Urkiak gogoratu du 100 urte daramatzala Euskaltzaindiak "euskararen lurralde osoan euskara ikertzen eta jagoten, beti talde-lanean, ahalik eta eragile gehienen parte-hartzea sustatuz", berezko duen "zerbitzu bokazioari" eutsiz. "100 urte bete ditugu, baina aurrera begira jarrita gaude -azpimarratu du euskaltzain gipuzkoarrak-, erronka berriei aurre egiteko prest, gizartearen beharrei begira erantzun egokia eman ahal izateko. Eta aurrerantzean ere zuen eta euskalgintza osoaren laguntza beharko dugu, bakarrik ez baikoaz inora". Sari berri hau "euskaldun guztiontzat" dela esan du Urkiak, "orain arteko ibilbidea elkarrekin egin dugulako". Eta agindu du aurrerantzean ere Euskararen Akademia saiatuko dela "saria benetan merezi izan duela erakusten eta hobetzen".