Akademiak nazioarteko bederatzi kongresu antolatuko ditu 2018 eta 2019 bitartean. Euskararen lurralde guztietan egingo dira, Euskaltzaindiaren batzorde, lantalde eta egitasmo guztien parte hartzearekin.
Logo berria ere aurkeztu du gaur Akademiak. “Gure betiko zuhaitzari beste itxura bat eman nahi izan diogu, irekiagoa eta dinamikoagoa. Etorkizunari begira jarri gara, ezbairik gabe”, adierazi du Sagrario Aleman euskaltzainak, gaurko prentsaurrekoan.
Euskaltzaindiak Mendeurreneko egitarauaren atal bat aurkeztu du, gaur, Bilboko egoitza nagusian. Aukeran dantza taldeko kideak izan ditu bidelagun agerpenean, eta bertan, Mendeurreneko logoa erakusteaz gain, 2018-2019an zehar antolatuko diren nazioarteko kongresuen berri eman du. Aurretik, Mendeurreneko ospakizunen asmo eta helburuak ere aletu dira, xede nagusia azpimarratu dela, behin eta berriz, hau da, gizarteari begira jarri dela Euskaltzaindia, “euskal gizartearen beharrizanei behar bezala erantzuteko”.
Guztira, bederatzi izango dira Akademiak antolatuko dituen nazioarteko kongresuak, 2018ko irailean hasi eta 2019ko iraila bitartean egingo direnak. Euskararen lurralde guztietan egingo dira, Euskaltzaindiaren batzorde, lantalde eta egitasmo guztien parte hartzearekin. Halaber, Akademiaren jardun eremu eta aztergai guztiak jorratuko dira kongresuotan.
Gaurko agerpenean parte hartu dute Andres Urrutia euskaltzainburuak, Sagrario Aleman Sustapen batzordeko buruak eta Ibon Usarralde Mendeurreneko batzordeko bateratzaileak. Andres Urrutia pozik eta “hunkituta” azaldu da hedabideen aurrean. Euskaltzainburuak azpimarratu du aurtengo hau “urte esanguratsua dela” Akademiarentzat, eta etorkizuneko erronkei aurre egiteko “indartsu” dagoela esan du, “guk bete-betean egon nahi dugulako XXI. mendean, eta esango nuke azken 10-13 urteotan egin ditugun aldaketa eta esfortzuekin, helburutik hurbil gaudela. Azkenaldian, gainera, areagotu egin dira bide horretatik doazen gure eginbideak. Uste dugu aldaketa horiek nabaritzen direla eta ondorengo bi urteetan ere nabarituko dira. Besteak beste, Mendeurrena hori dena guztia erakusteko baliatu nahi dugu, hots, XXI. mendean jarri nahi dugula zangoa, behingoz”.
Urrutiak onartu du badagoela zer egin, Akademiak badakiela zeintzuk diren bere on-gaitzak, baina, baita ere, ondotxo ezagutzen dituela bere betekizunak. “Euskaltzaindiaren zerbitzu-bokazioa aspaldikoa da, baina azkartu eta indartu egin behar dugu”, gaineratu du euskaltzainburuak.
Honela, Euskaltzaindiak Mendeurrena baliatu nahi du “euskararekin, euskal kulturarekin eta euskal gizarte osoarekin duen konpromisoa berriztatzeko”, eta, bide batez, dei zabal bat egin nahi dio euskal gizarte osoari. “Hain zuzen, aldi berriari, XXI. mende korapilatsu baina itxaropentsu honi, ilusio berrituarekin ekiteko deia, denok baikara ezinbestekoak euskara biziberrituko badugu”, nabarmendu du Urrutiak.
EGITARAU AKADEMIKOAK
Ekitaldi instituzionalak, akademikoak eta artistiko-kulturalak antolatuko ditu Euskaltzaindiak bere Mendeurrena ospatzeko.
Gaur, Mendeurrenaren egitarau akademikoan zentratu gara.
EGITARAU AKADEMIKOAREN EZAUGARRIAK
- 9 jardunaldi.
- 2018ko irailean hasi eta 2019ko iraila bitartean.
- Euskararen lurralde guztietan.
- Nazioartekoak.
- Euskaltzaindiaren jardun eremu eta aztergai guztiei buruzkoak.
Jardunaldi akademiko guztien zerrenda:
(2018koak zehaztasun handiagoz aurkezten dira; dena den, jardunaldi akademiko bakoitza hurbildu ahala, propio deituko ditugu aurkezpen prentsaurrekoak).
1. gaia: Euskararen Batasunari Ipar Euskal Herritik egindako ekarpena. Jardunaldia eta erakusketa.
Non: Baionan.
Noiz: 2018ko irailean.
Helburuak:
- 60ko hamarkadaren hasieran hainbat bilkura egin ziren Euskara Batuaren oinarriak lantzeko, horietako batzuk Baionan. Bilkura horien ekarpen nagusiak azpimarratzea.
- Aurrera begira, Ipar Euskal Herritik begiratuta, Euskara Batuak dituen erronkak identifikatzea.
2. gaia: Euskararen Batasuna.
Non: Arantzazun.
Noiz: 2018ko urrian.
Helburuak:
- Egindako bidea azaltzea.
- Gizartea batasunaren garrantziaz ohartaraztea.
- Egungoaz gogoeta egitea.
- Eginkizun dagoena definitzea.
3. gaia: Hizkuntza eskubideak.
Non: Iruñean.
Noiz: 2019ko urtarrilean.
4. gaia: Ahoskera.
Non: Gasteizen.
Noiz: 2019ko otsailean.
5. gaia: Dialektologia. Jardunaldia eta erakusketa.
Non: Bilbon.
Noiz: 2019ko martxoan.
6. gaia: Literatura.
Non: Bilbon.
Noiz: 2019ko maiatzean.
7. gaia: Onomastika.
Non: Gasteizen.
Noiz: 2019ko ekainean.
8. gaia: Gramatika.
Non: Donostian.
Noiz: 2019ko uztailean.
9. gaia: Teknologia berriak eta euskara.
Non: Donostian.
Noiz: 2019ko irailean.