Galdera horiei erantzuteko, errusierazko edo ukrainerazko hitzak euskaraz nola idatzi jakin behar da. Izan ere, ezin dugu pentsatu: "Errusian eta Ukrainan idazten den bezala idatziko ditugu euskaraz ere". Tira, pentsatu bai, hori pentsa dezakegu. Hala jokatzera, goiko bi galdera horien erantzuna hau izango da:
- Non gertatu da orain arteko istripu nuklearrik handiena? ????????? hirian.
- Nor izan zen Sobietar Batasuneko azken lehendakaria? ??????? ???????? jauna.
Ez dirudi oso erabaki zuzena, ezta? Izan ere, estatu horietan alfabeto zirilikoa erabiltzen da, hau da, ez dute guk dugun alfabeto bera. Alfabeto zirilikoa irakurtzen eta idazten jakingo bagenu, ez legoke arazorik. Baina hori, gure artean, oso jende gutxik daki. Testu ulergarri bat, irakurgarri bat, lortu nahi badugu, jatorriz alfabeto zirilikoan idazten diren izen horiek gure alfabetora aldatu beharko ditugu: transkribatu egin beharko ditugu (edo, letraz letrako aldaketa egiten badugu, transliteratu egin beharko ditugu).
Eta hori guk asmatu behar al dugu? Ez ote dute errusiarrek berek, edo nazioarteko erakundeek bestela, moduren bat alfabeto zirilikoan idatzitako hitzak latindar alfabetora aldatzeko?
Horixe da, hain zuzen ere, egin beharreko lehenengo galdera. Munduan badira beste alfabeto batzuk, horrelako arazorik sortzen ez dutenak. Adibidez, munduan bonba atomiko bidezko erasoa jasan zuen lehen hiria Japoniako bat izan zen. Japonieraz, honela idazten da: ???. Hala ere, guztiok Hiroshima idazten dugu, berdin euskaraz, gaztelaniaz, frantsesez, ingelesez... Eta Txinan, terrakotazko armada ospetsua agertu den tokia ?? hiriaren ondoan dago, ?? izeneko probintzian. Izen horiek euskaraz, gaztelaniaz, frantsesez, ingelesez... berdin idazten ditugu gaur egun: Xi'an (edo Xian, edo, zehatz-mehatz idatzi nahi izanez gero, X?'?n) hiria eta Shaanxi probintzia. Zergatik? Badagoelako nazioartean onartutako transkripzio-sistema estandar bat; horregatik, latindar alfabetoa erabiltzen duten hizkuntzetan sistema horixe baliatzen da.
Har dezagun, beraz, lehengo galdera: ez ote dute errusiarrek berek, edo nazioarteko erakundeek bestela, moduren bat alfabeto zirilikoan idatzitako hitzak gure alfabetora aldatzeko?
Bai. Errusiak badu sistema ofizial bat, ISO nazioarteko erakundeak nazioartean erabiltzeko emandako sistema bera (ISO 9). Har dezagun, orduan, nazioarteko sistema ofiziala, eta akabo arazoa:
- Non gertatu da orain arteko istripu nuklearrik handiena? ?ernobyl' hirian.
- Nor izan zen Sobietar Batasuneko azken lehendakaria? Mihai?l Gorba?ëv jauna.
Baina zeinu bereziak daude hor! Eta, gainera, nola irakurri behar da hori? Hori ez da gure inguruko hizkuntzetan ikusten den idazkera. Konplexua da, eta zeinu batzuk ezin dira gure ohiko hitzak bezala idatzi ordenagailuan. Zeinu diaktritiko bereziak erabiltzen dira; horregatik, ISO erakundeak eta Errusiak berak proposatu duten sistemak ez du arrakastarik izan ohiko erabileran, eta idazkera hori ez da ikusten ez gaztelaniaz, ez frantsesez, ez ingelesez... ohiko testuetan (komunikabideetan, eskola-liburuetan, literatura-lanetan...).
Gure inguruko erdarek sistema hori erabiltzen ez badute, nazioartekoa eta ofiziala izanik ere, euskaraz ere ez dugu erabiliko, ez dugu bide zaila hartuko. Beraz, zer egin? Egin dezagun gure ingurukoek egiten dutena:
1- Non gertatu da orain arteko istripu nuklearrik handiena?
es: Chernóbil; fr: Tchernobyl; en: Chernobyl; de: Tschernobyl; ca: Txernòbil;...
2- Nor izan zen Sobietar Batasuneko azken lehendakaria?
es: Mijaíl Gorbachov; fr: Mikhaïl Gorbatchev; en: Mikhail Gorbachev; de: Michail Gorbatschow; ca: Mikhaïl Gorbatxov;...
