Mendeurrenaren baitan, webgunea berritu eta indartu zuen euskararen Akademiak, eta Arantzazuko biltzarrean aurkeztu zuen lanabes berria, hain zuzen, 2018ko urrian. Ordutik hona, erabiltzaileen kopuruak gora eta gora egin du. Horretara, 2018an, 496.423 erabiltzaile izan zituen Euskaltzaindiaren webguneak, eta 2019an, aldiz, 800.204 izan dira (% 61,19ko igoera).
Guztira, 1.576.393 saio zabaldu dira 2019an (2018an, milioi bat saio ireki ziren), eta kontsultatutako orrien kopurua % 42,12 igo da (2018an, 4.547.062; 2019an, ordea, 6.463.164).
Aurreko urteekin alderatuta, gehien kontsultatu diren atalak ez dira aldatu: Euskal Onomastikaren Datutegia (EODA), Orotariko Euskal Hiztegia (OEH), Euskaltzaindiaren Hiztegia (EH), eta Euskara Batuaren Eskuliburua (EBE) izan dira bisitatuenak.
Plazaberri blogak ere gorakada nabarmena izan du 2019an, eta hauek izan dira albisterik irakurrienak: Euskaltzaindiak genero-markarik gabeko izenak erantsi ditu pertsona-izendegian (1.279 ikustaldi); Euskal Hiztegi Historiko-Etimologikoa: euskararen historia ezagutzeko lan-tresna “txiki baina garrantzitsua” aurkeztu du Euskaltzaindiak (679 ikustaldi); Ahozko komunikazioa hizpide Gasteizko biltzarrean (352 ikustaldi).