Honako hauek adierazi zioten atxikimendua ondorengo hilabeteetan garatuko den dokumentuari: Andres Urrutia (Euskaltzaindia), Cor van der Meer (Fryske Akademy), Benoit Dazeas (Lo Congrès Permanent de la Lenga Occitana), Henrique Monteagudo (Real Academia Galega), Joan Argenter (Institut d´Estudis Catalans) eta Elena Chiocchetti (EURAC - Institute for Applied Linguistics).
Hizkuntza gutxiagotuen eskubideak defendatzeko itunaren zioak jendaurrean azaldu zituen Andres Urrutia euskaltzainburuak, bai eta itunaren edukia ere. Xede nagusia erakundeak saretzea, elkarren arteko harremanetan sakontzea eta eremu urriko hizkuntzen batasuna jagotea izanik, hizkuntza biziberritzen duten esperientziak, ikerketa-proiektuak eta argitalpenak trukatzeko nahiz partekatzeko konpromisoa hartu zuten sinatzaileek, eta ahalegin berezia agindu, Europar kontinenteak berezko duen hizkuntza-aniztasunari buruzko jakintza eta begirunea bultza daitezen. Bestalde, baliabide guztiak ahalik eta ondoen aprobetxatzeko, ikerketa zientifikoak eta kudeaketa proiektu bateratuak sustatzeko asmoa azaldu zuten.
Halaber, Europako beste akademia eta hizkuntza-erakundeen atxikipena bilatzeko plana jasotzen du itunak, betiere, sinatzaile guztien onespenez.
Lan berriak sarean
Eskubideak defendatzeko ituna akuilatzeaz gain, bere webgunean kontsultagarri jarritako lanak aurkeztu zituen euskararen akademiak, Gotzon Lobera Sustapen batzordeko kide, Andres Iñigo euskaltzain oso eta Aitor Maritxalar informatikariaren eskutik. Sareratu den lanetako bat, Euskaltzaindiak euskararen estatusari edo hizkuntza-eskubideei buruz egindako adierazpenen bilduma da, eta bestea, Hizkuntza-zuzenbidea, hau da, botere publikoen betebeharrak eta araudia batzen dituen idatzi-sorta.
Adierazpenei dagokienez, gehienak botere politikoek hartu izan dituzten erabakien ondorioz eta “euskararen bermeak ukatu edo kaltetu direnean” sortuak izan zirela azaldu zuen Iñigok.
Hizkuntza-zuzenbideaz mintzo zela, “segurtasun juridikoak errazten du erabilera, eta zentzu horretan, tresnak erabilgarri jarri nahi izan dira, bai Zuzenbideko adituentzat, bai eta herritar guztientzat ere”, esan zuen Gotzon Loberak. Zentzu horretan, bilaketak eta kontsulta bide berriak erraztea lehenetsi dela esplikatu zuen, adibide praktikoak jarrita, Aitor Maritxalarrek.
Europako Kartaren baliagarritasuna ezbaian
Hizkuntza-akademien arteko esparru-hitzarmena baino lehen, Eskualdeetako edo Eremu Urriko Hizkuntzen Europako Kartari azalpen luze-zabalak eskaini zizkieten hizlariek. Sixto Molinak –Kartaren idazkari eragile, abokatu aholkulari eta unibertsitateko irakaslea– Europako Gutuna edo Karta erredaktatu duen erakundea hartu zuen hizpide eta haren zereginak oso mugatuak direla nabarmendu zuen: “Gobernuek sortua da, eta gobernuentzat . Elkar babesten dute”.
Juan Carlos Moreno Cabrerak –Madrilgo Unibertsitate Autonomoko hizkuntza orokorreko katedraduna– gordinagoak esan zituen Kartaren gainean, laburbilduz, “interes hegemonikoen mende” dagoela frogatzeko, hizkuntza gutxiagotuen aurkako bazterkeriari aurre egiteko balio ez duela erakusteko, eta, Espainiaren kasuan, “supremazismoz” aplikatu dela argitzeko.
