Europako etorkizuneko hizkuntza itzulpena izango omen da, Umberto Ecok esana. Baina zer da itzulpena, literaturaz ari garelarik? Zer da itzultzea, bestalde, idazle eleaniztunen lanez ari garenean, eta zer da, zehazki, idazle eleaniztun horren jarduna hizkuntza urritu gutxietsi batetik, demagun euskaratik, abiatu bada? Definitu nahi den horri lotuta, beste galdera sorta bat dator ezinbestean: zein da idazlearen rola itzulpenaren prozesuan?; nork itzuli behar ote du, eta nola, noiz, zertarako?; zein neurritan da posible itzulpena eta zer proiektatzen du?
Hizkuntza hedatuenetan ari ez den idazle orori luzatu ohi zaio itzulpenari buruzko galdera, baina hizkuntza erregional deiturikoan diharduenak egin beharko dio aurre, beti eta ezinbestean, bere zama osoan. “Hizkuntza menderatzailera itzultzea, hizkuntza menderatzaile horren estatusa berrestea da, aldez edo moldez; diglosia indartzen du”, zioen Bordeleko unibertsitateko irakasle Guy Latryk, Bernard Manciet poeta okzitaniarraren jarduna eta jarrera xehatzen hasi baino lehen, “arazoa askoz ere bihurragoa da itzultzaile lanetan jardungo duena, alegia Kausari traizioa egingo diona, egilea bera denean”.
Izan ere, diglosiatik idazten duenak ez du inoiz hautu errazik. Amaigabea du dilema: literatur eremu autonomoa osatu (eta beraz itzulpena errefusatu), ala hizkuntza menderatzailera itzuli eta literatur eremu nagusitu batean sartu, hedapenaren izenean; aitortza indibidualaren desioari bidea eman ala engaiamendu kolektiboari fideltasuna erakutsi; itzulpena bai, ez, erdibidean gelditu… baina non eta nola bilatu erdibidea…
Bernardo Atxagak, ezagun bilakatzen hasi zenean, baikortasuna erakutsi ohi zuen atzerrian-eta, euskaraz idazteari buruz galdegiten ziotenean, eta itzulpena aipatzen zuen horren arrazoi. Azal dezagun lehendabizi, hizkuntzen egoeraren metaforarik adierazgarrienetako bat mapa astronomikoa dela Atxagarentzat, eta horren arabera, galaxiaren zentroa edo eguzkia, ingelesa litzatekeela; gaztelania edota frantsesa, berriz, planeta; katalana, ilargiaren pareko satelite; eta euskara, azkenik, ezerezaren mugetan dagoen asteroidea. “Bai, idatz daiteke euskara bezalako asteroide-hizkuntza batean”, argudiatuko zuen, “eta berdin da zenbat argi-urtera dagoen asteroidea, irits daiteke eguzkirantz”. Jakina, itzulpen deituriko espazio-ontziak hilabete eskasetan ahalbidetzen duelako bidaia siderala.
Itzulpena, lan latza. Itzulpenari ukoa, bide itsua
Itzulpenari heldu nahi ez izateko erabakien atzean arrazoi ugari egon liteke, batik bat ideologikoak, esate baterako, jatorrizko testuari fidel izan nahia, menderatze linguistikoari aurre egin eta babestu beharra, edota bi kultur unibertso elkarri itxita mantendu nahia, bata eta bestea, George Mounin hizkuntzalariak zioen gisan, antolamendu linguistiko eta pentsamendu sistema arras bestelakoak izanik, itzulpen zehatza egitea ezinezko bihurtzen den neurrian. Arrazoi teknikoak ere badira, beraz.
Itzulpenaren ukaziora heldu gabe, egun, sistemen apartekotasunari heltzen dio, hain zuzen, Bernardo Atxagak, Asun Garikanorekin batera urte luzetan izandako esperientzia kontuan: “itzulpena –euskaratik beste hizkuntzetarako norabidean bereziki– oso zaila da, eginkizun latza. Errealitate hori gogoan ez hartzea erokeria litzateke, eta arriskua asteroidearentzat”.
Beste hitz batzuk erabili zituen Perpinyàko unibertsitateko katedradun Christian Lagardek kontzeptu berari heltzeko: “Itzulpen perfektuan sinestea barregarria da, eta finean gezurra”, baina nork bereari eutsi nahi izateagatik itzulpenari ezezkoa ematea “bide itsua besterik ezin liteke izan”, ideologiari eboluzio soziolinguistikoak hartzen diolako gaina sarritan, eta beste hainbatetan, berriz, arrazoi sozioekonomikoek agintzen dutelako.
Hizkuntza minorizatutik abiatzen den itzulpena aipaturik, gehientsuenetan jatorrizko testuaren egileak berak burutua dela nabarmendu behar. “Itzulpena are errealagoa da, asteroide-hizkuntzatan diharduten idazle gehienek gutxienez eguzki-hizkuntza bat edo planeta-hizkuntza bat ere menperatzen duelako, eta lan hori beren gain har dezaketelako”, zioen Atxagak, itzulpena edo autoitzulpena eginkizun latza dela aitortu aurretik.
Aparteko lan hori itzultzaile ofizioaren rolean hartuko du egileak, ez ordea beti, Garazi Arrulak Norbere buru-gorputza itzultzeaz hitzaldian azpimarratu zuenez: “Miren Agur Meabek, esaterako, bere lana itzultzeko jardunean, itzultzaile rola hobesten du; eta Itxaro Bordak, berriz, bere lana itzultzeko jardunean, idazle rola hobesten du”.
