Nazioarteko Onomastika Jardunaldiaren bigarren egunean hiru lan aurkeztu ditu Euskaltzaindiak eta guztiak euskal gizartearen eskura jarri: Euskal Onomastika Datutegi (EODA) berritua, Pertsona izendegiberritua eta Kale- eta karrika-izenen eskuliburua.
Pertsona-izendegiari dagokionez, bide berriak aurkeztu ditu Akademiak: izen neutroak (genero-markarik gabeko izenak) lehen aldiz sartu dira, eta 500 bat izen gehitu dira bertan. Lehenago zeuden pertsona-izen txikigarri bakanei beste batzuk gehitu zaizkie. Izendegiaren berezko izaera irekia eta dinamikoa mantenduz, era guztietako izenak sartzen jarraituko du Euskaltzaindiak. Aurkezten dugun honetan orain arte dokumentatu ditugunak sartu dira, baina zerrenda zabalik dago eta izen berriak aztertu ahala datu-basean gehituz joango gara, azaldu du Paskual Rekalde Euskaltzaindiaren Onomastika batzordeko kideak. Genero-marka duten izenak kategoria horri atxikiak dira tradizio soziokultural edo ibilbide historiko bat dutelako euskal gizartearen bilakaeran “gehitu du euskaltzain urgazle nafarrak“; hala ere, datuen argitan frogatuko balitz sail horretako izen batzuek esleitua duten generoaz gain beste generoarekin ere erabili edo erabiltzen direla, datuak egokitu beharko lirateke.
Espainiako legearen esturak
Gogoratu behar da Espainiako legerian 1957ko Legeak beren-beregi debekatzen dituela sexuari buruz okerra eragiten duten izenak. Erregistro Zibilari buruzko 20/2011 Legeak ezabatu behar zuen debeku hori, baina oraindik ez da indarrean jarri. Dena den, Euskaltzaindiak 2018ko urtarrilean adierazi zion Espainiako Justizia Ministerioari badirela euskaraz genero maskulinoa edo femeninoa era esklusiboan atxikirik ez duten pertsona-izenak, eta, ondorioz, indarrean dauden lege-arauak erregistro zibilean malguago aplika daitezen eskatu zion.
Berrikuntzak Izendegian
Egungo pertsona-izendegiak dakartzan berrikuntza ohargarrienak bi multzotan nabarmen daitezke:
1. Pertsona-izen neutroak (genero-markarik gabeak)
Pertsona-izenek genero-marka izan dezakete edo ez (soilik maskulinoak edo soilik femeninoak izan daitezke). Bi sailen arteko bereizketa tradizio sozial eta kulturalari atxikita dago, eta ibilbide historiko jakina dute izen horiek euskal gizartearen bilakaeran. Errealitate hori jasoa du Euskaltzaindiak 1966tik hona eginak edo babestuak dituen izendegietan. Era horretakoak dira Euskal Herriko dokumentazio historikoan ageri direnak, santu- eta santa-izen gehienak, Sabino Aranaren eta Luis Eleizalderen Deun-ixendegi euzkotarra lanetik datozenak (eta bide horri jarraikiz sortutakoak, hala nola Oihane), jatorriz pertsona baten izengoitiak direnak, izen mitologikoak eta, oro har, adbokaziokoak edo Ama Birjinaren ermita direnak.
Halaber, badira euskaraz genero finko eta bakarrik gabeko izenak, neutroak direnak, alegia. Azken urteetan erabiltzen hasiak dira, pertsona-izen gisa, jatorriz leku-izenak (Amaiur, Joar) edo lexiko arrunteko hitzak direnak (Amets, Euri). Euskarak ez du genero gramatikalik eta, hortaz, izen horiek, pertsona-izentzat hartuak, ez dira berez genero bakar bati atxikiak, eta baterako zein besterako balio dezakete. Izen neutroen saila lehen aldiz sartzen da Euskaltzaindiaren pertsona-izendegian. Hau da egun aurkezten den pertsona-izendegiaren berrikuntzarik handiena.
Adibide batzuk: Abodi, Aiuri, Amaiur, Amets, Araitz, Argi, Bihotz, Garai, Gorbeia, Haize, Iparla, Iraultza, Itzel, Kemen, Larraine, Lizar, Luzaide, Muxika, Pallas, Udalatx...
2. Pertsona-izen txikigarriak.
Espainiako Erregistro Zibilaren 1957ko Legeak beren-beregi debekatzen zuen izen txikigarriak edo familiako aldaerak eta funtsik lortu ez duten lagunartekoak erabiltzea. Debeku hori bertan behera utzi zuen 3/2007 Legeak, zeinak bidea ireki baitzuen euskararen sistema baliatuz sortzen diren izen txikigarri edo hipokoristikoak Erregistro Zibilaren idazpenetan erabiltzeko. Halako izen askotxo txertatuta daude jada Euskaltzaindiaren webgunean (Joxe, Karmentxu, Txanton, Xexilia...), eta bilduma zabaltzen eta eguneratzen jarraituko du Akademiak aurrerantzean.
EUSKAL ONOMASTIKA DATUTEGIA (EODA)
EODA berrian dauden berrikuntza guztiak azaldu dira gaurko prentsaurrekoan. Hiru motatakoak dira:
- Kontsultatzeko sistema berria dago, kontsultagarri jarriko den erregistro kopurua lehen baino nabarmen handiagoa dela eta erregistro horietaz kontsulta daitekeen informazioa askoz ere aberatsagoa dela.
- Kontsultak abiatzeko eta fintzeko tresna ahaltsuagoak jarriko dira abian: datuetara jotzeko oinarrizko menuez gainera, bilaketa malguak egiteko aukerak (komodinak, izenen osagaiak...) eta erregistroak iragazteko sistema azkar eta anitzak inplementatu dira web berrituan.
