euskaltzaindiaren mendeurrena logoa

Joan Mari Torrealdai

29. aulkia

Euskaltzain osoa

Foruan (Bizkaia) jaio zen, 1942ko azaroaren 24an.

Teologian eta Informazio Zientzietan lizentziaduna. Zientzia Politiko eta Soziologian doktorea. Jakin Fundazioaren burua.

Euskaltzain urgazle izendatua 1975eko ekainaren 27an eta oso 2007ko azaroaren 30ean.

“Bibliografiatik bibliotekara, esperantzari lehioa” izeneko sarrera hitzaldia irakurri zuen Foruan 2009ko urriaren 31n.

Ikusi sarrera hitzaldia

Oinarrizko ikasketak Foruan, Oñatiko Arantzazun (1954-1959, 1963-1967) eta Erriberrin (1960-1963) burutu zituen frantziskotarrekin. Zarauzko Lanbide Eskolan urtebetez irakasle izan ondoren, Teologiako lizentzia Tolosako Institutu Katolikoan egin zuen (1972), eta Soziologiako lizentzia, aldiz, Parisko Institutu Katolikoaren Gizarte Zientzien Institutuan (1975).

Orobat, Euskal Herriko Unibertsitatean Informazio Zientzietan lizentziatu zen 1985ean, euskaraz egindako lehen lizentzia txostenarekin. 1991n doktoregoa eskuratu zuen Zientzia Politikoetan eta Soziologian, zentsura frankistaz (1936-1983) egindako tesiarekin, Deustuko Unibertsitatean Carmelo Garitaonaindiaren zuzendaritzapean.

1958an hasi zen euskaraz idazten eta, 1960az geroztik, frantziskotarren Jakin taldeko zuzendaritzan jardun du. Zuzendari gisa, Jakin (1967-1969) eta Anaitasuna (1974-1977) aldizkariak garai berrietara egokitu zituen.

Jakin aldizkaria 1969an Espainiako Gobernuak debekatu ostean, 1977an berriz abiatu zen. Urte horretatik 2014ra arte aldizkariaren zuzendaria izan da. 1990ean frantziskotar izateari uztearekin bat, Jakin kultur taldea (Joseba Intxausti, Paulo Agirrebaltzategi, Joxe Azurmendi eta Joan Mari Torrealdai) beregaina bilakatu zen. 2006an aldizkariaren 50. urteurrena eta 2014ean 200. zenbakia ospatu dituzte.

1960ko hamarkadan, Rikardo Arregirekin herriz herri alfabetatze hitzaldiak eta ikastaroak eman zituen, gero AEK izango zenaren ernamuina. Euskal Idazleen Elkarteko (1969-1970) eta Soziologoen Euskal Elkarteko (1979-1980) idazkaria izan zen.

Deustuko Unibertsitatean Soziologia irakasle izan da bi alditan (1976-1978, 1991-1993). Eskolak eman ditu, halaber, EHUn eta Mondragon Unibertsitatean (1998-1999). Elkar argitaletxearen sortzaileetarikoa (1977), Euskalgintza Elkarlanean Fundazioaren patronatuko kide (2006), eta PuntuEus Fundazioaren burua da, 2012tik. Orobat, Eusko Jaurlaritzaren Euskararen Aholku Batzordean aritu zen hainbat urtez.

Euskal liburugintza, bibliografia eta zentsura izan ditu ikerketagai nagusi. XX. eta XXI. mendeetako euskal liburugintzaren azterketa eta katalogatzea burutu du.

Euskaltzaindian, Bergarako Biltzarrerako (1978) prestatutako txostenaz gain, 2009tik bereziki Azkue Bibliotekaren eta argitalpenen arloan egin du lan. 2011n Jose Antonio Arana euskaltzaina hil zenetik, bibliotekari akademikoa da.

Egunkaria Sortzen taldeko arduradunetakoa izan ondoren, Euskaldunon Egunkariaren kontseilu editorialeko buru (1990-2000) eta administrazio kontseiluko kide (1990-2000) eta buru (2000-2003) izan zen, Martin Ugalde eta beste hainbatekin elkarlanean.

