Oinarrizko ikasketak Donibane Lohizunen burutu ondoren, eliz ikasketak Uztaritzeko eta Baionako seminarioetan egin zituen 1933-1941 artean. Osasun arazoak izan zituen haurtzarotik. 1941eko azaroaren 6an beneditarren Belokeko monasteriora sartu zen apaizgai Ahurtin. Apaiztu eta meza berria 1945ean eman zuen.
1949an nobizioen irakasle hautatu zutenetik, beneditarren monasterioan ardura handienak izan zituen. 1969an priore izendatu zuten, eta 1972an mitradun abade, historiako seigarrena. Halaber, Beloke-ko Abatetxearen historia (1993) idatzi zuen, euskal gizarteak ehun urtean bizitako aldaketak islatzen dituena.
1987an, Bernardin Gantin kardinalak horretaratuta, abade kargua utzi eta Beningo Errepublikako misioetara joan zen. Hamazazpi hilabete Afrikako bihotzean (1991) idatzi zuen hango egonaldiaz. Osasun arazoengatik Euskal Herrira itzulita, geroztik Belokeko monasterioan bizi izan zen.
Piarres Lafitte irakaslearen bidez, 1935-1936 artean hasi zen euskaraz idazten Donostiako El Día egunkarian eta Baionako Eskualduna astekarian. Halaber, Le Courrier de Bayonne egunkariko zuzendariak euskal atalaren ardura eman zion.
Espainiako Gerra Zibilaren ondorioz, abertzale erbesteratuekin harremanak izan zituen jaioterrian. Hain zuzen, 1937-1938 artean Euzko Jaurlaritzaren Euzko Deyara bidalitako poesietan ezizen baten beharra ikusi eta “Iratzeder” hautatu zuen betirako.
Bigarren Mundu Gerrako urteetan, Aintzina aldizkaria berriz argitaratzeko lanetan aritu zen Marc Légasse, Piarres Charritton eta beste lagun batzuekin. Donibane Lohizunen 1935ean sortutako Begiraleak taldeak, orobat, Iratzederren hainbat antzerki taularatu zituen garai horretan.
Gabriel Lertxundi beneditar musikariaren Kantikak (1948) libururako letrak moldatzearekin, elkarlan luze bati hasiera eman zion. Beste musikari askorekin ondu zituen eliz kantak: Jose Antonio Donostiakoa, Juan Urteaga, Tomas Garbizu, Joseba Olaizola edo Francisco Bengoa.
Belokeko monasterioan Ezkila argitaletxea sortu zuen, eta lehendabizi Jean Baptiste Harinbaten eta Blaise Ponsen Méthode basque pour debutants (1951) argitaratu, Bordeleko unibertsitate ikasleei zuzendutakoa.
Ondoren, Pasionea edo kurutzerainoko amodioa (1954) eta euskarazko beste hainbat kantika, salmo, otoitz liburu eta disko argitaratu zituzten.
1959an izandako gaixoaldi luze batean osatu zuen agian bere lanik ezagunena, Salmoak (1963), Itun Zaharreko salmoen egokitzapena. Euskal Herrian izan zuen arrakastaren erakusgarri, berehala gipuzkerara (Isidor Baztarrika) eta bizkaierara (Lino Akesolo) moldatu zuten.
Vatikanoko Bigarren Kontzilioak herri hizkuntzei liturgian emandako bidean aurrera eginda, Baionako Elizbarrutiko Liturgi Batzordean lan handia egin zuen 1964-1968 artean, Piarres Lafitte, Pierre Andiazabal edota Emile Larrerekin batera.
Euskaltzaindiaren Arantzazuko biltzarrera idazki bat bidali zuen 1968an euskara batuaren alde, eta 1969ko urrezko ezteietan, hitzaldi bat eman zuen euskal liturgiaz Baionan. Euskaltzaindiko batzordeei dagokienez, Aditz laguntzaile batua (1973) prestatu zuen taldeko kidea izan zen, baita Herri Jakintzakoa (1979-1983) eta Literaturakoa (1983-1985) ere.
