Aukeran dantza-konpainiaren BIZ HITZA lan berria aurkeztu da, gaur, Bilboko Arriaga Antzokian. Aurkezpenean, ondokoek parte hartu dute: Edu Muruamendiaraz, Aukeran dantza-konpainiaren zuzendari eta sortzailea; Andres Urrutia euskaltzainburua; Aitor Etxebarria, musikaria; Xabier Paya, gidoiaren egilea; eta Aitor Narbaiza, Loraldia festibalaren produkzio-arduraduna.
Edu Muruamendiarazek eta Xabier Payak "erronka" hitza aipatu dute behin eta berriz gaurko prentsaurrekoan. "Erronka handia izan da BIZ HITZA, bai. Niretzako dantza konpainia batentzat gidoi bat egitea erronka da berez, baina horrek azkenean euskararen eta hizkuntza ororen historia unibertsala kontatzen duen ikuskizun bat egiteko aukera eman digu. Euskara batuaren historia dantzatua da BIZ HITZA, baina, era berean, obra unibertsala da", aurreratu du Payak. "Euskara batuaren historiak ahalegin berezia eskatzen du -gaineratu du ikerlari bizkaitarrak-, azken batean XX. mendean egon den gizarte kohesiorako tresna arrakastatsuena izan delako batua: hitzak konpartitzen ditugu eta horrela etorkizuna ere konpartitu dezakegu. Hemen dantzak ordezkatzen du hizkuntza, baina hori da ikuskizun honen bitartez kontatu nahi duguna: hizkuntza ororen historia".
BIZ HITZA ikuskizunak munduko hizkuntza ororen historia unibertsala du abiapuntu, baina euskara batuaren historia berezia kontatu nahi du, dantzaren bidez. Euskaltzaindiak bere mendeurrena ospatzeko abiarazi dituen egitasmo artistiko-kulturalen baitan dago ideiaren abiapuntua. Euskararen Akademiak gure hizkuntzarekin zerikusia duen dantza pieza bat sortzea eskatu zion Aukeran dantza taldeari, eta elkarlan horren emaitza zoragarria dugu BIZ HITZA.
Martxoaren 16an izanen da estreinaldia, Bilbon; baina, ondoren, Beasainen (maiatzak 10) eta Gernikan (ekainak 15) ere ikusi ahalko da.
Ikuspegi artistiko eta sormenari dagokionez, Edu Muruamendiaraz dugu ikuskizunaren zuzendaria, baina askotariko lagunek jardun dute elkarlanean pieza berria ontzeko: Xabi Paya kulturgileak gidoia idatzi du eta Aukeran dantza- konpainiak koreografiak sortu ditu; Aitor Etxebarriak musika idatzi du; Ainhoa Aierbe eszena-zuzendaria da eta Oskar Armendarizek jantziak egin ditu. Estreinaldian, Aukeran Dantza Konpainiako bederatzi dantzari ibiliko dira oholtza gainean: Garazi Egiguren, Ander Errasti, Eneko Galdos, Ione Iriarte, Ekain Kazabon, Oier Laborde, Maier Muruamendiaraz, Uxue Urruzola eta Itziar Uzkudun.
Gaurko ekitaldian bertan lankidetza hitzarmena izenpetu dute Aukeran Dantza Konpainiak eta Euskaltzaindiak. Hitzarmen honi esker sortu da BIZ HITZA ikuskizuna.