Rola edozein izanik ere, Rainier Grutman irakasleari –filologia frantsesean katedradun, Ottawan (Kanada)– jarraiki, nork berea itzultzea edo autoitzulpena ez da lan horizontala, “bertikala edo behetik gorakoa” baizik, hizkuntzen arteko asimetria baitago muinean. Bestalde, “globalki zentripetoa” ere bada, “periferiatik zentrorantz egiten duelako”, edo, bestela esanda, hizkuntza menderatutik hizkuntza menderatzailera jotzen duelako. Autoitzulpenak hainbat hizkuntzari ezartzen zaizkion muga geopolitiko nahiz linguistikoak gainditzeko bidea irudikatzen duela dio Grutmanek. Era berean, askatasun aldarrikapena eta autopromoziorako modua ere badela, “hizkuntza minorizatuari dagokionez, irtenbide kolektiboa inoiz izango ez den arren”.
Hizkuntzen asimetria eta behetik gorako autoitzulpena
Bi kulturen jabe den egileak arriskuak hartzen ditu “hizkuntza nagusitu” edo hegemoniko baterantz jotzen duenean. Hain zuzen, “supra-autoitzulpena” –halaxe deitzen dio behetik gorako autoitzulpenari– aho biko ezpata delako: “ikusgarritasuna ematearekin batera, eta hizkuntza minorizatuan konfinatuta gelditu diren kideenganako abantaila lortzeaz gain, jatorrizko sorkuntza-lana ezkuta dezakeelako, eta hizkuntza menderatzailearen posizioa indartu edo areagotu”. Itzulpenak zenbat eta kokapen zentralagoa izan hizkuntzen galaxian, orduan eta handiagoa da arriskua. Supra-autoitzulpenaren ondorio zuzena da, esate baterako, Obabakoak obraren nazioarteko edizioetan “gaztelaniatik itzulia” oharra agertzea edo egilea idazle hispanoen zakuan sailkatzea.
Hizkuntza menderatzailearen filtro kamusgarri hori da, beraz, komunitateaz haragoko ikusgarritasuna lortzeko eta kanpora ateratzeko pasaportea, sarri garestiegi ordaindua. “Gaztelaniaz argitaratzean, badago idazle subordinatu sentiarazten zaituen dinamika nahiko perbertso eta sotil bat. Ez dakit prest nagoen dinamika horretan jokatzeko”, zioen berriki Harkaitz Canok, Fakirraren ahotsa eleberriaren itzulpena kari.
Baina zein da euskal literaturak nazioartean lukeen tokia? Mari Jose Olaziregi euskal filologian doktorearen gogoetan daude gakoak, tartean, jarraian datorrena: “Euskaldunen unibertsaltasunaz ari garenean, euskal idazleak ez ditugu Juan Sebastian Elkano edo Txillidaren eskulturak bezala definitzen. Eusko Jaurlaritzaren Euskadi Basque Country estrategian kultur industriak du lehentasuna (Guggenheim, SSIFF, Basque Culinary Center…), ez literaturak”. Espainiako kanpo-estrategia arrunt bestelakoa da: “Gaztelaniak balio estrategikoa du, denok berdintzen eta batzen omen gaituen horrek ez baitu bere unibertsaltasuna frogatu behar”.
Olaziregik Joseba Sarrionandiaren Moroak gara behelaino artean? saiakeratik hartutako hitzok nabarmendu zituen, gainera: “Munduko literatura birplanteatu egin beharko da, askatasunaren eta berdintasunaren alde, ez eurozentrikoa ez nazionalista izango ez den beste artikulazio batekin, munduan gertatzen diren botere erlazioen imitazioan molda ez dadin. Hori utopia da oraindik, baina parte hartuz besterik ezin da lortu”.
Estereotipoak
Euskal literaturak kanpoan eskaintzen duen irudiari erreparatzeak ikerketarako arlo interesgarria osatuko luke bere horretan. Aritz Galarraga, Bartzelonako unibertsitateko irakaslea, katalanera itzulitako euskal literaturak estereotipo jakin batzuk jarraitzen ote dituen aztertzen ari da, eta “euskal gatazka” deritzonari erreparatu zion zehazki Euskaltzaindiak literaturari eta itzulpenari eskainitako nazioarteko jardunaldian, euskal literaturak, zenbaiten aburuz, gai horri helduta egin diezaiokeelako ekarpenik handiena munduko literaturari.
Bernardo Atxagaren adibidea izan zuen Galarragak makulu: “Nazioarteko panoraman oihartzuna izatera iritsi diren euskal idazle batzuek hitz egin dute euskal gatazkaz beren lanetan, eta gainera modu ausart eta arriskatuan egin ere”, Atxagak kasu, “gezurtatuz, besteak beste, Patria liburua ospetsuaren idazle Fernando Aramburuk esan zuena”. Alegia, Atxagak modu metaforikoan ukitu zuela ETAren gaia, sufrimendua eta odola izendatu gabe. “Ez da gizon librea”, esan zuen Aramburuk Bernardo Atxagagatik, “dirulaguntzak dituzte, hizkuntzaren promoziorako kanpainaren parte dira eta batzuek eta besteak atseginarazten saiatzen da”.
Aritz Galarragak ondorio argia atera zuen kritika horietatik guztietatik: “Arazoa ez da Bernardo Atxagak, eta oro har euskal literaturak, euskal gatazkari buruz hitz egin ez izana. Arazoa da, izatekotan, ez duela hitz egin batzuek, hain zuzen euskal literaturari gatazkaren absentzia egozten dioten horiek, nahiko luketen moduan”.