Gaur, Bilboko Udalak hiriko Urrezko Domina eman dio Euskaltzaindiari, Akademia sortu zeneko ehungarren urteurrena betetzean. Saria emateko ekitaldia gaur goizean izan da, osoko bilkuren aretoan, atzo ostegunez ohiko osoko bilkura egin ostean, zeinean onetsi baitzen Akademiari urrezko domina ematea, alderdi politiko guztiek aho batez hala erabakita.
Juan Mari Aburto Bilboko alkateak urrezko domina eta diploma entregatu dizkio Euskaltzaindiari, eta Andres Urrutia euskaltzainburuak jaso ditu haren izenean. "Egundoko aitortza egin digu Bilboko Udalak -esan du Andres Urrutiak ekitaldian-, ez bakarrik guri, gaur egungo Euskaltzaindia osatzen dugunoi, baizik eta ehun urtez euskararen alde lan egin duten euskaltzain oso, urgazle eta ohorezko guztiei".
"Agintzen dugu jarraituko dugula lanean -azpimarratu du Urrutiak bere hitzaldian-, euskal gizartearen zerbitzura, eta hauek ez dira hitz hutsalak. Hor daukazue webgune berria, tresna moderno eta eraginkorra, egunero-egunero berriztatzen duguna. Bertan, erakusketa birtual berezi bat eskegi dugu gaur: haria euskara batuaren sorrera prozesua da, hots, Baionan Euskal Idazkaritzak antolatutako biltzarrean jasotakoak (1964) eta Euskaltzaindiak Arantzazun eginikoak (1968)".
Jagon eta ikertu
Bilboko alkateak goraipamen hau egin nahi izan du: “Euskaltzaindiari ematen zaio uriaren urrezko domina, azken 100 urte hauetan apustu irmo eta ezbairik gabea egin duelako euskara jagon, ikertu eta haren gramatika arauak formulatzeko nahiz euskararen erabilera eta euskararen eskubideak sustatzeko”.
"Luxua da Euskaltzaindiaren egoitza Bilbon edukitzea -gaineratu du Aburtok-, eta geroan ere nahi dugu uria aberastu dadin erakunde horren jakintzarekin".
Aitortza handi hau emateko ekitaldian Bilboko Udaleko zinegotzi guztiak izan dira, bai eta euskaltzain oso eta urgazle ugari. Ospakizun osoan zehar, txistularien udal bandak zenbait pieza jo ditu: hala nola Berako alkate soinua, Lazkaoko Kontrapasa (Jose Inazio Ansorenarena), Agur jauna, eta Ametsa (Eduardo Ezeizabarrenarena). Gainera, mazolariak eta galazko zaindariak ere izan dira, ekitaldia arrandiaz jantziz.
Bilboko Udalak ematen duen saririk handiena entregatu ostean, euskaltzainburuak eta Euskaltzaindiko gainerako kideek urriko Osoko bilkura egin dute Bilboko Udalaren batzorde aretoan.
Demokrazia iritsiz gero, Bilboko Udalak 20 urrezko domina eman ditu. Hona hemen urrezko domina jaso izan dutenetako batzuk: Deustuko Unibertsitatea, Erruki Etxea, Basurtoko Erietxea, Arte Ederren Museoa, Bilboko Ingeniaritzako Goi-mailako Eskola Teknikoa, Bilboko Cocherito Kluba, Athletic Club, Merkataritza Eskola, Bilboko Merkataritza Ganbera edo Bizkaiko Mediku Elkargoa...