Hain justu bosgarrena, behin eta berriz, teoriatik eta praktikatik, azpimarratu nahi izan zena. Ahoskera ikasi eta irakatsi behar litzateke, beraz. Baina ez gramatika edo hiztegia bailitzan. Ez buruz. Ez memoria landuz. Ez arauez eta erregelaz kargatuz eta ikasleak beldurtuz. Nola, ordea. Nondik hasi. “Ahoskera ikastea, hots kateen irudi akustikoekin ohitzea da, zein hots, zein musika, zein erritmo duen lagunarteko hizketak, eta zein diskurtsokoak”.
Euskara batuak, ahoskera-sistemarik ez duen hizkera artifiziala izanagatik ere, aje edo ezaugarri batzuk hartu dituela esplikatu zuen Euskaltzaindiaren Ahoskera batzordeburuak. Besteak beste, grafema-fonema identifikazioa, gaztelaniaren edo frantsesaren doinua edo erritmoa hartu izana eta, hizkuntza modu formalean ikastearen ondorioz, silabak indartu ordez hizkako azentua sendotu izana.
Oñederraren ustez, “berandu gabiltza”. Bide luzea egin delako honezkero, eta “hizkuntzalarien analisiek ez dutelako askorik lagundu”. Baina dena ez da galdua: “Zerbait egin baldin baliteke, irakasle eta ikasleengan dago itxaropena”. Ahoskera ikasteko, esaldiak ahoskatzen ikasi behar dela argitu zuen, “ez doalako hizka, hitz-kateka baizik”. Euskaldun zaharrei, berriz, etxetik dakartena gordetzeko eskaera luzatu zien, eta edozein hizkera-mailatan erabil dezaten, baina batez ere, “euskara batuarekin topo egiteak ez diezaien erritmo aldaketa bat ekarri”.
Euskaltzaindiaren Ahoskera batzordeak, azkenik, proposamena luzatu zuen Oñederraren ahotik. Hain zuzen, “hizketa zaindurako batasun ahalik eta handiena bilatzea eta lagunarteko hizkerarako behar diren ereduak euskalkien aniztasunetik jasotzea”.
Gakoa, ahoskera gainerako gaitasunetan integratzea
Sevillako Unibertsitateko irakasle Maria Heliodora Cuenca bat etorri zen Lourdes Oñederrak azaldutakoarekin, bereziki hainbat puntutan. Hala nola, ahoskera balioesterakoan, beronen irakaskuntzari eman zaion garrantzi eskasa nabarmentzerakoan, edota irakasleen metodo ezaz eta ezjakintasunaz mintzatzerakoan.
Bere jardun-eremua ingelesaren irakaskuntza bigarren hizkuntza gisa izanik, eta azentuari eskaini behar litzaiokeen arreta azpimarratzeko, azentuak aurreiritziak sor ditzakeela gogorarazi zuen; zehazki, “hiztunaren inteligentzia, gaitasuna edo sinesgarritasuna” zalantzan jartzen duten aurreiritziez ari zen. Efektibotasuna lortze alde, “ahoskera gainerako gaitasunen irakaskuntzan eta maila guztietan integratzea” litzateke gakoa, Cuencaren ustez: “atzizkiak erakusten ari bagara, atzizkiek azentuan duten eragina ere kontuan hartzea, esate baterako”.
Ikerketa eta esperientzia lotzearen premiaz ere mintzatu zen, ingelesaren ahoskera irakastearen gaineko ikerketa bederen, oso ugaldu delako azken urteetan. Irakasleek, bestalde, ezagutza fonetikoak behar lituzketela aipatu zuen, “eta bi hizkuntzetan”. Jakina denez, ikaslearen lehen hizkuntzak “filtro gisa” jokatzen duelako, bigarren hizkuntza ikasten denean.
Lourdes Oñederrak bezala, interpretazioan erabili ohi diren teknikak ahoskeran ere aplikatzea txalotu zuen Cuencak, eta bai batek eta bai besteak, bide laua utzi zieten antzerki eta zinema mundutik etor litezkeen ekarpenei.
Interpretazioak badu zer irakatsia
Hitza antzerkira egokitzen makina bat lan egindakoa da Julia Marin, komunikazio arloetako profesional asko bezala “irizpide argirik gabe” aritzen direla aitortuagatik ere. Ia hogeita bost urte luzetako esperientzia laburbildu zuen Marinek, “euskaldunok nola kantatzen dugun” irakasteak eman dizkion buruhausteak nahiz pozak barne hartuz. Eskarmentu horren fruitu da ahoskera lantzeko ondu duen metodoa, Esatearen Ederra,eta motz esanda, hiru urrats dituena. Lehena, ahots gora irakurri, letrari doinua ematen ikasi eta partitura sortu arte. Bigarrena, taularatu, paperaren gainean sortutako partitura gainerako partiturekin, esan nahi baita emozioen, mugimendu fisikoaren eta buruan sortutako irudien partiturekin, uztartzeko. Hirugarrena, pertsonaiari sinesgarritasuna eman. Azken urrats horretan hizkuntzaren jolasari heltzen zaio. Bestela esanda, pertsonaiak batua ala euskalkia behar duen, erregistro formalean ala informalean ariko den eta beste erabakitzen da.
Gorka Lazkano Errementari filmeko euskara arduradunak, bere esperientzia ez ezik, filmeko hizkera aniztasuna eta aldagarritasuna ere izan zituen hizketaldiaren mami nagusi. “Gauzak ez ziren lehen kolpean atera”, azaldu zuen, “batuan hasi eta geruzak azaleratzen joan ginen, pertsonaia guztiei ezin genielako hizkera bera eman”. Infernuari eta diputazioari, kasura, “erakundetzat hartuta biak”, hizkera jasoa eman zieten. Herritarrek, berriz, “taldea osatu behar zuten, eta zailtasun erantsia zegoen, asmatutako aldaera batean aritu behar zutelako”.
Euskara batuan, bestalde, “modu sinesgarri eta freskoan egitea ere badagoela” nabarmendu zuen Lazkanok. Eta hortik tiraka, Julia Marinek eta biek elkarrekin osatu zuten gaiaren gaineko ekarpena. “Orain bada euskalkiak goraipatzeko eta hobesteko joera”, esan zuen Marinek, “baina obra berean aktore bakoitza bere euskalkian aritzea harrigarri egiten zait. Horretarako ez al da hobe batuan egitea?”.
Euskaltzaindiaren mendeurreneko laugarren jardunaldiak, amaitzeko, ahoskera aintzat hartzen hasteko premia, erosotasunetik atera beharra eta irakaskuntzan teknika berriak integratzeko egokitasuna ekarri zituen lehen planora.