Azpeitian jaio zen, baina oso lotuta zegoen era berean Zumaiarekin, haren bizitza guztiz baldintzatuko zuen gertakaria jazotzean familia osoa han bizi baitzen: aitaren zorigaiztoko heriotza goiztiarra. Karmelok hamabost urte zituen, eta Bonifazio anaia txikiak bi besterik ez. Ondorioz, hasiera batean Santanderren bizi zen osaba batek hartu zuen, familiaren zama arintzeko, nonbait; hiri horretako institutuan ekin zion ikasteari, baina oso denbora laburrez, handik gutxira osaba ere hil eta hamazazpi urte zituela Zumaiara itzuli behar izan baitzuen. Hortik aurrera, ikasketetarako bereziki iaioa izan arren, lanari ekin behar izan zion, eta Gipuzkoako Aldundiak Euskal Lore Jokoetako biblioteka eta artxiboa antolatzeko kontratatu zuen, Donostiako Udalaren eskariz; badirudi haren familiaren egoera ahula izan zela lanpostu hori eskuratzeko arrazoi nagusia, hori da behintzat Gregorio Muxikak idatzi zuen hilberrian kontatzen diguna.
Baina, betiere Muxikak dioenaren arabera, berehala aparteko dohainak erakutsi zituen lanean eta, laster, Aldundiak mailaz igo eta erakundearen beraren bibliotekan eta artxiboan jarri zuen lanean. Emaitzak berehalakoak izan ziren, lehena Memoria presentada a la Diputación Provincial de Guipúzcoa sobre organización de archivos (1891) txostena, non probintzia osoaren artxiboen antolakuntzaz diharduen, ordura arte udalen gain zeuden artxiboak sistema bakar batean integratzea proposatuz. Era berean, artxibo horien antolakuntzak Historiari begira zeukan garrantziaz ohartarazten du, Historia bera baita, azken finean, herriaren gobernu on eta egokirako guztiz ezinbestekoa den elementua. Beraz, esan daiteke lehen lan xume horretan ederki atzeman daitekeela ondoren etorri zen ibilbide intelektual sendoaren hazia.
Handik lau urtera argitaratu zuen bere lehen lan garrantzitsua, Las provincias vascongadas a fines de la Edad Media (1895), egundoko harrera ona izan zuena, hain ona ezen Bizkaiko Aldundiaren ekimenez, eta Araba eta Gipuzkoakoen adostasunez, hiru aldundiek lanpostu berezi bat sortu baitzuten berarentzat, "hiru probintzietako kronikari" postua, bulego-lan administratibo orotatik salbuetsiz eta eginkizun bakartzat izanik hiru aldundien esanetara txostenak eta ikerketa historikoak egitea, betiere foruen eta eskubide historikoen inguruan. Gernika hautatu zuen bizilekutzat, eta aurrerantzean horretan jardun zuen, gero eta ardura handiagoak eta itzal intelektual luzeagoa erdietsiz.
Argitu beharra dago XIX. mendearen amaierako eta XX.aren hasierako garai horretan hiru aldundien arazo politiko zentrala izaten zela 1876an abolitutako foru erregimena berreskuratzeko Madrilgo gobernuarekin negoziatzea, edo, hori beti luzamendutan ibiltzen zen gaia izanik, Kontzertu Ekonomikoa aldian-aldian adostea eta, horrekin batera, gobernu zentralaren eta aldundien artean etengabe sortzen ziren gatazkak eta desadostasunak bideratzea. Horretarako, jakina, aldundientzat oso beharrezkoa zen Historian aditua zen norbaiten laguntza eta aholkularitza. Hori izan zen Etxegarairen lana hurrengo hogeita hamar urtean, eta, J. Agirreazkuenagak edo J. Kintanak nabarmendu dutenez, bera izan zen neurri handi batean foruzaletasunaren diskurtso klasikoa poliki-poliki autonomismo berrira eraldatzeko oinarri teorikoa sortu zuena, betiere eskubide historikoetan indar eginez. Ildo horretan azpimarratzekoa da baita ere bera izan zela, ikerketa historiko ugari eta garrantzitsuak argitaratzeaz gain, sarritan aldundiaren lehen mailako aldarrikapen edo mezu politikoak idazten zituena, hiru aldundien arteko bateratasuna bilatuz eta adostuz, eta inoiz edo beste baita Nafarroakoarena ere, goi mailako negoziazio diskretuen bidez. Ez zen izan zeregin horretan jardun zuen bakarra, baina dudarik gabe haren eskua eta itzala nabarmenak ziren, iritzi publikoaren aurrean bigarren maila batean geratzen baziren ere.