- Kontsultagarri jarriko diren erregistro kopuruetan ikusten da EODAren hazte kuantitatibo nabarmenena, bai pertsona-izenetan eta bai leku-erregistroetan. Urte hasierako erregistro-kopuruak eta aurrerantzean egongo direnak ikusita, argi ikusten da urrats handia eman duela Euskaltzaindiak informazio onomastikoaren irekitze-prozesuan:
- Deiturak: 9.610 (lehen) -> 9.660 (orain)
- Pertsona-izenak: 3.460 (lehen) -> 4.730 (orain)
- Leku-erregistroak: 7.977 (lehen) -> 112.700 (orain)
Ikusten denez, leku-erregistroetan eman da urrats kuantitatiborik handiena, lehen baino askoz leku gehiagoren informazioa kontsultatu ahalko baita aurrerantzean (100.000tik goradira gehitutako erregistroak, ohartarazi du Patxi Galé Euskaltzaindiaren Onomastika batzordeko kideak Gasteizen, eta aurreratu du erregistroez kontsulta daitekeen informazioa orain arte baino askoz aberatsagoa izango dela. Nabarmendu nahi izan du, baita, "deitura, izen nahiz lekuei dagozkien datu dokumentalak" plazaratuko dituztela, "alegia, orotariko lanetatik jasotako lekukotzak, data eta jatorri anitzekoak", betiere egiletasuna eta erreferentzia zehatz eta guzti adierazita. "Leku-erregistroen kasuan, ahozko erabileraren informazioa ere eskaintzen da askotan -azpimarratu du euskaltzain urgazleak-; guztiz berria ez bada ere, geoposizioa koordenatuen bidez eta kokalekua mapa batzuen gainean ikusteko aukera batzuk ere eskaintzen dira.
'KALE- ETA KARRIKA-IZENEN ESKULIBURUA'
Onomastika batzordearen bidez, mende-laurden inguru darama Euskaltzaindiak kale- edo karrika-izenei buruzko irizpenak ematen eta handik eta hemendik iristen zaizkion kontsulta eta eskariei erantzuten. Eta gehiago ere bai, duela ia ehun urte, 1922an, eman baitzuen kale-izen batzuei buruzko lehen irizpena. Urte horietan guztietan, Euskal Herri osoko dozenaka udalek jo dute Akademiara zalantzak argitzeko aholku edo iritzi bila, beren proposamenen berrespen bila edo erdaraz jada erabakiak eta finkatuak dituzten karrika-izenen euskal ordainen bila, eta Onomastika batzordeak beti erantzun die, bere ahalen neurrian.
Hala, eta Euskaltzaindiaren mendeurrena profitatuz, Kale- eta karrika-izenen eskuliburua plazaratu du Euskaltzaindiak, Onomastika batzordearen eskutik. Bertan, karrika-izenetarako emandako irizpideak eguneratuta eta xeheago deskribatuta agertzen dira. Aspalditik, kale-izenen idazkerari buruzko aholku-zerbitzua dauka Euskaltzaindiak, eta orain eskuliburu honen bidez berretsi egiten du bere zerbitzu- eta aholku-izaera hori, gogoratu du gaurko agerpenean Alfontso Mujika Euskaltzaindiaren Onomastika batzordeko kideak. Urteetan metatutako esperientzia partekatzea eta herritarren esku jartzea da Euskaltzaindiaren helburua eta nahia. Horregatik plazaratzen du eskuliburu hau, eta dei egiten die herritarrei, herritarren ordezkariei eta udal-langile zein euskara-teknikariei Euskaltzaindira jo dezaten kale, karrika eta kidekoen izenen arloko zalantzak argitzera, azpimarratu du Mujikak.
Azken 20 urteetan 6.000 karrika-izen baino gehiago aztertu dira
Karrika-izenetarako irizpideak 1990eko hamarkadaren bigarren erdian landu ziren. Onomastika batzordeko Patxi Salaberri eta Mikel Gorrotxategi izan ziren prestatzaileak, eta 1998ko abenduaren 12an onartu zituen Onomastika batzordeak. Hurrengo urtean argitaratu ziren Euskera agerkarian.
Hamar urte geroago, 2008an, irizpide horietan puntu batzuk zehaztuz eta kale-izenen inguruko beste alderdi batzuk landuz, dokumentu bat argitaratu zuen Mikel Gorrotxategi batzordekideak Euskera agerkarian. Karrika-izenak eratzeko irizpideez gainera, izenak hautatzeko zenbait irizpide orokor ere deskribatu ziren dokumentuan.
Geroztik, karrika-izenei buruzko irizpenak ematen jarraitu du Onomastika batzordeak. Hala, azken 20 urteetan 6.000 karrika-izen baino gehiago aztertu dira Euskaltzaindiaren Onomastika batzordean eta Onomastika zerbitzuan.
Azken hamar urteak aski emankorrak izan dira euskararen estandarizazioan eta leku-izenen dokumentazioan, eta zeharka nahiz zuzen karrika-izenen arloan eragiten duten arau, hobespen eta datu berri ugari plazaratu dira. Ez da ahaztu behar irizpideen azken bertsioa argitaratu zenetik gaur egun arte ia 50 arau eman dituela Euskaltzaindiak, haietako asko Euskal Herritik kanpoko leku eta pertsonen izenei buruz, baina baita Euskal Herriko toponimoei buruz ere. Eta, bestalde, kontuan hartu beharrekoa da Euskaltzaindiaren Hiztegia argitaratu zela 2012an eta geroztik etengabe handitzen eta osatzen ari dela.