Ondarroan jaio eta oinarrizko ikasketak ere Ondarroan eta Bilbon egin zituen. Ondoren, Gasteizko seminarioan hiru urtez Filosofia eta Teologia ikasketak egin ostean, 1888an apaiztu zen, meza berria Urkiolan emanda. Luis Villasantek dioenez, «karrera motxeko apaiza» izan zen, garai hartan sarritan gertatu ohi zen bezala, hots, diru faltaz ikasketa luzeagoak egiteko modurik ez zutenak berehala ordenatzen ziren; baina ematen zitzaizkien karguak eta ardurak ere beti bigarren mailakoak izaten ziren. Horrelakoa izan zen Txomin Agirreren kasua: lehendabizi Karrantza Haraneko herrixka batera igorri zuten, baina han hilabete labur batzuk egin eta gero, Zumaiako Karidadeko moja karmeldarren kapilau izendatu zuten. Geroztik ez zen handik beste inora mugitu, eskaintzak izan omen zituen arren.
Izan ere, familia umil batean jaioa zen, baina gaztetxotan Bilboko artzapeza zen Mariano Ibarguengoitiak berarekin eraman zuen, laguntzaile eta morroi; trukean ikasketa guztiak ordaindu zizkion. Apaiz izatea omen zuen ametsa, betidanik; berriz ere Luis Villasanteren hitzak erabiliz: «Euskaltzale prestu, idazle, jakintsu, ori danori eta geiago izandu zan Domingo Agirre; baiña guztien gaiñetik Jainkoaren gizona. Apaiza». Dudarik gabe, langintza horretan neurri bateko ospea eskuratu zuen garaiko eta inguru hurbileko eta ez hain hurbileko fededunen artean, bereziki sermolari gisa eskualdeko elizetan; baina euskaldunon gogoan haren izenak eta omenak idazle gisa iraun dute batez ere.
Agirreren baitan, ez dirudi desberdintasun handirik zegoenik apaiza edo idazlea izatearen artean. Politikaz karlista aitortua zen, ideologiaz kristau integrista eta estua, eta doktrinaz, errigorismorako edo zokorrozkeriarako joera nabarmenekoa. Hitz batez esanda, tradizionalista zen, zentzu guztietan, berba horrek garai hartan zeukan adiera zabalean. Era guztietako testuak idatzi zituen: eleberriak, ipuinak, poemak, sermoiak, kronikak, biografiak, liburu-iruzkinak eta itzulpenak; guztietan nabari da bere oinarrizko pentsamoldea, usu euskaldun fededun adagioaren bidez laburbildu nahi izan dena. Alegia, bere iritziz kristau fedea zen Euskal Herriaren muina, bereziki herritar xeheen artean —baserritarrak edo arrantzaleak—, eurongan sendo eta indartsu baitzegoen fedea; industrializazioak, ordea, mundu modernoak, hiriak, artez esanda, galera besterik ez omen zekarkion bakean eta pozik bere kasa bizi zen herri zintzo horri.
Dena den, kritikari guztiak bat datoz esatean, haren testuen karga ideologikoa nabarmena bada ere, kalitate literarioa ere duda gabekoa dela. Eta horrexeri, hots, Euskal Herri tradizional hura deskribatzeko eta kantatzeko trebetasunari, zor dio idazle gisa gaur egun ere duen ospea.
Hiru eleberri idatzi zituen —laugarrena idazten ari zela hil zen—, baina bi dira bereziki ezagunak: Kresala (1906) eta Garoa (1912); lehenak, bizkaieraz, arrantzaleen mundua deskribatu zuen; bigarrenak, gipuzkeraz, euskal baserri tradizionala. Sarritan eztabaidatu da zein den bietatik hoberena, erantzun argi eta adostu batera iristea erdietsi gabe. Lehen eleberria (Auñemendiko lorea, 1898) eta amaitu gabe gelditu zena (Ni ta ni, 1917) genero historikokoak dira. Kasu guztietan lehenengo atalka ateratzen ziren, Euskalzale, Euskal Erria edo RIEV bezalako aldizkarietan, eta ondoren liburu gisa. Horrek batzuetan nahasteak eragin ditu argitaratze-data edo argitaraldiak zenbatu orduan, baina arrunki liburu gisa argitaratutako lehen bertsioa hartu ohi da bertsio kanonikotzat.
Eleberriez landara, testu asko idatzi zituen, baina aldizkari gutxi batzuetan, ondoko hauetan, hain zuzen ere: Euskal Erria, Euskal Esnalea, Euskalerriaren alde, Euskalzale eta RIEVen. Testu gutxi batzuk ere liburuxka gisa argitaratu zituen. Orobat, bera hil ondoren argitaratu ziren testu-bilduma batzuk, adibidez, Ondarrak (1964) eta Ipuinak (1990), eta hainbat testu argitaragabe, hala nola Sermoiak (2000) eta Gutun bilduma (2008).
Apaiza eta idazlea ez ezik, kultur eragilea ere izan zen: Euskal Esnalea elkartearen eta Euskalerriaren alde aldizkariaren sortzaileetako bat izan zen. Bereziki aipagarria da Euskaltzaindiaren sorreran izan zuen esku-hartze erabakigarria, berau baitzen mahaiburu hura sortzea erabaki zen bilkuran, 1918ko irailaren 5ean Oñatiko biltzarraren barruan. Honelaxe dago jasota Euskera aldizkarian: «Garai ortan, mai buru zegoan Domingo AGIRRE’k (Goian bego) galdetu zuan: “Euskera’ren lker eta zaitzaile izan ditakean Baltza ori (oraindik izenik emango eztiogu) jarri dadin nai balimbadezute, autarkiz erabaki bear degu. ¿Onesten dezute?” Autarkiak bildu-ta, guziak batean baietz erantzun zuten» (Euskera, 1. zk., 1920, 44. or.). Dirudienez, ordurako makal zebilen osasun aldetik eta, hurrengo urtean lehen hamabi euskaltzainen taldeko izendatua izan zen arren, parte-hartze txikia izan zuen erakundearen bizitzan, berehala hil baitzen.
