Urriaren 5ean amaituko dira Euskaltzaindiaren mendeurreneko ospakizunak, Gipuzkoako Foru Aldundian egingo den ekitaldi ofizialarekin batera. Hain zuzen, jauregi horretan bertan egin zen Euskaltzaindiaren lehen Osoko bilkura; bilkuran euskaltzainek Resurreccion Maria Azkue hautatu zuten buru, Jose Agerre diruzain, Julio Urkixo liburuzain eta Luis Eleizalde idazkari. Horrez gain, egoitza nagusia Bilbon finkatzea erabaki zen.
Aurretiaz, baina, mendeurreneko agendak bestelako egitasmoak dakartza: erromeria herrikoia izango da Bilboko Plaza Barrian; dokumental bat, komiki bat, unitate didaktiko bat eta liburu bat aurkeztuko dira: eta azken jardunaldi akademikoa, datorren astean izanen da. Hamargarren eta azken jardunaldi hau Donostiako Tabakalera eraikinean izanen da, irailaren 12an eta 13an, eta 21 hizlari eta adituk parte hartuko dute. Besteak beste, Andoni Sagarna, Miriam Urkia, Mikel Zalbide edo Patxi Uribarren euskaltzainak izanen dira; eta Iolanda Fernández Casal (Real Academia Galega); Hans Van de Velde (Fryske Akademy); Vincenç Rivière (Lo Congrès Permanent de la Lenga Occitana); Joaquim Rafel (Institut d'Estudis Catalans); Josu Aztiria (Elhuyar); Iñaki Alegria eta Olatz Arregi (IXA Taldea); eta Mathieu Constant Lorraineko Unibertsitateko irakaslea.
Azken mintegi honetan Ingurune digitala, hizkuntzen estandarizazioa eta euskara aztertuko dira, helburu jakin batzuk bilatuz: garatu nahi da nola bizkor daitekeen euskararen estandarizazioa garai hauetan egunerokoa eta ezinbestekoa bihurtu den ingurune digitalaren bitartez. Horrezaz gain, beste hizkuntzetako esperientziak ezagutuz eta Euskaltzaindiarenak azalduz, euskalgintzarekin batera aurrera egitea da helburua, euskararen estandarizazio horren formulazioan, ebaluazioan eta zabalkuntza bidean, XXI. mendeko euskal gizarteak euskararen inguruan dituen premiei erantzun egokia eman nahian. Jardunaldia irailaren 12an estreinatuko da, 09:00etan, erakunde desberdinetako ordezkariei egingo zaien harrerarekin, eta Euskaltzaindiaren Youtube-ko atarian streaming bidez jarraitzeko aukera ere izango da.