Bi bidaia mota eskaini zituen Euskaltzaindiak literaturaren eta itzulpengintzaren gaineko jardunaldian, Bilbon. Bata, kanporanzkoa, Atxagaren definizioa erabiliz, siderala, hizkuntzen galaxia-maparen bueltan. Bigarrena, barruranzkoa, intimoagoa nahi bada, edo pribatuagoa, baina ez horregatik arinagoa edo garrantzirik gabea, hain zuzen, idazle eleaniztunaren baitara, sorkuntzaren iturburura. Bigarren bidaiak “literatura, sarri hutsaldua den hitz hori, egilearen ikuspegitik begiratu eta zentzuz betetzea” izan zuen xede, Aurelia Arkotxa euskaltzain eta jardunaldiaren antolatzaileak azaldu zuenez. Galdera sorta batek kokatzen du gaia, hobeki: nola sortzen du eleaniztunak?, non du sortzeko tokia hartzen?, nolakoa da bere tailerra, jakinik, nomada ere izan litekeela, idazleak berdin sor lezakeelako kafetegi bateko mahaian jarrita, kalean ibilian edo etxean isilpean? Liburutegiak ez ditu, ziurrenik, urrun.
Idazlearen zirriborroak aparteko garrantzia hartzen du sorkuntzaz, egile eleaniztunen tailerraz nahiz lan-moldeez ari garelarik. Olga Anokhinak –Parisko CNRS-ITEMeko irakasle eta Aurelia Arkotxarekin batera jardunaldiaren antolatzaile– zientifikoki azaldu zuen zirriborroak balioestearen zergatia: testu argitaratu gehienek ez bezala, lanerako baliatutako dokumentuek “idazlearen eleaniztasunaren arrastoak” gordetzen dituzte, eta berauen azterketak “idazketarako estrategia zehatzen berri” eman diezaguke.
Estrategia horietariko bat hizkuntzen banaketa funtzionala litzateke. Aleksandr Puxkin XIX. mendeko poetak errusiera eta frantsesa menderatzen zituen, eta bere egunerokoan ez ezik sortze prozesuan ere bata zein bestea erabili ohi zituen. Frantsesa, baina, planifikazioan baliatzen zuen batik bat, eta errusierak testu bihurtzerakoan hartzen zuen gaina.
Bigarren estrategia code-switching deritzona litzateke. Estrategia honen arabera, nahas-mahasean ematen dira bi hizkuntzak, eta adibiderik nabarmenenak literatura txikanoan aurkituko genituzke.
Hirugarren estrategiaren arabera, bi hizkuntzen idazketa aldiberekoa litzateke, eta horren adibide, Jean Joseph Rabearivelo poetaren aipamena egin zuen Anokhinak: “Rabearivelok frantsesez eta malgaxez argitaratzen zituen bere poemak. Baina bere zirriborroek bakarrik erakuts lezakete zein ordenatan sortzen zituen eta zer-nolako erlazioa zuten bi hizkuntzek. Izan ere, elkar zirikatzen eta sustatzen zutela baitirudi”.
Laugarren estrategia autoitzulpenaren parekoa litzateke eta idazketa kontsekutiboa deitzen dio Anokhinak. Nancy Hustonek, esate baterako, ezin izaten dio inori bere testurik itzultzen utzi, konfiantza faltaz. “Lehen bertsioa bukatu orduko, frantsesez berridazteari ekiten diot nik neronek”, aitor du idazle kanadarrak.
Beste idazleak itzultzea litzateke bosgarren estrategia. Idazle eleaniztun askok egin ohi duten praktika da, gustuko egileak itzultzea, alegia, eta hizkuntzekiko pasioak bultzatzen ditu, Fernando Pessoa poeta portugesari gertatu ohi zitzaion gisan.
Bada hizkuntzak ikastea sorkuntzarako akuilu gisa ulertzen duenik ere, zirriborroetatik ondoriozta daitekeenez.
Idazlearen estrategiak estrategia, Patrick Hersant, Paris 8 Unibertsitateko irakasleak itzultzaileen zirriborroei erreparatu zien espresuki, zirriborroaren definizioan dokumentazio zabala hartuz, hala nola idazlearekin izandako gutun trukeak, zirriborroaren aurreko oharrak, fitxak, elkarrizketak, itzulpenen hitzaurreak eta sortze prozesua ulertzen lagun dezakeen oro. Halaber, itzulpenen berrargitalpena ere interesgarritzat jo zuen, baina, batez ere, lau eskutara egiten diren itzulpenak goraipatu zituen, non idazlea eta itzultzailea buruz buru edo bi itzultzaile batera ari diren.
Idazleen artxibo eta bibliotekak
Idazle eleaniztunen nahiz itzultzaileen zirriborroak balioestea eta horretarako argudioak azaltzea bezain garrantzitsu jo zuen Euskaltzaindiak adibide ezagun eta zehatzak esplikatzea.
