Euskaltzaindiaren mendeurrenaren karietara antolatutako zazpigarren nazioarteko jardunaldiak Gasteiz izan zuen topaleku eta ordura arteko jardunaldirik praktikoena izan dela esan liteke, beste hainbat hizkuntzatako esperientziak hurreratzeaz gainera, herritar guztiak ukitzen dituen arloa jorratu zuelako, toki eta pertsona izenetan hain zuzen, baliabideak gizarte osoari eskura jartzeko helburuz.
Azalpen orokorrak ere komenigarriak izaki, Onomastika Batzordeko buru Roberto González de Viñasprek eta Patxi Salaberri euskaltzainak hitzaldi bana eskaini zuten jardunaldiaren hastapenean, besteak beste, 36 urteko ibilbidea laburbildu, batzorde barruko enbor nagusiak bereizi (leku-izenak batetik, eta pertsona-izenak nahiz deiturak bestetik) eta egiteko nagusiak xehatzearren.
Gonzalez de Viñasprek diziplinaren erantzukizuna nabarmendu zuen, ezer baino lehen: “Gure arbasoek lagatako ondarea jasotzea, egonkortzea eta hedatzea dagokigu, eta egungo zein bihar-etziko belaunaldien eskura egoki uztea”. Deiturak hizpide hartu zituenean, euskal abizenak gaztelaniaren edo frantsesaren grafiaz idatzi izan direla –eta artean ere batzuk hala idazten dituztela– gogorarazi zuen Onomastika batzordeko buruak eta arazo horri irtenbidea eman behar zaiola nabarmendu zuen, betiere bi alderdi kontuan hartuta. Batetik, norberaren eskubidea edo nork bere abizena nahi duen grafiaz idaztekoa. Bestetik, komunitatearena, alegia, “euskal deiturak euskal grafiaz idazteko eskubidea edo euskaldun komunitateak euskaraz bizitzeko eskubidea”.
Ikerketa da bidea
Patxi Salaberrik, berriz, begirada zorrotza eskaini zion iraganari, eta gogor jardun zuen Onomastika batzordean aritu zen garaiaz eta orduan jaso zituzten kritikez, haren ustez, “beti badelako sniperedo frankotiratzaile gogotsurik, higitzen den orori tiro egiteko prest”.
Toponimia eztabaida iturri izaten dela esan zuen, “batik bat herri izenetan”, eta sarritan hizkuntzari lotutako gaiengatik gertatzen dela, baina baita gizarte gaiengatik edo politikarengatik ere, “gustatu ala ez, sinbologia handia dagoelako toki izenen atzean”. Adibide gisa, “Navarra vs.Nafarroa” bikotea aipatu zuen, eta hemendik kanpo, “lehen Mazedonia eta orain Ipar Mazedonia deitzen den estatuaren eta Greziaren artean izan den ahakarra”.
Salaberrik ikerketaren garrantzia azpimarratu zuen behin eta berriz, “onomastikaren eginbeharra, toponimoren bat arautu nahi duelarik, haren historia ezagutzea baita”; alegia, onomastikak “toki-izena nola dokumentatu den, nola eboluzionatu duen eta ondoren zer bilakatu den” argitu behar duela azaldu zuen, “leku-izen bakoitzean gure kultur ondarearen zatitxo bat ezkutatzen delako, urregorria balitz bezala atxiki eta artatu behar duguna”. Bestalde, lanak “arrapataka” egitearen aurka agertu zen, “bestela, lehengo huts berberak errepikatzeko” arriskua dagoelako, 70eko eta 80ko hamarraldietan hartutako erabaki okerrei erreferentzia eginez.
Nolako administrazioa, halako errealitatea
Toponimiaren normalizazioa estatus politikoari estuki lotuta dago, hain zuzen ere, eta Euskal Herriaren kasuan, lurraldea hiru administraziotan banatu izanak dakarren errealitateari. Egoera zertan den errepasatzeko eta erkatzeko xedez, Arazeli Díaz de Lezana, Mattin Bacho eta Aingeru Mikeo Azpirotz batu ziren mahai beraren inguruan, hurrenez hurren, Eusko Jaurlaritzak, Euskal Hirigune Elkargoak eta Nafarroako Gobernuak egiten dutenaz mintzatzeko.
