Donostiar familia ospetsu bateko kide zen. Julian Lojendio aita, Donostian 1881ean jaioa, Estatuaren abokatua izan zen, eta Gipuzkoako Abokatuen Elkargoko burua 1924-1931 artean.
Oinarrizko ikasketak Donostiako marianistetan egin ondoren, Zuzenbidean lizentziatu zen Valladolideko Unibertsitatean. Doktorego ikasketak, aldiz, Madrilgo Unibertsitate Zentralean egin zituen.
Espainiako Bigarren Errepublikan CEDA alderdiaren ildokoa izan zen, eta Gerra Zibilean Loiolako santutegian atxilotuta egon zen.
Lojendio anaiek ibilbide nabarmenak izan zituzten Diktadura frankistan: Juan Pablo (1906-1973) eta Miguel Maria (1908-1977) Espainiako enbaxadoreak izan ziren hainbat herrialdetan. Luis Maria (1907-1987) Santa Cruz del Valle de los Caidos abadiako burua izan zen, eta Ignacio Maria (1914-2002), Sevillako Unibertsitateko Zuzenbide katedradun.
Jose Maria Lojendio, abokatu lanak egiteaz gain, Gipuzkoako Adingabeen Babes Auzitegiko burua izan zen. 1945ean Maria Paz del Alcazar-ekin ezkondu zen Avilan, eta hiru seme-alaba izan zituzten: Ana Maria, Jose Maria eta Milagro.
1954an izendatu zuten euskaltzain oso, Antonio Arrue (1903-1976) abokatu karlistarekin batera, eta biak arduratu ziren Akademiaren estatutuak berritzeaz (1972). 1963ko apirilean euskaltzainburu izendatu zuten, Ignazio Maria Etxaideren (1884-1962) ordez.
Karguan urtebete baino gutxiago egin arren, bere agintaldian izendatu zituzten euskaltzain oso Lino Akesolo (1911-1991), Eusebio Erkiaga (1912-1993), Piarres Larzabal (1915-1988), Alfonso Irigoien (1929-1996) eta Jose Maria Satrustegi (1930-2003).
Txillardegi (1929-2012) euskaltzain urgazleak, aldiz, dimisioa aurkeztu zion, Euskaltzaindiak euskararen alde behar beste egiten ez zuelako. Euskaltzainburuak ez zuen dimisioa onartu, eta euskara batuaren auzia bideratuko zuela agindu zuen.
1966ko azaroan jarduneko euskaltzainburu gisa sinatu zuen Akademiak Espainiako Hezkuntza eta Zientzia ministerioari egindako eskaria, euskara hezkuntza-sisteman sartzeko.
Euskaltzaindiaren I. eta III. Biltzarretan (1956, 1959) parte hartu zuen txosten banarekin. Arantzazuko VII. Biltzarrean (1968), euskara baturako, gipuzkeraren alde egin zuen.
Gipuzkoako, Nafarroako eta Madrilgo Abokatuen Elkargoetako kide izateaz gain, Luistar Euskal Idazle Bazkunaren idazkari (1930), Gipuzkoako Probintzia Diputazioaren Julio Urkixo Euskal Filologia Mintegiko kide (1954) eta Conversaciones Católicas Internacionales de San Sebastián (1954) direlakoen antolatzaile izan zen.
Hainbat aldizkari eta egunkaritan argitaratu zituen idazlanak: Aránzazu, Argia, Egan, Gure Mutillak, Junior eta El Pueblo Vasco.
Euskera agerkarian
1956, "Kristau ikasbidea ta eliz-itzaldiak". PDF
1960, "Euskeraren batasuna ta Mogel". PDF
1968, "Al Excmo. Sr. Ministro de Educación y Ciencia". PDF
1968, "Batasun billa gabiltza [...]". PDF