Euskaltzaindia Durangoko Azokan izango da beste behin, eta badira 54 aldi, Azokak berak bezainbat, Euskararen Akademiak hasiera-hasieratik parte hartu baitu euskal kulturaren ispilu den egitasmo zabal eta aberats honetan. Aurtengoan, mendeurreneko ospakizunen baitan argitaratutako edozenbat lan eramango ditu bertara. Besteak beste, Berri gogoa liburua, Euskara Batuaren Eskuliburu-aren (EBE) 3. edizio berritua, zentsura jorratzen duen Euskera agerkariaren 63, 2-2 zenbakia, Erlea 12, Euskaltzaindia, euskararen 100 urteko laguna komikia, Euskal Hiztegi Historiko-Etimologikoa (EHHE-200), eta Azkue Literatura sarietako irabazleen ipuin eta olerkiak biltzen dituen liburuxka.
Berri gogoa
Euskaltzaindiaren historia kontatzen du Berri gogoa, Euskaltzaindiaren lehen ehun urteak (Euskaltzaindia, 2019) liburuak, hiru plano txirikordatuz: Euskaltzaindiaren historiari buruzko fikziozko ikastaro bat, bi androidek eta gizaki batek gidatua; Euskaltzaindiaren historiako hainbat pasarteren kontaketa zuzena; eta Euskaltzaindiaren historiako hainbat testu garrantzitsu, hitzez hitz jasota. Dena argazki ugariz ilustratuta. “Amaia Ballesterosekin elkarlanean osatutakoEuskaltzaindia, euskararen 100 urteko laguna (Euskaltzaindia, 2019) komikiaren oinarrian dagoen liburua da hau, komikian kontatzen dena liburu honen laburpen ilustratua baita”, azaldu du Juan Luis Zabala (Azkoitia, Gipuzkoa, 1963) liburuaren egileak.
Komikian bezala, liburuan ere Euskaltzaindiaren historia ahalik eta modurik atsegin eta entretenigarrienean kontatzen saiatzen da Zabala, “mamiari uko egin gabe”. Azken partean kronologia zabal bat erakusten du liburuak, eta baita bibliografia eta aurkibide onomastikoa ere.
Liburua idazteko oinarri nagusietako bat Joan Mari Torrealdai eta Imanol Murua Uriaren Euskaltzaindia, ekin eta jarrai (Euskaltzaindia, 2009) liburua izan da, obra mardul horrek Akademiaren 2009ra arteko historia kontatzen baitu. Baina beste iturriaskotara ere jo du Zabalak, eta liburu hartan agertzen ez diren kontuasko biltzen dira honetan; bereziki, azken urteei eskainitako atalean. “Euskaldun askok Euskaltzaindia erakunde zaharkitutzat dute eta, lausoa bada ere, beldur moduko bat diotela iruditzen zait, hiztunak epaitu eta zigortzeko sortutako erakundea balitz bezala. Komikiak bezala, liburuak ere ikuspegi hori aldatzen laguntzea gustatuko litzaidake, erakutsiz Euskaltzaindia euskaldunoi laguntzeko sortua dela eta horretan ahalegintzen dela”, nabarmendu du idazle azkoitiarrak.
Liburua egiteko dokumentazio ugari erabili du Zabalak, eta tartean ezusteren bat edo beste ere izan du: “Euskaltzaindiaren historian sakondu dudan neurrian, Resurreccion Maria Azkueren figurari lehen baino mirespen handiagoa diot orain. Sekulako erraldoia izan zen, fisikoki bezala lanerako zeukan kemenari dagokionez. Gaurko ikuspegitik begiratuta kritikatzeko moduko jokabide batzuk ere izan zituen Azkuek, eta horiek ere agertzen dira liburuan, adibidez, Edward Spencer Dodgsonen homosexualitatearen aurrean izan zuen jarrera, baita Miguel Primo de Riveraren diktadurapean zentsurarekin izan zuen harremana ere. Baina horiek bere garaiko testuinguruan kokatu behar dira dagokien neurrian ulertuak izateko”.