Arazeli Díaz de Lezanak 1986tik honantz Euskal Autonomi Erkidegoan martxan jarri diren ekimenak eta eman diren urratsak azaldu zituen, hala nola ahozko bilketa, dokumentu idatzien eta kartografiaren hustuketa, normalizazio geografikoa, arautze-lana edota datu-basearen antolaketa. EAEko izendegi geografikoa webgunean kontsultagarri dagoela gogora ekarri ostean, erabileraren jarraipenari eman zion arreta, “okerrak detektatu, dagokionarekin harremanetan jarri, informazioa eskaini eta zuzenketak burutu direla egiaztatzea” garrantzitsua delako, bai administrazioan (errepideetako errotulazioan edo kartografian, adibidez), bai hezkuntza-sisteman (testuliburuetan eta bestelako materialetan), bai eta udal nahiz bestelako zerbitzuen webguneetan ere.
Ipar Euskal Herriko toponimiaren normalizazioa “hastapenetan” dela esan zuen Mattin Bachok, eta legez bete beharreko araudia azaldu zuen lehendabizi: “Udal kontseiluak du karrika-plazak izendatzeko eskumena, delibero bidez. Ondotik, deliberoa onartu behar du Prefetak”. Izen generikoak, berriz, gutxienez frantsesez eman behar direla esplikatu zuen. Hots, “udal kontseiluak nahi balu, euskaraz ere eman litezke”, eta izen bereziak, berriz, “erdaraz nahiz euskara hutsez”.
Orain arteko lanak “puntualak eta isolatuak” izan direla aipatu zuen Bachok, “tokian tokiko euskara teknikariek bideratutako galdeak orobat”. Esate baterako, Kanbo, Donibane Garazi edo Behaskane-Laphizketatik heldu direnak. Lan sistematikoago bat aipatzekotan, Hazparnekoa nabarmendu zuen, “12.000 leku-izen aztertu baitira”.
Bachok, bestalde, telekomunikazio operadoreek baitezpadako baldintza gisa ezarritako helbideratze proiektua aipatu zuen. Alegia, aurrerantzean helbide bakoitzari zenbaki bat esleitu beharra, GPS nabigazioa, larrialdiak edota bestelako zerbitzuak erraztearren: “Gure hautetsiek beldur handia zuten herriko ondarea dela-eta, erran nahi baita, etxearen izena galdu eta zenbakia nagusituko ote zen”. Alde horretatik, laguntza teknikoa proposatu zuten eta Euskaltzaindiarekin batera, “prozedura lasterra ezarri da plantan”.
Ipar Euskal Herrian, borroka nagusia “jatorrizko hizkuntzaren oraingo grafia mintzaira guztietan errespetatzea” dela azaldu zuen Euskal Hirigune Elkargoko ordezkariak. Alegia, frantsesez ematen denean ere, Chemin de Etxeberri kasu, Etxeberri paratzea eta ez Etcheberri. “Benetako erronka”, halere, “estatuko zerbitzu eta enpresen mundua hunkitzea” izango dela nabarmendu zuen.
Aingeru Mikeo Azpirotzek Nafarroako Foru Komunitatearen arautegia errepasatu zuen, izen ofizialak nola eta nork erabakitzen dituen azaltzeko: “Toponimoak Nafarroako gobernuak erabakitzen ditu, baita lurralde, herri eta hiriarteko bideen izenak ere”. Hiri barneko kaleen izenak, berriz, udal bakoitzari dagozkiola argitu zuen, udalek eta kontzejuek haien izena aldatzeko eskumena dutela, eta etxeen kasuan, jabeari dagokiola erabakia.