Moreno Cabrerak, bere hitzaldia Europako hizkuntza erregionalak kontzeptuaren analisi ideologikoa eta bere ondorio glotopolitikoakizanik, hizkuntza estatal eta erregionalen arteko bereizketa izan zuen abiapuntu eta asaldatuta mintzatu zen: “Bereizketa horrek ez du zentzurik. Hizkuntza guztiak dira erregionalak. Ingelesa, adibidez, globalizatuta dagoelako, erregionala ez dela pentsatzea benetako astakeria da. Zenbat eta zabalduago, orduan eta aldaera erregional gehiago du hizkuntzak”.
Legeari begira, hizkuntza gutxiagotuen alde egin nahi bada, “hasteko, arrazoietara eta zergatietara” jo beharko dela nabarmendu zuen. Estatu modernoak sortu zirenean, hizkuntza ofizialak ezarri eta bazterketa prozesuak jarri ziren abian, eta Moreno Cabreraren hitzetan, “elebitasun behartu hori kontuan hartu behar da, bestela ezingo da gutxitze prozesu hori irauli. Hizkuntza gutxiagotuak babesteaz gainera, inposizio politikak ere ezabatu egin beharko dira, baina Kartak argi eta garbi dio hori ezin dela egin”.
Kartan estatuetako lurralde-osotasuna babesten dela nabarmendu zuen, eta horren arabera, “hizkuntza handien hegemonia eta desberdintasuna” areagotzen duela. Haren aburuz, tresna baliagarriagorik bada Europako Karta baino. Esate baterako, Hizkuntza Eskubideen Aldarrikapena, “hizkuntzen jagotetik sortu zelako, eta ez estatuetatik”. Hizkuntza Eskubideen Aldarrikapena 1996ko ekainean eman zen ezagutzera, Bartzelonan. Unescok onartua da.
Hizkuntza eskubideen gaineko irakurketak
Eguneko mahai-inguruak Mikel Arregi –Euskarabidea, Euskararen Nafar Institutuko zuzendari kudeatzailea –, Joseba Lozano –Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzaren Herri Administrazioetan Hizkuntza Normalizatzeko zuzendaria–, eta Paul Bilbao –Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluko idazkari nagusia– batu zituen, Rosa Ramos Euskaltzaindiko Sustapen batzordeko kidearen esanetara.
Euskararen kasuaz baino gehiago, “euskararen kasuez” hitz egin beharko litzatekeela nabarmendu zuen Mikel Arregik, eta horren aurrean, “aitzina egiteko aukerak aprobetxatu eta hirurak lankidetzan aritzeko oinarriak” zehaztea ezinbestekotzat jo zuen. Euskaraldia kanpaina jarri zuen etsenplu.
Paul Bilbaok ere Euskaraldia hartu zuen ahotan: “masa soziala astintzeko balio izan du. Emaitzak ez dakizkigu oraindik, baina herritarren pertzepzioan izan du eraginik”. Masa sozialean sortutako inertzia horiek politikara eramaten asmatu beharko litzatekeela nabarmendu zuen. Bestalde, egiturazko arazoa ere aipatu zuen, alegia, “hizkuntza eskubideen izaera subjektiboa” edo eskubide kolektiboei izaerarik eman nahi ez izana. “Baina hizkuntza kolektiboari dagokio, ez lurraldeari”, esan zuen Bilbaok.
Hizkuntzaren eskubide kolektiboak aldarrikatzerakoan, Joseba Lozanok komunitateari erreparatu zion, eta kezka bat mahairatu zuen: “Komunitatea ongi definitzen asmatu beharko genuke. Susmoa dut bakoitzak bere modura ulertzen duela komunitatea”. Gizartea errotik aldatzen ari dela ulertzea komenigarri jo zuen, eta ohartarazi, lehengo parametroek agian orain ez dutela balio: “Komunitatea bestelakoa da, askotarikoa, likidoa, indibidualismorako joera handiagoa du”. Bizi-indarra instituzio, elkarte, norbanako eta abarren kohesioan dagoela esan zuen, baina, era berean, indar zentrifugoak indartsuagoak direla ere azpimarratu zuen: “Ez dakit kohesio hori ba ote dugun; eremu euskaldunenetan ere, nekez, esango nuke”.
“Euskara inposaketa dela zabaltzen ari da”, azaldu zuen Mikel Arregik: “Justu kontrakoa da, baina mezu sinple eta erraz hori iristen ari da”. Ondorioak, haren ustez, ez luke hizkuntza politika biguntzea behar, “lanean gogor jarraitzea baizik, eta zubiak eraikitzea ezinbestekoa dugu”.