Euskararen Gramatika

16.3.9. Beste zenbatzaile batzuk


16.3.9. Beste zenbatzaile batzuk

16.3.9a Hemen sartzen ditugu pixka bat, apur(txo) bat, xorta bat, puxka bat, pittin bat, makina bat, poxi bat, pizar (bat), andana bat, dexente, aski, ugari, nahiko…

Egitura konplexua duten zenbatzaileetan, ogi pixka bat eta antzeko sintagmetan, pixka bat oso-osoan da zenbatzailea, eta ez bat zatia bakarrik. Jakina denez gero, ogi pixka bat esaten dugunaren ondoan ez da ogi pixka bi edo holakorik entzungo. Horrexegatik sartu ditugu sail honetan: Erran zioten beraz, lehenbiziko solasak egin ondoan, behar zutela jan ogi pixka bat (Joanategi); Erran dut: apur bat lo eginen duk, apur bat kuluskan egonen haiz, apur bat bilduko dituk eskuak lo egiteko (Duvoisin); Nahi duzu bertze xorta bat? (Larzabal); Orain hasi naiz arrain pittin bat jaten (Soroa); Kontrabando poxi bat ere egiten zuten (J. B. Etxepare); Diru poxi batzuk ere bai bitartekoei atxikitzeko eman […] (J. Etxepare); Ala sobera zaizkizu zure alaba eta emaztearentzat egiten dituzun diru xahutze pizar horiek? (Larzabal); Sos pizar batzuk eskuratzen badituzte, hainbat hobe [] (J. A. Irigarai).

16.3.9b Kontuan hartu behar da zenbatzaile hauetako batzuk testuinguru zehatz batzuetan bakarrik erabil daitezkeela, enfatikoetan edo. Ezin da esan, huts-hutsean adibidez: *Edan dugu makina bat esne.

Ohart gaitezen ere zenbatzaile batzuk izenaren ezkerrean paratzen ditugula (makina bat jende etorri zen), eta beste zenbait eskuineko aldean daudela. Bestalde, hauetako batzuek (makina bat, nahikoa ugari, etab.) aniztasuna adierazten dute, eta horrenbestez, aditzaren komunztadurari dagokionez, pluraltzat har daitezke, eta hala egiten dute komunztadura anitzetan: Makina bat kexu bildu izan ditu (P. Zabala). Baina absolutiboan singularrez egitea ere aski arrunta da: Makina bat euskaldun oroituko da bere gaztetan […] (Mitxelena). Ergatiboan pluralez, jakina: […] non makina bat lagunek gorriak ikusi bailituzkete […] (Morales).

Oharra
Euskararen Gramatika Euskaltzaindiaren Gramatika Batzordearen ekarria da. Beraz, lanak ez du eragozten edo baldintzatzen Euskaltzaindiaren Osoko bilkurak etorkizunean ondu edo moldatu ditzakeen alor honetako bestelako lanak, arauemaileak ere aintzat harturik.
  • Euskaltzaindia - Real Academia de la Lengua Vasca - Académie de la Langue Basque
  • Plaza Barria, 15. 48005 BILBO
  • +34 944 158 155
  • info@euskaltzaindia.eus
z-library z-lib project
Casino siteleri arasında yerinizi alın, kazançlı çıkmanın keyfini sürün! Heyecanı kaçırmayın.
© 2015 Your Company. All Rights Reserved. Designed By JoomShaper