Batxilergoa Bilboko eskolapioen ikastetxean 1963-1970 urteen artean ikasi ondoren, Filologia Erromanikoko lizentzia lortu zuen Deustuko Unibertsitatean 1975ean, Jon Miranderen Haur besoetakoa (1970) eleberriaz egindako lizentzia txostenarekin.
Salamancako Unibertsitatean urtebete Koldo Mitxelenaren zuzendaritzapean eman eta gero, Koloniako Unibertsitateko Hizkuntzalaritza Institutuan (1976-1978) jarraitu zituen ikasketak.
1980an hizkuntzalaritza orokorreko masterra eskuratu zuen Iowako Unibertsitatean (AEB). Doktoregoa 1986an eskuratu zuen Los Angelesko Kaliforniako Unibertsitatean (UCLA), euskararen oinarrizko hitz ordenari buruzko tesiarekin, Topics on the syntax of Basque and Romance (1987), zuzendari Carlos Otero zuela.
Bilbora itzulita, Deustuko Unibertsitatean Filologia Erromaniko eta Ingeleseko eskolak eman zituen bi ikasturtez. 1987an Euskal Herriko Unibertsitatearen Gasteizko campusera aldatu zen, eta 1991tik irakasle tituluduna izan zen Hizkuntzalaritza Orokorra, Semantika eta Hizkuntza Tipologia irakasgaietan. 2003an katedra eskuratu zuen.
Gramatika konparatuari buruzko ikerketak egiten jarraitu zuen atzerrian, 1989an AEBko Massachussets-eko Teknologia Institutuan (MIT), eta 1992-1993 urteen artean Hanburgoko Unibertsitatean, Jürgen M. Meisel alemaniar erromanistarekin. Besteak beste, Pello Agirrek Atanasio Belapeireren katixima laburra gai hartuta (1696) egindako tesia zuzendu zuen.
Euskaltzaindiaz den bezainbatean, 1972an Akademiaren euskara irakasle titulua eskuratu eta Euskaltzaindiaren Bergarako Biltzarrean (1978) parte hartu zuen. Geroztik Gramatika (1986-2004), Exonomastika (1995-2004) eta Azkue Biblioteka (1996-2004) batzordeetako kide izan zen. Gramatika batzordeak, esaterako, urte horietan landu zuen EGLU (1985-2011) bilduma.
2002-2003an, Exonomastika eta Dialektologia batzordeetako arduradun izendatu zuten. Halaber, Euskara Batua eta Argitalpen batzordeetan ere aritu zen urtebetez, 2004an hil aurretik.
Bere heriotzaren ondoren, familiarekin eta Santurtziko Udalarekin sinatutako hitzarmenaren bidez, Euskaltzaindiak Andolin Eguzkitzaren biblioteka katalogatu zuen.
Politikagintzaz den bezainbatean, 2004ko Espainiako hauteskunde orokorretan, Senaturako hautagaia izan zen Aralar-Zutik koalizioaren eskutik. Halaber, Eusko Jaurlaritzaren Euskararen Aholku Batzordeko kide izan zen 1997-2002 urteen artean.
Bestalde, hainbat kultur elkarteko kide izan zen: Deustuko Unibertsitateko Euskal Kultura Mintegia, Udako Euskal Unibertsitatea edo Euskal Idazleen Elkartea. EIEko burua izan zen 1997-2002 urteen artean. Izan ere, hizkuntzalaritzaz beste, literatura eta bereziki poesia izan zituen langai nagusi.
Literatura, saiakera eta ikerketa lanak agerkari askotan eman zituen argitara: Anaitasuna, Arbola, Argia, ASJU, Berria, Bidebarrieta, Bilbao, El Correo, Egan, Ele, Elhuyar, Euskaldunak, Euskaldunon Egunkaria, Fontes Linguae Vasconum, Gogo, Hegats, Hizpide, Iberoamericana, IKA, Jakin, Karmel, Leer, Lingua, Maiatz, Mazantini, Pamiela, Pasajes, Pott Bandaren Praka, RIEV, Saioak, Susa, Xaguxarra, Zabal, Zehatz, Zeruko Argia, Zintzhilik edota Zutabe.
Jaso zituen sari eta omenaldien artean honako hauek nabarmendu daitezke: Euskera Lagunen Elkartearen Andima Ibinagabeitia saria (1976), Bilboko Poesia Astearen omenaldia (2004), Santurtziko Udaleko parke batek haren izena darama (2006), Euskal Herriko Unibertsitatearen Andolin gogoan (2006) eta Santurtziko Udalaren Katea ez da eten (2008) omenezko liburuak, Santurtziko Mamariga Kulturgunearen (2011) eta Mendebalde Kultura Alkartearen (2014) omenaldiak.
Literatura eta itzulpenak
1979, Lehen orenean (Elkar).
1986, Orhiko mendirantz urratsez urrats (Pamiela).
1987, Urkidian zehar (Pamiela).
1993, Mila urte igaro eta, ura bere bidean (Susa).
1995, Hizkuntzaren jatorriari buruzko tratatua / Johann Gottfried Herder [itzul. berrikus.] (Klasikoak).
1995, Poema-antologia / Konstandinos P. Kavafis [itzul. elkarlanean] (Pamiela).
1998, Herioaren itzalpeetan (Txalaparta).
2001, Erraietan barrena euria egiten digunean (Brosquil).
2002, Batzarra Telgten : kontaera bat / Günter Grass [itzul.] (Alberdania).
2003, Lore-koroa neure herriari (Santurtziko Udala).
2004, Arimaren ondoko ezkien artetik ibilki (Susa).
2005, Laguna / Dennis S. Miles [itzul.] (Txalaparta).
Edizioak eta ikerketak
1975, Haur besoetakoa elaberriaren egiturazterketarako saio antzean / Johañe Belakol [argitaragabea].
1975, Intento de análisis estructural de la novela Haur besoetakoa [argitaragabea].
1975, Ontsa hiltzeko bidea / Juan de Tartas [arg.] (Ed. Franciscana Aranzazu)
1976, Orhoituz / Jon Mirande [arg.] (Kriselu).
1987, (H)aur besoetakoa / Jon Mirande [arg.] (Pamiela).
1987, Topics on the Syntax of Basque and Romance (Indiana University).
1991, Geografidatutegia : geografi-izen arrotzen eta ortoepia finkatzeko saioa [elkarlanean] (Euskal Herriko Unibertsitatea).
2004, Hizkuntzalaritza orokorra : arazoak eta ikuspegiak [elkarlanean] (Euskal Herriko Unibertsitatea).
Euskera agerkarian
1978, "Euskara batuari buruz zenbait ohar eta proposamen apur". PDF
1978-1979, "Euskal hitz elkartuez". PDF
1985, "Aditz modalak euskaraz". PDF
1994, "Ponte-izenak" [elkarlanean].
2000, "Terence H. Wilbur-en oroitzapenez (1924-2000)" [hilberri txostena]. PDF
2002, "Xalotasunaren laudorioa" [sarrera hitzaldia]. PDF
Iker bilduman
2003, "Eskumaldera bazterturiko perpaus osagarriak". PDF
2004, "Gaztelaniazko 'de' preposizioaren eta euskarazko genitiboen jabekuntzaz" [elkarlanean]. PDF