Osagaiekin jarraituz, euskara batua tokian tokiko euskarekin ongi uztartu beharra nabarmendu zuen gero; hiztun bakoitzak, premia komunikatiboen izenean, ” bereak bezala ikus ditzan biak”.
Corpusaren eta estatusaren garrantziaz ere mintzatu zen, “ulertzen dugulako hizkuntza planak bitarteko onak direla, baina estatusa landu gabe ezer gutxi dela” azpimarratuz, eta zentzu horretan, Euskaltzaindiaren Iker eta Jagon sailak aipatu zituen, baita euskalgintzan diharduten erakundeekin lantzen ari diren ekimenak ere: “Bitasun hori, kristalaren bi aldeak baitira, eta euskararen munduaren kaleidoskopioa osatzen dute”.
Hitz bitan, “akademia bizia, irekia, zerbitzu emailea, norbere kerietan ibili beharrean lan kolektiboa egingo duena eta Euskal Herriko gizarte zibila bilbatzen duena” behar dela esan zuen Andres Urrutiak.
Hitz horien ostean, euskaltzainburuak Joan Mari Torrealdairi eman zion erreleboa. Oholtzara igo eta Euskara Batuaren Adierazpena irakurri zuen Torrealdaik, hain zuzen, euskara batuaren garrantzia, ibilbidea eta erronkak berrestera datorren agiria, hamar puntuz osatua. 36 eragile publiko zein pribatuk sinatu zuten hantxe, banan-banan, Luis Villasante zenak erabili ohi zuen mahaitxoaren gainean, eta Oteizak Arantzazuko frantziskotarrei oparituriko sinboloa alboan zutela.
Sinatzaileek euskara batuaren sorrera bultzatu zuten printzipioak berresten dituztela zioen hamar puntuetatik lehenak. Euskaltzaindia joan den mende erdian euskalgintzan nagusitzen ari ziren hizkuntza planteamendu berrietan partaide izan dela jasotzen du bigarrenak. Hirugarrenak, prozesuan parte hartu dutenen lanaren aitortza egiten zuen, eta horrenbestez, aniztasunaren eta adostasunaren ikuspegitik bidegile izan diren guztiak omentzen zirela, laugarrenean.
Belaunaldi berriei deia
Bosgarren puntuan, belaunaldi berriei dei egiten zitzaien, euskara batua bere-berea izan dezaten, belaunaldi bakoitzak duen “eite eta tankera propioak” kontutan izanik. Seigarrenak Euskaltzaindiaren kezka jasotzen zuen, hizkuntza estandarrari buruz nabarmendu den zenbait iritzi eta jokamolde direla-eta. Euskaltzaindiaren ustez, “euskaldun oso izateko modua” ekarri duelako, eta “begirunea zor” zaiolako horri . Zazpigarren puntuan Euskaltzaindiak engaiamendua adierazten zion gizarteari, “pedagogiaren eta konpromisoaren aldetik, eta ideologia politikoetatik at”.
Zortzigarren puntuak euskara batuaren erabilera sozialari laguntza eman behar zaiola berresten zuen, eta horren haritik, erabilerari bidea erraztu behar zaiola nabarmentzen zuen. Euskaltzaindia bere jarduna eraberritzen ari dela zekarren bederatzigarrenak; erabilera soziala xede eta helmuga izanik, gizarte moderno baten beharrei aurre egitea lehentasunezko jotzen duela.
Euskara batuak euskararentzat eremu berriak irabazi dituela nabarmentzen zuen hamargarren eta azken puntuak; eta ondare hori hurrengo belaunaldien esku jarri behar horretan, oraindik ere badela irabazi beharreko esparrurik.
Erdi txantxetan, erdi serio, momentu historiko garrantzitsu baten lekuko zirela aipatu zuten batek baino gehiagok, atsedenaldietako solasaldi ez formaletan.'