Hizkuntza bakoitzak bere sistema, bere transkripzio praktikoa, erabiltzen du, hizkuntza bakoitzaren grafiara eta ahoskerara moldatua.
Nazioarteko sistema onarturik ezean, bide hori hobetsi du Euskaltzaindiak euskararako, hau da, euskararako transkripzio praktiko bat erabiltzea. Erabaki hori hartzeko orduan, xehe aztertu du azken urteotako erabilera, eta argi ikusten da euskal entziklopedietan, euskarazko komunikabideetan eta euskarazko eskola-liburuetan eta literaturan euskararako transkripzio praktikoaren bidea guztiz hedaturik dagoela, transkripzio praktikoa gauzatzeko orduan kasu gutxi batzuetan aldaera bat baino gehiago ikusten bada ere. Horregatik, jatorrizko hizkuntza aurrean izanik, gure inguruko hizkuntzen transkripzio praktikoak azterturik, eta nazioarteko sistema ere kontuan izanik, euskararako transkripzio-sistema praktiko bat arautu du Euskaltzaindiak, eta 156. araua plazaratu (
156. araua. Alfabeto zirilikoz idatzitako izenak euskarara aldatzeko transkripzio-sistema [errusiera, bielorrusiera, ukrainera eta bulgariera]). Arauaren erabilera-esparrua ongi zedarriturik ageri da arauan bertan:
Horiek horrela, erabilera-eremuak kontuan harturik, Euskaltzaindiak bide hauek hobesten ditu errusiera, bielorrusiera, ukrainera eta bulgariera euskarara aldatzeko:
- Komunikabideetan, literaturan, irakaskuntza ez espezializatuan eta, oro har, dibulgazioan, hau da, eguneroko erabileran, arau honetan ematen diren euskararako transkripzio praktikoak.
- Goi-mailako lan akademikoetan edo espezializatuetan, erabateko zehaztasuna behar denean eta alderantzizko transliterazioa egiteko modua ziurtatu behar denean, nazioarteko ISO 9 transliterazio-estandarra, bera baita, bai ISO Estandarizaziorako Nazioarteko Erakundeak, bai alfabeto zirilikoa erabiltzen duten Errusia, Armenia, Azerbaijan, Bielorrusia, Kazakhstan, Kirgizistan, Tajikistan, Turkmenistan eta Uzbekistan estatuek ofizial bihurtu dutena.
Arauan, taula baten bidez, alfabeto zirilikoaren letra bakoitzak edo letra-multzo bakoitzak euskaraz zer ordain duen erakusten da, eta, horrekin batera, adibideak ematen dira. Kasu bakoitzean, gaztelaniaren, frantsesaren, ingelesaren, alemanaren eta katalanaren transkripzio praktikoa erakusten da, baita ISO 9 arauaren araberako transliterazioa ere. Hala, gaztelaniazko, frantsesezko edo ingelesezko testu bat aurrean izanik, nahiz eta alfabeto zirilikoan idatzitako jatorrizko hitza eskura ez izan, erraza da euskararako transkripzio praktikoaren arabera zer grafia dagokion jakitea.
Hona hemen taula hori erabiliz ateratako adibide batzuk:
Euskara |
Errusiera |
Gaztelania |
Frantsesa |
Ingelesa |
Alemana |
ISO 9 |
Anton Txekhov |
?????? ?????? |
Antón Chéjov |
Anton Tchekhov |
Anton Chekhov |
Anton Tschechow |
Antòn Chéchov |
Boris Jeltsin |
????? ?????? |
Boris Yeltsin |
Boris Eltsine |
Boris Yeltsin |
Boris Jelzin |
Boris El'cin |
Dmitri Xostakovitx |
??????? ?????????? |
Dmitri Shostakóvich |
Dmitri Chostakovitch |
Dmitry Shostakovich |
Dmitri Schostakowitsch |
Dmitrij Šostakovi? |
Fiodor Dostoievski |
????? ???????????? |
Fiódor Dostoievski |
Fiodor Dostoïevski |
Fyodor Dostoyevsky |
Fjodor Dostojewski |
F?dor Dosto'evskij |
Igor Stravinski |
????? ??????????? |
Ígor Stravinski |
Igor Stravinski |
Igor Stravinsky |
Igor Strawinski |
Igor' Stravinskij |
Leonid Brezhnev |
?????? ??????? |
Leonid Brézhnev |
Léonid Brejnev |
Leonid Brezhnev |
Leonid Breschnew |
Leonid Brežnev |
Alfontso Mujika
Exonomastika batzordeko idazkaria