Oinarrizko ikasketak Hazparnen egin zituen (1857-1859), eta apaizgorako ikasketak Larresoroko seminario ttipian (1859-1964) eta Baionako seminario handian (1864-1865). Ondoren, Larresorora itzuli zen, frantses irakasle gisa lehenik (1865-1870) eta Humanitate irakasle bezala gero (1870-1873). Irakasle zen bitartean Teologia ikasi zuen Larresoron bertan (1865-1869) eta 1869an apaiztu zen, Hirutasun Santuaren egunaren bezperan. Ez zuen bestelako ikasketarik egin.
Irakasletza utzirik, bikario egon zen Maulen (1873-1875) eta erretore Aiziritzen (1875-1880) eta Oragarren (1880-1891). Osasun arazoak zirela-eta, nagusiek beste destino bat eman zioten: Fedearen Propagacioneco Urtecaria-ren (1877-1936) argitaratzaile, alegia, frantsesezko originalaren (Annales de la Propagation de la Foi) euskal itzultzaile. Ondorioz, bi hilabetean behin (izenburuan urtekaria hitza agertu arren, sei zenbaki argitaratzen ziren urtean) berrogeita hamar bat orrialdeko liburuxka bat editatzen zuen, osorik euskaraz, mundu osoko misiolariek (Afrika, Asia, Amerika eta Ozeania) igorritako albiste, kontakizun, gutun eta erreportajez osatua.
Ziur aski, hura zen garai horretan euskal aldizkaririk nazioartekoena. Ez dago esan beharrik kontakizunek helburu erlijioso-moral argi bat izaten zutela beti, baina inguruneak kontraste bizia egiten du orduko narrazio kostunbrista euskaldunekin. Har dezagun bat adibidetzat: “Oihan-Lore edo Emaztegai baten nahigabeak, Aita Thiollière, Parisko Misionest kamporakoetarik, Swatow-ko Bikariat apostolikoan Misionest denaren guthuna” (6. zk., Hazila 1916, 249-262. or.). Honela abiatzen da: “Huna, ez khondario asmaturikako bat, bainan gerthakari bat, China huntan noiz nahi ikusten dena. Hemen berean gerthatu dena da”. Eta segitzen du kontatzen Oihan-Lore neska gazte zintzoa baina txolinak ezkondu arte bizitzen dituen zenbait abentura eta nahigabe. Hona amaiera: “Egon ziren goanethorrietan, ikhasi zituen den hobekiena Ohian-Lorek, pazientzia, eztitasuna, girichtinotasun khartsuena”. Argazki exotiko bat ere badago tartekatuta, baina neska ezkongai anonimo batena omen, ez Oihan-Lorerena berarena.
Langintza horretan 38 urte eman zituen. 1918an aldizkariaren izenburua pittin bat aldatu zen, Fedearen Hedameneko Urtekaria bihurtuz. Orobat, data horretatik aurrera kudeatzaile edo kudeatzaile-itzultzaile bezala agertzen da.
Irakasle, apaiz eta itzultzaile lan horiez gain, harreman berezia izan zuen Euskaltzaleen Biltzarrarekin. Haren fundazioan parte hartu zuen eta hasieratik izan zen kide aktiboa; idazkari orokor gisa ageri da 1905etik gutxienez, eta 1913tik aurrera bethiereko idazkari, garai hartan ohiko samarra zena mota horretako elkarteetan. Lehenengo urteetan, bereziki, bere sinadura agertzen da elkartearen urteko biltzarraren batzar-agirian, eta, berritasun handia dena, inoiz euskara hutsez ere argitaratzen dira hauek (RIEV, 1911 eta 1912, eta 1914-1917, hurrenez hurren 1910, 1912 eta 1913ko batzaldiei dagozkienak); elkarteak berak argitaratutakoak ere askotan euskara hutsean argitaratzen dira (1910-1912 edo 1919-1921). Oso litekeena da jatorrizkoa frantsesez idaztea, baina ondoren euskaratzea eta argitaratzea delibero argi baten erakusgarria da. Litekeena da Landerretxeren eskua erabakigarria izatea gertakari horietan, izan ere, batzuetan (1906, 1908) euskararen aldeko aldarrikapen kartsuak eransten baititu bere eskutik, baina ez modu generikoan, oso zehatzean baizik, adibidez: “Euskaraz mintzatzea da, Euskara bizi atchikitzea. Euskaraz mintza ez laitekeenak, Euskara lotan atchikitzen luke, eta, lo hori guzietarat hedatzeaz geroz, heriotzea laiteke. Euskalzale egiazkoak, beraz, Euskarari biziaren emateko, behar du: 1º Jarraikitasunarekin Euskaraz mintzatu [...]” (RIEV, 1 zk., 1907, 430. or.). Euskararen defentsa sutsua da, beharbada, haren biografiaren puntu azpimarragarrienetako bat.
Gaineratu behar da haren gogoan euskara eta fedea guztiz bat eginda zeudela, bata praktikatzea bestea ere betetzeko biderik eraginkorren bezala ikusten baitzuen, orduko euskaltzale askok bezala.
Zaharra zen jada euskaltzain oso izendatu zutenerako, eta osasun ez oso onekoa, baina aktiboki parte hartu zuen erakundearen bilera eta lanetan; bere ekarpen nagusia paremiaren ingurukoa izan zen, hots, hainbat bilkuretan erran zuhurren bildumak aurkeztu zituen, ondoren Euskeran argitaratu zirenak. Hortaz gain, euskararen gainean egindako idazkien bilduma bat ere argitaratu zuen: Aphurka zahar eta berri (1905), zeinean, besteak beste, jasotzen dituen Azkaineko euskal jaietan saritutako bertso batzuk (“Iratiko artzaina”) eta 1901ean saritutako hitz-lauzko testu bat, Eskuraren alde (1902), gramatika- eta bibliografia-oharrekin batera. Euskal gramatika bat ere idatzia zuen, frantsesez, baina ez zen inoiz argitaratu.
Resurreccion Maria Azkueri idatzi zizkion gutunak, Akademiaren artxiboan gordetzen direnak, finezia eta jendetasunezko eredu gorentzat hartzeko modukoak dira, euskaraz gutxitan irakur daitezkeen esaera formalak baitarabiltza naturaltasun osoz. Bazuen, ordea, dirudienez, aurpegi latzago bat ere: erakundeari igorritako beste dokumentu batean Jean Hiriart-Urruti (1859-1915) Eskualdunako zuzendariarekin izandako polemika bat aipatzen du, astekari horrek bere kontra agertzen duen etsaigoaren azalbide bisa; Piarres Lafittek ere ez zuen oso gustuko haren lapurtera trinkoa.
Ondoko aldizkari hauetan idatzi zuen: Courrier de Bayonne, Eskualduna, Euskal Esnalea, Euskera, Fedearen Propagacioneco Urtecaria, Gure Herria eta RIEV. Euskaltzaindiak omenaldia egin zion 75. mendeurrenaren harira Biarritzeko udaletxean Iratzederrek eskaini zion hitzaldiaren bidez.
1902, Eskuararen alde (Imp. Lasserre).
1905, Aphurka zahar eta berri : ahurtara bat eskuararen alde (Imp.-Lib. L. Lasserre). Webgunea
1911, Un équivalent du proverbe : "Urrungo eltzea urrez, gu harat orduko lurrez" (Honoré Champion).
Euskera agerkarian
1925-1928, "Erran zuhurrak" [bost zatitan].