Euskal Herritik kanpo jaio zen, baina ama Donapaleuko Saint-Jayme euskal familia ezaguneko alaba zen, euskal hiztuna. Aita Agen hirikoa zen, frantses gobernuko funtzionarioa; ondorioz, sarritan aldatzen ziren etxez, aitaren lan-destinoak eraginda. Hartara, hainbat lekutan bizi izan zen haurtzaroan eta gaztaroan, eta oinarrizko ikasketak Digne-les-Bains-en, Anguleman eta Bordelen egin zituen. Orobat, esan daiteke posizio ekonomiko oneko familia izan zela berea eta horrek guztiz markatu zuela bere bizitza, ondoren ikusiko dugun bezala.
Umetan ez zuen euskararik ikasi, baina hamabi edo hamahiru urte zituelarik haren bizitzan garrantzi erabakigarria izango zuen gertakari bat agitu zen: Salaberriren kantutegia (Chants populaires du Pays Basque, 1870) ikusi zuen salgai bigarren eskuko liburuen denda batean, eta amak hura erosteko dirua emateaz batera, kanten esanahia azaldu zion eta haiek ikastera adoretu zuen; handik gutxira buruz zekizkien guztiak. Ordutik aurrera beti aldean eraman zuen euskaltzaletasunaren harra. Denborarekin euskara osorik menderatzera iritsi zen, baina, Lafittek emandako testigantzaren arabera, gutxitan hitz egiten zuen euskaraz, gazteak euskaraz idaztera bultzatzen bazituen ere.
Filosofiako lizentzia Parisen eskuratu zuen, eta, ondoren, urtebete eman zuen zerbitzu militarrean (1900-1901). Hortik aurrera Parisen jarri zen bizitzen, Sorbonako eta ikastetxe handietako ikastaroen eta hitzaldien entzule; formalki, doktorego tesia lantzen ari zen, baina inoiz ez zen hura irakurtzera iritsi. Horrek betiereko ikasle ospea ekarri zion, eta horrekin batera, baita alfer samarrarena ere. Izan ere, negua Parisen ematen zuen eta uda, aldiz, Baionan (Villa Izarra zen haren etxea) eta Alduden; asko idazten zuen, baina beti oso artikulu laburrak, iruzkin erudituak eta antzekoak, bereziki RIEV aldizkarian. Gerra amaitu ondoren Landerretxeri idatzi zion esanez seiehun bat orrialde zituela idatziak Aldudeko euskarari buruz, baina batzuek zalantzan jartzen zuten baieztapen hori, haren alfer ospearen ondorioz seguruenik ere; askoz ere geroago aurkitu ziren orrialde horiek haren artxiboan; ez dute, hala ere, testu garbi bat osatzen, oharren bilduma handi bat baizik.
Filosofiarako joera handia zuen eta goraki aipatzen zituen Parisko maisu handien hitzaldiak eta liburuak: Jules Lachelier (1832-1918), Pierre Janet (1859-1947) eta Henri Bergson (1859-1941), gutxiago Lucien Lévy-Bruhl (1857-1939) edo Émile Durkheim (1858-1917), baina ororen buru hizkuntzalaria zen, euskarari buruz arduratua. Atzerriko euskalariak ziren haren erreferentzia nagusia, bereziki Schuchardt, Uhlenbeck edo Bonaparte printzea, eta dialektologiako gaiak zituen maiteenak, hots, Aldudeko euskara edo euskalki desberdinen arteko xehetasunak. Dena den, gorago esan dugun bezala, gutxi idatzi zuen gutun eta iruzkin laburrez landara, eta ondorioz esan daiteke haren ekarpen handiena eta iraunkorrena bestelakoa izan dela, bizitzan zehar egin zuen bilduma dokumental itzela hain zuzen, bi ataletan banatua: batetik artxiboa eta bestetik biblioteka. Biak guztiz garrantzitsuak euskal kulturaren historiarentzat.
Lehenean, bere lan eta paper propioez gain, hamaika euskalari handiren paperak, lanak edo gutunak bildu zituen: Bonaparte, Darricarrere, Van Eys, Xaho, Vinsonenak, besteak beste. Bigarrena, bere aldetik, Julio Urkixoren bibliotekarekin batera euskal testu eta gaiei buruz dagoen aberatsena da: Leizarraga, Axular eta Sarako eskolako autoreen lanak biltzen ditu, adibidez. Bata zein bestea erosi zizkioten Telesforo Monzonek eta haren emazte Josefa Ganuzak Lacomberen arrebari 1948an, eta Paristik Donibane Lohizunera ekarri zituzten. Gaur egun Monzon-Ganuza senar-emazteek eratutako Olaso Dorreko Sorrerakundearen jabetzapekoak dira, eta osorik katalogatuta eta digitalizatuta daude, Euskaltzaindiaren Azkue Biblioteka eta Artxiboaren bitartez kontsulta daitezkeelarik; webgune honetan bertan aurki daiteke haiei buruzko informazio osoa.