Nafarroako toponimia zaintzeko eta kudeatzeko prozesuan, hainbat erronka azpimarratu zituen Mikeok. Besteak beste, “toponimia batzordea eratzea”, esate baterako, Euskararen Kontseiluaren barnean; datu-basearen egitura informatikoa gaurkotu ostean, “toponimia ele bietan adierazteko prestatzea, hutsuneak detektatu eta osatzea, datu-basean ageri ez diren elementu geografikoak txertatzea (kiroldegiak, ikastetxeak…) eta kalitatea bermatzea”. Gainera, “toponimiaren kudeaketan eskumena duten erakunde guztien koordinazioa hobetzea edo ikerketa eta hedapena sustatzeko jarduerak indartzea” ere aipatu zituen.
Hedatzearen eta errotzearen garrantzia
Adibiderik tokikoena Elena Martinez de Madina euskaltzain urgazlearen eskutik heldu zen, Gasteizko toponimia historikoa berreskuratzeko egitasmoaz jardun baitzuen. Beren lanean “metodo zientifikoaren urratsak” aplikatzen dituztela azaldu zuen Martinez de Madinak, eta emaitza gizarteratzera bideratu behar diren ahaleginei jarri zien azpimarra. Besteak beste, eskoletarako sortutako ikasmateriala, jolasak, txangoak nahiz bestelakoak eta erakundeekin edo hedabideekin egin den lana goraipatu zituen.
Elena Martinez de Madina bezala, Joan Antonio Rabella (Institut d’Estudis Catalans) eta Antón Santamarina (Instituto da Lingua Galega) ere beren-beregi aritu ziren zabalkundearen garrantziaz, eta ildo horretan antola litezkeen ekimen guztiak balioetsi zituzten, Rabellaren hitzetan, “toponimoen normalizazioari ikusgarritasuna ematen diotelako eta eragin sozial handikoak izan litezkeelako”. Anton Santamarinak toponimia ondarea berreskuratzeko arazo politiko eta ekonomikoak nahiz baliabide falta ere nabarmendu zituen. Halaber, ikertzaile dedikatuen eza boluntarioen lanez osatzeko itxaropena erakutsi zuen, “Galizian jendek askok hartu duelako arazoaren kontzientzia”.
Kontzientzia hitz gakoa iruditu zitzaion Stefan Ruhstaller linguistari ere, Andaluziako toponimiaren normalizazioaz ari zela. “Espainiako estatuan, hizkuntza bakarra duten erkidegoetan, egoera askoz okerragoa” dela argudiatu zuen, hain zuzen, “sentsibilitaterik ez dagoelako”, ezta toponimia batzorderik ere. Administrazioaren laguntza politikorik gabe, hizkuntzalariak Andaluzian “linboan” ari direla esan zuen: “Gure lana ezinbestekoa da ondarearen berreskurapenean, baina aitortza behar dugu, gure kabuz ezin baitugu ezer handirik egin”.
Makurra, era berean, bretoieraren gainean emandako azalpenek erakutsi zuten egoera. “Erabateko larrialdian gaude”, zioen Olier ar Mogn bretoieraren akademiako zuzendari zientifikoak, seinaleztatze elebiduna etengabe ugaltzen ari den arren, “artean toponimoen bilketa fasea ere bukatu gabea delako”, besteak beste. “Normalizazio prozesu motela da gurea, eta soilik gizartearen nahiak eta bereziki belaunaldi gazteenen grinak salbatuko du ondare toponimikoa”. Toponimiarena, bretoiek hizkuntzaren berreskurapenean duten “erronkarik handienetako bat” dela aipatu zuen.
Toponimo okzitanoen normalizazioari dagokionez, baldintza aski sinpleak eskatzen direla azaldu zuen Vincent Rivière doktoreak: “ikerketa idatzi bat eta ahozko bilketa egitea”. Gaskoiaren kasuan, “toki-izen baten etimologia edo esanahia zenbat eta frogagarriagoa izan, orduan eta fidagarriagoa izango da haren ortografia”, Rivière doktorearen aburuz. Azkenik, toponimia ondareak duen balio pedagogikoa nabarmendu zuen.
Esperientziarik urrunena Franco Finco doktorearen ahotik entzun zen, Friuli Venezia Giulia (Italiako ipar-ekialdea) eskualde eleaniztasunaren kasuaz aritu baitzen, eta bereziki, hango tokian tokiko hizkerak babesteko arauez eta irizpideez.