"Ehun urte, mendeurrena, eta 1918-1919 urte bitarte horretan sorturiko akademia euskararentzako erakunde aholku emaile ofiziala dugu, historian zehar zin-zinezko komunitate zientifiko eta akademikoa ondu duena, eta bere egitekoa gizartearen zerbitzuan jarri duena. Bostehun eta zenbait inguru euskaltzainek (88 oso, 102 ohorezko eta 457 urgazle) osatu dute historian zehar, eta osatzen dugu egun ere, erakundearen langileekin eta herriarekin batera, halako errealitate sendo eta esanguratsua, euskara edonon aldezteko eta aldarrikatzeko, euskarari buruzko ikerkuntza eta jagote lana bilduz eta bateratuz, pentsamolde desberdineko kideen bitartez. Hortxe izan ditu betidanik euskararen Akademiak helburu eta xedeak
Ehun urte geroago, eta aldikadak aldikada, euskaltzainen belaunaldiak joan dira, euskararen lurralde desberdinetatik etorriak eta euskara bera goiburutzat harturik. Euskara instituzionalizatu dugu, eta gizarteari zerbitzua eman diogu. Ehun urte beteko ditugu jarraitutasunez eta Euskal Herri osoan presente egoten, egunero lanean, itxierarik gabe. Tenore bateko eta besteko gobernuak ezagutu ditugu, euskararen aldekotasunak eta kontrakarreko jarrerak, eta aurrera egin dugu beti.
Ohikoa izaten da halakoetan erakundearen merituak aipatzea:
-Euskararen batasuna lortzeko aitzindaritza hartu zuen eta hainbat euskal eragilerekin batera euskara batuaren gorpuztea bideratu du Euskaltzaindiak.
-Orobat, bestelako errealitateak, garai zail eta ilunetan (Bertsolari Txapelketa, AEK, Euskal Idazleen Elkartea, itzultzaileak, UZEI, ikastolak, euskarazko argitalpenak, literatura eta ikerketa lehiaketak, hiztegiak,…), hasiera emanez gero euskara eta euskal kulturaren garapenerako erabakigarri geratu diren osterantzeko errealitateei.
Horrela sortu da euskalgintza modernoaren azpiegitura eta hortxe egon da beti euskararen Akademia.
Baina gatozen gaurkora, guk bete-betean egon eta bizi nahi dugulako XXI. mendea, eta esango nuke azken 10-13 urteetan egin ditugun aldaketa eta ahaleginekin, helburutik gertuago gaudela. Azkenaldian, gainera, areagotu egin dira bide horretatik doazen gure eginbideak. Uste dugu aldaketa horiek nabaritzen ari direla, eta ondorengo bi urteetan are gehiago nabarituko direla. Besteak beste, Mendeurrena hori guztia erakusteko baliatu nahi dugu.
Badakigu zeintzuk diren gure on-gaitzak, badakigu zeintzuk diren gure betekizunak, eta gizarteari begira jarri gara, euskal gizartearen beharrizanei behar bezala erantzuteko. Euskaltzaindiaren zerbitzu-bokazioa aspaldikoa da, baina azkartu eta indartu egin behar dugu.
Eta ez dira horiek berba hutsalak: sare sozialetan gaude -Youtube, Instagram, Twitter eta Facebook-en-; Hiztegia digitalizatu genuen 2016an, eta aldian aldiko aldaketak sarera igoko ditugu sei hilabetero; azken urtean egin ditugun liburuak euskarri digitalean atera ditugu baita, guztion eskura jarriz; aurten webgunea aldatuko dugu, erabiltzaile arruntaren mesedetan; Euskal Herriko gizarte eragile eta erakunde ofizialekin etenbako harremanak ditugu, beraiekin edozenbat egitasmo antolatu eta partekatu ditugula; gure egoitzen ateak zabaldu ditugu, musika emanaldiak eta bisita gidatuak eskainiz publiko zabalarentzat, euskalgintzako eragile eta elkarteei harrera eginez, horiek ere erabil ditzaten.
Gure oroitidazkiak urtero eskegitzen ditugu webgunean, gizarte osoaren begietara jarriz; inoiz baino gardenagoa nahi dugu Euskaltzaindia, eta esango nuke inoizkorik hurbilena eta dinamikoena ere izaten saiatzen dela Akademia.
Eta bai, jakitun gara aldaketa bide horrek etengabekoa behar duela izan, eta horretarako prestatzen ari gara, etorkizunari so. Baina batez ere, Euskaltzaindiak Mendeurrena baliatu nahi du euskararekin, euskal kulturarekin eta euskal gizarte osoarekin duen konpromisoa berriztatzeko, eta, bide batez, dei zabal bat egin nahi dio euskal gizarte osoari: hain zuzen, aldi berriari, XXI. mende korapilatsu baina itxaropentsu honi, ilusio berrituarekin ekiteko deia, denok baikara ezinbestekoak euskara biziberrituko badugu.
Euskaltzaindiak nahi du, eta behar du, euskararen alorreko eta, oro har, euskal kulturaren eta bestelako alorreko gizarte-eragileekin batera jardun, ahalik eta modu zabalenean. Horretan jarriko ditu indarrak ondorengo urteetan.
Eta, azkenik, euskara eta euskal kulturaren aldetik, indartsu eta baikor gaudela erakutsi nahi diogu euskal gizarteari, zailtasun guztien gainetik. Gu ez gaude hiltamuzko lantu eta auhenerako. Kezkatzeko eta arduratzeko bai, baina baita baikor eta itxaropentsu jokatzeko ere.
XXI. mendea iritsi da eta euskara bizirik dago. XXII. mendera ere iritsiko gara guztion partaidetzarekin. Euskaltzaindia, duela ehun urte bezalaxe, hor egongo da jardunean, euskara ehuntzen, bilbatzen eta bermatzen, ehun urteko erreskada hau gure erakundearentzat lekukotza ederra baita eginda eta eginkizun dagoenari buruz.
EKIN ETA JARRAI; EUSKARA EHUNTZEN, ETENIK GABE."
Andres Urrutia Badiola (euskaltzainburua)