Sariz eta ohorez den bezainbatean, hurrengo hauek jaso zituen: hil eta berehala (1920ko urriaren 25ean) Euskal Esnalea elkarteak omenaldia egin zion, eta meza ondorengo ekitaldian R. M. Azkuek, K. Etxegaraik eta P. Lhandek omenezko hitzaldiak irakurri zituzten; entzuleen artean, Gipuzkoako diputatu nagusia, euskaltzainak eta garaiko idazle eta politikari ugari izan ziren; jaiotzaren mendeurrena ospatzeko, Euskaltzaindiak Ageriko bilkura Ondarroan egin zuen (1964), eta Eusebio Erkiagak, Nemesio Etxanizek eta Anizeto Zugastik hitzaldiak eskaini zituzten. Orobat, urte horretan zehar Ondarroan beste hainbat ekitaldi egin ziren: hitzaldiak, umeei sariak banatzea, Bizkaiko Bertsolarien Txapelketa Nagusia, antzerkia eta lore jokoak, Domingo Agirre izeneko literatura sariak emanez; hain zuzen ere, Euskaltzaindiak Domingo Agirre Eleberri Saria (1958-2008) sortu zuen Bizkaiko Aurrezki Kutxarekin batera. Gerora ere, Ondarroan hamaikatxo aldiz omenaldiak jaso izan ditu eta bere izena daramaten ikastola, elkartea eta udal liburutegia ere badaude. Era berean, Zumaiako Udalak haren izena eman zion kale bati eta hainbat aldiz omendu izan du (1964, 1998). Legazpin ere bere izena daraman ikastetxea eta plaza daude. Halaber, kale batek berorren izena du Donostian. Bilbo Zaharra Euskaltegiak taxututako Klasikoen Irakurketa etenik gabea ekitaldien barruan ere, berbarako, Kresala eleberria irakurri zen (2018), eta Forum Hitzaldiak antolatu eta argitaratu zuen.
1890, A. Larramendi-ren bizitzaren berri labur bat (Ignazio Ramon Baroja-ren Semeen moldizkiran).
1897, Breve noticia de la vida de San Martín de Loinaz (traducción del bascuence) [itzul.] (Imprenta de Francisco Muguerza).
1898, Zestua-ko euskal-festetan on Domingo Agirre ta Badiola Abadeak Gipuzkoako Diputazio Chit Goituaren aurrean egintako Sermoya 1898-ko agorraren 18-an = Sermón predicado en Cestona el día 18 de septiembre de 1898 ante la Excma. Diputación Provincial de Guipúzcoa por el Presbítero Domingo de Aguirre y Badiola con motivo de las fiestas euskaras celebradas en aquella N. y L. Villa (traducción del bascuence) (Imp. de la Provincia).
1898, Auñemendiko lorea (Euskalzalen Moldagintzan).
1966, Auñemendi-ko lorea: irakurgaia = La flor del Pirineo: novela [2 libk.] [2. argit.] (Auñamendi).
1986, Auñemendiko lorea (Labayru Ikastegia).
1998, Auñemendiko lorea (Euskal Editoreen Elkartea).
2009, Auñamendiko lorea (Hiria).1906, Kresala (Florentino Elosu-ren echean).
1906, Kresala (Florentino Elosu-ren echean).
1954, Kresala (Itxaropena).
1958, Kresala = (La brume salée): moeurs et traditions des pêcheurs basques (P. Arburu).
1967, Kresala (Arantzazuko Frantziskotar Argitaldaria).
1969, Kresala (Arantzazuko Frantziskotar Argitaldaria).
1976, Kresala (Arantzazuko Frantziskotar Argitaldaria).
1986, Kresala (Labayru Ikastegia).
1988, Kresala (Labayru Ikastegia).
1992, Kresala (Arantzazuko Frantziskotar Argitaldaria).
1995, Kresala (Elkar).
1995, Kresala (Orain).
1996, Kresala (Labayru Ikastegia).
1997, Kresala (Elkar).
1999, Kresala (Elkarlanean).
2002, Kresala (Bibliotex).
2004, Kresala (Labayru Ikastegia).
2009, Kresala (Labayru Ikastegia).
2009, Kresala (Hiria).
2013, Kresala (Erroa).
1912, Garoa (Florentino Elosu-ren echean).
1935, Garoa (Beñat Idaztiak).
1956, Garoa (Arantzazuko Frantziskotar Argitaldaria).
1966, Garoa (Arantzazuko Frantziskotar Argitaldaria).
1987, Garoa (Arantzazuko Frantziskotar Argitaldaria).
1987, Garoa (Labayru Ikastegia).
1990, Garoa (Labayru Ikastegia).
1993, Garoa (Arantzazuko Frantziskotar Argitaldaria).
2009, Garoa (Hiria).
2013, Garoa (Labayru Ikastegia).
1935, Larralde’ko lorea (Artur Kanpion’ar Artur’ek [itzul.]) (Beñat Idaztiak).
1964, Ondarrak [idazlan hautatuak] (Gráficas Bilbao).
1990, Ipuinak (Etor).
2000, Sermoiak (Labayru Ikastegia).
2008, Gutun bilduma (Euskaltzaindia).
Euskera agerkarian
1920, "Gure illak = Nuestros difuntos = Nos morts". PDF