Gipuzkoa'ko erregia : kondaira-dramakizuna : iru ekitaldi, (Itxaropena).
1969, California__ ku-ku! : drama, iru ekitalditan, (Itxaropena).
1977, Teatro osoa euskeraz, (La Gran Enciclopedia Vasca).
1978, Muñagorri, (Gipuzkoako Aurrezki Kutxa Probintziala).
1984, Agureok maitemindu bear ez : (hiru ekitalditako fartsa) hitz-aurre eta azken zati batekin / Alfonso R. Castelao [itzul.], (Eusko Jaurlaritza).
Ikerketak eta saiakerak
1933, Euskel antzertia'ren edestirako apur batzuek : Donostia'ko "Novedades" aretoan 1931'ko lotazilla'ren 21'n esandako itzaldia, (Lopez-Mendizabal'en etxean).
1935, Euskal antzerti'runtz, [s.n.].
1947, Escenas papeleras : a la sombra de la celulosa en mi pueblo, (Icharopena).
1950, Compendio del poema vasco Euskaldunak de Nicolás Ormaechea (Orixe), (Itxaropena).
1955, Elizanburu, (Euskalerriaren Adiskideen Elkartea).
1965, Teatro euskaro, (Auñamendi) .
1967, Tajuz eta zentzuz : euskal-politikaz / Pernando Etxekorena, [s.n.].
1972, Sasi-batasuna : mala letra y peor espíritu de una pseudo unificación, (López-Mendizabal).
1973, Teatrogintza eta yakintza, (Itxaropena).
1976, Muñagorri escribaua, pakegille ta fuerozale, (Sociedad Guipuzcoana de Ediciones y Publicaciones).
1978, Elizanburu : bere bizitza ta lanak, (Auñamendi).
1984, Alternativas para una factible unificación y desarrollo del Euskera, [s.n.].
1990, Nikolas Ormaetxea Orixe'ren kondaira laburra, (Sabino Arana Kultur Elkargoa) .
Euskera agerkarian
1961, "Nikolas Ormaetxea Orixe (1888-1961)" [hilberri txostena]. PDF
Iker bilduman
1983, "Dr. P. Lafitte eta zuhurtzea". PDF