Delfina Cabrera ikerlariak itzulpenaren eta Latinoamerikako gaur egungo literaturaren arteko loturak aztertu ohi ditu, eta Autoitzulpenaz harago: Manuel Puig-en idazketa eleaniztuna hitzaldian, nobelagile argentinarraren “birjabetze linguistiko ugariak” izan zituen aipagai, prozesuan sarritan nahasten, eraldatzen eta funditzen zituelako hizkuntzak nahiz hizkuntzen dialektoak.
Jean Casenave euskaltzain urgazleak Pierre Lhandez eta Yolanda eleberriaren euskarazko berridazketaz jardun zuen. Besteak beste, Pierre Lhande lapurtarraren biografia, Yolanda eleberri historikoa itzultzeko gipuzkera hautatu izanaren zergatiak, frantses idazle eta literatur kritikari gisa lortu zuen ospea, Euskaltzaindiaren barruan zituen loturak edota XX. mende hastapeneko hizkuntza literarioaren eztabaida harilkatu zituen bere hitzaldian.
Gidor Bilbao EHUko irakasleak Etxeberri Sarakoari jarri zion fokua. Patxi Altuna euskaltzainak 1988an esan zituen hitzak bere eginez, Etxeberri Sarakoaren hainbat pasartek “inoiz idatzi den hoberenaren parean ipintzea eta euskarazko antologia edo puskarik ederrenen bilduman agertzea” mereziko lukeela azaldu zuen, eta gaineratu, jada bere irizpideetatik, “txokotxo bat” egin beharko litzaiokeela halaber, itzulpenaren historian ere.
Joseba A. Lakarra euskaltzainak, Koldo Ulibarri EHUko irakaslearekin batera Refranes y Sentencias bilduman zentraturik, edizioaren arazo filologikoak xehatu zituen: “euskal testuen artean den zailenetarik da, baina baita interesgarrienetarik ere, besterik ez bada, euskararen historiaren entziklopedia delako”.
Aurelia Arkotxak, Juan Mari Lekuonaren Mimodramak eta ikonoak azken poema liburuaren atzean dauden artxibo elebidunei heldu zien. Lourdes Otaegi filologoa Lizardiren eskuizkribuez mintzatu zen, “poemen bertsio ezberdinen konparaketaren ekarpenak eta poemen aurre-testuen ekarpenak bere poesiaren genesiaz” eman dezaketenaren bila. Alex Gurrutxagak, ikerlari gazteen mahaitik, Poetika baten eraikuntza: Xabier Leteren obraren bilakabidea aztergai izenburupean jardun zuen jendaurrean, eta Elizabete Manterolak Atxaga eta itzulpena izan zituen hizpide.
Bazen besterik ere. Esate baterako, Miren Ibarluzearen Euskal itzulpengintza itzulpen-ikasketa soziologikoen argitan, Herve Le Bihan Renneseko Unibertsitateko irakasleak Euzen Gueguen idazle eta jakintsu bretoiaren jardunaren gaineko lana, Kathy Bernard Bordeleko Unibertsitateko irakasleak okzitanierazko patu- edo zorte-liburu baten gainean egindako ikerketa edota Max Hidalgo Bartzelonako Unibertsitateko kideak Haroldo de Campos poeta eta itzultzaile brasildarrari eta, bereziki, haren etxeko babel bibliotekari –hala deitzen omen zion de Camposek– eskainitakoa. Max Hidalgoren ustez, “Haroldo de Campos idazlea irakurle izan zen ororen gainetik, eta liburutegia, hautaketaren eta konbinazioaren bidez, sorkuntzaren menera jarri zuen”.
Adibide zehatzei lotuta baina berorietatik harago, aipagarri Mario Santanak –Hizkuntza eta Literatura Erromanikoen irakasle, eta euskarazko eta katalanezko ikasketa programen koordinatzaile Chicagoko Unibertsitatean– literaturaren sistemaren barruan itzulpena kontuan hartzeko eta balioesteko egiten duen ahalegina: “itzulpenak behar ditugu geure kultur munduaren osagai kritikoa direlako, baina baita geure ikerketaren beraren muina direlako ere. Halaxe da edozein sistema literariotan, baina batez ere ikasketa iberikoetan. Eta lanik presazkoena, proiektu honetan, irakurketaren pedagogia eta itzulpenaren interpretazioa garatzea genuke. Irakurketa esteoskopikorako balioko duen eredu pedagogiko horrek Iberiar penintsulako produkzio literarioan dagoen aniztasun linguistikorako sarbidea erraztu beharko du. Gainera, hizkuntzen arteko aldeak eta tentsioak ikusaraziko dituen ikerketa ahalbidetu beharko du”.