Mendeurrenaren amaierako ekitaldia, Gipuzkoako Foru Aldundian
Larunbat honetan gogoratuko da 1919ko urriaren 7an Euskaltzaindiak espazio berean eginiko lehen Osoko bilkura. Orduko akademikoek Resurreccion Maria Azkue hautatu zuten buru, Jose Agerre diruzain, Julio Urkixo liburuzain eta Luis Eleizalde idazkari. Egoitza nagusia Bilbon finkatzea erabaki zen.
Etziko ekitaldia 12:00etan hasiko da Gipuzkoa plazan eginen den soka-dantzarekin. Ostean, jauregira sartu eta herri agintarien hitzaldiak izanen dira, tartean Euskaltzaindiak mendeurrenaren baitan eginiko egitasmo guztiak biltzen dituen bideo laburra eskainiko dela. Azkenik, argazki ofiziala aterako da Foru Jauregian bertan.
Ekitaldian EAE, Nafarroa eta Ipar Euskal Herriko agintari nagusiek parte hartuko dute, Mendeurrenaren Ohorezko Patronatua osatzen duten erakunde, akademia eta elkarteen ordezkariekin batera.