Oinarrizko ikasketak Donostian egin ondoren, apaizgorako ikasketak Gasteizko seminarioan egin zituen, 1903ko abenduaren 26an apaiztu zelarik. Lehenengo, gaur ere Altzako (Gipuzkoa) Mirakruz gainean den La Asunción moja-ikastetxean egon zen kapilau (1906-1916), eta gero Donostiako San Bizente parrokiara igorri zuten apaiz-laguntzaile bezala. Postu horretan eman zuen bizitza osoa.
Pertsona xumea izan zen, jaioterri eta bizileku zuen Donostiari biziki atxikia. Apaiz bezala egiten zituen lanez gain, literatura zen bere bokazioa; olerkiak, ipuinak eta kazetaritza artikuluak idatzi zituen, beti formatu txikian eta beti inguruko errealitate hurbilari oso lotuak: herritar xumeak izaten ziren protagonista, bereziki Parte Zaharreko eta kaialdeko arrantzaleak eta antzekoak, sarritan umorezko kontakizun entretenigarrietan. Literatur sari asko eskuratu zituen, eskuarki euskal jaien harira herriz herri antolatzen zirenetan, adibidez Zumaian (1901), Irunen (1903), Donostian (1906, 1909, 1913) edo Azkoitian (1910), besteak beste. Olerki edo kontakizun horiek giro bereko aldizkarietan argitaratzen zituen ondoren, bereziki Euskal–Errian edo Argian; liburu bakarra argitaratu zuen, salbuespen gisa: Ipuiyak (1922), alegia klasikoen egokitzapenen bilduma bat dena. Elurmendi goitizenarekin sinatu ohi zituen lanak.
Donostiako Argia astekaria (1921-1936) izan zen haren plaza nagusia. Sortzaileetariko bat izan zen eta asko idatzi zuen bertan, bereziki lehen urteetan (1921-1923); hortik aurrera gutxiago, baina inoiz erabat utzi gabe.
Gerraren ondorioz asko sufritu zuen. Ez zen abertzalea, eta, izatekotan, alderdi integristaren hurbilekoen artean kokatu beharko litzateke, gero euskaltzainburu izango zen Ignazio Maria Etxaiderekin batera euskarazko eskolak antolatzen aritua baitzen Zirkulu Integristan, baina testigantza batzuen arabera mehatxuak jaso zituen eta bere bizitzako azken urteetan guztiz nahigabeturik bizi izan zen. 1941etik aurrera Euskaltzaindiaren bilkuretan parte hartzen segitu zuen, baina soilik Donostian zirenean eta ekarpenik egin gabe.
Hain zuzen ere, Euskaltzaindia izan zen bere euskaltzaletasuna garatzeko beste plataforma garrantzitsu bat. Lehen hamabien artean hautatua, berehala izendatu zuten idazkariorde (1919), eta Luis Eleizalde idazkaria gaixotzean, idazkari (1921). Postu horretan segitu zuen gerra etorri arte; hain justu ere, erakundearen batzar-agirien liburua, bere zaintzapean zegoena idazkari zen partez, falangistek eraman zuten eta geroztik galduta dago. Euskaltzaindian batez ere eguneroko langintzetan aritzen zen: idazkari-lanak egin, literatur sarietako epaimahaietan erakundea ordezkatu, euskal aldizkarien edo testu liburuen gaineko begiratze-lanak, euskarazko azterketak eta antzekoak. Bereziki, Eusko Ikaskuntzarekiko harremanen ondorioz sortzen ziren hainbat eginkizun (batzorde edo epaimahairen batean parte hartu, adibidez) bere eskutik joaten ziren.
Hil ondoren argitaratu zen bere Historia eclesiástica de San Sebastián (1951) gotorra, literaturarekin batera haren bigarren zaletasun handia zenaren emaitza: Donostiaren historia. Nahikoa ahaztuta egon zen gero urte luzetan, harik eta 2008an Alberdania argitaletxeak 1910-1931 bitartean idatzitako ipuin eta testuen hautaketa bat atera zuen arte, Ales Bengoetxearen eskutik: Orain arte, kabuxak. Ipuiak (1922) alegia-bildumari dagokionez, Josune Beldarrainek doktorego-tesian (2010) nabarmendu du, kasu gehienetan iturria Fedro eta Samaniego izan arren, euskal irakurle apala hartu zuela jomuga eta saiatu zela ipuinak haren ezaugarrietara egokitzen, Euskal Herrian kokatuz eta irakurleen kultura-unibertsoko edukiak tartekatuz.
Aldizkariei dagokienez, ondoko hauetan atera zituen bere lanak: Argia, Euskal-Erria, Euskal Esnalea, Euskalzale, Gure Herria, La Vasconia, RIEV eta Yakintza.
Sari eta ohoreez den bezainbatean, Euskaltzaindiaren Urrezko Ezteiak zirela-eta, Anizeto Zugastik haren ohorezko hitzaldi bat eman zuen Donostian osoko bilkura batean (1969-11-21ean), eta Intzagarairen jaiotzaren mendeurrenaren harira, Juan Jose Arruek beste hitzaldi bat eman zuen Donostian, Osoko bilkura batean baita ere (1978-11-24).
1922, Ipuiyak / Elurmendi'k euskeratuak (Argia). [Liburuklik] [Koldo Mitxelena]
1927, Zumaya'ko Udal-Etxean Etxegarai'tar Bonifazio jaunaren euskaltzain-sarreran irakurri ziran itzaldiak [elkarlanean] (Editorial Vasca).
1951, Historia eclesiástica de San Sebastián (Diputación de Guipúzcoa).
2008, Orain arte, kabuxak (Alberdania). Webgunea
Euskera agerkarian
1926, "Etxegarai'tar Bonifazio euskaltzain berri jaunaren itzaldiari Erramon Intzagarai euskaltzain jaunak egin zion erantzumena". PDF