Oinarrizko ikasketak Lekeitioko mesedetakoen eskolan egin ondoren, merkataritza ikasketak burutu zituen Bilbon. 1936tik Bilboko Banco de Vizcayako enplegatua izan zen, 1977an erretiroa hartu zuen arte.
1943an ezkondu zen Mercedes Telleriarekin, eta lau seme-alaba izan zituzten: Esther, Francisco Jabier, Sara eta Eloisa.
Euzko Gaztediren Bizkattarra aldizkarian hasi zen euskaraz idazten 1930ean. Espainiako Bigarren Errepublikan, Euzko Alderdi Jeltzalearen Euzkadi egunkarian Lekeitioko berriemaile izan zen 1931-1936 urteen artean, Lauaxetak zuzentzen zuen euskal atalean. Gerra Zibilean ere, Manu Ziarsolok zuzendutako Eguna (1937) euskara hutsezko egunkariko erredaktore izan zen.
Diktadura frankistak eragindako etenaldiaren ondoren, Euskaltzaindiarekin harremanetan hasi zen 1950eko hamarkadan Federiko Krutwigen bitartez. Halaber, Xabier Peña eta Alfonso Irigoienekin euskara eskolak ematen zituen Bilboko egoitzan.
Euskaltzain oso izendatua izan ondoren, Akademiako diruzaina izan zen 1963-1978 urteen artean, Jose Maria Lojendio, Manuel Lekuona eta Luis Villasante euskaltzainburuekin.
Diruzain zela, halaber, Espainiako Hezkuntza eta Kultura Ministerioak Euskaltzaindia erakunde ofizial izendatu zuen 1976ko errege dekretu baten bidez.
Euskara batua arautzeko prozesuan, bizkaiera alboratzeak kezkatu zuen. 1967an Euskerazaleak elkartearen kide sortzailea izan zen, eta Labayru Ikastegiaren ohorezko kide izendatu zuten 1976an.
Literaturaren arloan, eleberrigintzan nabarmendu zen: Arranegi (1958), Batetik bestera (1962), Araibar zalduna (1962), Jaioko dira (1984), Txurio txoria (1986) eta Irribarrea galtzen denean (1987). Roberto Mielgok, hain zuzen, Eusebio Erkiagaren gerraosteko elaberrigintza (1995) ikerketa eskaini zion.
Labayru Ikastegiak, halaber, poesiazko eta prosazko lanak bildu zituen Goizean eta arratsean (2006) eta Berbalauaren kulunkan (2001-2002) liburuetan, hurrenez hurren.
Itzulpen teknikoaz den bezainbatean, Bizkaiko Batzar Nagusien agiriak (1979-1983) eta Ekonomia Ituna (1981) euskaratu zituen. Era berean, hiztegigintzan aritu zen: Banka hiztegia (1978) edota Burtsa hiztegia (1991).
Ameriketako euskaldunei zuzendutako Boletín Informativo del Banco de Vizcaya aldizkariaren arduradun nagusia izan zen 1964-1970 urteen artean. Beste agerkari askotan argitaratu zituen idazlanak: Anaitasuna, Antzerti, Bilbao, El Correo Español, Egan, Ekin, Euskerazaintza, Euzkerea, Euzko Gogoa, Gernika, Idatz & Mintz, Karmel, Lekeitio, Olerti, Ondarroa, Sustraia, T.U. Lankide, Yakintza, Zer eta Zeruko Argia.
Sari eta omenaldiei dagokienez, honako hauek jaso zituen: Euskaltzaleak-en Olerti Egunako saria (Lekeitio, 1936), Euskaltzaindiaren Txomin Agirre saria (1958, 1961), Labayru Ikastegiaren omenaldia (Derio, 1985), Bizkaiko Foru Aldundiaren eleberri saria (1986), Eusko Jaurlaritzako Euskal Letren Merezimenduzko Saria (1988), Lekeitioko Udalak seme kutun izendatu zuen (1988), Euzko Alderdi Jeltzalearen (1990) eta Bizkaiko Foru Aldundiaren (1992) omenaldiak, Euskal Itzultzaile, Zuzentzaile eta Interpreteen Elkartearen ohorezko kide (1991), Euskaltzaindiaren zilarrezko domina (1993), Karmel aldizkariaren zenbaki monografikoa (1993) eta Lekeitioko Udalak haren izena jarri zion kale bati (1993), besteak beste. Euskaltzaindiak, orobat, 2012an haren mendeurren jardunaldia antolatu zuen.
Antzerki lana
1936, Antzerti-yayan izan naz..., (I. Lopez Mendizabal'enean).
Eleberria
1958, Arranegi : (oitura - eleberria), (Itxaropena).
1962, Araibar zalduna, (Itxaropena).
1962, Batetik bestera : galdu-gordeko ibillerak, (Itxaropena).
1984, Jaioko dira, (Labayru Ikastegia : Bizkaiko Aurrezki Kutxa).
1985, Batetik bestera, (2. arg.), (Labayru Ikastegia : Bizkaiko Aurrezki Kutxa).
1986, Txurio txoria : Lardabio giroko elebarria, (Labayru Ikastegia : Bizkaiko Aurrezki Kutxa).
1987, Irribarrea galtzen danean : (elebarria), (Bizkaiko Foru Aldundia).
1993, Arranegi, (2. arg.), (Labayru Ikastegia : Bizkaiko Aurrezki Kutxa).
2009, Aspaldiko Maigret / Georges Simenon [itzul.] (Labayru Ikastegia : Bilbao Bizkaia Kutxa Fundazioa).
Poesia
1989, Ez zaitez Gernikara joan, Lauaxeta : lirikarako lana, (Labayru Ikastegia : Bizkaiko Aurrezki Kutxa).
1990, Gizonaren aldia : poema : D. Jose Maria Arizmendiarrieta aldatza-zuzia ekarri ebanari eskainia, (Ikasbide).
2006, Goizean eta arratsean : eskubete neurtitz, (Labayru Ikastegia : Bilbao Bizkaia Kutxa Fundazioa).
2007, Neurtitzak, (Labayru Ikastegia : Bilbao Bizkaia Kutxa Fundazioa).
Prosa
2001-2002, Berbalauaren kulunkan : (prosa lanak), (Labayru Ikastegia : Bilbao Bizkaia Kutxa Fundazioa).
Euskera agerkarian
1960, "Kanpaien atsekabez : teatro-lan ariña, lau unekoa. ("Garagarzako mutilla"-ren ele zaarrean errotua)". PDF
1968, "Bizente Amezaga Aresti (1901-1969)" [hilberri-txostena]. PDF
1968, "Migel Arrutza Egia (1890-1966)" [hilberri-txostena]. PDF
1971, "Erkiaga jaunaren hitzaldia". PDF
1973, "Larreko gizon : Pablo Fermin Irigaray Goizueta (1869-I-25 - 1949-IX-3)". PDF
1974, "Eusebio Maria D. Azkue gizon eta idazle" [sarrera-hitzaldia]. PDF
1976, "Eguzkitza Meabe, Juan Bautista (1875-1939) : bere bizitza eta lanak". PDF
1990, "Euskaltzaindiaren hasieratik urgazle izen zanaren mendeurrena, Migel Arruza Egia (1890-1966)". PDF
Iker bilduman
1992, "Zamarripak eu-, au- aditztaiu aldaera ixila, bere azken gramatikan". PDF