Gorago aipatu dugun familia-egoeraren ondorioz, ez zuen goi ikasketarik egin; artxibozain eta historialari gisa guztiz autodidakta izan zen. Maisu bakartzat Marcelino Menéndez Pelayo (1856-1912) aitortu zuen, zeinarekin konfiantzazko harreman etengabea izan zuen gaztetatik: badirudi osabarekin Santanderren bizi izan zen garaian ezagutu zuela, baita ere familia harremanen bidez, eta ordutik haren gidaritza izan zuela maila guztietan. Adibidez, iritzi eta jarrera askotan haren antzekoa zen, aldi berean konbinatzen baitzuen katolizismo militante eta suhar bat maila politikoan elkarrizketarako jarrera malgu batekin, era guztietako pertsonekin harreman adiskidetsuak sortuz. J. Kintanak nabarmentzen duenez, kritika zorrotz bakarrak Sabino Aranaren eta haren jarraitzaile erradikalenen eskutik etorri zitzaizkion, Espainiako boterearekin hautsi-mautsietan aritzeko joera gogorki gaitzesten baitzuten, baina Kintanak berak ohartarazten digu “Etxegaraik, alderdikeria eta sektarismoen gainetik, joera guztietako kontserbadore eta tradizionalisten batasuna desio zue[la]”.
Oso gaztetatik nabarmendu zen euskaltzale gisa, Markinako Lore Jokoetan literatur sari bat irabaziz hemezortzi urte besterik ez zituenean (1883); saria jasotzeko ekitaldia izan zen bere lehen agerpen publikoa eta oinatza utzi zuen entzuleen artean. Poemak, ipuinak eta narrazio laburrak idatzi zituen euskaraz, hainbat aldiz irabazi zituen sariak eta aipamenak eta lan horietarik gehienak Euskal Erria aldizkarian argitaratu zituen. Garaiko kostunbrismoan eta erromantizismoan txertatzen da, gure artean gaztelaniaz Antonio Truebak eta euskaraz Txomin Agirrek, besteak beste, ordezkatzen duten horretan, baina Etxegarairenak ez dute denboraren galbahea pasatu, eta gutxitan aipatzen dira; soilik haren elezahar batzuk berrargitaratu dira, mota horretako testuen zenbait antologiatan.
Testu literarioez gain, bestelako batzuk ere idatzi zituen euskaraz. Bereziki nabarmendu behar da Donostia-ko Fueroa (1909), Donostiako Euskal Jaietan (1906) aurkeztu eta irabazle izan zena; Zuzenbide Historikoari buruz euskaraz idatzitako lehenetako testu bat da, eta adierazten digu berarentzat euskara ez zela soilik literaturaren esparruan erabili beharreko hizkuntza. Bi hizkuntzako edizioan argitaratu zen, gaztelania hutsezko izenburu engainagarri batekin: Fuero de repoblación de San Sebastián concedido por D. Sancho el Sabio (Rey de Navarra) (1909).
Dena den, haren emaitza intelektual nagusi eta emankorrena hil baino apur bat lehenago argitaratutako bi ikerketa historiko dira: Compendio de las instituciones forales de Guipúzcoa (1924) eta haren laburpena den Epítome de las instituciones forales de Guipúzcoa (1925). Aldundiaren eskariz idatziak, bietan atzematen da zientzia historiko zorrotzena Euskal Herriaren aldarrikapen politikoen zerbitzura jartzeko deliberoa. Biak berrargitaratu dira 2009an, liburuki bakar batean.
Hasieratik urgazle izendatu bazuten ere, denbora gutxi egin zuen euskaltzain oso gisa, eta ez zuen asti handirik izan akademiaren lanetan esku hartzeko. Gorago aipatu dugun Euskal Erria aldizkariaz gain, Euskal Esnalea elkartea eta Euskalerriaren alde aldizkaria izan ziren haren plataforma nagusiak. Eusko Ikaskuntzaren sorreran ere esku hartu zuen eta zuzendaritzako kide izan zen Historia sailaren izenean.
Ondoko egunkari eta aldizkari hauetan idatzi zuen: Aránzazu, Boletín de la Academia de la Historia, Boletín de la Comisión de Monumentos Históricos y Artísticos de Vizcaya, Boletín de la Sociedad Española de Excursiones, Euskal Erria, Euskal Esnalea, Euskalerriaren alde, Euskalzale, Euskera, Novedades, Revista contemporánea, Revisa Euskara, RIEV, Vida Vasca eta abar.
Hil eta berehala, Euskalerriaren alde aldizkarian hainbat hilberri eta oroimen oneko artikulu argitaratu ziren (1925); Eusko Ikaskuntzaren ekimenez, Gipuzkoako Aldundiak Homenaje a D. Carmelo de Echegaray (1928) liburua argitaratu zuen, Arabako eta Bizkaiko aldundien adostasunaz. Jaiotzaren mendeurrenaren kariaz, Azpeitiko Udalak omenaldi bat egin zion (1865), eta handik hamar urtera beste bat, Euskaltzaindiaren laguntzaz (1975). Horretaz gain, Euskaltzaindiak berak omenezko ekitaldia egin zuen Donostian (1971) Urrezko Ezteien harira, eta haren liburuen eta argitalpenen erakusketa bat Gernikan (1982). Donostian, Gernikan eta Mungian kale bana daude haren izenarekin. Halaber, Azpeitiko ikastolak haren izena darama.
