Erakusketa momentuz online ikus daiteke bakarrik
Aurkezpena
Mintzamena pertsonok dugun ezaugarririk gizatiarrena den bezalaxe, hizkuntza bat herri baten nortasunaren ezaugarririk garrantzitsuenetakoa da. Hizkuntza baliatuz gizakiok emozioak, desirak eta baloreak adierazten ditugu. Hori gutxi balitz legez, hizkuntzaren bidez harreman sozialak gauzatu, eta ohitura kultural eta sozialak transmititzen dira. Mundua ulertzeko daukagun ikuspegiaren isla da hizkuntza, kultura-adierazpenen eramailea eta nortasun-adierazle nagusienetakoa. UNESCOk berresten duen bezala, oso harreman estua dago kulturaren, hizkuntzaren eta herri batek duen mundu-ikuskeraren artean.
Ongi etorri, bada, Euskara Ibiltaria erakusketara, euskararen hitz eta hotsak irakurri, entzun, usaindu eta horiekin jolasteko barrutira. Erakusketa honek Euskararen Herri Hizkeren Atlasa du oinarri, Euskaltzaindiaren sorrera-urteetatik beti-betiko asmoa izan dena. Asmo hori gorpuzten dihardu euskararen akademiak azken urteotan eta honako hau pauso bat gehiago da egin beharreko ibilbidean. Euskal hiztunen prestasunari esker, euskararen herri-hizkeren aniztasuna eta aberastasuna izan dira euskarak bizirik jarraitzeko lehengai nagusiak.
Azpeitiko lore artetik hegaka ateratzen den tximeleta, esaterako, txipillota bihurtzen da Getxora heltzen denean; mariposa bilakatzen da Mañarian eta Anizen; eskabi Zeanurin; mixirrika Orion; mitxiligote Elgoibarren; jangoiko mandaturi Donamarian; txipiriton Ezkurran; pinpilinpauxa Leitzan eta xintxitoil Mugerren. Bidaia bukatzeko, yinkoain oiloa eta papilluna Izturitzeko eta Domintxaineko lilietan pausatzen da. Modu berean egingo duzu, bisitari, zure bidea erakusketa honetan, mapaz mapako ibilbidean euskararen berba-mintzoen jabe eginez.
-
Sarrera eu
-
Sarrera es
-
Sarrera fr
-
Sarrera en