Euskaltzaindiak II. Nazioarteko Dialektologia Biltzarra du Bilbon, eta bosgarren jardunaldia, ehungarren urteurreneko ospakizunei ekin zionetik. Bihar izanen da bigarren saioa, goiz partean; besteak beste, Herri Hizkeren Atlasaren X. liburukia aurkeztuko da jendaurrean.
Gainerako jardunaldietan hartutako irudiak proiektatuz eman zaio ongietorria Bilboko Euskal Museora bildutako jendeari, eta ordezkari politikoen hitzak heldu dira jarraian. Bizkaiko Euskara eta Kultura Saileko foru diputatu Lorea Bilbao euskararen aberastasuna “balioan” jarri beharraz mintzatu da lehendabizi: “Kontua ez da aldaera bat edo euskara batua, kontua euskara bera da, edonor eroso sentitzeko modukoa izatea. Euskalki guztiak ondo batuta egotea garrantzitsua da, eta agertuko diren aldaera berri guztiei ongi egokitzea”, adierazi du Bilbaok.
Akademiak dialektologiari hastapenetik eman dion garrantzia azpimarratu eta orain arte egindako bide luzea azaldu ditu Andres Urrutiak: “Daukaguna ezagutzea” beharrezkoa dela gaineratu du, eta horretarako ezinbestekoa dela “herriz herri joatea, ikustea, biltzea, sailkatzea, eta gero, ondorioak atera eta gizarteari berriro eskaintzea”. Egindakoaz gogoeta egiteko ez ezik, jardunaldi akademikoak “etorkizun ildo batean jartzeko” balio behar du euskaltzainburuaren ustez. Euskararen estandarrari heldu dio, bestalde. “Batasuna ez da eraberekotasuna” esan du Urrutiak, eta berretsi: “Batasunak ez du euskararen kaleidoskopioa ukatzen. Batasuna osatu eta aberastu egiten da, prisma horren kolore guztiak hartzen dituenean”. Euskalkietatik datorrenaz gainera, forma berriak ere barne hartu ditu Urrutiak.
Koldo Narbaiza, Bilboko Udaleko Euskara eta Hezkuntza saileko zinegotzia harro azaldu da Dialektologia jardunaldia Bilbora ekartzeagatik, eta zoriondu egin du Euskaltzaindia, “parte hartuko duten adituak kontuan hartuta, jardunaldiak lortuko duen mailagatik”. Bingen Zupiriak, berriz, euskaldun guztion ardura eta garrantzia hartu ditu hizpide: “Euskara batua ez du Euskaltzaindiak egin, erabiltzaileok egingo dugu edo ez da izango”. Hain zuzen, hortxe kokatu du euskalkiaren garrantzia. Estandarra hezurdura izanik, “aldiko jantzi bat edo beste bat hartuko du euskarak, baina erabiltzaile bakoitzak emana izango da”. Era berean, orekaren alde egin du, alegia, “batzuetan bizkaieraren jantziak handiagoa behar luke, sarriegitan gipuzkera hartu duen bezala”.
Atlasa: herri jakinduriaren altxorra
Eguneko ponentzia garrantzitsuenek euskararen atlasgintzari heldu diote. Adolfo Arejitak “atzera-aurrerako soa” egin dio Euskararen Herri Hizkeren Atlasari, egitasmoaren zuzendari den aldetik. Orain arte egindako bidean zedarri izan diren pausoak azaldu ostean, egiteke leudekeenak edo osagarri izango liratekeen lanak aipatu ditu, teknologia berriek ahalbidetzen dituzten aukerak kontuan hartuta. Esate baterako, “lehen bildu ez diren eremu semantikoetan askoz material gehiago bildu daiteke”. Gainera, hurrengo ildoak “Euskaltzaindiak dituen premien arabera” markatu beharko liratekeela argudiatu du: “Ahozkotasuna behar bezala eta modu sistematikoz osatuta ez badago, horri heldu beharko dio”.
Bai Adolfo Arejitak, bai Xarles Videgainek ere, Atlasak bere barruan ezkutaturik daukan altxorra balioetsi nahi izan dute: “Etnotestuak, ipuinak, pasadizoak nahiz legendak, herri jakinduria batzen duen material ugari dago audio gisa grabatuta dauden 4.000 orduetan”. Halaber, lexiko hitzen soiltasun horretatik harago, “esaldiaren modu landu eta sistematikoagoan” gizarteratzeko beharraz mintzatu dira.
Era berean, Euskararen Herri Hizkeren Atlasak teknika berriak merezi dituela azpimarratu du, hain zuzen, atlasaren arduradun teknikoak, Xarles Videgainek. Hala nola, mapak beste hainbat moldetan erakusteko aukera, soinuak edo hotsak ere mapetan agertu ahal izatea eta argitalpen politika berri bat lantzea, dialektologiako ikerketak gaika edota herrika landu ahal izateko. Azkenik, alor berdintsuetan dihardutenekin harreman intelektualak hedatzeko aldarrikapena egin du.