Eliz ikasketak Larresoron, Baionan eta Bearnoko Nain egin zituen, eta 1909an apaiztu zen. Besteak beste, irakasle izan zuen Jean Hiriart-Urruti (1859-1915), Eskualduna (1887-1944) astekariaren lehendabiziko zuzendaria.
Apaiz lanak egin zituen Uztaritzen (1909), Liginagan (1926), Mendiondon eta Gerezietan (1932).
Lehen Mundu Gerran mobilizatu egin zuten eta berak idatzitako hainbat albiste eta kronika Eskualduna aldizkarian agertu ziren. Bestalde, 1936-1937 urteen artean argitaratutako gerra oroitzapenak LVII.a gerlan (1995) liburuan bildu zituen Patri Urkizuk.
Bi urtez Euskaltzaleen Biltzarreko idazkariorde izan zen, eta 1923. urtetik 1953. urtera idazkari, lehenengo, Jean Etxepare (1922-1926) buru zela, eta ondoren, Louis Dassance (1926-1960). Haur literatur lehiaketak, bertsolaritza eta pilota jokoa sustatzen lan handia egin zuen.
1930. urtean izendatu zuten euskaltzain oso, Martin Landerretxe (1842-1930) elizgizonaren ordez. Sarrera-hitzaldiari erantzuna Georges Lacombe (1879-1947) bibliotekariak eman zion. Era berean, Guillaume Epherre (1911-1974) euskaltzain oso izendatu zutenean, Jean Elizaldek eman zion erantzuna 1959an.
Eskual-Egutegia (1933) almanakaren arduradun izateaz gian, Larresoroko Seminario Ttipiko ikaskide ohiekin batera Gure Herria (1921, 1950) eta Herria (1944) aldizkariak sortu zituen. Euskal kulturari buruzko artikuluak eta literatur lanak beste agerkari batzuetan ere idatzi zituen: Argia, Eskualdun Ona, Eskualduna, Eusko-Jakintza edota Euzkadi.
Euskarazko lehen filmaren gidoia idatzi zuen, André Madré jeneralak zuzendutako Gure sor lekua (1956). Hubert Knapp zuzendariak, halaber, Le curé basque de Gréciette (1958) filma eskaini zion.
1983an Azkainen, haren jaiotzaren mendeurrena ospatu zuten Euskaltzaleen Biltzarrak eta Euskaltzaindiak. Omenaldiaren emaitza Piarres Xarrittonek prestatutako Azkaine gure sorterria (1985) bilduma izan zen.
Euskaltzaindiak, orobat, geroztik ekimen gehiago bideratu ditu haren omenez: batetik, Jean Elizaldek 1936an euskaratutako Pierre-X. Dourisboure (1825-1890) misiolariaren Bahnar deitu salbaiak liburua berrargitaratu zuen 2014. urtean; bestetik, Zerbitzariren lan hautatuak idazki-bilduma argitaratu zuen 2021ean Jabier Kaltzakorta euskaltzain osoaren eskutik. Halaber, omenaldia eskaini zion Azkainen 2023ko martxoan.
Bertsoak, kantak eta atsotitzak
1920, Kantari berria / Zerbitzari, (A. Foltzer Baithan).
1936, Atsotitz, zuhur-hitz eta erran-zahar, (La Presse).
1948, Kantikak, [elkarlanean], (Abbaye N.-D. de Belloc ; "Le Livre").
Itzulpenak
1930, Ama María Pasionekoa, (La Presse).
1936, Bahnar deithu Salbaiak / Aita P. Dourisburek egina, (Imprimerie du "Courrier").
194?, Baionako diosesako katichima.
1943, Ichtorio saindua : testament zaharra, Jesu-Christo, Eliza, (SILIC Imprimerie).
2014, Bahnar deitu salbaiak / 1870ean Pierre Dourisbourek egin lana, (2. arg. Euskaltzaindia).
Bildumak
1985, Azkaine gure sorterria, (Elkar).
1995, LVII.a gerlan, (Alberdania).
2021, Zerbitzariren lan hautatuak / paratzailea, Jabier Kaltzakorta (Euskaltzaindia)
Euskera agerkarian
1931, “Euskaltzaindian sartzean Jean Elissalde aphez azkaindarrak egin duen irakur-aldia”. PDF
1960, “Jean Elissalde jaunaren erantzuna [Guillaume Epherre euskaltzainaren sarrera-ekitaldian]”. PDF