Bigarren aroa (1980-2008)
Espainiako Erresumak Euskaltzandia, 1976an, Errege Akademiatzat onartzen du. 1979an Euskadiko Autonomia Estatutua aldarrikatzen da eta, 1982an, Nafarroako Foruaren Hobekuntza Legea. Testuinguru sozial honetan Akademia ofizialtasuna eta errekonozimendua lortuz doa eta horrek eragin zuzena dauka bere buletinean. Hartara, 1980an “Aurkibidea (1920-1979)” osatu eta argitaratu zen, eta horrekin agerkariarentzat aldi berri bat iragarri.
Euskaltzaindiaren jardun akademikoa ugaltzen doa eta Arrasateko 1979ko eta Iruñeko 1984ko Biltzarrek garrantzi handia izan zuten, bertara euskal gramatikako arlo askori buruzko lanak aurkeztu ziren eta. Horiek Euskera agerkarian argitara ematean Euskaltzaindiak, berriz ere, darabilen normaltze- eta arautze-lana noraino heltzen zen erakutsi zuen. Horrekin batera, zer esanik ez, euskarari eta euskal gaiei buruzko edukiak argitaratzen saiatu da etengabe Euskera agerkaria.