1891, Memoria presentada a la Diputación Provincial de Guipúzcoa sobre organización de archivos (Imprenta de la Provincia). Webgunea
1893, Investigaciones históricas referentes a Guipúzcoa : memoria presentada a la Excma. Diputación Provincial de Guipúzcoa (Imprenta de la Provincia). Webgunea
1895, Las provincias vascongadas a fines de la Edad Media : ensayo histórico (Establecimiento Tipográfico de F. Jornet). Webgunea
1898, Archivos municipales de Guipúzcoa : orden en que han de ser arreglados y sistema definitivamente adoptado para la organización de los mismos : memoria presentada en la Excma. Diputación Provincial de Guipúzcoa (Imp. de la Provincia). Webgunea
1898, Trabajos de un cronista (Enc. de Andrés P.-Cardenal).
1901, Apéndice a la obra Noticia de las cosas memorables de Guipúzcoa de D. Pablo de Gorosábel (Imp. Lib.y Enc. de E. López). Webgunea
1901, De mi país: miscelánea histórica y literaria (Imprenta y Encuadernación de F. Jornet). Webgunea
1905, El maíz / conferencia de D. Carmelo de Echegaray, leída por su autor el día 14 de septiembre de 1904 en el salón de actos del Instituto de Guipúzcoa (Imp. de la Provincia). Webgunea
1905, Introducción del cristianismo en el País Vasco / conferencia de D. Carmelo de Echegaray, leída por su autor en el salón de actos del Instituto de Guipúzcoa el día 30 de septiembre de 1904 (Imp. de la Provincia). Webgunea
1905, Iztueta / conferencia de D. Carmelo de Echegaray ; leída por Joaquín Pavía y Bermingham en el Salón de Actos del Instituto de Guipúzcoa el día 25 de septiembre de 1904 (Imp. de la Provincia). Webgunea
1905, Los archivos municipales como fuentes de la historia de Guipúzcoa : memoria presentada a la Excma. Diputación Provincial de Guipúzcoa (Imprenta de la Provincia). Webgunea
1908, Villafranca de Guipúzcoa : monografía histórica (Tip. de la Viuda de B. Valverde). Webgunea
1909, Fuero de repoblación de San Sebastián concedido por D. Sancho el Sabio (Rey de Navarra) : trabajo sobre este tema presentado al concurso abierto por la Comisión Municipal de Fiestas Euskaras de San Sebastián el año de 1906 (Talleres de la Sociedad Española de Papelería). Webgunea
1910, Discurso del Señor Don Carmelo de Echegaray, cronista de las Provincias Vascongadas, leído en el Primer Congreso Nacional de Terciarios Franciscanos (Imp. de Juan Balado).
1914, Trueba : discurso leído en la velada que se celebró en el Teatro de los Campos Elíseos de Bilbao, el 22 de marzo de 1914, para honrar la memoria del poeta vizcaino (Martin, Mena y Compañía). Webgunea
1916, Elogio de Menéndez Pelayo (J. Martínez).
1917, De mi tierra vasca : miscelánea histórica y literaria. Primera serie (Imp. de José Gros). Webgunea
1917, ¿Qué se leía en Bilbao a fines del siglo XVI? : conferencia leída en el salón de la Sociedad Filarmónica de Bilbao el día 11 de enero de 1917 (Martín, Mena y Compañía). Webgunea
1919, La tradición artística del Pueblo Vasco / conferencia leída en la Sociedad Filarmónica de Bilbao el día 19 de Marzo de 1918 de Carmelo de Echegaray ; conferencias organizadas por la "Junta de Cultura Vasca" para el ciclo de 1918 (Bilbaína de Artes Gráficas).
1919, Informe acerca de los documentos referentes a la historia vasca que se contienen en archivos públicos (Eusko Ikaskuntza = Sociedad de Estudios Vascos). Webgunea
1921, Geografía general del País Vasco-Navarro : Provincia de Vizcaya (Estab. Ed. de Alberto Martín).
1922, La Casa de Juntas de Guernica (Imp. y Fotograbado Viuda de Luis Tasso). Webgunea
1922, El espíritu de las instituciones franciscanas : discurso pronunciado en la Asamblea Terciaria de Guernica el día 14 de agosto de 1921 (Imp. y Lit. y Enc. Dochao).
1924, Compendio de las instituciones forales de Guipúzcoa (Imp. de la Diputación de Guipúzcoa). Webgunea
1925, Epítome de las instituciones forales de Guipúzcoa (Imprenta de la Diputación de Guipúzcoa).
1931, Manuscritos procedentes de la Biblioteca del Príncipe Luis Luciano Bonaparte ( Imprenta Provincial). Webgunea
1965, De mi tierra vasca : miscelánea histórica y literaria. Segunda serie (Junta de Cultura de Vizcaya).
2009, Compendio de las instituciones forales de Guipúzcoa ; Epítome de las instituciones forales de Guipúzcoa (Fundación para el Estudio del Derecho Histórico y Autonómico de Vasconia = Euskal Herriko Zuzenbide Historiko eta Autonomikoa Aztertzeko Fundazioa).
Euskera agerkarian
1926, "Karmelo Etxegarai jaunak, Euskaltzaindian sartu zan egunean irakurritako lana, Azpeiti'ko Udal-etxean 1925'garen garagarrilla'ren 25'an". PDF