2003an, Espainiako Auzitegi Nazionalaren aginduz, Euskaldunon Egunkaria itxi ondoren, espetxeratu eta auziperatu egin zuten, ustez ETAri laguntzeagatik. Berehala itxieraren eta tratu txarren aurkako elkarretaratze ugari eta jendetsuak izan ziren. Zazpi urte ondoren, 2010ean, Auzitegi Nazionalak behin betiko absoluzioa eman zien bost auziperatuei: Iñaki Uria, Xabier Oleaga, Martxelo Otamendi, Joan Mari Torrealdai eta Txema Auzmendi.

Hainbat euskaltzainen argitalpenak prestatu ditu: Rikardo Arregi, Karlos Santamaria, Martin Ugalde, Luis Villasante, eta abar. Euskaltzaindiaren Euskera agerkariko (2009) aholku batzordeko kide izateaz gain, beste agerkari askotan ere argitaratu ditu artikuluak: Zeruko Argia, Comun, Egan, Elgar, Arantzazu, Guipúzcoa, Jaunaren Deia, Argia, RIEV, eta abar.

Sari eta omenaldi asko jaso ditu: Gerediaga Elkartearen Kirikiño Saria (1972) eta Tontorra Saria (1977); Gipuzkoako Liburudenden Elkartearen Zilarrezko Euskadi Saria (1997, 1998); Kutxa Fundazioaren Irun Hiria Literatur Saria (1998); Foruko Udalaren Kultur Etxeak haren izena darama (1999); Euskal PEN Klubaren Idazluma (2005); Andoaingo Udalaren Rikardo Arregi Kazetaritza Sarian ohorezko aipamena (2007); EEE, EIE, EIEP, EIZIE eta Galtzagorri elkarteen Dabilen Elea Saria (2009); Bizkaiko Foru Aldundiaren Lauaxeta Saria (2010); Eusko Ikaskuntzaren Manuel Lekuona Saria (2015); Euskal Herriko Ikastolen Elkartearen omenaldia Kilometroak festan (Usurbil, 2015) eta abar.

 

Edizioak

1972 Herriaren lekuko / Rikardo Arregi (Editorial Franciscana Aranzazu)

2003 Idazlan politikoak / Martin Ugalde (s.n.)

Saiakerak

1973 Iraultzaz (Jakin)

Liburugintza, artxiboak eta hedabideak

1977 Euskal idazleak, gaur : historia social de la lengua y literatura vascas (Jakin)

1985 Euskal Telebista eta euskara (Elkar)

1993-2001 XX. mendeko euskal liburuen katalogoa (Gipuzkoako Foru Aldundia)

1997 Euskal kultura gaur : liburuaren mundua (Jakin)

2007 30 urte liburugintzan : 1976-2005 (Jakin)

2011 Lazkaoko Beneditarren dokumentazio-gunea : Juan Jose Agirreren artxiboa (Lazkaoko Beneditarren Fundazioa)

Historia eta biografia

1998 El libro negro del euskera (Ttarttalo)

1998 Martin Ugalde : Andoaindik Hondarribira Caracasetik barrena (Jakin : Euskalgintza Elkarlanean Fundazioa)

2003 Martin Ugalde : (1921- ) (Eusko Jaurlaritza)

2004 Imanol Murua : Gipuzkoako alkate (Alkartasuna Fundazioa)

2009 Euskaltzaindia : ekin eta jarrai [elkarlanean] (Euskaltzaindia) PDF

2015 Joan Mari Torrealdai (Eusko Ikaskuntza)

Zentsura

1998 La censura de Franco y los escritores vascos del 98 (Ttarttalo)

1999 La censura de Franco y el tema vasco (Fundación Kutxa)

2000 Artaziak : euskal liburuak eta Francoren zentsura 1936-1983 (Susa)

 

 

Euskera agerkarian

1972 Rikardo Arregui Aramburu (1942-1969) [hilberri txostena] PDF

1978-1979 1967-1977 : liburuak eta batasuna PDF

2004 Martin Ugalderen bizitzan zehar : (1921-2004) [hilberri txostena] PDF

2009 Bibliografiatik bibliotekara : esperantzari lehioa [sarrera hitzaldia] PDF

2011 Jose Antonio Arana (1931-2011) bibliografoa [hilberri txostena] PDF

 

Batzordeak eta lantaldeak

  • Euskaltzaindia - Real Academia de la Lengua Vasca - Académie de la Langue Basque
  • Plaza Barria, 15. 48005 BILBO
  • +34 944 158 155
  • +34 944 158 144
  • info@euskaltzaindia.eus
© 2015 Your Company. All Rights Reserved. Designed By JoomShaper