Belokeko monasterioan, 1954-1987 artean, euskarazko Othoizlari eta frantsesezko Corde Magno aldizkarien sortzaile eta zuzendari izateaz gain, beste hainbat agerkaritan ere eman zituen idazlanak: Aintzina, Aranzazu, Bulletin du Musée Basque, Egan, Ekaina, Etchea, Euzko-Gogoa, Gernika, Gure Herria, Herria, Hitz, Ikuska, Jaunaren Deia, Mintza edo Olerti.
Mistizismoz blaitutako poesia, prosa eta antzerti lan ugarien hautaketa egin zuen hiru liburutan: Biziaren olerkia (1983), Biziaren gudaldia (1997) eta Biziaren airaldia (2001).
Sari eta ohorez den bezainbatean, honako hauek jaso zituen: Eskualzaleen Biltzarraren literatur saria (1940, 1946), Euskal Itzultzaile, Zuzentzaile eta Interpreteen Elkartearen ohorezko kide (1991), Euskal Herriko Idazleen Biltzarraren omenaldia (Sara, 1994), Eusko Ikaskuntzaren Manuel Lekuona saria (1994) edota Euskal Kultur Erakundearen omenaldia (Donostia, 2003). Hil ondoren ere, hainbat omenaldi egin zitzaizkion: Begiraleak elkartearena (2009), Belokeko monasterioaren liturgia omenaldia (2010), edo Euskal Kultur Erakundearena (Donibane Lohizune, 2015).
Musika eta otoitzak
1948, Kantikak [elkarlanean], (Abbaye N.-D. de Belloc).
1952, Pasionea edo kurutzerainoko amodioa [elkarlanean], (Ezkila).
1963, Salmoak [elkarlanean], (Ezkila).
1993, Itsasoan : 4 boz ezberdinetan [elkarlanean], (Ezkila).
1994, Etxe-xokoan : 3-4 boz berdin [elkarlanean], (Ezkila).
1996, Mendi gaineko irrintzin : 4 boz ezberdinetan [elkarlanean], (Ezkila).
Literatura
195?, Pindar eta lanho : (1920-1941), (Ezkila).
1959, Zeru menditik : 1941-1946, (Ezkila).
1969, Argiz argi : 1947-1957, (Ezkila).
1975, Uhaineri nausi : (1958-1971), (Ezkila).
1977, Fededunen arbasoa, (Zugaza).
1983, Biziaren olerkia, (Mensajero).
1997, Biziaren gudaldia, (Mensajero).
2001, Biziaren airaldia, (Gero-Mensajero).
2009, Iratzederren antzerki kaierak, (Hiria liburuak).
Memoriak eta historia
1991, Hamazazpi hilabete Afrikako bihotzean, (Elkar).
1993, Beloke-ko Abatetxearen historia : ehun urte jainkosemeen alde (1875-1975), (Mensajero).
1999, Lur sainduan hamar egunez beilari, (Gero-Mensajero).
Euskera agerkarian
1962, "Aita Xabier Diharce "Iratzeder"-ek euskaltzaindian sarrerako egin mintzaldia : [Belokeko eskual bidea]". PDF
1968, "Eskuararen batasunari buruz lan egitea [...]". PDF
1971, "A. Iratzeder-en hitzaldia". PDF
1975, "Lehen euskal hitzak". PDF
1984, "Kristauago eta euskaldunago : mezako hitzaldia". PDF
1990, "Orroitzapen [i.e. Oroitzapen] purruxken purruxkak". PDF
1991, "Aita Isidro Baztarrika (1931-1992) [hilberri txostena]". PDF
1991, "Euskarazko lehen Biblia egin zuen kapitainaren lanak eta minak (1859-1864)". PDF
1994, "Martin Landerretxe, euskaltzain apeza, (1842-1930)". PDF
1996, "Aita Gabriel Lerchundi (1908-1995) [hilberri txostena]". PDF
1996, "Hiru aldiz ikusi dut Aitzol". PDF
Iker bilduman
1983, "Entzun". PDF
1992, "Karrazkan ta zirurikan... : Aita Luis Villasante-ri 37-ko egun lazgarriaren eta 56-eko egun goxoen orroitgarri". PDF
1992, "Nere etxean hiru sorgin". PDF
1997, "Federiko Krutwig euskaltzain lagunari : Euskal-Herria eta... mundu zabala...". PDF