Euskaltzaindiko Andres Urrutia euskaltzainburua, Adolfo Arejita Iker sailburua eta Erramun Osa idazkariordea Madrilen izan dira gaur. Espainiako Errege Akademiaren egoitza nagusian elkartu dira Darío Villanueva zuzendariarekin eta Aurora Egido, Inés Fernández-Ordóñez, Pedro Álvarez de Miranda eta José Antonio Pascual akademikoekin. Bilera honetan, Euskaltzaindiak Mendeurreneko helburuak eta 2018-2019 epealdirako abian jarritako egitasmoak azaldu dizkio RAEri; horrez gain, etorkizunean erakunde bien arteko lankidetza bultzatzeko egon daitezkeen aukerak aztertu dira. Eguerdian, 'Enclave RAE' hizkuntza-zerbitzu berriaren nondik-norakoak ezagutzeko aukera ere izan dute Euskaltzaindiko ordezkariek.
Halaber, Euskaltzaindiak uztailean Bilbon eratuko duen Ohorezko Patronatura gonbidatu du RAE; honela, jada Ohorezko Patronatuan izena eman duten Real Academia Galega eta Institut d’Estudis Catalans erakundeei gehituko zaie RAE. Azkenik, RAEren Ohorezko Liburuan sinatu du Andres Urrutiak, Euskaltzaindiaren izenean. "RAEren eta Euskaltzaindiaren arteko harremanak sendotzeko eta indartzeko ahalegin berriak egingo ditugu aurrerantzean -esan du Andres Urrutiak, Madrilen-, baina gaur bereziki aitortu dugu Euskaltzaindiaren Mendeurrena eta data horren balioa, Mendeurrena baliatu nahi dugulako euskal gizartearekin 1918an hartu genuen konpromisoa berresteko, euskal gizartearen zerbitzura gaudela esateko, beste behin".
Euskaltzaindiak Mendeurreneko Ohorezko Patronatura gonbidatu du RAE
Darío Villanueva Espainiako Errege Akademiako zuzendariarekin, eta Aurora Egido, Inés Fernández-Ordóñez, Pedro Álvarez de Miranda eta José Antonio Pascual akademikoekin bildu dira gaur, Madrilen, Andres Urrutia, Adolfo Arejita eta Erramun Osa Euskaltzaindiko ordezkariak.
Bileran, Euskaltzaindiak Mendeurreneko helburuak eta 2018-2019 epealdirako abian jarritako egitasmoak azalduko dizkio RAEri, eta etorkizunean erakunde bien arteko lankidetza bultzatzeko bideak aztertu dira.
Halaber, Euskaltzaindiak uztailean Bilbon eratuko duen Ohorezko Patronatura gonbidatuko du RAE.
Argazkia: Marta Jara)