Bere mendeurrenean, Euskaltzaindiak gorazarre egin nahi izan dio Akademiak izan zuen lehen euskaltzainburuari. Xede nagusi horrekin, Lekeitioko (Bizkaia) Andre Mariaren Jasokundearen basilikan bildu dira gaur euskaltzainak eta Lekeitioko Udaleko ordezkariak. Parte hartu dute, besteak beste, Andres Urrutia euskaltzainburuak, Koldo Goitia alkateak, Benito Ansola apaizak eta Itxaro Mentxaka mezzosopranoak. Gainera, Euskaltzaindiak urteko azken Osoko bilkura egin du herriko udaletxean.
Omenaldian, Resurreccion Maria Azkuek eginikoak goraipatu ditu Andres Urrutiak: “Azkue, argi esan dezadan, euskal kulturaren erraldoia da, euskal kulturarako zin-zinezko tsunamia, egungo berbak erabiliz. Azkuerekin batera beste lekeitiar euskaltzale batzuk ere gogoratu ditu euskaltzainburuak bere berbaldian: “Gomutan ditut, askoren artean, Aita Kandido Basabe eta Amantzi Urriolabeitia gerra aurrekoen artean, eta harrezkeroko Eusebio Erkiaga euskaltzain osoa eta Miren Agur Meabe eta Xabier Erdozia euskaltzain urgazleak. Horiek izan ziren eta badira egun ere Azkuek hasitako euskaltzainen katearen katebegi preziatuak”.
Eta aldarrikapen batekin zarratu du bere txanda: “Azkueren hilobia aurrean dugula, hura gogoan hartu eta beste behin ere, euskaltzain edota herritar modura, berriztatu dezagun gure zina, euskara eta euskal kulturaren alde eta mesederako, XXI. mende honetan euskaldun izaten jarraitu nahi dugulako, ehun urte lehenago Azkuek eta lehen euskaltzainek jarririko goiburuari eutsiz: Ekin eta jarrai!”.
Azkueren lanak, gizartearen esku
R. M. Azkueren lan argitaratuak katalogatu eta digitalizatu zituen iaz Euskaltzaindiak, Bizkaiko Foru Aldundiaren babesarekin eta Jakin Fundazioaren laguntzaz. Guztira, argitaratutako 922 idazlan katalogatu eta digitalizatu ziren (lehen argitalpena 1888koa da, eta azkena 1951koa), eta HEMEN kontsulta daitezke.