Euskaltzaindiaren sorreraren 100. urteurrena ospatzen dugun honetan, euskara batuaren sorreraren 50. urteurrena ospatzen dugu ere. 1918. urtean egin ziren Euskaltzaindia eratzeko lehendabiziko urrats haiek, eta hura izan da, hain zuzen ere, euskara batuaren sorrera eta izaera gidatu duen erakundea.
Aurten 50 urte bete dira Euskaltzaindiak Arantzazuko Batzarra antolatu zenetik. Batzar hura hartu ohi da, sarritan, euskara batuaren abiapuntu-datatzat. Euskara batua sortzeko asmoak, ahaleginak eta saiakerak lehenago ere hasiak ziren ―euskara batuaren sorreran bereziki esanguratsua izan zen 1964. urtean egindako Baionako Biltzarra―, baina Arantzazuko Batzarra izan zen euskara batua sortzeko prozesuari abiapuntu sendo eta formal garrantzitsu bat eman ziona, abiapuntua, alegia;
1968az geroztik euskara batuak ibilbide bizkorra eta sendoa osatu du, eta gizartearen esku utzi du euskara normaltasunez erabili ahal izateko tresna emankorra eta eraginkorra, erabilera arloa edo eremua edozein dela ere.
Euskaltzaindia sortu eta 60 urte geroago, Euskal Autonomia Erkidegoaren Estatutuak erakunde aholku-emaile ofizial izendatu zuen euskararen gaietarako. Aurrekoan legez, garai horretako euskal herritarren ordezkari instituzionalek proposatu eta euskal herritarrek ontzat hartu zuten Euskaltzaindiaren gidaritza berezko hizkuntza eta ofiziala dugun euskararen zaintzan. Katea ez zen orduan eten, eta gaur eta hemen katea eten ez dela argi agertu nahi dugu Legebiltzarrean gaur egungo ordezkari instituzionalok, Euskaltzaindiaren ehungarren urteurrena ospatu ez ezik, bere lana neurriz eta jakinduriaz egiten iraun dezan, bere leloak azaltzen duen moduan: ekinez eta jarraituz.
Euskararen egun duen egoera ezin da ulertu euskararen Akademiaren lana gabe. Izan ere, orain dela berrogeita hamar urte, Arantzazun egindako batzarrean, gaur egungo euskara batuaren lehen oinarriak finkatzen hasi zen Euskaltzaindia. Euskaltzaindiak orduan ekin zion bidean jarraitu du eta hau gizarte osora zabaldu da.
Erabilera normalizatua duen hizkuntza orok, eta erabilera horretan arrakastaz jardun den hiztun-elkarte orok, sortu du hizkuntzaren eredu estandarra, horretarako eredu bati edo besteari jarraiki, eta euskaldunek ere halaxe egin dute, bidean zailtasun eta gatazka ugari gaindituz.
Izan ere, euskararen garapenean ezinbesteko izan diren baliabideetan ―literatura, hedabideak, ikastetxeak, unibertsitatea, administrazioa, euskalduntze-alfabetatzea, kultur ekoizpena…― euskara batua nahitaezko tresna izan da administrazio, gizarte eragile eta herritar ororentzat, guztia Euskaltzaindiaren eraginpean.
Euskararen Akademiaren ehungarren urteurrenaren ekitaldien baitan, 2018ko urriaren 4an, 5ean eta 6an Euskaltzaindiak berak jardunaldi akademikoak antolatu ditu Arantzazun, hain zuzen ere duela 50 urte han bertan egindako Batzar hura egin zeneko data berdinetan, euskararen batasuna aztergai duela. Egun eta jardunaldi esanguratsuak izan ziren ordukoak, eta esanguratsua ere da euskara batuaren inguruan gaur den egunean ere egiten ari den ahalegina eta lana, ordukoari jarraipena ematen diona.
Guzti hau dela eta, Euskaltzaindiaren lan horrek merezi duen aitorpena zabaltzeko, gure egoitzan bihar euskararen Akademiak osoko bilkurak egingo duen bileraren bezpera honetan, gaur eta hemen, Eusko Legebiltzarrak Euskaltzaindiaren lana aintzat hartu nahi du.
Eusko Legebiltzarrak euskara batuaren sorrerak euskararen historian eta, halaber, euskararen normalizazioan duen garrantzia aitortzen du, euskara gizarte bizitzako hainbat jardunetara normaltasunez hedatu ahal izateko ezinbesteko tresna izan baita.
Eusko Legebiltzarrak euskararen etorkizunean eta garapenean euskara batuak izan behar duen garrantzia eta egitekoa aitortu eta azpimarratu nahi du, eta berretsi egiten du gizarte-erabilera orotarako duen balioa, euskara batua bera hizkuntzaren normalizazio prozesuan ezinbesteko bihurtzen duena.
Eusko Legebiltzarrak euskararen estandarizazioan aitzindariak, pertsonak, elkarteak eta, bereziki, Euskaltzaindiaren ibilbide eta jardun akademiko eta historiko osoa aitortzen eta eskertzen du eta, une honetan, bereziki hizkuntzaren batasunari dagokionez egin duen lana eta ekarpena.
Eusko Legebiltzarrak bat egiten du Euskaltzaindiaren mendeurren ekitaldiekin eta euskal herritar guztiei gonbita egin nahi die bat egin dezaten Euskaltzaindiaren ehungarren urte hau dela-eta izango diren ekitaldiekin."
Eusko Legebiltzarra