Euskara batuaren sorrera ere ondo aztertu du Zabalak liburua idazteko: “Gorabehera interesgarri asko dituen historia da, indar handiko pertsonaien kemena agerian uzten duena: Federiko Krutwig, Txillardegi, Gabriel Aresti, Koldo Mitxelena, Luis Villasante... Ezinbesteko pausoa izan zen euskararentzat, baina ez zuten lan samurra izan. Txillardegiren esaldi bat parafraseatuz, euskararen bitxitasunarekin liluratzeari baino garrantzi handiagoa eman zioten euskararen bizitasuna suspertzeari, gure hizkuntzaren soin zaharrean gogo berria txertatzeari, kulturara, mundura, bizitzaren arlo guztietara, noranahi, zabaltzeko. Oraindik euskal herritar askok, eta are euskaldun gehiegik ere, onartzen ez duten edo behintzat hartu nahi ez duten bidea zabaldu zuten”, gogoratu du idazleak.
Akademiaren azken urteei dagokienez, gizartearekin harremanetan jartzeko eta herritarrak zerbitzatzeko egiten ari den esfortzua islatu nahi izan du liburuan Juan Luis Zabalak, “ahalegin nabarmena baita”.
Euskara Batuaren Eskuliburua
Harrera bikaina izan du Euskara Batuaren Eskuliburuak, urtebete pasatxoan 3. argitaraldia izan baitu. Euskaltzaindiak euskara batuaz gaurdaino emanak dituen arau, gomendio, onespen eta irizpenak (eta, ifrentzuz, baita esan gabeak ere) era didaktiko eta dibulgaziozkoan birformulatzen dira bertan. “Euskaldun eskoladun edo alfabetatuaren eguneroko hizkuntza-zalantza, -premia eta -kezkei erantzun nahi die EBEk”, agertu du Andres Alberdi EBE egitasmoaren koordinatzaileak.
Orain, eguneratura ageri da liburua, Euskaltzaindiaren azken erabakiak ere jaso baitira bertan. Bertsio digitala ere badu Euskaltzaindiak, bere webgunean kontsulta daitekeena.
Euskera 63, 2-2
Zenbaki honen sorburua UPV/EHUko Memoria Historikoa Literatura Iberiarretan (MHLI) ikertaldeak 2018ko ekainaren 21ean eta 22an Donostiako Miramar jauregian antolatu zuen Literatura eta Zentsura. Memoria eztabaidatuak nazioarteko biltzarrean dago. Bertan, zentsurari buruzko hausnarketa teoriko nahiz historikoa sustatu nahi izan zen, batetik, eta eremu iberiarreko literaturetan izandako eragina aztertu, bestetik. Alabaina, biltzarrak bazuen hasieratik hirugarren helburu bat: Joan Mari Torrealdai soziologo eta euskaltzainak euskal ikasketetan zentsuraz egindako ikerketa eskerga aitortu eta omentzea.
Erlea 12
Bernardo Atxaga euskaltzain osoak zuzentzen duen Erlea aldizkari literarioaren 12. zenbaki honek Euskaltzaindiaren mendeurrena du gai nagusia. Euskal akademiaren ehun urteko historian oso garrantzitsuak izan diren gertaerak kontatzen dira, aldizkariaren ohiko atalekin batera.
Euskaltzaindia, euskararen 100 urteko laguna
Euskaltzaindiaren historia ahalik eta modurik atsegin eta entretenigarrienean kontatzen du komiki honek. Juan Luis Zabala idazlearen gidoia oinarri hartuta, Amaia Ballesterosek egin ditu ilustrazioak.
Euskal Hiztegi Historiko-Etimologikoa (EHHE-200)
Hiztegi Etimologikoa hizkuntzaren barne historia aplikatua baizik ez da, hots, fonologia-, morfologia-, dialektologia-, sintaxi diakronikoan oinarritu eta hitzen (sarreren) inguruan antolatutako hizkuntzaren historiaren ikerketa eta azalpena.