Euskaltzaleen Biltzarreko kide zaharrenetakoa zen, eta haren buru ere izan zen aldi batez (1911-1912); horretaz gain, RIEVeko idazkari (1907-1936) eta kolaboratzaile porrokatua ere izan zen, baina Lafitteren aipu bat izan daiteke egokiena hark euskal kulturan jokatu zen papera ulertzeko: “Donostiako eta Baionako jakintsun baldar gehienetan bazuen alki bat”. Horien artean daude, aipatutakoez gain, Eusko Ikaskuntza, Societé des Sciences, Lettres et Arts de Bayonne, Cercle d’Etudes Euskariennes, Musée Basque eta abar. Eta, zer esanik ez, Euskaltzaindia.
Euskaltzaindiarekiko harremana ez zuen bide onetik hasi: sortu bezain laster urgazle izendatu zuten (1919ko urria), baina berak ez zuen izendapena onartu (1919ko abendua). Pierre Broussainen ustekabeko heriotzaren ondorioz, ordea, handik sei hilabetera euskaltzain oso izendatu zuten (1920ko ekaina) eta hurrengo urtean gutuntzain, erran nahi baita, bibliotekari akademiko (1921eko ekaina); postu horretan jarraitu zuen heriotzaraino, erakundearen kide aktibo gisa, bileretan parte hartuz eta txostenak irakurriz. Lehen belaunaldiko euskaltzainetatik bera izango zen, ziur aski, Hizkuntzalaritzan formazio akademiko sendoena zuena edo, beste hitz batzuekin esanda, autodidakta ez zen bakarra.
Gainetiko euskaltzainak ez bezala, badirudi ez zela katoliko praktikantea eta ez zuela kezka erlijiosorik ere izan, baina hori ez zen eragozpena izan apaiz eta erlijioso ugarirekin harreman sendo eta adiskidetsuak izateko. Orobat, Lehen Mundu Gerran soldadu zela zauritu zuten, eskuin besoa moztu ziotelarik horren ondorioz; hala ere, beti izan zituen adiskide alemanak, naziak eta haien zaleak izan ezik, Gavelek azpimarratzen duenez. Era berean, Espainiako Gerra hasi zenetik eta baita gerraostean ere, Eusko Jaurlaritzarekin lerrokatu zen publikoki.
Ondoko aldizkari hauetan idatzi zuen: Aitzina, Arms et Sports, Bulletin de la Societé de Linguistique, Bulletin de la Societé des Sciences, Lettres et Arts de Bayonne, Bulletin du Musée Basque, Gernika. Eusko-Jakintza: Revue des Etudes Basques = Revista de Estudios Vascos, Eskualdun Ona, Euskalerriaren-Alde, Gure Herria, Journal de Saint-Palais, La Petite Gironde, RIEV, Revue de Linguistique Romane, Revue des Cours et de Conférences eta beste.
Euskal kultura elkarteetako kide izateez gain, ondoko hauen kide ere izan zen: Societé de Linguistique de Paris eta Institut français d’Anthropologie. Parisen, orobat, Société Paléo-Méditerranéenne delakoa sortu zuen G. Dumézil-ekin (1898-1986) euskararen harreman genetikoak ikertzeko asmoarekin. Halaber, gerran izandako portaeragatik Domina Militarra eta Ohorezko Legioaren Gurutzea (1939) jaso zituen.
Euskaltzaindiak omenaldia eskaini zion Baionan haren jaiotzaren mendeurrenaren kariaz (1979), eta Piarres Lafittek eta Piarres Xarrittonek hitzaldi bana eskaini zioten. Hala ere eta ezbairik gabe, urte luzetan Euskaltzaindiak eta haren funts dokumentalen jabe den Olaso Dorreko Sorrerakundearen arteko elkarlana izan da omenaldirik emankorrena, fruitu ugari eman dituena eta aurrerantzean ere emango dituena.
1913, Les verbes forts dans les livres basques de Liçarrague (Paris : Impremiere Nationale).
1924, Quelques mots sur les versions basques du Cantique des Cantiques (Eusko Ikaskuntza).
1927, Hugo Schuchardt (Diputación de Gipuzkoa).
1927, Second voyage au Pays Basque / Mathilde van Eys [argit.] Imp. de la Diputación de Guipuzcoa).
1929-1937, Grammaire basque [elkarlanean] (Courrier).
1931, Euskaltzaindian sartzean Jean Elissalde aphez azkaindarrak egin duen irakur-aldia eta Georges Lacombe euskaltzain jaunak egin zion erantzuna : Azkainen, 1930 garren hazilaren 27'an (Editorial Vasca).
Euskera agerkarian
1920-1921, "Georges Lacombe Euskaltzain berriak, bere sarrerako egunean, 1921eko epaillaren 8an Azparne'ko udaletxean irakurritako itzaldia".
1931, "Jean Elissalde aphez jaunak bere euskaltzain sarreran irakurri zuen itzaldiari, Georges Lacombe euskaltzain jaunak egin zion erantzuna".